“Minaren eta gaixotasunaren zentzuren baten bila ibili naiz”
Lierni Azkargortak (Lazkao, 1979) Eripoemia (Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria, Denonartean argitaletxea, 2021) poesia liburuaren ondotik, 2025. honetan eta Balea Zuria argitaletxearen eskutik, bigarren poesia lana argitaratu du iragan udaberrian.
Hats luzeko eta iruditeria indartsu eta bortitzeko poesia liburu honetan mamuak, minak eta sufrimenduak gordinki aireratzen ditu, gaixotasun fisiko eta psikikoaren lekukotasunarekin gizarteko alfonbraren azpiko hautsa astinduz. Euskarazko poesiagintzaren barnean nolabaiteko lilura sortzeaz gain, barruak astintzen dizkigu liburuarekin. Olaberriako Zezilio Enea hotel eta jatetxeko terrazan, Goierriko paraje ederrak bistan genituela egin genuen topaketan joan ginen harilkatzen minaren eta literaturaren arteko loturak, modu horretan.
Kaixo, egun on, Lierni. Zer moduz zaude? Lehenik eta behin, esker mila elkarrizketa honi aitzin egiteko egin duzun esfortzuagatik eta Olaberrian elkartzeko gonbidapena onartzeagatik; badakit zuretzat ez dela honelakoa ariketa erraza, elementu asko baitituzu kontra.
Bai, oso pozik nago aukera polit hau luzatu didazulako; etxetik atera eta zurekin egotea lortu dudalako. Ezin nion uko egin. Hau txute bat da alderdi psikologikotik. Gero gorputzetik ordaindu beharrekoak ordaindu behar izaten ditut, baina ez daukat dudarik; mereziko du. Alderdi fisikoa eta psikologikoa oso bereiztuta eta era kontrajarrian dauzkat zoritxarrez. Baina liburu honek asko eman dit eta orain niri tokatzen zait berari ematea.
Zorionak liburu honegatik: kalitate literario-poetiko eta garatzen duzun iruditeria zoragarriaz haratago, badakit liburua osatzea ez dela xamurra izan zuretzat. “2022an sukar eta zorabio artean idatzitako poesia liburua" Balea Zuria argitaletxera bidali zenuela adierazi zenidan WhatsApp bidez.
Gaur egun dauzkadan arazoengatik, poema berriak idazteko arazo handiak ditut. Anatomia bertikalak 2021 eta 2022an idazten hasi nintzen poemekin osatuta dago. Urte haietan nire emaria emankorra izan zen. Garai haietan idatziriko poema guztiekin ez nintzenez geroago identifikatzen, gaur egun sufritzen dudan egoera eta mina islatzen dituzten poema berriak sartzen joan naiz, eta esango nuke, horrela neureago bezala osaturik gelditu dela.
2020ko martxoan "erizainaren uniformea janztetik gaixoaren kamisoia janztera" iragan zinela aipatu zenuen liburu honen aurkezpenean. Errealitate gordina azaleratu zenuen horrela.
Oraindik ere ekaitzaren erdian nagoenez eta hobekuntza bat sentitu ordez sintoma aldetik okerrera egin dudan honetan, ez zait buruan oraindik sartzen nola litekeen egun batetik bestera horrelako gauza bat; honekin esan nahi dut, oraindik ere, bizi dudan egoera hau ulertu ezinik nabilela. Erizain bezala lanean ari nintzela, 2020ko martxoaren 18an Covid-19 birusarekin kutsatu eta, geroz eta okerrago sentitzen hasi nintzen. Urteak pasa dira, eta horrela jarraitzen dut; okerragotzen.
Estatu mailan birusagatik milaka pertsona hiltzen ziren bitartean, neumonia arin bat nuela eta, ospitalean ingresatua egon nintzen. Ez nintzen batere ongi aurkitzen. Beldur handia sentitu nuen. Oraindik ere beldur handia dut; beste ertz batzuetakoa, baina beldurra. Jendeak denbora ilun hura ahaztu egin nahi du, baina batzuk, urteak pasa arren, oraindik ere, momentu latz haietan ainguraturik geratu gara. Ahaztu, guk ere ahaztu nahiko genuke, baina gorputzak bere minekin momentu oro gogorarazten digu.
2020ko martxo hartan hasi ziren gorabehera guztiak; hankaz gora jarri zitzaidan osasuna. Sistema nerbiosoari eragiteaz gain, sistema inmunologikoa hondatu zitzaidan, digestiboa, kognitiboa... Inflamazio egoera jarraia sufritzen dut; oinez ibiltzeko arazoak ditut. Bat-batean, beso bat lokartzen zait, edo hanka bat. Bikoitz ikusten dut. Gaixotasun guztiak dira gogorrak, badakit, baina gaixotasun honek, hain ezezaguna izanik, ziurgabetasun handia sortzen digu, hasteko inork ez baitaki zer eboluzio izango ote dugun, zein den jarri beharreko tratamentua.
Honakoa, gainera, progresiboa da, geroz eta sintoma gehiago elkartzen dira, eta gero eta okerrago jartzen goaz. Bukatzeko, gaixotasun ikusezina da, oraindik ere, ez dakite zein diren gaixotasunaren adierazleak, markagailuak. Kanpotik itxura ona dugula ere esaten zaigu, egiazki gorputzaren funtziorik sinpleena ere hondaturik badaukagu ere, izan ginen hartatik ezertxo ere geratzen ez bazaigu ere, eta gure egunerokoa benetako infernu gordina izanda ere. Ikusezintasunak bakardade handia dakar. Goizago ez bada beranduago, guztiek, “ez dakigu eta ezin dugu ezer ere egin” eta, bizkarrean zapladatxo bat emanez, bakarrik uzten zaituzte.
Egunetik egunera ezintasun handiagoekin topatzen naiz. Aspaldi da nirekin medikuek -sendatu- hitza ez dutela erabiltzen, bizi kalitatea hobetzearena baizik. Gaixotasunak idazten utziko ote didan da dudan esperantza bakarra, eguneroko gauza arruntetarako ere ez naiz gai eta.
"Inork entzun nahi izan ez dituen minak" direla ere erran izan duzu. Zeintzuk dira min horiek eta zergatik uste duzu ez duela norbanakoak ala gizarteak aditu nahi? Beldurra presente dagoela uste duzu?
Nik uste gizarte orokorraren auzia dela; hau da, sistemak saldu nahi diguna, Instagramen agertzen den irribarre faltsua dela, botox-ezko alaitasuna: nork egiten duen bidairik politena, nork duen tatuajerik originalena, nork duen lagunarterik handiena... Ez garen pertsonaia hori erakutsi beharra. Argi daukat gure gizartea egoak eta narzisismoak gidatzen duela.
Nik onestasunari ematen diot garrantzia; lehenik, norberak bere buruari zor dion onestasunari. Gizarteak, aldiz, ez du errealitatetik deus ere erakutsi nahi. Ematen du ez dela komeni ere. Jendea deseroso sentitzen da triste zaudela edo minen bat duzula adierazten duzunean, adibidez. “Ez baduzu zure partetik jartzen ez goaz inora”, “ez pentsatu horretan”, “ahaztu”, “pentsatu positiboan”… bezalakoak entzun ohi ditugu, oso erraz eta modu automatikoan esanik datozela. Azaltzen duzuna positibismo faltsu horretatik, psikologia kaskar horretatik aldentzen bada, jendea orokorrean deseroso sentitzen da. Beldurra presente dago, bai; erosotasun hori galtzearen beldurra. Eta laguntza bila dabilena nolabait isildua sentitzen da, eta ondoren jasotzen duena zera da, berdinetik gehiago: eskatu gabeko aholku errazak.
Ildo honetatik, uste dut entzuteko gaitasun oso gutxi dagoela, eta kezkagarria iruditzen zait. Ez dakigu aktiboki entzuten. Guzti honen aurrean, laguntza bila esan dituzunak, erabat estalita itzultzen zaizkizu;,baliogabeturik. Eta hor azaltzen eta gaineratzen zaizu, bera: kulpa. Ez gaude prestatuta sufrimenduari eta minari lekua egiteko. Guayismo batean erori garenaren sentsazioa dut, eta beraz, gaixotasuna, tristura, sufrimentua, guztiz satanizatuta daudenarena. Bestalde, gizartearentzat, egiten duguna gara; izatearen kulturan baino, egitearen kulturan murgildurik bizi gara. Eta gaixorik zaudelako produktibotasunaren gurpil honetatik jaitsi beharrean aurkitzen bazara, era isilean, ezer ere gertatuko ez balitz bezala, zigortua izango zara.
Giza itxurakeria izugarri baten erdian bizi gara eta ongi doakigun artean, erosotasun automatiko horretara erraz ohitzen gara (txitak bonbillaren beroan, eroso bezain lelo egon ohi diren bezala). Geroz eta zalantza gutxiago, geroz eta erosoago. Geroz eta enpatia gutxiago, sufrimentu gutxiago. Baina hori bai, sistemak ezarririko neurrietara alienatuta gauden heinean, bategatik ez bada besteagatik, halako desberdintasunen bat baduzu, irentsia duzun sistema horrek berak, bizkarra eman ohi du, eta honekin, derrigorturiko bakardade izugarri batean jausten zara.
Anatomia bertikalak liburuak zuzenean egiten dio erreferentzia gaixo dagoenaren posizioari, etzanda egote horri. Bizitza ez da modu berean hautematen horrela.
Liburuak hasieran beste izenburu bat zuen eta bat-batean izenburu hau etorri zitzaidan burura, flash bat bezala. Niretzat, gainera, izenburu egoki bat aurkitzea oso garrantzitsua da. Anatomia hitzak, gorputzari, gaixo dagoen geografia horri egiten dio erreferentzia; bestalde, liburu guztian zehar atzematen den bertikalitatea, zailtasunetara eta sufrimentura, hitz batean, igo beharreko hormetara zuzentzen da. Irakurleak liburuan halako organismo urbano bat, ala urbanismo organiko bat topatuko duelakoan nago, eta izenburuarekin, atmosfera horren berri eman nahi izan dut.
Poemei izenburuak jartzea gustatzen zait. Nire poema bat izenburutik hasten dela esango nuke. Gustatzen zait, gainera, izenburuekin jokoa egitea. Eripoemia aurreko liburuan ere, hitz-jokotik egin nuen ariketa.
Irakurle bezala eskerrak eman nahi dizkizut liburu honegatik: euskaraz aspaldian ez dut irakurri zurea bezalako iruditeria hain propioa duen eta hainbeste liluratu nauen poesia libururik, iruditu baitzait poema bakoitzaren baitan hainbat eta hainbat irudien bueltan eta hizkuntza landu eta aberats batetik bor-borka konfeti leherketaren beharrik gabe orroka ari den artefaktu mindua eskaini diguzula.
Eskerrak zuri, hitz horiengatik. Adierazten duzunarekin hainbeste maite dudan Rainer Maria Rilke etorri zait burura. Hark esan zuen poeta gazte bati idatzitako gutunetan, Cartas a un joven poeta liburuan hain zuzen ere, emoziotik baino esperientziatik nola idazten zuen. Hark ere gaixotasuna pairatu zuen. Argitu nahi nuke, Rilke aipatzen dudanean, nire xumetasun handienetik egiten dudala, gaixotasuna eta bakardadearen inguruan Rilkerekin nolabaiteko identifikazioa sentitzen dudala, hark ere bere haragitan bizi izan baitzituen. Rilke-k bizi izan zuen bakardadeak eta minak, bere baitako esperientzia bezala, idazten zuen guztian bete-beteko eragina zuelakoan nago. Zentzu honetan, nik idatzi ditudan min handiak ere, bizi izan ditudan min handiak izan dira. Hitz batean, esan nahiko nuke, niretzat Rilke inspirazio iturri handia dela, alegia.
Federico García Lorca baino gehiago?
A ze bi poeta handi. Biak dira inspirazio iturri niretzat. Oso ezberdinak dira, baina biak ditut erreferente nagusi. Nire iritzitan, Lorca erromantizismo aldetik ezin da gainditu. 13 edo 14 urte nituela maitemindu ninduen Lorcak, eta geroztik hala jarraitzen dut. Liburu honetan ere, Eripoemia nire lehen lanean bezala, poema baten barnean agertuko zaigu; hain zuzen ere, ilargian, hotza duenetan manta-arrain batekin estaltzen dela. Bestetik, Rilke erabat espirituala dela esango nuke; haren bertso lerro bat aztertzen denbora luzez egon zaitezke. Aipatu dudan bezala, hark emoziotik baino gehiago esperientziatik idatzi behar dela esaten digu. Nire haragitan bizitzen ari naizen une gogor honetan, hain zuzen ere, esperientzia latz hori jaso nahi izan dut, eta beraz, esan dezaket, esperientzia horretatik atera dela liburua, zuzen-zuzenean; nire egunerokotasunak eskaintzen dizkidan zailtasunetatik, alegia.
Idazteko presarik ez edukitzeko ere esaten zion poeta gazteari gomendio bezala Rilkek; denbora ez dela ezer, eta lehenik, esperientzia biltzeko, eta ondoren, esperientzia horretatik idazteko. Poemak lehenik iluntasunean gorde behar direla, pazientziaz, gero argi egiten uzteko. Honek, idazteko sekulako zailtasunak ditudan momentu honetan, halako kontsolamendu bat ematen dit.
Bestalde, Carl Jungen zita batekin hasten da liburua; barrualdera begira dagoen hori esna dagoela eta kanpoaldera begira dagoena lotan. Joko horren inguruan nabil bueltaka. Barrualdera begira, gizabanakoak, edonork jarraitzen duen bakea, edo gutxienez, bizitzak ematen dituen kolpe horien onarpena aurkituko duelakoan nago.
Liburu honen bidez, batez ere, minaren eta gaixotasunaren zentzuaren bila abiatu naiz. Uste dut, hain beharrezkoa zaigun barruko bake hori, ditugun arazoen eta benetan garenaren onarpenetik etorriko dela.
Zuk bake hori non aurkitzen duzu? Poesian? Liburu honetan mistika eta espiritualitatea ere arras presente daude.
Liburu honetan, bidaia batean bezala barrurantz goazela, bi zati nagusi bereizten direla esango nuke. Zati batean, gizarteari begira jarri, eta gaixotasunetik eta minetik egindako kritika dago. Beste zatia, arimari erreferentzia egiten dioten poemez osatua, espiritualitatea eta esnatze bide horretan kokatu daiteke. Egoera txar bat sufritzen ari garenean, izan daiteke dolu bat, gaixotasun bat, krisi ekonomiko bat… egoera hori onartzeko, derrigorrez eta lehenik, ulertu beharra dago. Ulertze horretan, espiritualitatearengana jo behar dugulakoan nago, barrualderantz begiratu eta barruan topatzen duguna ordenatu. Kanpoko inork ez dizu ezer ere esplikatuko, zuk zeuk aurkitu behar duzu zure bidea. Jaio eta hil, bakar-bakarrik egin behar izaten dugu; gaixotasuna eta mina jasan, ere bai. Horren inguruan ere bada poemarik liburuan. Guzti honetan, Arthur Schopenhauerek ere, pisu handiko gogoetak egin zituen. Zoriontasuna barruan aurkitzea oso zaila da; kanpoan aurkitzea ezinezkoa, zioen.
Liburuan, gainera, gaixotasun edo sufrimenduari buruz idatzi izan duten poeten aipuak aurkituko ditugu. Tartean, Anne Sexton edo Alejandra Pizarnik-enak.
Bai, nire lagun minak dira. Aitorpen bat egin behar dizut: gauetan askotan, gehiegitan, ia egunero esnatzen naiz minez, eta beti Pizarniketaz oroitzen naiz. Pizarniken egunerokoak irakurri dituen edonork du anfetaminekin izan zituen arazoen berri. Pizarniki, Anne Sexton eta hain maiteko dudan Sylvia Plathi, hirurei ere, (eta beste gehiagori ere bai) osasun mentalaren etiketa jarri zitzaien, eta hor ez nago ados, eta ez nau inork hortik mugituko. Hirurek ere, bizitzak beste aukerarik ez eta, izugarrizko bakardadea jasan zutela iruditzen zait. Pizarnikek gau oso txarrak pasatzen zituen; lorik ezin hartu, mundua bere biribilean itzalirik eta, -alboan gorputz bat behar zuela, emakumea, gizona, agurea ala gaztea, berdin ziola; edozein gorputz aski zuela- zioen. Bakardadea. Ez zuen pastillarik edo psikiatrarik eskatzen, konpainia apur bat baino ez. Edozein arazo duzula gizarteak bakarrik uzten zaitu. Eta esango nuke, egun, inoiz baina bakardade handiagoa bizi dugula. Bakardade izugarria dugula gure mozorroaren atzealdean, ezkutuan. Gure gizartea alderdi humanista eta espiritualago batetatik aztertzen ari diren maisuak, dagoeneko “bakardadearen pandemiaz” ere hitzegiten hasiak dira. Oso egoera kezkagarria iruditzen zait. Inoiz baina suizidio gehiago dugu inguruan. Ez daukat dudarik, bakardadeak zerikusi handia duela. Osasun mentalaz gutxi, baina zerbait hitzegiten den garai hauetan, oraindik ere oinarrizkoagoa den “osasun sozialaz” kezkatzen hasteko unea dela esango nuke.
Poesiaz gain, marrazkigintzan jardun duzu azkenaldian. Liburuan elementu askorekin, surrealismo horrekin osatutako bi ilustrazio sartu dituzu, eta nahiz eta irudi desberdinekin topo egin, liburuko zure poema bertze modu batera irakurtzen ari garelakoaren sentsazioa izan dut.
Azkenean niretzat margolan bat eta poema bat oso antzekoak dira. Iradokizun moduko bat egiten dute biek ere, eta ondoren, norberarengan uzten dute interpretazioa. Bati pintzel zertzelada batek, esan nahi dio gauza bat, beste bati beste zerbait, eta poesian metaforekin, irudiekin, gauza bera gertatzen dela esango nuke.
Ilustrazio hauekin poemetan agertzen diren irudirik esanguratsuenak edo indartsuenak jaso nahi izan ditut. Nik uste gehienak daudela, hasi pastilla batzuetatik, atun lata bat, zaldia, Elur-loreak, limoia eguzki gisa... Iruditeria hori bi ilustrazio handiekin jaso nahi izan dut. Balea Zuria argitaletxekoek hartarako baimena eman zidaten eta erabat eskertzen diet.
Lehen ilustrazioa bertikalki eskegia dagoen bihotz handi bat da, eta bigarren ilustrazioa aldiz, bizkar hezurra. Tartean xehetasunak daude. Lehen orno hezurra, esateko, anatomian "Atlas" bezala ezagutzen da. Berezia da, lehena izanik buruari eusten dion hezurra delako, eta bertatik behera abiatzen delako bizkar hezurra. Bestalde, atlas izena, liburuaren kasurako, gorputzaren mapa geografiko bezala ere uler daiteke. Era guztietara ere, lehen ornoa ala mapa geografiko, bat etortzen da "Atlas espirituala" izena duen poemarekin. Xehetasun hauekin, apropos, halako bateragarritasun bat topatu nahi izan dut, eta inguruan hainbat irudi ezberdin lantzen joan naiz, nire txakurra tartean.
Imanol Larrinagak landutako azaleko argazkian, berriz, toraxeko eta lore batek eusten dituen eskanerra ikus dezakegu.
Imanol Larrinagak osatutako azaletik bete-betean murgiltzen zara Anatomia bertikalak liburuaren unibertsoan, eta egin duen lanarekin poz-pozik nago. Azala ezin hobeki osatzen da liburuaren atmosferarekin, eta espero dut, poemetara buruz behera jauzi egiteko moduan prestatuko duela irakurlea. Hala nahi nuke, liburuan barrurako bidaia, sakona ezezik ezustekoa ere bada eta; espero ez diren irudiz betea. Azalak liburuan ageri diren irudi asko biltzen ditu; bizkar-hezurra ikusten da, gorputza, loreak... Liburuak dakarrena iragartzen duen erradiografia bat da, eta hoberena zera da, erradiografia hori ikusi eta ez dagoela medikua izan beharrik, poemetan aurki daitekeen mina, gaixotasuna, eta bakardadearen diagnosia egiteko. Azala erabateko polita eta adierazkorra iruditzen zait.
Nola ikusten duzu literatura eta sendaketaren arteko harremana? Zein da literaturaren ahalmena osasun mentalean?
Octavio Pazek badu poema bat, non zera dioen: Por buscarme, Poesía, en ti me busqué […]Por buscarte, Poesía, en mí naufragué. Después solo te buscaba por huir de mí. Niretzat idaztea, eta batez ere, poesia, genero bezala bere osotasunean, hauxe da: egiazki naizenaren bila abiatzea, naizen hartan itotzea, eta aldi berean, naizen hartatik ihes egitea. Sendaketa baina harago, literatura, hain gogorra egiten zaidan errealitatetik eta hainbesteko mina ematen didan gorputzetik alde egiteko ihesbidea dela esango nuke. Festetako atrakzio bat balitz bezala, une laburregi baterako bada ere, gorputzak gordetzen didan minetik aldentzen laguntzen dit.
Dena den, guzti honen harira, idaztearen ekintza, batez ere, poesia, zerbait espirituala iruditzen zait, zerbait traszendentala, eta esango nuke, fisika kuantikoaren inguruan eta espiritualitateari buruz egindako azken ikerketek dioten bezala, gure munduan asmatu beharreko guztia dagoeneko asmatua dagoela. Ikerlari eta egile horien arabera, beraz, Anatomia bertikalak liburua ere aspaldidanik asmatua zegoen. Gaixoaldi luze honetan, gai traszendental hauen inguruan ikasten aritu naiz, eta arraro xamarra dirudi agian, baina gizakiak atzeman ezin ditzakeen frekuentzia altu horiek izan badirela garbi daukat.
Betidanik uste izan dut, gizaki bezala kontrakoa uste badugu ere, (espezie bezala umiltasun falta handia baitugu), ezer askotaz jabetzen ez garen gizagaixo batzuk garela; are gehiago, handiuste haundiko memeloak garela. Guk egin dezakeguna, zera da, artea, literatura, dena delako sorkuntza hori kanalizatzeko ariketa bat.
Meritua, aldiz, hor goian dabilela esango nuke, ez dakigun horretan, zentzuetatik eta pentsamentuetatik harago, beste bibrazio-frekuentzia batean. Guk, bategatik edo besteagatik, sintonizatzen dugun hura jaso eta materializatu baino ez dugu egiten. Beraz, sortzaile baino gehiago, kanalizatzaile garela esango nuke, bai behintzat, gizakiaren perzepziora ekartzen dugun hori, bihotzetik, edo hobe esanda, arimatik ateratzen den zerbait denean. Hori liteke edertasuna, azken batean. Beste kontu bat, gizakiaren interes propiotik eta guztia zirriborratzen duen ego horretatik datorren sasi-sorkuntza hori da; sorkuntza guztiz komertziala eta ahula. Baina hori beste eztabaida bat da; agian, beste noizbait ireki beharreko meloia ere bai.