Elkarrizketa :: Miel A Elustondo – zaldi ero 2023/11/14
Auxtin Zamora Durruti

“Olerkariak eraginak baditu, baina ari da zinez bere erraietatik”

Iragan apirilaren 16an festa ospatu zuen Hatsa elkarteak urtero ohi duenez. 25. aldia zuen aurten, eta ohi baino mardulago heldu da urteurreneko olerki bilduma ere: Hatsaren Poesia. Auxtin Zamora Durrutik asmatu zuen eguna, asmatu argitarapena, eta ez du harrezkero urterik hutsik egin. Eta geroan ere iraun dezan, Ainara Maia Urrotz idazle eta itzultzailea du orain Zamorak poesia bildumaren arduradun. Lehen galdera egin aurretik ere, izen arrosarioa esaten hasi da: poetak dira denak...

[Hatsaren Poesia bildumako 25. aleak dakartza erakusgarri]

...Jean-Louis Davant, Itxaro Borda, Txomin Peillen, Imanol Irigoien, Joan Mari Irigoien, Ainara Maia Urrotz…

Nik zuri galdera egin aitzinetik ari zara liburuaz mintzo… Hatsaren Poesia. Olerki bilduma 2023. Ez duzu debaldeko jestua.

Banekien zure galderei erantzuteko mamia banukeela liburu horretan. Hor da nire pentsamendua, eta nire bizia, baina ez osoa, zeren eta 43 urtetan hasi nintzen idazten! Lehenik, hamabi-hamahiru urtetan jadanik, poesia idazten hasi nintzen eskolan –frantsesez, bistan da–, erredakzio bat egin behar zela erran ziguten, eta nik pertsu alexandrinoetan egin nuen. Ene ondoko ikasleek irri egin zidaten, eta erakasleak ere ez zuen ene lana begi onez ikusi, eta utzi nuen poesia idaztea. Gizakiak hauskorrak dira, batzuk beste batzuk baino hauskorrago. Haur batzuek burla jaso, eta trauma bilakatzen dute trufatze hori; beste batzuek alderantziz erreakzionatzen dute, burlari aurre egiten diote, eta ateratzen dira azkarrago.

Eta bietarik zer izan zen zure kasuan?

Nik ez nuen berriz idatzi 43 urte arte baizik. Barnean nuen nonbait idazteko gogoa, eta denborarekin berriz sorrarazi zen. Batzuetan, barnean atxikitzen ditugu erro ttiki batzuk, eta haietatik partitzen ahal da gero zuhaitz bat osoa.

Zerk bultzatu zintuen idaztera, 43 urte zenituen garaian?

Kontzientziazio bat izan zen, Aljeriako gerlak ekarri zidana. Ohartu nintzen Frantziako kulturak Aljeriakoa itotzen zuela, hango biztanleak baztertuak zirela frantses kolonizazioaren eraginez, arabiar identitatea itoa zela, eta ohartu nintzen gu ere han bezala ginela Eskual Herrian. Ez nintzen lasai, zeren eta adin horretan eskuaraz egiteko ere urduri nintzen. Ahaztua nuen kasik!

Laborari semea zu, eskuara kasik ahaztua?

Bai, eta ez nuen eskuaraz mintzatu nahi, gizarteak ere ez baitzuen horretan laguntzen. Erraten zuten eskuarak ez zuela baliorik, ez zela bertako laborarientzat baizik, eskualdunok eskuara ez genuela munduan beste nehon baliatuko, ez zuela balio eskolan ikastea ere, behar genuela frantsesez ikasi, eta frantsesez egin. Hori sartu ziguten buruan. Haurrek guzia irensten dute, esponjak bezalakoak dira. Frantsesez mintzatu nintzen, kasik eskuara ahazteraino. Eta ez nuen idatzi ere 43 urte arte baizik...

Eta bitartean?

Bitartean? Galtze handia! 12 urtetarik 43 urte arte idatzi izan banu, mila gauza izanen nituen idatziak, zeren eta nik espontaneoki idazten dut, momentukoa behar dut idatzi, eta idazten ez badut, joana da momentua, ahazten dut idatzi nahi nuena ere. Batzuek hausnartzeko dohain handia dute, atxikitzen dute momentua, baina nik ez dut dohain hori, ni momentu batetik bestera abian nabil. Hala ere, 43 urtetan, idatzi nahi, eta hilabeteak eman ditut zerbait ongi edo behar bezala idazteko. Izigarri zaila izan zait.

Hala ere, idatzi duzu, badituzu bost poema liburu ere publikatuak, 1986ko Ezin errana harrezkeroztik etorri baitziren Hatsaren bustia, Haizea ostoetan, Trapuetan haizea eta Zernahi izan eta ere, eta, bestalde, baduzu itzulitako lanik, XIV. mendeko idazle frantses Christine Pizanen Saltze jostetak poemak, eta bestelako ikerketa lanik, Senpereko etxeez, 14ko Gerlan hil diren senperetarrez…

Lan horiek egin ditut. Literatura idatzi dut, baina ez sobera –olerki liburu horiek–, eta lan literario ez diren azterlanak. Eta, gero, bultzatu dut jendea olerkiak idaztera. Lehena egitea izugarri zaila izan liteke, baina lehenaren ondotik bigarrena dator, eta gero ondokoak. Olerkia idazteko, hastapenean, behar da xixpa, baina zure barnean sua balin baduzu, su horrek erretzen bazaitu, hitzak ateraraztera bultzatuko zaitu, eta idatziko duzu. Hatsaren Poesia liburuetan badira hastapenetik idatzi dutenak. 25 urte! Hor idatzi dutenek, segitzen balin badute olerkiak egiten, egun batean liburu bat ateratu ahalko dute Hatsaren... liburuetan argitaratu poemekin, eta beste batzuekin, horretara bultzatuak baitira urtero, poemak idaztera. Segur, Hatsaren Poesia liburua bultzadura bat da, eta nahi duenari bidea ematen dio olerkiak idazteko, eta idazten segitzeko. Denetan bezala, bultzadura bat behar baita, eta pasioa ere!

Hatsaren Poesia bildumak gabe publikatu zenituen zuk zeure poemak...

Bai, olerkiak egitea maite nuen, eta maite dut. Egia erran, liburuak egitea baino gehiago, irakurtzea baino gehiago… Badira momentu batzuk irakurtzeko, eta bertze batzuk, idazteko. Ez dira nahasi behar, zeren eta zerbait irakurtzen duzularik, irakurri dituzunak sartzen dira zure barnera, eta, gero, segidan hasten bazara idazten, irakurri duzun guzia ateratuko da han, pixka bat aldatua, beharbada, baina eragin anitz jasoa izanen zara, eta ez duzu zure nortasuna behar bezala ateratzen ahalko. Aldiz, denbora utziz gero, eta ez baduzu gehiago irakurtzen, irakurtu dituzun gauzek beharbada eragina izanen dute, baina zure barnea nagusituko da eragin horien gainerat.

Eraginik gabe idazten duzula erran nahi duzu?

Irakurketa anitz egin ditut, horien eraginak etortzen zaizkit. Mila iturri baditugu, eta erabiltzen ditugun hitzak berak ere ez dira gureak, etortzen dira ez dakit nondik ere! Mila tokitatik datoz! Haatik, idazleak badu bere libertatea, eta nik hortakotz bultzatzen dut jendea olerkiak idaztera, bere burua libratu ahal izateko. Poesiaren eremua libertatea da, hori da inportanteena niretzat.

1998koa dugu lehen Hatsaren Poesia eguna. Nola bururatu zitzaizun?

Iruditzen zait frantses poesian murgildua nintzela itsuski, Victor Hugo, [Alphonse] Lamartine… Euskal olerkariak, berriz, baziren –ez ziren anitz, baina baziren, eta badira–, baina ikusten nuen haien lana ez zela gizartean aski txertatua. Pertsularitza bai, txertatua zen, eta hala da orai ere… baina, parentesi artean, ez dut sobera maite pertsularitza horrela bultzatua izatea.

Zer esan nahi duzu?

Pertsularitza izigarri interesantea da eskuararentzat, balio du eskuara ongi ikasteko, bai eta norberaren nortasuna agertzeko ere. Laudatzen ditut pertsulariak, pertsonaia interesgarriak dira, baina pertsularitza bera, orai den bezala, ez dut ongi hatxemaiten. Ez zait iruditzen zuzen dabiltzala lehiaketak eginez-eta. Funtzionatzeko manera hori ez dut maite.

Txapelketak eta pertsu-eskolak, esan nahi duzu, adibidez?

Hori. Ene ustez, behar da jendea libro utzi, ez da pertsua neurtu behar, ez eta pertsularia ere, eta ez da eskolarik behar, poesiarentzat ere behar ez den bezala. Adibidez, niri lehiaketek min egiten didate, min, zinez min, ikusten dudalarik zer suaz ari diren batzuk eta bertzeak, eta puntu batengatik batak txapela irabazten du, eta bertzeak ez. Pertsulari horiek ez dute diferentzia handirik beren espresatzeko maneretan, batak bere barnean duenak ez du bertzeak duena baino gutiago balio. Ez dut soportatzen lehiaketa hori. Alta, maite nituen pertsulariak.

Nor zenituzten garaiko pertsulari haiek?

Gure garaian Mattin eta Xalbador ziren gehiena ibiltzen, baina baziren gehiago ere, onak. Behenafarroan, beharbada, gehiago, baina nik haurtzaroan horiek biak ikusten nituen. Joaiten nintzen Sararat eta ikusten nituen Mattin eta Xalbador, leiho batetik bestera pertsuka, eta zer plazera! Senperen bertan baziren pertsulariak, Matxin-eta! [Matxin Irabola Goia, Senpere, 1879, 1935] Kasik Matxin bera izan zen gerlaren kontra pertsuak egin zituen bakarra. Matxingaina etxekoa zen… Desegina da... Oraiko pertsularitzak, aldiz, min egiten dit. Ene iduriz, behar litzateke eskolan poesia sartu, eta ez da egiten.

Poesia irakurri, poesia egiten ikasi?

Barneko gauzak ez dira ikasten ahal, barnean dituzu, hor dira, eta halako istante batean aterako dira, ohartu gabe, gauza anitz inkontzienteki ikasten baitira. Eta poesia, ez bada idazten ere, sentitzen ahal da poema batean, zizel-lan batean, pinturan edo musikan... Adibidez, oso maite dut musikaren poesia, hunkigarria da batzuetan. Ez dakizu zer den poesia, ez duzu hitzekin definitzen ahal, baina gauza bat poetikoa dela badakizu, sentitzen ahal duzu, hunkitu zaitu. Badira milaka definizio poesiaz, baina, edozoin gisaz, ezin zaio sekulan definizio finitu bat eman.

Poetaz ari, zuk “olerkaria” hobetsi nahiago duzu, ezen ez “poeta”...

Errana dut eskualdunak olerkariak garela –poeta ere bai, nahi baduzu–, baina gu euskaldunak langileak gara. Sukaldariak, kantariak, margolariak… -ari atzizkiak hori erran nahi du, “lanean ari direnak”, eta gu olerkariak gara, lan egiten dugulakotz. Horrekin batera, pentsatzen dut gizaki guziak olerkariak direla, zeren eta denok baitugu gure barnean berezitasun bat, beste nehork ez duena. Zuk zure barnean duzuna, nik ez dut. Munduko olerkari handiena zara, bakarra zarelakotz, eta ni berdin, eta beste guziak ere hala dira. Eta belar izpi ttipiena ere, munduko ederrena da, bakarra baita. Berdin gu ere, denok gara poeta: idazten duena, musika egiten duena, pintura egiten duena… bere lana zinez pasioz egiten duena, poeta da, bere baitarik zerbait berezia egiten duelakotz barnean duenarekin.

Bere barnean duenarekin besterik ez? Autoreak irakurtzeak ez du balio?

Olerkariak, bistan da, eraginak baditu, baina ari da zinez bere erraietatik. ez du eskatzen maitatua izatea, ez du bestelako interesik ere. Eleberri bat idazten duzularik, interesa duzu saltzeko, edo zure burua goraipatzeko, edo besterik. Liburuak idazten dituztenak maitagarriak dira, baina ez dira sobera egiazaleak. Eta, anitz, errepikatzaileak dira. Ez bazara irakurtzalea, liburu bat hartu eta uste ahal duzu inork baino lehen idazle horrek idatzi duela, lehen aldiz, irakurtzen ari zarena. Irakurtzalea bazara, aldiz, ikusten duzu horiek denak jadanik erranak direla, nahiz idazle bakoitzak bere moldez erranen dituen.

Olerkariak ez du, beraz, saltzeko interesik, edo bere burua goraipatzeko nahikaririk?

Olerkaria, zinezkoa, ez da aberatsa. Hatsaren Poesia liburu guziek ez dute nehor biziarazten, eta barnean idazten dutenek ere ez dute deus irabazten. Hor idazten dutenek, bakarrik liburuaren ale bat ukaiten dute, eta hori maitagarria iruditzen zait gure literaturarentzat: badira zerbait dohainik egiten duten pertsonak, ez dira diruaren istorioetan sartzen. Dohainik egiten dute lan. Hori da zinezko maitasuna, dohainik egitea, maite delakotz. Hatsaren Poesiaren kasuan, poesia.

Hatsaren Poesia asmatu zenuen noizbait duela 25 urte, eta, orai, aldiz, Su hatsa erakusketa egina duzu…

Suaren istorioa interesgarria da niretzat, zeren eta ohartu naiz gizakia sua dela. Izan dut une bat, suarekin mila gauza sortzen ibili naizena, sua eta poesia bateraturik. Uste dut gure hatsa suari konparatzen ahal dela, zeren eta gure baitan dugun su misteriotsu edo energia hori, 37ºtan bizitzeko berotasuna, behar dugu bizitzeko. Berotasun horretan ez bagina, ez ginateke bizi. Su horrek, hitzekin nahasirik, sortzen du gure baitan mundu berri bat, poetikoa dudarik gabe. Hau nire filosofia baizik ez da...

 

Ezin erran

Liburuxka huntan irakurtuko ditutzun olerkiak,

zure eta neure ingurameneko

hatsekin eginak diren ate batzu dira.

Ez du balio joka hartzea

ate hoieri! barnetik hetsiak dira!

eta beren giltzak, airez aire,

denborak beretuak ditu!

Sentitu nahi banauzu

ate baten gibelean,

beharko duzu

zin eta minetan sartu,

bai eta zure «Ezin errana»

neurearenarekin lortu!

(Ezin errana, Maiatz, 1986)

Miel A Elustondo – zaldi ero
Auxtin Zamora Durruti
“Ohartu nintzen Frantziako kulturak Aljeriakoa itotzen zuela, eta gu ere han bezala ginela Eskual Herrian”
Entresaka
“Poesiaren eremua libertatea da, hori da inportanteena niretzat”
Entresaka
“Olerkiak egitea maite nuen, eta maite dut, liburuak egitea baino gehiago, irakurtzea baino gehiago”
Entresaka