Elkarrizketa :: Miel a Elustondo - Zaldi ero 2024/10/17
Iñaki Irazu

“Zaila da azaltzen, baina poesian hizkera bera da protagonista”

Aspaldi dugu zure berri, Jabier Muguruza zure poemak musikatzen hasi zenetik-edo. Hurrena, liburua publikatu zenuen, Errukiaren saria (Erein, 2018), eta, oraindik orain, berriz, zakur zaunkak.
Lehen liburu hura argitaratu nuen, beharbada, aukera izan nuelako, patxada. Ezgaitasun bat nuen, gorreria, eta laneko erretiroa hartu behar izan nuen, lanari utzi. Prozesu bat izan zen, jakina, ez zen egun batetik bestera gauzatu. Eta, erretiroa hartuta, ohartu nintzen paper anabasa handia nuela etxean, eta ordenatu egin behar nuela iruditu zitzaidan. Eta horretan hasi nintzen, paperak ordenatzen. Hamar urte pasatu dira harrezkero, eta horretan segitzen dut, paper haiek ordenatzen! Kar, kar...

Haatik, batzuk ordenatu dituzu. Bi liburu ditugu froga.
Duela hamar urte poemak ordenatzen hasi nintzenean, argitaletxeetara bidaltzen hasi nintzen. Erantzunak, betikoak: “Bai, halako eta halako poemak gustatu zaizkit, baina ez dugu argitaratzeko modurik halako eta halako arrazoirengatik”. Harik eta, behin, editore batek baietz esan zidan arte. Inazio [Mujika Iraola] zen, Erein argitaletxekoa. Oso ondo hartu zuen nire lana, eta argitaratu zuen Errukiaren saria. Oraingoa, berriz, Susako Leire Lopez Ziluagari bidali, eta baietz. Eta zoragarri.

Eta halaxe, zakur zaunkak liburua. Hasierako aipua ez da alferrikakoa: Sabaia harrizkoa da. Harrizko dira horma / eta teniolak. / Harrizko zoru / eta leihosareak. / Ateak, / kateak, / airea, / leihoak, / begiradak / dira harrizko. / Urrunean zain dauden / gizonen bihotzak ere / eginik daude / harriz.” Harrizko gau luzea, Celso Emilio Ferreirorena.
Justu, poema hau, nire liburukoak ez bezala, abstraktua da. “Harrizko gau luzea” esaten du, eta hor, gaua, faxismoa da; garai hartan, frankismoa. Frantzian, esate baterako, nazismoa –beste faxismo bat, finean–, “hasierako gaua” da. Estetikan bi hitz daude faxismoa izendatzeko: gaua erabili zuen Celso Ferreirok. Gaua, harria... Beste hitz bat, faxismoa irudikatzeko, isiltasuna da. Hor bada nobela bat, ikonikoa, Luis Martin Santosena: Tiempo de silencio (Isiltasun garaia). Faxismo aroa, alegia. Behin, lagunartean hizketan frankismo garaiaz, eta batek esan zuen: “...eta isiltasunaren garaia hasi zen...”. Gaua eta isiltasunarekin batera, beldurra da hirugarren hitza, baina ez beldur abstraktua, konkretua baizik, zapalduengan haragitzen dena.

Zakur zaunkak bezain konkretua...
Zakur zaunkak gauza konkretua da-eta, eta gauean aditzen dira. Liburuko protagonista gaua da, gauza konkretua. Inportantea iruditzen zait gauzak modu jakin batean esatea, izendatzea. Zakur zaunkak... nire ustez, indarra du irudi horrek. Eta “zakur zaunkak” esanda, ulertzen da ez garela ari maskotez, “txakurtxo horiez”. Ez, ez dira txaunkak, zaunkak baizik. Txikiaren [Eustakio Mendizabal] heriotzan inspiratutako testua da. Nik ezagutu dut etxe bat, non gauez inor atxilotzera joan diren. Eta orduan zakurrak zaunkaka hasten dira, esnatu egiten zara...

Autobiografiatik ez gutxi du liburuak: atxilotzea, tortura...
Nik esaten dut liburu honetan geografia emozional jakin bat dagoela. Lehen liburuan ere bazegoen, eta hura zen Andoain. Oraingo liburu honek beste geografia emozional bat du, baina geografia emozionalak konektatuta daude beti. Lan honetan, zuzenean bizitakoak edo lagunei gertatuak ibili ditut... Hala ere, saiatu naiz ni-a baztertzen, ez lotsagatik, baizik eta ni-a ez zaidalako gustatzen. Eta, horrela, adibidez, zuka hasten naiz, irakurlea ere testuan bertan sartuz. Nik esango nuke memoriatik sortu ditudala poema hauek.

Zeure memoriaz ari zara, jakina. Eta memoriari tiraka, nola asmatzen duzu zure barruko horri forma ematen?
Nire oroimenean, eszenak dira, bozak dira, nire barruan indar baten jabe bizi dira, eta esanak izatea, ulertuak izatea, askatuak izatea eskatzen didate, poema eraginez. Hor, eszena eta boz horietan indar bat dago, harridura bat, eta horrek nire barrua esaldiak sortzera eramaten du. Harridurarekin batera, eszena ulertzen saiatzea dator. Eta poema horixe litzateke: ulertze horren adierazteko, garatzeko, burutzeko, bide beharrezkoa. Eta horren atzean beti dago baten baten presentzia. Izan liteke ikasle batek noizbait ikasgelan kontatutako zerbait, istorio bat, edo neuk bizi izandako zer edo zer. Hortik abiatzen naiz beti, gogoan daukadana idazten, baina jakina, idazteak bere arauak ditu, eta horiek ere kontuan hartu behar izaten ditut poema eraikitzeko garaian, ze lehen liburua aurkeztean esan nuena esango dizut, bigarren lan honetarako ere balio du-eta: paragrafo edo poema bakoitzak bere burua ordaindu behar du.

Zure poemak irakurri eta, lehenik, erritmoa azpimarratuko nuke...
Bai, horixe esaten dute, eta pozten nau. Urruti joan gabe, narrazio batek egiazkoa bihurtzeko erritmoa behar du barnean, musikalitatea, musika behar du bihotzeko bidaia egin dezan. Eta ez naiz sonetoez eta bestelako forma zurrunez ari. Literaturan, ezer kontatzean, beti dago musikalitatea. Hortxe errefrauak ere: “Zaharrago, zuhurrago”. Hortxe musika! “Gazteak baleki, zaharrak baleza”... Nietzschek badu esaldi bat: “Bizitza, musikarik gabe, errorea litzateke”. Ezer erregistro zerebral hutsa izan ez dadin, bibrazioa izan dezan, emozioa, gizatasuna..., behar da musikalitatea. Eta musikalitatearen barnean daude isiluneak, tonu aldaketak... Zakur zaunkak poeman, esaterako, horretarakoxe ibili ditut parentesiak, tonua apaltzeko, alegia.

Gortuta zaude aspaldixko, baina bizi-bizirik duzu musikalitatea, zure poemek ageri dutenez...
Gorreria dut, gor nago, eta gor egonda ere oso inportantea da norberaren ahotsa aditzea. Are gehiago, norberaren ahotsa identitatea da. Gorraizeak jota nago, baina ez naiz beti gorra izan, pixkanaka gortu naiz, eta badut, beraz, boz memoria, eta neure boza ere entzuten dut. Eta, entzungailuen bitartez, besteren boza ere entzuten dut. Musikalitateaz eta erritmoaz ari gara, eta nik neure testuak irakurtzen ditut, entzuten ditut, eta esango nuke nahiko natural ateratzen zaidala musikalitate hori. Hargatik aukeratzen ditut hitz batzuk, eta ez besteak: musikalitateagatik.

Eta hortxe, irakurleari hein bat harrigarri gertatzeko moduan, “erran zautan”, “berdadea”, hainbat bustidura...
Hautua azaltzea ere ez zait erraza... Barruak agintzen du hitz bat erabiltzea, eta ez beste bat. Zaila da azaltzen, baina poesian hizkera bera da protagonista. Horri dagokionez, bada testu bat, argigarria. John Bergerrena da, Páginas de la herida (Zauriaren orrialdeak) liburukoa. Una vez un poema (Behin poema bat) izeneko ataletik ari naiz: “Poemak hurbilago daude otoitzetatik, ipuinetatik baino, baina poesian, errezitatzen den lengoaiaren atzean, ez dago inor. Lengoaia bera da, entzun eta eskertu behar duena. Poesia orotan, hitzak presentzia bat dira, komunikazio bidea izan aurretik”.

“Hitzak presentzia bat dira”. Zer esan nahi du?
Esate baterako, [zakur zaunkak] liburu honetan, Kanposantuan poemaren bigarren atalean ageri den eszenan duzu adibidea, hau da, poesian hitzek jokatzen duten presentzia izateko, protagonista izateko ezaugarriaren argibidea: “berarekin zeuden / sasiko haien / izenak egiten / hasi nintzen / ahoan hartuz / banan banan”. Izendatzeko ausardia, alegia, denboratik at dagoen jabetza baten eraikitzea.

...
Lehen liburuan ere gertatu zitzaidan: barruak agintzen dizuna idazten duzula eta, idatzi orduko, zeure kontra bihurtzen dela, edo bihur litekeela: “Baina Iñaki, nola jarriko duk, bada, hori?!”. Eta, orduan, poemak diosta: “Hi hor eta ni hemen!”. Alegia, poemaren eta bion artean auzia sortzen delarik, biotan zein gailenduko, niri esanez bezala ez duela ukitua, aldatua edo ezabatua izan nahi. Lehia hori batzuetan poemak irabaziko du, eta liburuan agertuko da. Beste batzuetan, egileak irabaziko du, eta paperontzira joango da poema. Ez batak ez besteak irabazten duenean, berdinketa gertatzen denean, idazleak tiraderan gordeko du poema.

Hori ere bai...
Horrekin batera, ordea, poemak badu irrazionaltasun puntu bat ere, eta zaila zait azaltzen... “Erran zautan” erabiliz, adibidez, urrundu egiten naiz testutik, arroztasuna ematen diot, distantzia markatzen dut. Eta, hala ere, “erran zautan” ez da artifiziala, hizkuntzan bertan dago. Esan dizut, poesian hizkerak berak dauka protagonismoa. Eta hizkera horrek, askotan, araua hausteko nahia dauka. “Erran zautan”, “berdadea”, bustidurak eta gainerakoak. Anekdota bat kontatuko dizut...

Jakina!
Behin, joan omen zitzaizkion Juan Ramon Jimenezi, Espainiako akademiako kide izan zedin eskatzera. Hark, ordea, ezetz esan zuen, eta, gainera, testuetan egiten zituen “bihurrikeria lingusitikoak” defenditu zituen: araua hausteko jolasak-edo. Nik, berdin, zenbait transgresio egiten ditut. Batzuetan, egiten utzi didate. Beste batzuetan, ez. Obsesioa da, intuizioa, petralkeria... ez dakit. Touroum bouroum aldizkarian, adibidez, uzten didate bihurrikeriak egiten, huts-i hatxea kentzen, edo hots-i. Batzuetan bere horretan uzten dizkidate “erroreak”; beste batzuetan, berriz, zuzendu egiten dizkidate, nire borondatearen kontra. Erlea-ko testu batean, adibidez, horrela egin nahi izan nuen. Probokazio hutsa zen, Euskaltzaindiaren aldizkaria zen!, eta ez zizkidaten nire zera horiek onartu.

Horretan gara.
Zientzian ezinbestekoa da zehaztasuna. Adibidez hur edo ur, bata edo bestea den bereiztea jakin beharra du zientziak; hur, gertutasuna ala ur, likidoa, gaia. Poesian, ordea, bestela da. Adibidez, huts edota hots hitzetan jartzen dugun hatxeak, ene iritzian, zapuztu egiten du poesia bisuala. Entzun egitean, boz bihurtzean, ez dago gorabehera hori. Besterik da irakurtzean.

Hitz beste eginez, sexu abusuak egiteagatik kartzelatu zuten fraide batez ageri du Esku hura poemak, eta Patxi Ezkiagak egindako abusuen berri izan dugu aurten berean...
Bai, jakin dugu hori ere. Eta Jokin Muñozi irakurri nion horretaz gogoeta egunkarian [Berria, 2024, abuztuak 4]. Inteligentea iruditu zitzaidan Muñozen gogoeta. Niri ez zait besterik bururatu, egia esan. Muñozek [Roland] Barthes aipatzen zuen, eta haren aipua, egilearen heriotzari buruzkoa: autorea hila da, irakurlea haren testua irakurtzen ari da, eta hortxe da bera, irakurlea, testua ontzat ematen edo txarresten. Testuarekiko harremana irakurlearen baitan dago, balio dion, ez dion, asebetetzen duen, ez duen, berak erabakiko du. Bata da testua, bestea autorea. Egilea egile, testua testu, eta irakurleak erabaki behar du zer bereganatu, eta zer bazterrera utzi.

Jabier Muguruzak zure poemak musikatuta ezagutu zintugun, eta iruditzen zaigu hemen ere badirela kantu izan litezkeenak. Hatz erakuslea, adibidez, edo Orbaina, esate baterako. Bestetik, ipuin egin litekeen testurik ere bada. Demetrio, esate baterako.
Lehen, harriduraz jardun dut, gogoan gelditzen diren gauza horiez. Demetrio-ri dagokionez, euskaltegian eskola ematen ari nintzen garaikoa da kontua. Talde baten ardura nuen, [Bizkaiko Foru] Aldundiko langileak ziren ikasle. Haietako bat, Sestaokoa-edo, antropologia ikasketak egina, adinekoen egoitza batean ari zen lanean. Demetrioren historia kontatu zuen, eta gogoan hartu nuen.

Horrela ekarri duzu zakur zaunkak honetara...
Demetrioren historia horretan argi bat sumatu nuen... Behin, lagun batekin hizketan, Edipo ekarri zuen aipura, esanez ama-semeen arteko harremanak baino, sakoneko gaia dela egiari diogun beldurra. Egia askatzailea da, baina izan liteke hondagarria ere. Demetrioren historia aditu nuenean, Ediporen mitoaren bariante bat zela pentsatu nuen. Duela hogeiren bat urte aditu nion ikasle hari Demetrioren historia.

Istorio ehizan ibili zale zara, beraz?
Bidez bide ibili naiz neure aldian, eta bidean, han eta hemen, batarekin eta bestearekin egokitu naiz. Bila ibili baino, elkarrekin egokitze horietan historiak entzutea suertatu zait, hitzak jaso ditut, eta, alde horretatik, entzule eta jasole ikusten dut neure burua. Blas de Oterorena kontatuko dizut. Palabra viva y de repente (Hitz bizia eta bat-batekoa) poeman idatzi zuen, jendeagandik jasotzen zituen esaera bete-bete horiek preziatzen zituela gehiena. Eta poema egin zuen, era horretan. Almerian [Espainia] berarekin hitz egin zuen andre batek esandakoak ikaragarri ederrak iruditu zitzaizkion, eta paperera eraman zituen. Jende xeheak erabiltzen zituen esamoldeak ziren! Klase sozial bat zegoen hitz egiteko eta gauzak esateko modu haren atzean, eta, dena esatera, baita nire hitzen atzean ere: autobusa, sukaldea, mortadela... Izan ere, esate baterako, zer jende dabil, bada, gaur egun autobusean?

Miel a Elustondo - Zaldi ero
Iñaki Irazu
Paragrafo edo poema bakoitzak bere burua ordaindu behar du
Entresaka
Egilea egile, testua testu, eta irakurleak erabaki behar du zer bereganatu, eta zer bazterrera utzi
Entresaka
Egia askatzailea da, baina izan liteke hondagarria ere
Entresaka