Elkarrizketa :: Miel A Elustondo – zaldi ero 2024/02/22
LUIGI ALSEMI

“Zer esan behar dut neure buruaz? Luigi Anselmi Txema Larrearen asmakizuna da...”

Poesia obra oparoa du Luigi Anselmik (Bilbo, 1954). Idatziagatik, eta publikatuagatik ere, ordea, ez da bere habiatik irtenzalea, ez dugu hedabideetan bere lanaren defentsan askotan ikusi. Larrazkeneko argi-ilunetan (Pamiela, 2023) argitaratu duen honetan ere, bere burua isilgorde eta gainerako guztiez jardun du, adiskidantzaren gorazarretan, liburuan egin duenez.

[Nik grabagailua mahaian jarri orduko]

Gailu horiek ikusi, eta urduritzen naiz.

Izua?

Ez dakit zer den, deskontrolatzen naizela besterik.

Hainbat liburu dituzu argitaratuak, baina bakan agertu izan zara hedabideetan.

Gorroto ditut aurkezpenak, elkarrizketak, jendaurreko emanaldiak… Nire burua erakustea, alegia, eta, beraz, ez naiz agertzen. Irakasle izan naiz urte askoan, eta oso txarto pasatzen nuen ikasturtearen hasieran, ikasle berriak ezagutu, eta haietara ohitu arte. Eta Txemari [Larrea] gauza bera gertatzen zitzaion. Nik uste horregatik jotzen genuela edatera, lotsa gainditzeko asmotan. Baina, jakinaz, ez duzu urduritasuna gainditzea lortzen, dena nahastea baizik! Kar-kar… Kamera bat ikusi orduko, ezin normal hitz egin, nahita ere!

Bizitzaren larrazkenera helduta ere, ez duzu izu hori gainditzen asmatu?

Ez. Hala ere, liburu honen [Larrazkeneko argi-ilunetan] hainbat aurkezpen egin ditut, eta hori bera asko da, ze, nire kasuan, normalena zen batere ez egitea. Larrazkeneko… honekin, berriz, Donostian aurkeztu nuen, eta, gero, Bilbon eta Durangon ere bai. Eta Euskadi Irratian ere [Arratsean] izan nintzen. Eta hor ere txarto pasatu nuen. Baina egoera ere ez zen atsegina: zuzenean, haiek Donostiatik, eta ni Bilboko estudioetan, etxe handi horretan [EiTBren Bilboko egoitza] eta dena hutsik, inor ez. Telefonoz norekin ari zaren ikusten ez duzula, ez aurpegirik, ez keinurik… Ez da erraza, eta niretzat, berriz, oso zaila. Nahiko galduta ibili nintzen saio horretan.

Deigarria zait zeharo. Zurekin egindako elkarrizketak irakurri nahi, eta ezin.

Bai. Elkarrizketak ere gutxi egin ditut, eta gehienak lagunekin! Uste dut 1995ean egin nuela elkarrizketa bat, Una botella al mar publikatu nuenean, gaztelaniazko liburu bat. Hogeita hamar urte beteko dira datorren urtean! Elkarrizketa haren oroitzapen ona daukat, baina, ahal badut, ez dut egiten.

Larrazkeneko argi-ilunetan… adiskidetasunaren gorazarre handia da. Eta, hor, oroz lehen, Txema Larrea ageri da.

Eta, izan ere, Txemaren [Larrea] heriotza izan zen liburu honen detonagailua. Betikoa, falta denean baliosten dugu gehien inor. Niretzat oso inportantea izan zen Txema, eta niretzat ez ezik, lagun askorentzat. Txemarik gabe Luigi Anselmirik ez zen existituko. 1982an ezagutu nuen, nire euskara irakasle izan zenean. Nik euskaraz ikasi nahi nuen, baina berak, euskaraz irakatsi ez ezik, euskal literaturara zaletu ninduen. Eta beragatik argitaratu nuen libururik garai hartan. Bestalde, 1983an Pamiela aldizkaria sortu zen, [Jose Enrike Urrutia] Capeau ezagutu nuen, eta etorri zen harrezkeroko guztia.

Aitzinsolasari uko egin diozu, espresuki.

Batzuek oso aitzinsolas onak egiten dituzte, artistak dira horretan. Are gehiago, batzuetan, zenbait aitzinsolas liburua bera baino hobeak dira. Kar-kar… Ez, ni ez naiz trebea aitzinsolasak idazten, ez dakit. Horregatik idatzi dut ohar moduko zera hori.

Gorago esan duzunez, Txema Larreak zaletu zintuen euskal literaturara. Euskara moldera ere berak zaletu zintuen?

Txemak eta Capeauk, biek. Lehengo batean, horretaz pentsatzen aritu nintzen. Borgesek esaten du, nonbait, barroko izatea poeta gazteari dagokiola, hau da, esatekorik aski ez duenez, gazteak neurriz gain jantzi beharra dauka bere poesia. Hari berean, Borgesek dio hobe dela hizkera “normal” bat erabiltzea. Baina, nire kasuan, nik ez neukan euskara normalik! Ikasle nintzela, Txemak Bi saindu heuskaldunen bizia jarri zidan eskuetan, Frantzisko Laphitzena, 1867koa.

Eta?

Marabila hutsa iruditu zitzaidan. Hasi eta buka irakurri nuen, arratsalde batean, Hordago argitaletxearen edizio batean, faksimilean. Euskal literatura, garai hartan, zen Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia… eta, bestela, gure klasikoak. Eta, bestalde, 1982an, ordu arte euskaraz argitaratutako guztia urte bakarrean ere irakur zitekeen! Klasikoak barne, alegia. Gaur egun, aldiz, urte osoan ezin irakurri egun bakarrean argitaratutakoa ere! Laphitz eta gero, Txemari eta Capeauri esker beti, ezagutu nituen [Jon] Mirande, Gabriel Aresti eta beste. Hortik dator nire euskara idatzia.

Txema Larrea, Urrutia Capeau, eta Luigi Anselmi. Horra hirukoitza!

Eta, hasieran, triunbiratua ginen: Txema, Capeau eta hirurok. 1984an Alkohola poemak (Pamiela) argitaratu zen. Txemarena izan zen ideia, eta bildu gintuen bere asmora Capeau eta biok. Nire lana izan zen, besteak beste, Txemaren eskuzko lanak makinaz jotzea, eta Txemaren letra... paleontologia lana zen!

“Joan zatzaizkit lurretik, baina ez gogotik, eta ez bihotzetik”, ezarri duzu liburuaren atarikoan, Axularren hitzak zeure eginik.

Txema ez dago gure artean, eta, orobat, beste zenbait lagun ere joanak dira gure ondotik, baina ezz bihotzetik, eta, nire ustez, hilak dira biziak bezain inportante, edo inportanteagoak. Txemaren kasua da, adibidez. Hil zela sei urte beteko dira uztailean. Beste lagunen batzuk ere falta zaizkigu. Jose Maria Garmendia Garmountain, adibidez, 2007an hil zen, eta haren heriotzak eraginda idatzi nuen Ruperrek [Ordorika] kantu egindako poema hori, “Lagunaren heriotza”. Nola elurretan beleak liburuan agertu zen.

Liburu honetan, “Laurik bat” izeneko prosazko testua ere ez da debaldetan emana...

1993ko udan izan zen, Baionara joan ginen Txema eta biok. Ez berak ez nik ibiltzen genuen autorik, eta, batzuetan, autobusa hartu eta joaten ginen batera edo bestera. Txangoak egiten genituen. Orduko hartan, Bilbotik Baionara joan ginen, eta elkartu ginen Jasone Salaberria eta Mixel Larrasketekin. Bizpahiru egun eman genituen haiekin. Gaurko egunean, lauretatik neu beste inor ez da bizi. Lagunak, eta lagunen falta. Horregatik idatzi ditut poema hauek.

Zer izaten duzu poemaren pizgarri? Nondik hasi?

Ez dakit… Batzuetan oroitzapen bat da eragilea, eta jakina da oroimena oso inportantea dela poesia idazteko garaian. Pentsamendua eta oroimena. Hugin eta Munin omen ziren Odinen bi beleen izenak germaniar mitologia zaharrean. Noranahi laguntzen zuten jainko begi-bakarra, eta munduan gertatukoaren berri eman ere bai… Buru argia, eta oroimena. Ez da cocktail txarra idazteari ekiteko orduan.

Txemaren heriotza izan zenuen poemok idazteko denotagailu. Besterik da liburua ontzea, poemak antolatu eta liburua publikatzea, alegia.

Inoiz ez dut idatzi ezer argitaratzeko asmotan, enkarguz egindako lanen bat-edo ez bada. Nik idatzi egiten dut, eta zenbait poema biltzen direla gertatzen bada, hortxe liburua. Baina, horretarako, lagunei bidaltzen diet idatzitakoa, haien oniritziaren zain; oniritzia ematen badiote, aurrera, eta bestela, zakarrontzira, eta beste zerbait idazten hasi. Hainbat poema idatzi eta gero, noizbait ohartzen zara liburua osatzeko modua duzula eta, orduan, hari bat asmatu beharra dator, antolamendu jakin bat. Beti berdin gertatu zait liburu guztietan ere. Beharbada, liburu honetan argiagoa izan da poemak antolatzea, errazagoa, Txemaren heriotza hortxe zegoelako.

Eta noiz dago poema bukaturik?

Zaila da esaten. Norbaitek esan zuen, itzulpenaz ari, itzulpen bat ez dela inoiz amaitzen, abandonatzen dela, bertan behera uzten. Berdin gertatzen da poemekin. Bizi osoan egon zintezke poema bat lantzen, aldatzen, baina, azkenean, utzi egiten duzu, abandonatu. Garai batean eskuz idazten nuen, eta orain ordenagailuz, eta idazten dut poema eta zuzentzen dut behin eta berriz, eta ondo dagoela iruditzen zaidanean, bizpahiru laguni bidaltzen diet, Capeauri, [Jesus] Etxezarragari… Haien iritziaren arabera jokatzen dut.

Capeauren margoak lagun izan dituzu. Ez, haatik, lagunen erretratuak, askotan ohi duenez, Kubako Jururúko naturarenak baizik.

Eta horixe zen Capeauren asmoa liburu honetan ere, adiskideen erretratuak egitea, baina ezetz esan nion, jartzeko berak han egiten ohi dituen margolanak. Uste dut, era horretara liburuak irabazi egin duela. Pertsonaien marrazkiak egin izan balitu, haiek liburuaren antolamendua bera mugatuko zuketen. Naturaren ilustrazioek, berriz, libreago uzten dute liburua.

Jakin dugu zein duzun aberria. “Ene aberria / adiskideak biltzen direneko / leku hori duzu...”

Nire aberria nire lagunak dira. Uste dut, gainera, aberriaren oinarririk inportanteena hizkuntza dela, eta nire kasuan hizkuntzari lotzen nauen gauza bakarra lagunak dira. Familian denak ditut erdaldunak. 27 urte nituela hasi nintzen euskaraz ikasten, 1982an! Ordu arteko bizimodu osoa, erdaraz egin nuen, lagunak barne. Idatzi ere, erdaraz! “Vasco-a naiz, euskalduna izan nahi dut, eta horretarako, euskaraz ikasi behar dut!”, esan nion neure buruari. Eta suerte galanta izan nuen, ze halako maisuarekin [Txema Larrea] topatu nintzen! Maisu onenarekin! Adiskideak direla-eta, Txemak esaten zuen berak zeukan altxorrik handiena lagunak zirela. Nire kasuan, euskara ikastea ez ezik, izena ere Txemari zor diot. Luigi Anselmirik ez zegokeen Txema Larrearik gabe. Euskara ikasten ari ginela ezarri zidaten izena, Josebaren [Sarrionandia] ipuin baten titulutik hartuta [Luigi Anselmi: figlio di un cane, Joseph al Pottonandia, Pott]. Eta gaur egun ditudan lagun guztiak, edo gehien-gehienak, joan den berrogei urtean egindakoak, Txemaren bidez eginak dira.

Beharrik, liburuan badituzu bestelako gaiak, zeureak, betikoak: natura, sasoian sasoiko egunak, argia, hiria…

Hiria, esate baterako, beti inportantea izan da niretzat. Hirikoa naiz, Bilbokoa –nahi ez dakidan, hau hiria den, edo herrixka–, baina hemengoa naiz, eta askotan irteten naiz ibiltzera. Badago gauza bat liluratzen nauena: nola ageri den hiria gauez, baina goizaldeko gauean, eguzkia sortu aurreko garaian. Ikaragarria da, jenderik apenas kaleetan, ederra, hiria dena argiz betea… Hori ere agertzen da nire poemetan, eta, jakina, liburu honetan ere bai.

Zertan aldatzen da poetaren begirada urteak joan arau?

[Liburua hartu eta kontrazaleko poema irakurri du] “Antzina / gazte ginelarik / gauak maite genituen / oroz gain, / festa luze zaratatsuak, / lagun elezuen konpainia, / edalontzi beteak… / Iragan dira urteak / eta orain / erdi hutsik dugu jadanik / bizitzaren basoa. / Horregatik agian / nahiago ditugu bakardadea, / isiltasuna, / liburu zaharrak, / egunsentiak.” Hortxe duzu erantzuna.

Errezitaldi pribatua egin diguzu, jendaurreko emanaldietatik urrun zabiltzan arren...

Kar-kar… Emanaldirik ez, mesedez. Ander Erzillak nire zenbait poema musikatu ditu, eta emanaldiak egin behar genituela ere esan zidan behin, baina nik ezetz. Sufritu egiten dut jendaurrean. Bernardo Atxagak ere deitu zidan emanaldi batean [Hautsi da anphora] parte hartzeko. Gin-tonic poema irakurtzeko, alegia. Ezetz esan nion, berak irakurtzeko. Gainera, berak primeran irakurtzen ditu poemak.

Poesiaren antologiara igaro da zure Gin-tonic-a.

Gauza horiek kasualitateak dira, mundu honetan gauza gehienak diren bezala, izan ospea, izan besterik. Une egokian toki egokian gertatuz gero, baliteke zoria zure alde izatea, baina ni, normalean, ez nago ez une ez toki egokian. Kar-kar… Fokua pizten dutenerako, ni ez nago han, alde egina naiz.

Aurkezpenak direla-eta, Koldo Izagirreren XX. mendeko poesia kaierak bildumaren aurkezpenean izan zinen, behintzat!

Susa argitaletxearen antologia horren aurkezpenera joan nintzen, baina ez nuen ezer esan. Uste dut iragan mendean, aurkezpen bat-edo egin nuela. Una botella al mar (Pamiela, 1995) liburuarena.

Larrazkeneko argi-ilunetan, zenbait lagun eskas eta falta.

Biziaren larrazkenak lagunak galtzea ere badakar, bai. Baina, esate baterako, liburu hau amaitu nuenean, artean bizirik zegoen [Javier] Agirre Gandarias. Asko maite nuen. Ikaragarrizko poeta zen. Urte askoan ezer argitaratu gabe egon zen, harik eta Beñat Arginzonizekin topo egin zuen arte. Beñaten aita Javierren [Agirre Gandarias] ikaskide izana zen institutuan-edo, eta hortik etorri zen Javierren poemak liburuxketan argitaratzea. Gero, haiek bildu eta La energía del aire (Pamiela, 2019) argitaratu zuen. Poeta ikaragarria Javier. Ez dago liburu honetan, hemen denak euskaldunak direlako, salbu eta bat, Luis Mari Ormazabal. Adintsua da oso, laurogeita hemezortzi urte-edo dituela uste dut, eta pentsatu nuen balizko erdarazko liburu bat argitaratu zain egonez gero, Luis Mari ere ez zela helduko. Eta halaxe ezarri dut liburuan.

Orain ere lortu duzu. Elkarrizketa honetan ere gehiago ari izan zara Txemaz eta adiskide eta lagunez, zeure buruaz baino…

Kar-kar… Eta zer esan behar dut neure buruaz? Luigi Anselmi Txemaren asmakizuna da, berak hitz egin ezin duenez, niri dagokit hari hitza ematea.

Miel A Elustondo – zaldi ero
LUIGI ALSEMI
“Nire aberria nire lagunak dira, eta hizkuntzari lotzen nauen gauza bakarra lagunak dira”
Entresaka
“Borgesek dio hobe dela hizkera ‘normal’ bat erabiltzea. Baina nik ez neukan euskara normalik!”
Entresaka
“Ander Erzillak nire zenbait poema musikatu ditu, eta emanaldiak egin behar genituela ere esan zidan behin, baina nik ezetz. Sufritu egiten dut jendaurrean”
Entresaka