Elkarrizketa :: Itxaro Borda 2024/04/25
Bea Salaberri

“Nik gehiago tratatu nahi nuen jendeen engaiamendua, engaiamendu horren arrazoiak”

Ezagutu zaitugu blog egile gisa, Argian zutabegile, “Baionak ez daki” ipuin bilduma atera zenuen Susan, 2015ean... nola pasatu da nobelarako jauzia?

Egia da badela progresio bat... Lan honen xedea hastapenean ez zen nobela baten idaztea. Emazteak borroka armatuan gaiari buruzko zerbait idazteko ideia zen gehiago. Ikusi nuen gaia potoloa zela. Segur zen ez zela ipuin bilduma bat izaten ahal, edo kontaketa batzuen bilketa. Entsegu bat izan zitekeen, baina hainbat arrazoiengatik, fikzioa egokiago zen. 

Nola sortu zitzaizun ideia hori?

2015a aitzin sortu zela errango nuke. Bazkari batean ginen eta baziren presoen senide bat, errefuxiatu bat, bi ere uste dut, eta garai hartan, ETAren behin betiko su etena pasatua zen. Bazuen bi urte eta ez zen deus gertatzen. Batek erran zuen: “nork kontatuko du guk bizi izan duguna gure egunekotasun horretan, nork kontatuko du beldurra, frustrazioa, horiek guziak?”. Urte haietan baziren eleberri handi batzuk, Patria, Martutene. Eta ari nintzen, bai egia da, nork kontatuko du jende xumearen parte hartze hori, ez baitezpada komandoetan edo sasian egon diren horiena. Pixka bat berantago gertatu zen Graxi Etxebehereren atxilotzea, eta ari nintzen gogoeta: “zer da emazte hau, nondik heldu da?” Eta orduan ohartzen zira pertsona hori egon dela betidanik lotua, gutxiago edo gehiago, klandestinitatean ziren jendeekin. Kristiane Etxaluzen elkarrizketa bat ere agertu zen Jakinen. Bere bizia kontatzen zuen haurtzarotik hasita. Beste lekukotasun bat, eta hor ebidentea bezala zen, egon zirela hainbat emazte, gehienetan emazteak direlako, itzalean, beste batzuek historian hainbat marka uzten dituztenean, bigarren plano batean bezala, isilik, beraien etxeetan jendeak hartuz, kolaboratuz...

Laurendia, nobelako pertsonaia nagusia, adibide horien nahasketa bat da?

Fikziozko pertsonaia bat da. Batetik lekukotasun horietan, ene ustez, bazirelako, kontatzen ez ziren hainbat gauza, eta bestetik, badirelako jende batzuk, erantzuten ez dutenak galdera zuzenki pausatzen diezunean, eta ez dute erantzunen oraino urteetan. Ez da coming out delakorik izanen alor horretan. Orduan, segur zen, fikziozko pertsonaia bat behar zela. Ez nuen baitezpada derrigor mugimendu abertzale batean errotu nahi. Kanpo-bizi bat eman nahi nion. Aipatu ditudan emazte horiek jiten dira barnealdetik, baserri giro batetik, heziketa aldetik ere Euskal herri zahar horren euskaldun-fededun giro horretarik datoz, pisu handi bat bada, denek beti berdin egin behar da, gisa batez, eta Laurendia hor kokatu dut!

Egiten duen bidea ikusten da, Behorlegitik Baionara, hemezortzi urte ditu, eta euskal mugimenduan sartzen da... zerk bultzatzen du sartzera?

Lehen kapitulu horietan etortzen da ikastera, bizitzera eta gero ezagunen bidez, nonbait mugimendu herrikoi horietan parte hartzen du, elkarteetan, beti besta giro batean. Baiona Txikian urte horietan mugimendu asko bazen, politikoak, elkarteak, kultura egiturak... hari horri tiraka, begi bistakoa da, agerikoa ez den beste zerbait badela. Hastapenean, bazter bezala uzten duen arren, bere gogoetek horretara eramaten dute: “beharbada norbaitek atean jotzen badu, nik ere irekiko nuke...”

Liburuaren titulutik beretik ageri da: bere heziketak mesfidatzera deitzen du. 

Denek “Mesfida zaitez” erraten diote, bere aitak, bere amak eta gero gurutzatuko dituen beste pertsonaia batzuek ere. Mesfidatzea erraten ahal da testuinguru ezberdinetan: “Mesfida zaitez!” zerbait txarra gerta dakizuke, eta “Mesfida zaitez”, beharbada sorpresa bat ukanen duzu! Baina beti nonbait jende horiek nahi dute iradoki zer egin beharko lukeen. Bere aitarengatik beharko luke lan bat hartu, bere amarengatik ontsa diziplinatua izan, ETA kideengatik beharko luke biziki kasu egin, edo bere bizi arrunteko bere lagunekin ez moztu eta istorio. Bakoitzak badu “Mesfida zaitez” hitz horien bidez pertsonaia horren bere aldera ekartzeko modu bat. Eta berak du hautatu beharko zer egin nahi duen, nahiz eta bere bizitzan segurtasunik ez izan, hautu batzuk egiten ditu hala ere..

Bi zati badira lau ehun orrialdeko nobela horretan, bi milagarren urte inguru horietan kokatzen da lehena, eta bigarrena Luhusoko gertakarien aitzintxoan.  Zergatik erabaki duzu istorio hau bi partetan kontatzea?

Hastapenean, parte bakarreko nobela zen. Gertakariek egin dute bigarren partea ere gehitzea. Eta beharrik, zeren lehen partearekin bakarrik, ez zuen emanen gauza guzien aipatzeko aukerarik. Hogei urte estaltzen ditu, eta hogei urte liburu batean sartzea aski konplikatu iruditzen zitzaidan nahi baldin banuen detaileetan sartu. Lehen partea Lizarra-Garaziren bukaera garaian pasatzen da eta bigarrena Luhusoko gertakariak aitzin gelditzen da. Bi aldiz hiru urteko epeak kontatzen ditut hogei urte horietan. Politikoki ere halako statu quo biziki luze bat izan da. Erraten da erakunde armatuak nahiko zuela borroka armatua gelditu 2006-2007tik goiti jadanik. 2011n bada su-eten bat eta bada gero holako une bat, suspentsioan bezala 2016a arte. Lehen partean, pertsonaiak hautatzen du ETAren kolaboratzaile izatea, sartzea zerbait aldatzeko, eta bigarrenean aldiz, gehiago da zerbait bere bukaerara eramateko. 

Erran duzu bi zati behar zenituela “gauza guziak” aipatzeko: zer dira “gauza guzi” horiek?

Zerk motibatzen du pertsona bat sartzen, zerk egiten du pertsona bat sartzen dela ETAko laguntzaile izateko, zerk eramaten du horretara, hori da lehen gauza. Zer dira horretara animatzen dutenak, zer pentsatzen du horrelako pertsona batek, zer nahi du, zerekin ezin du gehiago... zer beldur dituen, zer problema ukaiten ahal dituen, harreman mailan besteekin. Nahi nuen kontatu ere, jendeen arteko hurbiltasun bat, pertsonaia guzien artean bada beti juntatzen dituen hari mehe bat, ideal batek ere biltzen baititu. Hirugarrenik, erranen nuke, frustrazioa, gehiago bigarren atalean garatuko dena, borroka bide batek eman duelarik eman behar zuen guzia, eta ezin delarik beste zerbaitetara pasatu, sortzen ahal den ezinegon hori. Aldi berean, ber pertsonaiak agertzen dira, ez dugu erranen beti berdinak direla, aski koherenteak nahi izan ditut, hala espero dut, bakoitzak badu ikuspegi propio bat gaiari begira...

ETAk, -eufemizatuz bezala nobela honetan Erakundea deitzen dena-, zer rol du jende horien bizitzetan? Zerk eramaten ditu jendeak erakunde horren laguntzera? 

Pertsonaien arabera desberdina da egoera. Laurendia eramaten du horretara herentzia baten pisuak, hau da gizarte eredu batean ez gehiago bizi nahi izanak. Miseria mota batek. Gerorik hainbeste ez duen lurralde batean sortu da, ez da sobera lanik, gauzak konplikatuak dira, ukaiten dituen lan txiki horietan ere, biziki gogorra da dituen nagusiekiko harremana. Nik uste kondizio batetik askatu nahia dela. Beste pertsonaia batzuen kasuan, segur aski bada zama ideologiko handiago bat, eta beste pertsonaia batzuek oraino, alderantziz, ez dute sartu nahi, ez dute deus jakin nahi ETA erakundeaz. Beste molde batez  bizi dira eta beste alternatiba batzuk xerkatzen dituzte. Beraz bakoitzak badu arrazoi bat momentu batean ETAko laguntzaile gisa sartzeko edo ez. Ainitzetan erraten da liburuaren gaia borroka armatuarena dela, nik errango nuke engaiamenduarena dela. Borroka armatuaren giroan da, presentzia handia du liburuan, baina nik gehiago tratatu nahi nuen jendeen engaiamendua, engaiamendu horren arrazoiak, hori da pertsonaia desberdinen baitako tematika.

Laurendia aipatzen dugu, Baionan ikusten dugu, baina bere familiarekin Behorlegiko sor etxean badu arazo handi bat, gurasoekin, anaiarekin...

Bada belaunaldi konflikto bat. Hori argi da. Baina bada, aldi berean atxikimendu bat, ez bakarrik ontasun bati, baizik eta etxeari, bizi molde bati. Bada lotura handia familiako kideekin. Laurendiak ez ditu guziekin harreman onak; batzuekin belaunaldi istorio hori da, osabarekin adibidez, ongi konpontzen da. Pentsa daiteke osaba hori bera bezalakoa dela, hurbilagoa duela, nortasunean eta pentsatzeko moldean. Anaiarekin aldiz badu konflikto bat. Ez dut “spoilatuko”, baina anaiak beharbada, Laurendiaren aldekoak ez diren interes batzuk baditu...

Pertsonaia hori halako zona gris batean bizi dela ikusten da, azken finean erakunde klandestinoa laguntzen du, baina bera ere klandestinitatean balitz bezala bizi da, bereziki bigarren partean, itzultzaile lan bakartia badu, borda batean bizi da. 

Hainbat gauza nahi nituen erakutsi, isolamendu hori barne. Ene ustez klandestinitatean gertatzen diren gauzetan, jendeak bai, gris bihurtzen dira edo pixka bat desagertzen. Beste pertsonaia batzuek ezabatzea aholkatzen diote eta nik uste hola gertatzen dela. Hori entzun dut, ez dut irakurri: “ez ginen ibiltzen bestetan... bestetara ere ez zineten joaten?” Ez dute xehetasunik ematen, baina sentitzen duzu bakartasun handi bat eta olde bat badela, pertsona bera eta bere bizi guzia bereganatzen duena.

Laguntzen ditu mutiko horiek, Mikel, Aitor, Muntxo eta abar, baina berak harreman pertsonalik, sentimentalik ez du iruten, ez horiekin, ez eta kanpoko nehorekin...

Nire hautua da. Ez nuen nahi pertsonaia hori izatea edo bilakatzea ETA kide baten maitale.  Bere bizitza klandestinoak, bestalde, konplikatzen du beharbada bere harremana garatzea. Nahi nuen klitxe horietatik urrundu. Emazteen figura hori agertzen delarik literaturan, ez dut erranen guzietan, ez baita hala, baina hainbat liburutan, edo bigarren planoan da, eta bitxiki, ez da sobera garatzen, edo maitalea da, edo manipulatua da, beraz ahula, edo buruzagi odoltsua. Nahi nuen hortik atera. Behar bada figura horiek egon dira, baina ez da egia horiek bakarrik egon direla. Bigarren plano horretan hainbat jende izan da biziki arrunta, baitezpada hilketak egiteko edo amorosak xerkatzeko gogorik ukan ez duena. 

Zona grisa aipatzen baitugu, Laurendiak hala ere atxikitzen du espazio libre bat bere buruan, liburuan parentesi artean eta italikoz agertzen den errekurtsoa. 

Bai, errekurtso literario bat da. Liburua hirugarren pertsonan idazteak ekartzen du behar bada hainbat barne-gogoeta edo gauza ez direla berdin esplikatzen ahal.  Aitzinago eta gehiago agertzen dira liburuan, ez da bakarrik estetika istorio bat: pertsonaiak berak erraten dituenak badira, eta badira erraiten ez dituenak, eta erraiten ez dituen horiek bere buruari noka hitz eginez erraiten dizkio.

Beste gauza ikusgarria hemen: libertate handi bat bada hizkuntzaren tratamenduan...

Luzaz kasu egin dut erabiltzen nituen formetan. Ene lehen liburua behar bada gehiago “hemengoa” zen. Gaurkoan ez diot nire buruari mugarik eta filtrorik eman. Ez zen hautu kontziente bat, baina behar badut kontzientziatu, erranen dut niretzat hola dela,  idazten ditut gauzak jiten diren bezala, batzuetan bada soinu istorio bat, musika istorio bat. Entseatu naiz elkarrizketak zaintzen, pertsonaia bakoitzak ukan zezan bere euskara moldea, bere sorterriko dialektoan arabera... 

Hautu horrek libertate sentsazio bat ematen dio hizkuntzari...

Bai eta nik uste idazten duzularik zerbait, nahi duzu denek irakur dezaten, beraz nahi duzu heldu ahal bezainbat jenderengana. Erabiltzen duzu ahalik eta jende gehienek ulertzen duten euskara, eta irakurtzen da.

Nobela hau euskal gatazka-literaturan sailkatuko dugu? Bat gehiago?

Bat gehiago, bai hala da, baina behar bada orain arte entzun ez den ahots edo ikuspegi batetik idatzia dena. Inportantea da ahots horiek puzzle horretan izan daitezen. Ez da egia bakar bat. Idatzi dira anitz gauza, ikuspegi desberdinetatik... hau bat gehiago da, memoria gogo horrekin egin dut. Hasi naizelarik nire haurrak entzuten nola hitz egiten zuten borroka armatuari buruz, klitxe askorekin, ari nintzen: atx! hor domaia litzateke ez dezaten ukan jende xume horien lekukotasunaren ezagutza, ez direnak baitezpada pistola batekin ibili, baina ez direnak kontra egon, eta lagundu dutenak. Historiaren parte dira. Gaur egungo egoeran gara jende horiek hor egon baitira. Hori zen nire asmoa, bai eta naizen leku geografikotik ere zerbait idaztekoa, izan barnealdea, izan Baiona, aski ongi ezagutzen ditudan espazioak. 

Orain plazan da, jendeak nola hartzen du nobela hau?

Ez dut oihartzunik hainbeste ukan orain arte. Artean, aste santua izan da, Korrika, baina oihartzun on batzuk ukan ditut... batzuen kasuan lotua da giroari, beste batzuen kasuan hor aipatzen diren lekuei. Ikusiko dugu hemendik aitzina zer bide eginen duen...

Segida bat ukanen du?

Baliteke bai kontatzeko 2015etik goiti pasatu denaz! Ez dut nire burua behartzen momentuko..

Zerbait baduzu esku artean?

Ez. Ikusiko. Ez naiz presatua, eta gero behar da denbora, ez bakarrik bi orrialde idazteko. Egia da denbora, espazioa eta burua hartzen dituela eleberri batek. Ez dakit berriz eleberri bat eginen dudanez.  Orduan, lanaren artetik eta egin behar delarik... ebaska, gauez, denboraren aldetik inbertsio handi bat da. 

Milesker.

(Oharra: Bea Salaberriren argazkiak Jlarre@-rena dira)

Itxaro Borda
Bea Salaberri