Elkarrizketa :: Aintzane Galardi 2025/04/24
Ruben Ruiz

“Niretzat liburu guztiak bereziak eta bakarrak dira. Idazterakoan gogo eta ilusio berberarekin idazten ditut, baina gero, bakoitzak bere bidea egingo du.”

Ruben Ruiz 1973an jaio zen Gasteizen eta Nafarroako Basaburua udalerrian bizi da gaur egun. Gasteizen irakasle ikasketak egin zituen, eta Psikopedagogiakoak Donostian. 2005-2012 urteetan Behinola Haur eta Gazte Literatura aldizkariko koordinatzailea izan zen; Galtzagorri Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea ere izan da hainbat urtetan. Lehen Hezkuntzako irakaslea da lanbidez, eta hamaika liburu argitaratu ditu. Bere obra nagusia Euskarazko Haur eta Gazte literaturan kokatzen da, eta album ilustratua, poesia eta ipuina landu ditu. 2022an helduentzako lehen eleberria argitaratu zuen Beti Mugan (2022, Elkar).

 

Pellokeriak (Elkar, 2024) zure azken lanak Mikel Zarate saria eskuratu du, eta aurretik, sari gehiago irabazitakoa zara, 2004an Etxepare saria  Nora joan da argia lanagatik eta 2007an Lizardi saria Anekdotak lanagatik. Azken lan honek, gainera, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria eskuratu zuen 2009an eta IBBYren (International Board on Books for Young People) ohorezko zerrendan sartu zen 2010ean. Zer eragin izan dute sariek zure idazle ibilbidean?

 

Ziur aski, Gasteizko Udalak antolatutako literatur sariren batean parte hartzeko (eta irabazteko) ilusioaren ondorio izango dira nire lehen urratsak literaturan. Orduko lehiaketa hura irabazteak kemena eman zidan literatur lanen sormenean jarraitzeko. 

Sariek berresten dute zure literatur lanek nolabaiteko kalitatea dutela eta idazten jarraitzeko akuilu dira.

Gaineratuko nuke, sari askok oinarrietan argitalpena ziurtatzen dutela, eta hori ere oso garrantzitsua da.   

 

Lan sarituak besteak baino “kutunagoak” bihurtzen al dira? Ba al duzu guztien artean gogokoren bat ala, seme-alabengatik esan ohi den gisan, guztiak dira berdinak zuretzat.

Niretzat liburu guztiak bereziak eta bakarrak dira. Idazterakoan gogo eta ilusio berberarekin idazten ditut, baina gero, bakoitzak bere bidea egingo du. Nik idatzitako liburu guztiek arrastoren bat utzi didate nire mapa emozionalean, eta espero dut irakurleren batengan ere utzi izana. Ikasteko eta pertsona oso interesgarriak ezagutzeko aukera eman didate. Baina egia da liburu guztiek ez dutela ibilbide bera egin, eta urrunago iristen diren horiek, agian, arrasto sakonagoa utziko dute. Baina, adibidez, nire lehen liburuak ez zuen saririk jaso inongo lehiaketatan , eta izan zuen ibilbidea izan zuen, baina oso estimatua da niretzat, besteak beste, nire lehen liburua delako eta gure amona zenari eskainia dagoelako.

Liburu guztiek berezko historia bat dute atzean, testuinguru jakin bat, horregatik maite ditut guztiak.

 

Ipuina landu duzu, batez ere, zure ibilbidean Itsasoaren lezioa (Desclee, 2002) liburuarekin hasita. Ipuina al da erosoen sentiarazten zaituen generoa?

Hala izan daiteke, bai. Nire lan gehienak, Oihartzun isilak kenduta, lan hau poesia baita, eta Beti mugan gazte-heldu literaturaren mugan dagoen eleberria alde batera utzita, gainerakoak ipuinen estandarrean sar daitezke. Batzuk album ilustratuaren kontzeptuaren barruan egoki daitezke; beste batzuk, Anekdotak edo Pellokeriak, adibidez, narrazio laburren bilduma dira, elkarrekin osotasun bat lortzen dutenak; gero, beste liburu batzuk narrazio bakarreko istorioak dira.

Bai, agian sortzeko orduan lehen deia ipuinarena izango da.

 

Irakurri izan dizut idazteko “espioitza lanak” egin behar izan dituzula eskolan, supermerkatuan, plazan…

Kar, kar, kar. Bai, horrela da. Nik uste idazleak zentzumen guztiak ahalik eta denbora gehien modu aktiboan izan behar dituela, izan ere, edozein tokitan zein unetan sormen-lan bat piztuko duen txinparta leher baitaiteke. Eta jakina, hura jasotzeko jarrera irekia izan behar duzu, alegia, bi pertsonek gauza bera entzunda, ikusita edo bizi eta gero, batek sormen iturria ikusiko du hartan eta besteak, ordea, ez. 

 

Esango nuke Anekdotak eta Pellokeriak liburuetan nabarmentzen dela gehien esan duzun hori.

Bi liburu horiek kontakizun labur ugari dituzte, 30 lehenengoak eta 21 bigarrenak. Horietako ipuin askok hemen eta han entzundakoak jasotzen dituzte, baina modu berean, hutsetik sortutakoak ere badaude bi bildumetan

Txokolatezko atzamarra ipuinak esaterako eskola batean andereñoa eta Haur Hezkuntzako ikasle batzuen arteko elkarrizketa labur batean du hasierako txinparta. Horri helduta istorio bat garatu nuen gero.

Esan bezala, idazleak belarriak erne eta begiak zabalik egon behar du.

 

Beraz, zenbait pasarte errealitatean oinarritutakoak dira.

Bai, horrela da. Adibidez, behin, gelan geundela, argia joan zitzaigun. Orduan, haurrei galdetu nien:Nora joan ote da argia?". Eskolatik etxerako bidean bueltaka izan nuen galdera kaskoan, erantzuna aurkitu nahian. Eta hortik sortu zen  Nora joan da argia? (2006, Aizkorri) ipuina. Saioaren gelan ere argia joan da, gela ilunpetan geratu da, baina badirudi argia bezalaxe —lasaitasuna, atsegina, poza— joan egin direla goiz-goizetik. Ama aldarte txarrez esnatu da, Saioa ikaratu egin da Xugux txakurraren zaunkekin, andereñoa ozpinduta dabil, bi ikasle mutur joka… 

Baina tirita batek, opil batek, musuek, miazkada batek atzera ekarriko dute argia, eta lasaitasuna, eta atsegina, eta poza. Egiturari dagokionez, bi zati oso nabarmenak ditu ipuinak.

 

Zure ibilbidean Enrique Morente, Jokin Mitxelena, Eider Eibar, Elena Odriozola, Maite Mutuberria, Joseba Beramendi “Exprai” eta Jon Zabaleta izan dituzu bidelagun. Argitaletxeak aukeratu ditu beti ilustratzaileak ala zuk izan duzu zerikusirik hautaketan?

Bietatik dago. Argitaletxeen aldetik beti jaso dut askatasun hori, eta proposatutako ilustratzaileak liburua ilustra zezan saiatu dira. Batzuetan, bilduma berean berriki beste lanen bat ilustratu izanagatik, edo bestelako arrazoiren bat tarteko, argitaletxeak erabaki izan du nork ilustratuko duen liburua, baina beti ere nire konplizitatea eta baietza bilatuz.

Euskal Herrian maila handiko ilustratzaileak ditugu zorionez, eta plazera da haiekin lan egitea. 

 

2003an Eta txorimaloa mintzatu zen obraren bidez narrazio poetikoaren eremua landu ostean, 2007an haur txikiei zuzendutako lehenengo poesia liburua plazaratu zenuen, Sekretuak belarrira
“Mendi magalean / elur maluta: / bertan ardia galduta.” edo “Basoan kukua kukuka; / errekak darama / mezua txistuka.”  bezalako hainbat poema zoragarri topa daitezke bertan.

Liburuaren egiturari begiratzen bazaio, urteko hilabete bakoitzak hiru poema biltzen ditu. Formari dagokionez, poema laburrak dira, hiruzpalau lerrokoak. Pieza labur horietan, haiku eta kopla zaharren uztarketa eman daiteke, uste dut errima eta erritmoa barrutik sortzen zaiela, berez bezala, hori bilatu nuen behintzat. Liburuak natura izan dezake gaia nagusia, haren hondamendia, eta gizakiaren eragina horren suntsiketan… 

 

Baduzu poesia gehiago egiteko asmorik?

Momentuz buruan ditudan egitasmoak bestelakoak dira, baina batek daki, akaso hurrengo liburua poesiazkoa izango da.

 

Zure beste liburuetan, ipuinak izanagatik ere, estilo poetikoa nabarmentzen dela esan izan du kritikak.

Alderdi hori nabarmendu izanak ilusio berezia eragin izan dit. Idazterakoan buelta asko ematen diot istorioari berari, baina baita idazteko moduari ere. Hondoa eta forma zaindu behar direlakoan nago. Eta bigarren horretan, forman alegia, arlo poetikoa jorratzeko ahalegin berezia egiten dut. 

 

Eta 2022an benetako gertakarietan oinarritutako helduentzako lehen nobela etorri zen, Beti mugan (2022, Elkar). Nondik etorri zitzaizun istorio hori idazteko bulkada?

Lehenengo eta behin, arestian esan bezala, batzuetan helduen eta gazteen literatura zehazterakoan marra labainkor bat egon daiteke, eta horretantxe kokatuko nuke Beti mugan eleberria. Halere, esango dut liburua helduen bilduma batean atera zela. 

Hori esanda, eta zure galderari helduz, aspaldi samar nuen mugalarien inguruko zerbait kontatzeko gogoa. Irakasle lanak Hego eta Ipar Euskal Herriko mugetara eraman ninduen, eta isilean bazen ere, mugalarien itzala eta zurrumurrua edonon suma zitekeen.

Urteetara gaiaren inguruan idatzi nituen lerro batzuk, baina esan ohi den bezala, tiradera batean gordeta geratu zen proiektua.

Gero, EITBko Mugaldekoak telesaila ikusten ari nintzela, jakin nuen mugalariek Comète sareko iheslariekin harreman estua izan zutela.

Horrek eraman ninduen proiektua berriz berreskuratzera eta gaiaren gainean ikertzera. Fikzio zein saiakera ugari dago gaiaren inguruan, baina bat nabarmentzekotan Juan Carlos Jiménez de Aberasturiren Camino a la libertad: la red de evasión comète y la frontera vasca en la II guerra mundial (Txertoa, 2019) azpimarratu nuke.

 

Liburua bi ardatz paralelotan idatzirik dago.

13 urteko Mattin Mugertzaren bidaia iniziatikoa izango da lehenengoa, mugalarien munduan murgilduko dena eta Comète sarearen (h)istori(o)a izango da bestea, gertaera errealetan oinarritutako fikzioa.

Bi istorioak 1940-1944 urteen artean kokatuta daude. Bi kontakizunek kokapen geografiko bera partekatuko dute: Euskal Herria. Comète sarearen istorioak Euskal Herrian ez ezik, Ingalaterran, Belgikan, Frantzian eta Alemanian ere kokatuko dira.

Azkenerako, bi kontakizunek bat egingo dute.

 

​​​​​​​Nolakoa izan zen liburuaren prozesua?

Ikaragarri polita, asko gozatu nuen hura idazten, eta gaiaren inguruan ikertzen. Fikzioa izan arren asko zaindu nuen Comèteren inguruko historia eta jazotako gertakizun errealak. Horrek lan handia eskatu zidan, horrelako lanak arrotz samarrak baitziren niretzat ordu arte.

Mugalari batzuen senideekin harremanetan jartzeko aukera ere izan nuen eta hori oso aberasgarria egin zitzaidan. 

 

Bukatzeko, baduzu esku artean beste lanik?

Ez naiz ni idazle konpultsiboa, presa gabe idaztekoa naiz, baina normalean beti dut zerbait esku artean, eta hor ez bada buruan.

Ikusiko da argia ikusten duten proiektuek, eta haiek ez badira beste batzuk izango dira.
 

 MOTZEAN
  1. Irakurri duzun azken liburua: 

Segundo erabakigarriak, Elkar, 2024. Manu Lopez Gaseni.

  1. Orain mesanotxean duzun liburua: 

El hombre sonriente, Tusquets, 2003, Henning Mankell.

  1. Haur eta Gazte Literaturako lan bat: 

Animalien inauteria, Erein, 1999, Felipe Juaristi.

  1. Amaitu ezinik utzi izan duzun liburua: 

Si una noche de invierno un viajero, 1993, Siruela, Italo Calvino.

  1. Behin eta berriz irakurtzen duzun liburua: 

Si una noche de invierno un viajero, 1993, Siruela, Italo Calvino.

  1. Sekula irakurriko ez zenukeen liburua: 

Ez nizuke bat esango.

  1. Zurea izatea nahiko zenukeen obra: 

Juan Salvador Gaviota, Círculo de lectores, 1973, Richard Bach. 

  1. Liburutegitik mailegatu duzun azken liburua:

Lautadako mamua, 2024, Elkar, Xabier Montoia.

  1. Gomendatuko zenukeen lan bat: 

Un amor, 2020, Anagrama, Sara Mesa.

  1. Oparitu duzun azken liburua:

Lanbroa, 2024, Erein, Pello Lizarralde. 

 


 

Aintzane Galardi
Ruben Ruiz
Fikzioa izan arren asko zaindu nuen Comèteren inguruko historia eta jazotako gertakizun errealak
Entresaka
Euskal Herrian maila handiko ilustratzaileak ditugu zorionez, eta plazera da haiekin lan egitea
Entresaka
Esan bezala, idazleak belarriak erne eta begiak zabalik egon behar du
Entresaka