Elkarrizketa :: June Fernandez 2026/05/22
Marta Vusquets

“Maitasuna hertsigarriaren narratibarekin apurtu nahi dut, eta irekiera posibleak erakutsi”

Marta Vusquetsek bere lehen poema-liburuan, En el reino de las gatas (Lastura, 2023) kontatu zuen nola atera zen emaztearen bizimodu heterozuzen batetik, ordurarte giltzapetutako desio lesbiko eta ez-monogamoari ateak irekitzeko. Bere lagun editore eta idazleek konbentzitu zuten mugikorreko oharretan idazten zituen poema horiek argitaratzeko.

La república de las perras (Disbauxa, 2025) lan elebidunean igaro da bere desiraren zilegitasuna aldarrikatzen duen katu zauritua izatetik, askatasun sexuala eta amodio librea ardatz dituen mundu baten “lekuko, sortzaile eta profeta” dela ozen zaunkatzera. La Sinsorga Bilboko kulturgune feministan poema-liburua aurkezteko izan genuen jendaurreko elkarrizketa da hurrengoa:

Mugikorreko oharren bidez idatzi zenuen zure lehen poema-liburua. Nola aldatu da bigarren honetan zure idazketa-prozesua eta poesiarekiko duzun harremana?

Mugikorrean idazten jarraitzen dut, baina orain ez naiz hain fake sentitzen (barreak). Bidea urratu dut eta ez zait hain arrotza egiten. Konfiantza handiagoa daukat, gozatzeko aukera handiagoak ere. Lehenengo poema-liburuarekin izan nituen beldur batzuk astindu ditut: nire bizitzan zer eragina izango ote zuen, jendeak desberdin tratatuko ote ninduen... Eta gauza onak bakarrik jaso nituen, beraz oraingoan erlaxatuago egon naiz. Disbauxa argitaletxearekin ere oso pozik nago. Liburua bere etxera iritsi dela sentitzen dut.

Desioaren indar eraldatzailea aldarrikatzea da bietan ere zure poesiaren muina, baina salto handi bat igartzen da: En el reino de las gatas-en arrainontzitik atera zinen, eta En la república de las perras-en itsas munstro boteretsu bihurtzen zara.

Bai, egia da poema-liburu honetan beste posizio batean nagoela. Ez nago desioaren bila bakarrik, desiraren igorle ere banaiz. Lehen poemategian hariak bilatzen ditut, eta honetan bilatzeaz gain neronek banatzen ditut hariak. Horretaz konturatu naiz idazten amaitu dudanean.

Hari narratibo horietako bat maitemintzearen bertigoa da eta, are gehiago, erronka bati aurre egitea: nola zukutu intentsitatea, arau hertsigarriak errepikatu barik, zure askatasuna konprometitu barik. Poema azukretuegiak idaztearen beldur izan zara?

Azukreak sorpresak ekar diezazkizuke. Poema liburu hau maitasunezko istorio bezala irakurtzen duenak akaso ez du espero izango poema jakin batzuk topatzea, esaterako, beste pertsona batekin izandako txortaldiarena. Desira eta maitasuna oso gai higatuak dira poesian. Galdera da nola idatzi maitasunari buruz ekarpen propio bat egiten; aukera eta galdera berriak irekitzen, eta gustatzen ez zaigun hori saihesteko bideak erakusten.

Eta nola?

Hurrengoa ospatzen dut nire poemetan: "Leku infinituetan egon zintezke eta nirekin zaude hemen, orain. Eta hori egunen batean gertatzen ez bada, ez da izango zu edo ni maltzurrak garelako, baizik eta beste gauza batzuk ere gertatu direlako”. Eta kontzientzia hori bateragarria da konpromisoarekin.

En la república de las perras aurrekoa bezain jostaria da.

Performance bat egin nuen lehen aldian, egoitza artistiko batean, zalantzan jarri nuen egin nuenak zentzurik ote zuen, eta nire irakasleek esan zidaten: "Hau da zentzua duen gauza bakarra". Badirudi egiten duguna serioa izan behar duela, baina, funtsean, egin behar dugula esan digutelako errepikatzen dugu gehienetan. Erlajatzen ikasi dut pixkanaka.

En el reino de las gatas-en katalanezko bizpahiru poema agertzen ziren; lan berria, aldiz, ia elebiduna da, nahiz eta azala eta sinopsia gaztelaniaz egon. Hackeo interesgarria iruditzen zait publiko elebakarrari begira.

Ni eremu nahiko erdal hiztun batetik nator, non nire familiarekin hitz egiten nuen soilik katalanez. Orduan, kosta egiten zitzaidan sexualitateaz eta desioaz katalanez idaztea. Lehenengo poema-liburuan amago txiki bat egin nuen, eta hemen gehiago arakatu dut. Pentsa, ia ez dago pornoa katalanez, Anneke Necroren film bat baino ez zait bururatzen, Let's do it. Folla'm. Horren atzean dago halako premisa bat: "els catalans som gent de bé, i no follem". Euskal Herrian ere gertatzen da, ezta? Disbauxak ere lagundu du, argitaletxearen ohiko erabaki editoriala baita itzulpenik ez eskaintzea. Gainera, poema-liburu elebidunen kontsumitzaile handia naiz ni.

Sexu esplizitua oso presente dago poesia lesbikoan, aitzitik, zure iruditeria promiskuoa berritzailea iruditzen zait. Bereziki bigarren liburuan bikotean ere esploratzen duzunean.

Pentsatu ohi da maitemintzen garenean pertsona harekin denbora guztian egoteko gogoak izango ditugula, baina ez da espero desio hori beste pertsona batzuekin ere konpartitzea. Maitasun hertsigarriaren narratibarekin apurtu nahi nuen eta irekiera posible batzuk erakutsi. Ez dut esaten mundu guztiarentzat horrela izan behar duenik, baina horrela ere izan daiteke. Gainera, oso polita da kanpotik ikustea asko gustatzen zaizun pertsona bat larrua jotzen. Esperimentazio horrek kudeaketa emozionala dakar, baina baita gozamen handia ere.

Danele Sarriugartek Beste zerbait liburuan aipatzen du, ‘Yo no podría’ [‘Nik ezin izango nuke’] deitutako fanzine bat, ez monogamiei buruzkoa. Askotan esan dizute esaldi hori?

Bai, hori eta "nik ezingo nuke, ez bainago zu bezain aurreratua". Ezagutza-bide bat da ez-monogamia, lineala eta goranzkoa ez dena. Gakoa da inertziatik ateratzea eta hautu kontzienteak egitea: agian garai batean esklusibotasuna nahiago duzu, baina ez aurrefabrikatutako eredu bat erosi duzulako, baizik eta gaur egun zuretzat onena dela baloratu duzulako. Ez-monogamiaren eta harreman anarkien ekarpen nagusia da komunikazioa: asko hitz egiten dugu gure nahi eta beharrei buruz. Adostu dezakegu ez dugula beste harremanik izango, baina jakinda gerta daitekeela, jende monogamoari ere gertatzen zaion moduan lankidearekin maitemintzea edo gimnasioko lagunarekin sexting-a egitea. Min eman dezake, bai, eta gatazka kudeatu egin behar da, baina narratiba ez da izango maltzurkeria bat egin dugula eta harremana izorratu dugula.

Lagunek protagonismo handia dute bi poema-liburuetan.

Bai, adibidez, poema batean hitz egiten dut elkarrekin etxean festa bat antolatzeari buruz: oheak elkarrekin prestatu, naturaltasunez adosten dugun bitartean nola egongo garen erosoago gure ligeekin sexu harremanak izaten, baina baita beste hamaika gai ere jorratzen. Eta, biharamunean, lasai komentatzea nola pasa genuen denok, ligatu genuen ala ez. Horiek ere izan daitezke narratibak: ze ondo, jende zoragarriaz inguratuta nago, maitasun erromantikoaz harago.

Nola daramazu zure unibertso erotiko eta literarioa zure eguneroko espazio normatiboekin nahasten denean?

Intimitatea galtzen ari naiz, baina horren irakurketa positiboa egiten dut ere. Ikasi dugu mingarria den intimitatea gordetzen (tratu txarrak, abusua…) baina baita ere "ondoegi" pasatzen dugula gordetzen, jendearentzat deserosoa izango delakoan. Esan bezala, lehen liburuarekin jendea gerturatu zitzaidan, jakin-minarekin, bizimodua aldatzera ausartzeko gogoekin… Emakumezko lankide batek, adibidez, orduan esan zidan: “Esploratu nahi dut, baina horretarako nire senarra utzi beharko nuke". Azkenean ez zuen utzi. Egun neska laguna dauka eta hirurok elkarrekin joaten dira antzokira.

Poema batean bertsoak idazten dituzu “al alba”; ulertzen da zure maitearen izena dela, epilogoa idatzi duen Alba bera. Epilogo ezohikoa, hizkuntza matematikoan idatzita dagoelako.

Harekin zerikusia zuen nire bizitzaren zati bat erakusten ari nintzenez, hitza har zezan nahi nuen. Arteak alde bakarreko narrazioetara jo ohi du; gutxitan erakusten da narrazioaren objektu bihurtutako pertsona horren ikuspuntua. Gainera, Disbauxa argitaletxeak argitaratutako aurreko poema-liburuaren egileak idazten baitu hitzaurrea. Nire kasuan Jose de la Vega da, poesia marika zoragarria idazten duena fisikatik. Beraz, borobil geratu da: zientziak, letrak eta zientziak. Nik uste nuen matematika zalantzan jarri ezin den zerbait dela, eta Albarekin ulertu dut beste hizkuntza bat dela, eta elkarrizketa ere hor dagoela. Poemek zenbakiekin ere badute zerikusia, metrika bat ere badute, kadentzia bat, nahiz eta poesia garaikidean sonetoetan baino diluituagoa egon.

 

June Fernandez
Marta Vusquets