Elkarrizketa :: Itxaro Borda 2024/05/10
Marie Darrieusecq

“Leize bat bada erditzearen eta ama bilakatzearen artean, batez ere adin horretan”

Duela gutxi Baionan zen Marie Darrieusecq (1969, Baiona) bere azken nobelaren irakurketa musikatua eskaintzeko. “Fabriquer une femme” ( POL, 2024) eskuan, galdera batzuk egin dizkiogu.

Simone de Beauvoirrek erraten zuen “ez gara emazte sortzen, emakume bihurtzen gara”. Zure nobelako bi neskak eraikuntza betean dira. Eta doloretsua da...
Doloretsua da, bereziki Solangentzat, gazteegi erditzen baitu, hamabost urtetan. Baionako Marracq kolegioan eta gure herrian apaleste aire batekin, “neska-amak” deitzen ziren haiek naute inspiratu. Hiru ezagutu ditut, ezberdinak: bat, laborantza mundu pobrekoa, bestea giro burges bateko katolikoa zitekeena eta bestea oraino Alsaziatik etorria, hamalau urtetan ama bilakatu zena, iradokitzailea eta izpirituz betea, ez zen batere biktima bat. Hondartzara joaten ginen gure mobiletekin, edo besta egitera... Eta oroitzen naiz, Angeluko bere HLMean, bere gorpuzkera femeninoaz, haurra besoetan zeukan eta guk ez genion kasurik egiten... beste emazte bat zen (izeba, lehengusua?) “arazoaz” axolatzen, hau da ñiñiaz. Leize bat bada erditzearen eta ama bilakatzearen artean, batez ere adin horretan. Nire nobela, bistan dena, abortuaren aldekoa da, hautuaren aldekoa. Amatasunak borondatezkoa baizik ez luke izan behar. Roseri dagokionez, Solangen adiskide mina dena, xalotasun askorekin aplikatzen du egitarau heterosexuala. “Ikasle ona” da, ez duelako kontzientziarik, Monique Wittigek zioen bezala, heterosexualitatea erregimen politiko bat dela. Ezkonduko da, bi haur ukanen ditu, bikotea, naturala bailitzan. 

Idazten duzu “indar asko behar da gizona izateko” Christianen pertsonaia aipatzean. Zaila da mutikoentzat ere?
Euskal herriko gizonei inposatzen zitzaien birilitatearekiko agindua astuna zen eramateko, bereziki 80ko hamarkadan. Ageriko gay izatea kasik ezinezkoa zen. Christian bezala, soilik mutiko zaurgarria izatea ere zaila zen, sentimenduak dituen mutikoa izatea, negarrez ari dena, poesia idazten duena errugbian aritzeko ordez -bi gauzak batera egin badaitezke ere!. Christianek uste du, 16 edo 17 urtetan, sexuaren txapelduna izan behar duela, garaño bat, Rosek ere gainera hala dela sinesten du, beren lehen harremana hondamendira ematen dute, errepikatzen den huts egite batera. Bi pertsonaia horiek hunkigarri bezain irrigarri egin nahi izan ditut: sexuaren Buster Keatonak dira.

Bi neskek “bizitza zeharkatzen dute bizitza ekidinez”: batek Hollywooden arrakasta dastatzen du, baina egiten duen filmaren muntaian mozten dute, bestea, amodio bakarreko emaztea da, Clèves herrira bizitzera itzultzen dena. Pipiten  mundua eta Clèves, biak “zulo” galduak dira?
Ene bizi osoa bizi izan dut tentsio batean, bai eta zoramen batean, bi leku banituelako niretzat: nire herria maite dut Paris bezain beste, elkar orekatzen dutelako. 70eko hamarkadan, herriko eskolan nik haurtzaro konplikatua ukan dut, ezberdina nintzelako, ez nintzen katiximara joaten, beti irakurtzen nenbilen, “berria” ere nintzen -lehen etxe-multzoko lehen karrikakoa!- eta nire gurasoak herritik hamar kilometrotatik zetozen... urrunetik beraz! Garai hartan “zirika” edo hitza ez zen erabiltzen, baina kolegiora heldu nintzenean, hiri handira, Baionara, seigarrenean, neurri batean, ikasleen jatorrien ezberdintasunak salbatu ninduen. Ez dut orduko herriaren nostalgiarik, baztertua eta zoritxartsua nintzen arren. Geroztik herria aldatu da, hiri-hegi munttoa bilakatu da, higiezinen alorra mortala delarik: berrogeita hamar urtez, literalki hamarrez biderkatu da jendetza, klase ertainaren kaltetan. Herriko jatorrizko biztanle zaharrena naiz. Pietuna, hiru aldiz denbora gehiago hartzen dion itzuliaren egiteko beti berdin ordaindua da. Nireak ziren bezalako guraso gazteak ez litezke orain bertan bizitzen ahalko. “Emakumea eraikitzen” izeneko nire nobelan, herrian, aterik ate, elkarrekin bizi ziren klase sozial ezberdinak azaltzen ditut, gazteluko alaba eta laborarien haurrak, medikuen auzoak ziren erizainak, lehen igerilekua zeukaten burgesekin zebiltzan etxegintzako langileak. Oroitzen naiz herri erdian zegoen baserriaz, dagoeneko desagertua da, bi anai nekezari oinutsik baziren hor, oiloak mahai gainean... Herrian bertan aterpetzen ahal ziren guziak, baina hori egiten zen haritzak ebakiz, abere salbaiak hilez...

Solangek ba al du Balzac-en Goriot Zaharra nobelako Rastignac pertsonaiaren sindromea?
Bai, bistan dena. Interesgarria da erakustea sindrome hori daukan emazte gazte bat. Antzerki ikasketek metafora gisa funtzionatzen dute. Solangen ibilbidearekin asko identifikatzen naiz. Bere artearen zerbitzuko daukan bekaizkeria forma bat badu, emazteengan, gizonengan baino gehiago kritikatzen dena. 

Hor dago halaber Rosteguy, psikoanalista: sorgin auzien oroitzapen bat egin nahi izan duzu?
Erabat. Zu bezalako euskaldun bat behar da lerro artean irakurtzeko! Rose hemengo sorginen oinordeko zuzena da. Baina ez daki zehatz zer egin bere boterearekin. Hurrengo liburu batean, agian, Emma, bere alaba, xamana handi bat izanen da. Inkisizioaren denboran, Rose eta bere alaba, Solangen semea den Thierry ere, denak erreak izanen ziren. 

Solangen erditzea muturreko biolentzia batekin kontatzen duzu...
Hiru bider erditu dut, lau, hilaurtze garratz bat -hauxe pleonasmo bat da-, zenbatzen badugu, eta peridurala ukan dut, gutxi edo aski, baina ez dut Solange pertsonaiaren erditzearen laztura absolutua jasan. Emazte gazte-gaztea da, gerri hertsi batekin. Bere gorputza ez zen prest. Oroitzen naiz Emile Zolaren Lurra nobelaren hasierako erditzeaz, ildo horretatik nabil, errealista naiz, zergatik gezurra erran gorputzaren errealitateari buruz, nahi genukeen moduan pasatzen ez denean, irri eta jantzi arrosa artean. Eta jadanik, 2002ko “Ninia” nobelan, liburu zehazki autobiografikoa, ez nituen amatasunaren hersturak isiltzen.

Solangek semea bere amari uzten dio eta bere bizia “salbatzen” du antzerkia eginez, Antigona jolastuz?
Antigona emazte figura bakana eta garrantzitsua da, emakumeen kuraiaren funtsezko eredua. Bere anaia ehorzten du Erregearen legearen aurka. Nire liburu guzietan bada anaia hil eta gaizki ehortzi bat, nire gurasoek galdu zuten semea bezala. Amak, duela gutxi, aurkitu zuen bere gorpua, plaka eta izenik gabe, Baiona Gaineko hilerriko zokoño batean. Herrian erosi aitzin, nire guraso gazteak ZUP auzoan errotzen ziren, zehazki Lesperon izeneko eremuan. Guretzat auzo biziki garrantzitsua zen. Aita Museroletako Galdategietan ari zen lanean eta bere bizia bukatu zuen ZUParen maldako zahar-egoitza batean. Bihotzean ximiko bat eragiten dit galdategien eremua ikusten dudanean, orain eskua bezain lau, arrasatua... Segur aski, hor, Aturri hegian egoitza chic bat eraikiko dute. Uste dut, nire anaia ñiñiaren heriotzak gure gurasoen bizitza osoa determinatu zuela. Istorio triste eta isila. Idazleek idazten dute isiltasunak erdi erotzen dituelako.  

80-90ko lekuan lekuko giroa ere nabaritzen da nobelan, ETA, presoak, euskara, hitz batzuk badira euskaraz: Clèves Euskal Herrian da?
Antsia eta tristuraz oroitzen naiz urte horietaz, urte ilunak. Nire gurasoak ez ziren gehiago “beste aldera” pasatzen, haientzat alta “mugarik” ez zegoela. Hurrengo liburu batean, nire anaiaren gainean, haien isiltasunaz hitz eginen dut, nire aitak jasaten zituen estortsio mehatxuez ere. Gure familia, betidanik, bi aldeetan egon da. Errabiaz gogoratzen ditut urte horiek: Parisera iritsi nintzenean, distortsioaz ohartu nintzen eta bereziki frantses prentsaren euskal historiarekiko isiltasunaren zamaz. 100000 jendeko manifestazioak bazirelarik Donostian, Parisko egunkari handietan hitzik ez zegoen, ezkerreko zein eskuinekoetan berdin. Umore arinago batekin segituz... 17 urtetan ETAko jeneral batekin atera eta harekin kasik preso aurkitu zen euskaldun adiskide batek erraten zidan: “80ko hamarkadaz oroit zaitez Marie, hautua geneukan errugbilarien, surflarien eta ETAko mutikoen artean, hauek ziren sexyenak eta hausnar egileenak” Ez nator osoki bat erranaldi horrekin. Erromanezkoa dela erran nahi dut bakarrik, eta horrek nau interesatzen, orduan bizitzen genuenaz idazteko. Gure herria zauriturik atera da urte haietatik, bake prozesu eredugarri bat eramanagatik. Francoren urteak aipatu gabe. Akulturatua izan naizela kontsideratzen dut.  Ziburuko eskolan nire amari euskaraz hitz egitea debekatzen zioten, ez zidan bere mintzaira irakatsi, ederki bazekielarik alta, frantsesaren hegemoniarekiko segurtasun falta handi batekin ordea. Aitaren partetik, oraino beste istorio bat da: euskalduna zen, baina barneratua zuen euskara iraganeko zerbait zela, pasatua. 80ko hamarkadako egiazko gizon bat zen, kapitalismoan eta progresoan sinesten zuena. Hemengo lagun batzuek beranduago itzuli didate euskara. Gaur egun, ez dut hitz egiten baina irakur dezaket. Noizbait itzuli nahiko nuke.

Nobela honetan ez dago urrikirik, erromantismorik, nerabe arteko harremanen brutalitatea baizik, baina nobelako hitz bakoitza poesiaz betea dator.
Mundua salbatzen saiatzen da poesia. Hori da sinpleki. Bai eta umoreak ere. Eta eskerrak!

 “Fabriquer une femme” hau 2011n plazaratu zenuen “Clèves” nobelaren segida bat da, “pubertatearen epopeia” zuk diozun bezala: hirugarren tomo bat izango da?
Bai, eta mutiko bat izango da hirugarren ataleko pertsonaia nagusia. 

 

Oharrak

-Nobela honetan agertzen den “Clèves” Lapurdiko Basusarri da eta Lafayette andereak idatzi eta 1678an idatziriko “La princesse de Clèves” eleberriari egiten dio erreferentzia.

-“Goriot Zaharra”, Balzac, euskaraz Pedro Diez de Ultzurrunen eskutik, Ibaizabal 1996.

Itxaro Borda
Marie Darrieusecq