Lehio eta ispilu
–Nire gelan badago potota duen mutil bat.
–Bai? Eta nolakoa da?
–Jatorra.
Eta, bapatean, argitxo bat pizten da ordura arte bere burua Aitor izenpean bizitzera behartuta ikusi duen Lucíaren barne ezinegonaren baitan. Hasperen bat bezala, luzez arnasari eutsita ibili ondoren. Munduan badagoelako bere antzekorik, ez dagoelako bakarrik, ez delako munstro bat, gertatzen ari zaiona “normala” delako. Hain sinplea eta hain konplikatua aldi berean. Estibaliz Urresolaren 20.0000 especies de abejas filmean agertzen zaigun eszena txiki bezain erabakigarri horrek beste edozeinek baino hobeki erakusten digu norainokoa den erreferenteak edukitzearen garrantzia.
Filma, orokorrean, errepresentazio egoki eta eraginkorraren adibide bikaina da. Izan ere, aski baino hobeki dakigu zein den irudikapenaren indar sinbolikoa, eta nola eraikitzen duen horrek, aldi berean, inguratzen gaituen errealitatea. Urresolak berak Iruñean eskaini zuen solasaldian erran bezala, “filmak leiho eta ispilu dira, aldi berean”. Alta, ordura arte ikusezinak izan diren errealitateak agertzeak duen berezko eta oinarrizko garrantziaz gain, urrats bat aurrera eman eta irudikapen hori nola eta nondik egiten den ere kontutan izan beharreko faktorea dela ukaezina da. Transexualitatearen gaia zinemaren eta fikzioaren historian zehar errepresentazio ezegokiaren adibide argia izan da, kasuan kasu anker, zital eta asmo txarrekoa izatera ere ailegatu dena. Horrek, ezinbestean, errealitate hau hurbiletik bizi izan ez dutenen baitan irudi irreal eta okerrak eraiki ditu, ezezagutzaren zuloa are gehiago sakonduz eta trans bizipena hezurmamitu dutenak zulo horretan bertan lurperatuz.
Sam Federrek zuzendutako Disclosure dokumentalak panorama horren lagin interesgarria eskaintzen digu. Luzemetraila Hollywooden zentratzen bada ere, susmoa dut beste edozein herrialdetako tradizioetara aisa hedatu daitekeen lagina dela, are gehiago kontutan izanda zinemaren meka deiturikoaren olagarro besoen luzera. Dokumentalak argi uzten duen lehenengo ondorioetako bat trans pertsonen errepresentazioa, txikia izanagatik ere, zinemaren hasmentatik bertatik existitu dela da. Lehenengo pertsonaietako bat 1914ean agertu zen, “The birth of a Nation”-en zuzendari D-W. Griffithen 1914ko “Judith de Bethullie” filmean. Bertan egindako transexualitatearen errepresentazio parodiko eta arrazistak ondoren etorriko ziren errepresentazioen bidea markatuko zuen. Hamarkadaz hamarkada, parodia horixe bera zein bestelako topiko eta gezurrak elikatzen joan ziren zinea zein telesailak, ezaugarritasun hori hurrengo gakoetan laburbilduz: transexualak txiste txar bat dira –emakumez “mozorrotzen” diren gizonak besterik ez–, mota anitzetako indarkeriaren ezinbesteko biktimak dira —pertsonaia gehienak bortxatuak edo erailak izaten dira—, eta etorkizun zein esperantzarik gabeko bizitza egokitzen zaie –prostituzioa da kasik euren aukera bakarra–. Aro honetako filmeetako ehuneko handi batean, trans pertsonaiek hilik bukatzen dute.
Logika eta merkatu kapitalistatik kanpoko zirkuitu independente eta underground batzuetako film bakan batzuk ezik, 1990a arte ez zen transexualitatea modu errealista eta duinean irudikatzen hasi. Akaso, New Yorkeko ballroom edo dantza eta askapen mugimenduaren erretratu xehea den Paris is burning dokumentala izan zitekeen horren erakusgarri argienetako bat. Baina batez ere Ma vie en rose (Alain Berliner, 1997) eta Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar, 1999) bezalako filmek eman zioten merezitako duintasuna trans pertsonaiei eta euren errealitateari. Urte horietan eta XXI. mende hasieran, The Danish Girl bezalako filmeek eztabaidagaia beste leku batera eraman zuten, izan ere, ordura arteko film gehienetan trans pertsonaiak irudikatzeko aktore zisgeneroak aukeratu izan ziren gehienbat, gaur egun arte ere irauten duen joera.
Akaso telesailak izan dira eremu horretan dinamika haustea lortu dutenak, azken hamarkadan ekoiztutako Pose, Veneno edo Euphoria bezalako mainstream produkzioekin, non antzezle transexualak izan diren pertsonaiak gorpuztu dituztenak. Pentsatu nahi dut, Urresolaren 20.000 especies de avejas-en eszena hunkigarri horretan bezalaxe, hauek bezalako irudikapen egokiak plazaratzen direnean arnasa sakon hartu eta hasperen egiten duen pertsona txiki bat egon daitekeela aldi berean leiho eta ispilu den pantailaren beste aldean.