“Poesia espeleologia egitea da eta narrazioa landa zabalean ibiltzea.”
Teresa Colom i Pich (La Seu d’Urgell, 1973) andorratar idazlea da. Ekonomia Zientzietan lizentziaduna, urte luzez zenbakien eta kalkuluaren munduan jardun zuen, idazketari erabat eman aurretik.
Katalanez idazten du, eta Andorrako literatura garaikideko ahots berezienetako eta sendoenetakoa da. Literaturaren esparruan 2000. urtean agertu zen indarrez, Andorrako Gobernuak antolatutako Miquel Martí i Pol Poesia Saria eta Grandalla Saria irabazi zituenean. Aitorpen horien ondoren, Com mesos de juny (Edicions del Diari d'Andorra, 2001) argitaratu zuen, bere lehen poema-liburua, eta horrekin hasi zuen obra poetiko jarraitu eta trinkoa.
2004an, ekonomia-arloa behin betiko uztea erabaki zuen literaturari osorik eskaintzeko; erabaki horrek bere ahots poetikoa are gehiago indartu zuen eta bere ibilbidea sendotasunez finkatu. Ordutik, zazpi poema-liburu argitaratu ditu; azkena, El cementiri de les matrioixques (Proa, 2021).
Poesiaz gain, ibilbide narratibo nabarmena ere garatu du: guztira lau narrazio-lan eman ditu argitara, lehena La senyoreta Keaton i altres bèsties (Empúries, 2015) eta azkena Tot va passar alhora (Comanegra, 2025).
Bere lana hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, eta horrek nazioarteko oihartzuna eman dio bere obrari.
Ekonomia eta banku-arloko zure prestakuntza ez da oso ohikoa literaturaren munduan. Urteetan zenbakien eta kalkuluaren munduan jardun duzu. Noiz konturatu zinen letren mundua zure zain zegoela?
Finantza-munduan nire burua aurkitzen ez nuela ohartu nintzenean izan zen. Andorrako banku batean egiten nuen lan, burtsako sail batean nengoen; zenbakiak, kalkuluak, emaitzak. Inoiz ez nintzen errezitaldi batera joana. Nire inguruan, poesiak ez zuen interesik pizten. Nik mundu hori modu pribatuan bizi nuen. Bankuan lanean ari nintzela argitaratu nituen lehen hiru poema-liburuak. Hasieran ia barkamena ere eskatzen nuen poesia idazteagatik. Aurreiritzi pertsonalak ziren. Letrak gustatzen zitzaizkidan eta 2004an, ekonomia-arloa behin betiko uztea erabaki nuen literaturari osorik eskaintzeko.
Ikasketa horiek burutzea zure hautua izan al zen?
Ez, etxekoen hautua izan zen. Txikitatik gustatzen zitzaidan idaztea eta irakurtzea, eta nota onak ateratzen nituen letretako ikasgaietan; hala ere, inguruneak irakatsi edo jakinarazi zidan hortik ezin zela ezer egin, eta Ekonomia Zientziak ikasi nituen.
Gogoan duzu poema bat irakurri zenuen lehen aldia?
Gogoratzen dudan lehena zortzi bat urte nituenekoa da. Irakasleak tarteka poema bat ematen zigun eta astebetera buruz ikasita zeukanak gelaren aurrean errezitatu ahal izango zuen. Lehen poema etxera eraman nuen arratsalde hartan, nire gelan bakarrik irakurri nuen. Ez nuen ulertzen, baina hipnotikoa zen, eta edabe magiko bat balitz bezala buruz ikasi nuen. Astero poema berria ikasten nuen… gero etxean poemak idazten hasi nintzen.
Beraz, jarduera hura oso garrantzitsua eta erabakigarria izan zen zure haurtzaroan.
Bai, zalantzarik gabe. Hiztegi osoa ulertzen ez banuen ere, barruko erritmoak eta transmititzen zidan sentsazioak harrapatu egin ninduten. Eta une horretatik aurrera poesia bidelagun izan dut. Poemak irakurri eta errezitatzeaz gain, idaztea ere gustatzen zitzaidan.
Katalanez idazten duzu. Zer esanahi du zuretzat hautu horrek maila sortzailean eta pertsonalean?
Nire hizkuntza da, nire izateko modua eta erroen parte. Hizkuntza honen bidez pentsatzen eta sentitzen dut, eta horregatik, beste edozein hizkuntzarekin baino zehaztasun, ñabardura eta indar handiagoz adieraz dezaket nire burua. Katalanak ematen dit nire lana egiteko behar dudan tresnarik zorrotzena eta egokiena.
Uste duzu hizkuntzak baldintzatzen duela mundua ikusteko eta poesia idazteko modua?
Ez, ez dut uste. Pertsonak berak markatzen du hori. Baina garrantzitsua da norberak bere hizkuntza eta haren ezagutza baloratzea, literatura ona egin ahal izateko, eta bere sormenaren txoko guztietara ahalik eta modu ederren eta sakonenean heltzeko.
Gaur egun poesia asko argitaratzen da. Nola baloratzen duzu generoaren egungo unea eta zer argi-ilun ikusten dizkiozu?
Argi-ilun nabarmenak ikusten ditut. Argiak argitalpen kopuruan daude, baina ilunak irizpideetan. Gaur egun, sare sozialetako ospeari etekina ateratzea helburu duen 'poesia komertzial' gehiegi dago. Argitaletxeek, askotan, salmenta ziurtatuak bilatzen dituzte, kalitatea bigarren mailan utzita. Joera horrek benetako ahots poetikoak itzal ditzake, marketinak literaturaren lekua hartzen duelako.
Poesiaz gain, narratiba ere idatzi duzu. Zer sormen-aukera ematen dizu narrazioak poesiak ematen ez dizuna?
Poesia espeleologia egitea da eta narrazioa landa zabalean ibiltzea. Baina bi kasuetan ez dago markatutako biderik. Orria beti dago zuri hasi aurretik.
Eta zein generotan sentitzen zara erosoen idazten?
Une honetan narrazioarekin oso eroso sentitzen naiz. Dena dela, badakit beti poesiara itzuliko naizela, jaiotetxera itzultzen denaren antzera.
Com mesos de juny (Edicions del Diari d'Andorra, 2001) zure lehen liburuan, maitasuna, erotismoa, nahia eta desamodioa aztertzen dituzu, zintzotasun nabarmen batekin. Nola eragin zuen lehen ariketa horrek zure ahots poetikoaren eraikuntzan, eta zer garrantzi du zuretzat gaur egun hasierako poema horietara itzultzeak?
Poeta hasiberri baten poemak dira, esploratzen ari nintzen garaikoak. Orain, atzera begiratzean, oso urrun ikusten ditut. Aitortu behar dut urteetan lotsa eman didala nire lehen poema haiek errezitatzeak. Hala ere, denbora igaro ahala, horien balioa ikusten ikasi dut: heldutasun gutxikoak izan arren —literarioki, behintzat—, poema zintzoak ziren, eta nire zati dira.
Orain beste eremu batzuek pizten dute nire jakin-mina: garunak gure baitan duen indarra, existentziak eragiten dizkigun zalantzak eta nire bizitza markatu duten pertsonen erretratu intimoak.
Hala ere, lehen liburu hartako poema batzuek oihartzun handia izan dute. Adibidez, «Blau» (Urdina) poema ezagunenetako bat da, kolorearen errepikapen oso indartsua duena: “Quan estava sola escrivia blau, / blau, blau, blau, blau pertot arreu. / Havia de vomitar tot el blau que duia a dins, / tot aquell blau de l’aigua / en què nedava quan estava amb ell” (18. or.). Zergatik uste duzu hain modu sendoan konektatzen duela irakurleekin?
Egia esan, ez nuen uste horrelako harrerarik izango zuenik. Berez, testua prosan idatzita zegoen, testu luzeago baten zati gisa. Gero, bertsoetan banatu nuen, bilduma argitaragabe batean sartzeko eta lehiaketa batera bidaltzeko. Uste dut poemari darion zintzotasuna eta sua olerkiaren azalera iristen direla, eta irakurleak hori jasotzen duela.
Miquel Martí i Pol Poesia Saria irabazi zenuen bilduma horrekin.
Bai, horrela da. 2000. urtean, Andorrako Gobernuak antolatutako sari hori eskuratu nuen. Esan daiteke aitorpen hari esker argitaratu zela, urtebetera, nire lehen lana.
Sari gehiago ere jaso dituzu; aitortza hori presio gisa bizi duzu idazterakoan, ala gozamen eta sormen-bultzada bihurtzen da zuretzat?
Erabat eskertuta sentitzen naiz nire lana publikoak edo kritikak ondo jasotzen duela ikustean. Aldi berean, badakit ez dela beti horrela izango; literatura iraupen-lasterketa bat da, eta garrantzitsuena lanean jarraitzea da. Ezin zara beti mundu guztiaren gustukoa izan, baina sentitzen duzunarekiko leiala izan behar duzu, zure nortasuna gal ez dadin.
La meva mare es preguntava per la mort (Pagès, 2015) lanean, harrigarria da puntuazio-markarik eta maiuskularik ez egotea; horrek askatasuna ematen die poemei, baina irakurleari kontzentrazioa eskatzen dio. Zer transmititu nahi zenuen hautu formal horrekin eta nola eragiten du bertsoen irakurketan?
Lagun batek iradoki zidan eta erronka gisa hartu nuen. Irakurlea bertso-lerroen banaketaren bidez gidatu behar izan nuen, puntuazioaren laguntzarik gabe erritmoa eta pentsamenduaren jarioa markatuz.
Zure poesiak duen musika-dimentsioa oso aipagarria da, eta zu zeu errezitatzaile trebea zara; nola eragiten du horrek zure sormenean?
Idazten dudanean, nire barne-erritmoari jarraitzen diot; ez dut pentsatzen gero errezitatzean funtzionatuko duten ala ez. Baina irakurketa baterako poemak aukeratzen ditudanean, kontuan hartzen dut elementu hori, nahiz eta ez den irizpide erabakigarria. Irakurketa baten aurrean, gehiago arduratzen nau poemak hautatzeko moduak eta ordenak bidaia bat osa dezaten.
Heriotza zure lehen poemetatik agertu den gaia da, eta La meva mare es preguntava per la mort lanean ausardiaz heltzen diozu, haren dimentsio anitzak arakatuz. Nolako bilakaera izan du gai honek zure obran?
Heriotzak, bizitzaren parte bereizezina den heinean, betidanik piztu izan du nire interesa. Urteek aurrera egin ahala, are estuago lotu zaio bizitzari berari, eta nire urratsak zuzentzen laguntzen didan gidari bihurtu da.
Zure poemetan animaliek, arratoi eta otsoetatik hasi eta armiarma edo inurrietaraino, bizitzaren eta heriotzaren zikloaren barruan paper ia totemikoa betetzen dutela dirudi; zerk erakartzen zaitu animalien presentzia horretatik?
Txikia nintzenean, uda batzuetan, arrazoi jakin batzuengatik, gutxi ateratzen ginen etxetik. Egoera hori nire gurasoen arteko harremanaren ondorioa zen. Errealitate horrek bultzatuta, udan terrazara hurbiltzen zen edozein animalia nire babesean hartzen nuen. Intsektuak nondik ateratzen ziren aurkitzen saiatzen nintzen eta azukrea botatzen nien inurriei elikatzeko. Urteetan zehar iruditeria hori guztia eraikitzen joan naiz, nire unibertsoa, nire barne-paisaiak sortuz.
Natura ez dago guk manipulatuta, ezagutza iturri handia da. Gu handik atera gara. “No hi ha flors equivocades” (Ez dago lore okerrik).
El cementiri de les matrioixques (Edicions Proa, 2021) lanean, eguneroko bizitza poemategiaren ardatz bihurtzen da, okindegia edo ile-apaindegia bezalako espazioetara garamatzate oroitzapenek.
Gustatzen zait hortik abiatzea, begien aurrean ditugun lekuak direlako; eguneroko elementu horietan igarotzen ditugu egunak: kaleetan, arrandegian, okindegian, hona eta hara… Bat-batean, dimentsio poetiko bat har dezakete, edo ipuin batera eraman nazakete. Modu naturalean sartzen ditut, gehiegi pentsatu gabe. Denok uler dezakegun horretan geratzen naiz, guztion bizitzaren eta oroitzapen kolektiboaren parte delako.
Tot va passar alhora (Comanegra, 2025) zure azken liburuan, sekretuz, isilunez eta kolpez jositako familia-istorio bati heltzen diozu, non haurtzaroko zauriak belorik gabe ageri diren. Nola gerturatu zinen tratu txar psikologikoa, zapalkuntza eta sumisioa bezalako gai gogorretara, zure idazkeraren ezaugarri den ahots poetikoa galdu gabe? Eta zer galdera edo gatazka arakatu nahi zenituen lurralde pertsonal horretara itzultzean?
Hura idaztea bidaia bat izan zen; ezagutzen nuena azaltzen nuen, eta idatzi ahala ulertzen nuenarekin lotzen nindoan. Ez nuen inor epaitu nahi. Sekula ez nuen pentsatu hain gai pertsonalez lehen pertsonan idatziko nuenik, izenak eta lekuak ezkutatu gabe. Baina dena barruan zegoen; izatez, poesian eta narrazioan idatzi dudan ia guztiaren hazia baitzen. Barruan neraman mamu hori errotik behin betirako atera nahian hasi nintzen filtrorik gabe idazten. Horrelaxe atera zen liburua. Ez nuen uste hori egiteko gai izango nintzenik.
Ez duzu kontakizun kronologiko bat eraiki nahi izan.
Ez, memoria pertsonalaren hariari tiraka nire bizitzaren txatalak josi ditut, oroitzapenetatik abiatuta baina ez kronologikoki.
Kapitulu laburrak dira; pieza bat bestearekin lotzen da, ispilu baten antzera. Forma kaleidoskopiko hori du: irakurleak lehenago ikusitako zatiekin egiten du topo. Nik dena oso presente nuen buruan, bai nire oroitzapenak, bai amak azaldu zizkidan guztiak ere. Loturak eginda nituen jada, eta idazten nuen heinean, zein oroitzapenetara iritsi behar nuen argitzen joan nintzen.
Liburuak harreman unibertsalak jorratzen ditu —bikotea, familia, maitasun irrazionala—, baina eszenatoki oso intimo eta pertsonal batean. Nola lortzen duzu tokiko esperientzia horiek unibertsal bihurtzea edozein irakurlerentzat?
Bai, familia zehatz batetik eta herri zehatz batetik abiatuta, eszenatoki askotatik mugitu gabe, unibertsaltasuna bilatzen dut. Guztiok gara oso-oso antzekoak. Literatura eta poesia unibertsalak dira; horregatik da hain baliotsua itzultzaileen lana.
Ba al duzu zure obran liburu kuttunik, edo zure ibilbidean bereziki esanguratsua izan den lanik?
Poesian, maitasun berezia diet On tot és vidre eta El cementiri de les matrioixques lanei. Narrazioan, berriz, La senyoreta Keaton i altres bèsties eta Tot va passar alhora liburuei. Bat bakarra aukeratzea ezinezkoa litzaidake.
Zer gustatuko litzaizuke irakurleek aurkitzea zure obrara lehen aldiz hurbiltzean?
Beren burua eta beren unibertsoa bertan topatzea ederra litzateke.
Ba al dago oraindik ukitu gabe geratu zaigun gairik?
Uste dut ezetz. Eskerrik asko hain elkarrizketa sakon eta zaindua egiteagatik.
Zure lehen poema-liburua argitaratu zela 25 urte bete diren honetan, zer esango zenioke 2001eko Teresa Colom-i ?
Hauxe esango nioke: “pixkanaka, baina ondo zoaz. Ez utzi idazteari, nahiz eta, hasieran, zalantzan jarriko dizuten bankua utzi izana. Bizitza laburra eta luzea da aldi berean. Pentsa ezazu izan zinen neskatoaz eta galde iezaiozu berari hurrengo pausoa nora zuzendu ez dakizunean”.
ERANTZUN LABURREKO GALDERAK:
-
Oparitu duzun azken liburua.
Patrick Radden Keefe-ren El imperio del dolor.
-
Azken egunotan ondoan duzun liburua.
László Krasznahorkai-ren Tango satánico.
-
Behin eta berriz irakurtzen duzun liburua.
Emily Dickinson-en poemak.
-
Zurekin daramazun bertso-lerro bat.
Dickinsonen “Goroldioa iritsi zen arte gure ezpainetara/—Eta estali—gure izenak” .
-
Kafe bat hartzera gonbidatuko zenukeen poeta bat.
Bera, Emily Dickinson.
-
Zurea izatea nahiko zenukeen liburua.
Dostoievskiren Krimena eta zigorra edo Kafkaren edozein kontakizun.
-
Duela gutxi zirrara eragin dizun poema-liburua.
Rilke berriz irakurtzeak zirrara eragin dit.
-
Irakurketarekin adiskidetu zintuen idazle bat.
Faulkner.
-
Katalaneraz idazten duen/zuen poeta bat.
Joan Vinyoli.
-
Gomendiorik bai?
Antoni Caus eta Arnau Orobitg. Aurten ez dute liburu berririk, baina poesiak ez du iraungitze-datarik.
MILA ESKER TERESA