Artikulua :: Itxaro Borda 2024/03/27

Lekuak eta hitzak

Idaztea, irakurtzea bezain beste, ibiltzea da. Hitzak, ideiak, erranaldien geografia eta orografiak zeharkatzen dira. Aski da abiatzea, norberaren oinak idazle baten edo bestearen hatzetan egokituz. Georges Perec (1936-1982) bidaia geldoen aita-ponteko gisa kontsideratzen ahalko genuke. Duela gutxi irakurri dut Lieux/Lekuak (2022) izeneko liburua, idazlearen artxiboetan berrikitan aurkitu gutun-azaletan zeuden testu ez-publikatuetan oinarritua. Proiektu berezia eraman zuen: hamabi urtez, 1969tik hil zen arte kasik, Parisko hamabi leku bisitatu zituen, hilabetean bietan, aldi bakoitzean zirriborro, zerrenda edo oroitzapen bat paperean etzanez. Noiz behinka, argazkilari batekin joaten zen, bereziki Vilin bere haurtzaroko karrika iniziatikora, dagoeneko desagertu dena. Gutun-azaletan denboraren pasatzea gatibatzen zuen, aldaketak, bai kanpoan eta bai bere gogoeten intimitatean ere. Jakin badakigu Georges Perec-en familia osoa Auschwitzen asasinatua izan eta desagerpen horren aztarnen bila ibili zela bizitza guzian.

Gure herrian ez da oraino ohitura hori sobera zabaldua, batetik ez dugulako maite geure buruen erakustea, eta bestetik, gutaz aparteko pertsonaia edo idazleei ohore egitea ez zaigulako anitz gustatzen. Baina, astiro-astiro, ari dira hainbat literaturaren maitale, idazle batzuen testuetan bermatu ibilaldiak osatzen, moldatzen, gidatzen. Adibidez Aresti, Bilbon. Ohartzen gara, euskarazko obra zenbait egiazko geografia liburuak direla, lekuak zehatz izendatzen eta gertakariak toki argietan errotzen dituztelarik. Karia horretara, Bilbora heltzean, Arestiren olerkietan oinatzak finkatuz, Askao eta Esperantza kaleetan ausa gaitezke, edo astia ukanez gero, Gilen eta Anton lanean zebiltzan Zorrotzako porturaino jo dezakegu. Ildo beretik, Isturitzetik Tolosan barru hor daukagu poesiaz poesia, hitzez hitz, memoriak eta gorputzak harrotzeko prest.

Baina gaur aipatuko dudan ibilaldiak euskal literaturaren iturburuetaraino eramango gaitu. Alabaina, Garaziko herrian kokatuko ditugu urratsak, Primitiae Linguae Vasconum (1545) liburua ahurrean, Odisea eskuetan behin Itakara heldu ginenean bezala. Ibilaldi honetarako autoa premiazkoa da, hori erran behar dut lehenik, lekuen artean distantzia onak badirelako. Gidak halatan, Donibane Garaziko merkatu estaliaren inguruetan egin digu hitz ordua. Kafe bat hurrupatu ondoren, denboraren eta espazioaren trabeskatzeari ekiteko gertu gara. XVI. mendeko giro gatazkatsuan urtzen gara berehala, imajinazioaren bitartekaritzari esker. Goizeko aire finaren firfirak eta Garaziko bortuen hurbilak irudipena sustatzen digutela ezin uka. Gainera, salatzen digu gidak, astelehenetan azokako laborarien eta kabalen heiagorak entzun daitezke, eta arratsaldeetan, Garat trinketeko hormetan pilota klasken zarata metronomiakoak!

Lehenik, Garaziko hiria bera. Donejakuerako beilarien karrikatik zubira iritsi eta hortik, harresietan gora doazen bost ehun harmailetarik kaskoraino lehiatuko gara. Eguna hasteko ariketa fisiko egokia, ezta? Gainean, hatsanka, 360°-tara paisaiaren zoramenaz gozatzen ahal da, Jaramendi mazeletako Irulegi ardoa ekoizteko mahastiak, Urkulurako patarra eta beherean, hiria bere bakartasun lotian. Gidak, hor dizkigu Nafarroako konkistako gertakari nagusiak aipatzen, hogei urteko Espainiar armaden okupazioa, Labriteko Joanaren gizonen gerrillari saioak eta Mosen Bernaten espainiar indarrekiko joera anbiguoa. Agian, horregatik zuen Paueko presondegia dastatu... edo ez, zuzen ez baitakigu. Iakin Bahu bertso-saila irakurri dugu ahots batez. Eta hirira jaitsi ondoren, talde argazki oroigarria egin dugu, atzean Garaziko zubi ospetsua dugula. Euskaldunak izan arren, bisitariaren izaerak turista kutsu bat duelako askotan, Chaumontais bixkotx zati bat klikatuz indar berritu gara.

Eiheralarrera bideratzen da Errobi ibaiaren hegietatik sugetzen dabilen  Ezterenzubirako errepidetik, Mosen Bernat predikari entzutetsu ukan zuen herriaren bihotzean aparkatzeko. Iratiko oihanerako norabidean gaude eta mendietatik elur usaina datorkigu. Plazer hutsa da. Gidak, Etxepareren apez eta idazle lana goraipatzen du. Frantziako liburutegi nazionalean dagoen Primitiae haren faksimilea dakar eskuetan, ikus dezagun errealitatean, zer nolako liburua zen: ez animala, orrialde eskasekoa, azal marroi ilunarekin, baina barnean, euskararen lehen hitz idatziak biribiltzen zituena. Eskutik eskura pasatzen den inprimaki berezi horrek XVI. gizaldira garamatza, orduko gerlen muinetara, erlijio gatazken urmael likitsetara, irakorla tekniken sorburu eta gure hizkuntza, Etxepare eta Lehet bere Bordeleko lagunak, paperean aurrenekoz pausatu zuten urte haietara. Ordura arte, fragmentuak baino ez ziren kausitzen, harrietan, egoitza erromatarren zutoinetan, oskol hautsietan... 1545etik aitzina ordea dena ezberdin zatekeen. Eiheralarreko elizaren oihartzun paregabeaz baliatuz, gidak Kontrapasen testua banatzen digu eta elkarrekin kantatzera ausartzen gara: bihotzak banbaka dabilzkigu!

Baina gure bidaia literarioa ez da bururatua. Autoa piztu baiko, Zaro eta Aintzilan zehar, Donazaharren gara, Iratiko bidean, hortik gero Duzunaritze eta Sarrasketaraino zulatzeko. Beste mundu bat da, bereziki Behorlegiko gailur zorrotzak beilatzen duen Hergarai haranera iristen garenean. Sarasketako erdi-aroko gurutzearen maldan bildu gaitu gidak, eskualde hauen egoera sozio-ekonomikoa harilkatzeko eta Mosen Bernat bezalako figura baten berreskuratzeak ekar litzakeen onurak zerrendatzeko. Aska gerizatua da Hergaraiko ibarra, behialako Apat jaunek kontrolatzen zutena. Azkonbegiko lepoaren maldan, jendeak laborantzatik bizi dira, etxeen atariak hornitu dituzte eta Etxeparea izeneko jauretxe antzekoa Mosen Bernaten sor lekua dela irudikatzen dugu. Baina ez daukagu segurtamenik, Mosen Bernaten biografia osoari buruz bezala: duda da gailentzen eta biografia erreal ttanttek asmakizunen oihala josten laguntzen gaituzte. Judizio Jeneralaren zatirik sutsuenak leitzeko gunerik egokiena da.

Azken geldialdia Duzunaritzeko elizaren itzalean egin dugu. Urrunean Garaziko eta Iparlako bortuak ageri dira. Saia zenbait zeru esnetsuan zirurikan eta udaberria bultzaka. Bertan zutuntzen da Piarres Erdozaintzi-Etxart artistak Arudyko harrian zizelkatu oroitarri handiosa, Mosen Bernat ageri dela ekialdera begira, soa eskuez babestuz. Zutoinak Kontrapasen errepika dakar. Duela urtea estreinatu zen eta dagoeneko Mosen Bernat-zale amorratuen biltokia bihurtzen ari da, animazio zerbait ekartzen dietela Sarasketa eta Duzunaritzeko herriei. Taldeko neska gazte batek Emazteen faborez olerkiko koplak aldizka irakurtzea proposatzen digu, egiten duguna berazmen sakon batean igerika, Garaziko hirira bazkaltzera jo aitzin.

Korrika 23 Baionan bukatu den biharamun honetan eder da oroitzea duela bost ehun urte, izpiritu jakintsu eta libreko Garaziko  apez batek euskarari “bere lehen tornuia” eman ziola. Gidaren begiak hezetzen ikusten ditugu, Primitiae Linguae Vasconum liburuaren orrialdeetan eta espazio geografikoen barnako ibilaldia bertan finitzen delako. Eta kafearen orduan, ideia bat luzatzen digu: Korrika 24a, hemendik bi urtera, Sarasketa-Duzunaritzetik partitzen balitz?

Gerokoak geroko.

 

Itxaro Borda
Idaztea, irakurtzea bezain beste, ibiltzea da. Hitzak, ideiak, erranaldien geografia eta orografiak zeharkatzen dira.
Entresaka
Alabaina, Garaziko herrian kokatuko ditugu urratsak, Primitiae Linguae Vasconum (1545) liburua ahurrean, Odisea eskuetan behin Itakara heldu ginenean bezala.
Entresaka
Ordura arte, fragmentuak baino ez ziren kausitzen, harrietan, egoitza erromatarren zutoinetan, oskol hautsietan... 1545etik aitzina ordea dena ezberdin zatekeen
Entresaka