Elkarrizketa :: Ane Labaka 2025/07/10
Miren Narbaiza

“Lehen ez nuen apenas idazten ez bazen zuzenean letra baterako; orain bai”

Oro har, zer harreman daukazu zure kantuetako letrekin?

Denboran zehar aldatzen joan da harreman hori. Hasieran, kantuak egiten hasi nintzenean, ez nion horrenbeste garrantzi ematen letrari. Askotan ez zen musikari laguntzeko zerbait baino. Ez nion horrenbeste denbora eskaintzen. Hamazazpi bat urterekin hasi nintzen eta adin horretan egiten dituzu gauzak pixka bat instintuari jarraika, ezta? Egon zitezela ondo idatziak, egoki idatziak, hori bai; hori beti. Horrekin beti izan naiz oso maniatikoa baina igual askotan ziren oso pentsamendu abstraktuak edo ez dakit. Ikusten dut Napoka Iriaren lehenengo diskoetan hasten naizela nire barne munduaz hitz egiten, eta badaude gauza batzuk, baina esandakoa; pixka bat instintiboki.

Gero, Napokaren azken diskoan –“Arnasten ikasteko berriz”–, serioago jarri nintzen letrekin. Hori izan zen lehenengo aldia serio hartu nuena, landu nuena eta buelta asko eman. Asko gozatu nuen. Gainera, lehenengo aldiz sartu nintzen min handia jasan duen pertsona baten larruan eta ia kantu guztiek dute gai bera. Gerora ez dut errepikatu horrelakorik. Horregatik sentitzen dut borobilena-edo izan daitekeela alde horretatik. Gerora beste ariketa batzuk egin ditut, beste leku batzuetara iristeko.

Galdera tipikoa izan ohi da zer sortzen den lehenengo, musika ala hitzak. Pentsatzen dut abestiaren araberakoa izango dela prozesua ere, ezta? Kontatu ditzakezu prozesu mota batzuk?

Lehen beti musika izaten zen lehenengo, eta gero ni egokitzen nintzen horretara. Bulkadak daude, kolpeak, azentuak... Erdi jolas-erdi ariketa modura egiten nuen, enkajatuz, hutsuneak betez. Zentzua baldin bazuen, aurrera. Badakit beste batzuk ingelesez egin ohi dutela ariketa hori, baina nik letra bat imajinatu izan dudanean beti imajinatu izan dut hasieratik euskaraz.

Azken urteetan, baina, bai Micerekin baina baita lehenago Drumkoptersekin ere, askotan daude ideiak edo gaiak edo egoerak kantuetara eraman nahi ditugunak. Azken urteetan, gainera, asko idatzi dut bestela ere, niretzako. Lehen ez nuen apenas idazten ez bazen zuzenean letra baterako; orain bai. Bakarkako proiektuari ekitean hasi nintzen koadernoetan ideiak idazten musika izan baino lehen eta, gero, behin musika sortuta, pentsatzen dut: ea zer daukadan.

Azken diskoko Zer dugun irentsi kanturako, adibidez, idatzita neuzkan bi edo hiru orrialde dena esaldi oso ausazkoekin. Kantua bera ere oso arraroa iruditzen zitzaigun hasieran. Gainera, grabatu genuen eta geratu zen bezala geratu zen. Ez ginen joan borobiltzera. Baina hartu nuen hori, hasi nintzen enkajatzen eta geratu zen super guapoa. Formarik gabeko bi gauzek elkarrekin forma hartu izan balute bezala.

Beste batzuetan zuzenean joaten naiz; hontaz nahi dut hitz egin. Edo entzun dut elkarrizketa bat eta… “Lautada”-ko kantu guztiek badaukate gai bat. Pasatzen dena da igual ez naizela oso argia. Igual zuk entzuten baduzu ezin duzu jakin zeri buruz ari naizen nik azaltzen ez badizut, hori askotan. Nire lehenengo diskoan, adibidez, suizidioari buruzko kantu bat dago, baina inork ez luke hala denik esango nik esaten ez badut.

Eta gertatu zaizu sekula denbora pasa ahala momenturen batean sortu zenuen letrarekin hain gustura ez sentitzea? Edo pentsatzea: “hau orain ez nuke horrela esango”?

Bai. Napoka Iriako Negua kanta datorkit burura. Hala zioen: “Jadanik badakit ez naizela aske nirekin ez zaudelarik…”. Eta aldatu egin nuen denborarekin, feminismoa nigana iritsi zenean. Oihuka bukatzen nuen: “Banaizela, banaizela!”. Neure burua zuzentzeko azken ahalegin desesperatu bat, a posteriori.

Izan ere, sortzen dugunean askotan sortzen dugu berriki bizi izan dugun zerbaiten gainean, baina grabatu orduko urteak pasatzen dira. Miceren lehen diskoan justu nengoen Napoka Iria bukatu berri, bikote harreman bat bukatu berri... Orduan haustura horietaz hitz egiten dut ia denbora guztian, zeure burua berriro kokatzeaz. Baina denbora igarota batzuetan jada ez zaude hor. Hori sentitzea ere ederra da. Batzuetan hitz berberak kantatuta ere jada beste zerbait esan nahi dutela zuretzat. Eta horri buruz hitz egiteko gai zarela. Pentsa, orain ikastetxeetara joaten naiz eta gazteei kontatzen diet letra bakoitzaren atzean dagoen historia.

Idatzi izan duzu letraren bat modu kolektiboan? Beste norbaitekin batera?

Drumkoptersen hala egiten genuen eta Joseba B.Lenoirrekin ere idatzi izan dut noizbait kanturen bat. Ez da batere erraza elkarrekin idaztea; komunikazio oso ona behar da. Askotan ari gara dena modu abstraktuan pentsatzen eta desberdina da bakoitzak hizkuntza, lengoaia, adierazkortasuna… nola bizi duen. Batzuetan zuretzat ezinbestekoa den hitz batek bestearentzat ez dauka inolako garrantzirik.

Normalean, hala ere, bakarka idazten dut. Baina egia da badaukadala sare bat konstrasterako. Batez ere jada grabatzera sartzear nagoenean, momentu horretako bertigoarekin laguntzen didana.

Beste egiteko modu bat enkarguena izan daiteke. Adibidez, Emakumeen Mundu Martxatik eskatu zidaten kantu bat egiteko eta nik beraien asmoak, helburuak, proiektuak... zein ziren kontatzeko eskatu nien. Laburpentxo bat bidali zidaten idatziz eta hortik sortu nuen Bizia arnas kantua. Ariketa polita izan zen.

Azken urteetan, gainera, behin baino gehiagotan ikusi zaitugu beste diziplina batzuetako artistekin batera.

Asko gozatzen dut diziplinartekotasunarekin. Inguruan letragile eta idazle eder-ederrak ditugu. Eta batez ere topatu dut inguru bat elkar miresten dugunona. Elkarrentzat gauden jendearena.

Literaturatik hurbilen azken urteetan egon naiz. Iban Zalduarekin lan egin nuen eta azkenaldian Danele Sarriugarterekin. Oso gozagarria eta erraza izan da Daneleren Popperra Afterra Utopia testutik abiatuta kantuak sortzea. Eta berdin gertatu zait Miren Amurizaren Pleibak-ekin ere. “Ostiral arratsalde poz bat zara” irakurtzen badut, listo, ez dut besterik behar.

Garazi Arrularen Lurraz beste liburuko ipuintxo bat ere musikatu dut. Ipuintzar bat, barkatu. Errezitatu egiten dut. Lehen aldia izan da kantatzen ez dudana.

Idazle onak asko irakurri behar duela esaten da... eta musikariak? Musikari onak musika asko entzun behar duela pentsatzen dut. Eta irakurri, zenbat?

Irakurtzea dexente kostatzen zait eta neure burua behartu behar izaten dut. Gozatzen dut baina kosta egiten zait. Ez dut inoiz izan errutina bat, zaletasun izugarri bat. Horregatik saiatzen naiz irakurgaiak ondo aukeratzen, liburu asko geratu baitzaizkit erdibidean. Uste dut izaera kontua dela. Gauza asko gustatzen zaizkit; musika, zinema… Eta egunak dituen orduak ditu.

Adi egoten naiz sareetan, hedabideetan… eta ingurukoei galdetzen diet asko. Orain, esaterako, Lucia Berlín irakurtzen ari naiz, Uxue Alberdik gomendatuta.

Batzuetan, irakurtzen ari zarela sentitzen duzu; hau da. Eta erabakia hartuta dago. Gero pentsatu behar dena da hori nola tratatu. Errekastoa izeneko kantuan, adibidez, zuzenean hartu nuen Maria Luisa Bascuñaren poema bat eta euskarara ekarri nuen. Bestela, normalean, poema osoak baino esaldiak hartzen ditut. Xabier Gantzarainen Zuloa saiakeran bazegoen hausnarketa bat, oinez ibiltzea dela kapitalismoak bereganatu ezin duen azken gauzetako bat edo horrelako zerbait. Gerora, Negua udaberritu kantuan erabili dut nik ideia: “oinez dabilenak soilik ikusiko du zerua lurrean”.

Esango nuke disko bat prestatzen ari zaren bitartean irakurtzen dituzun liburuek eragin egiten dizutela. “Lautada”-n Leslie Feinbergen Marimutil handi baten bluesa-rekin aritu nintzen. Eta Lagun izoztua ere irakurri nuen.

Oro har, batez ere, inguruan ditudanen lanak irakutzen ditut. Itziar Ugarteren poema liburua asko gustatu zitzaidan. Oihana Aranarena ere bai. Sarriugarte, Amuriza, Alberdi… Eta itzulpenak ere irakurtzen ditut. Walden asko gustatu zitzaidan. Beirazko kanpaia ere pila bat gustatu zitzaidan. Sylvia Plath ez nuen ezagutzen, eta pila bat gustatu zitzaidan. Orain Sara Torres deskubritu berri dut eta maitemindu naiz.

Ikusten dudanez, batik bat emakumeak, ezta?

Bai, batez ere bai. Konturatu naiz beti gizonezkoak irakurri izan ditudala eta orain ari naiz balantza orekatzen saiatzen.

Literaturaz haratago, non gehiago topatzen duzu inspirazioa?

Beste bi ariketa mota ere egiten ditut. Batetik, musika entzutea beste hizkuntza batzuetan eta imajinatzea zer ari diren esaten. Kae Tempest entzuten dut pila bat eta ingelesa pixka bat kontrolatzen dut baina gauza batzuek ihes egiten didate. Orduan, ihes egiten didan hori osatzen saiatzen naiz. Ziurrenik urrun ibiliko naiz, baina modu segurua da beste leku batera iristeko.

Bestetik, zientziari buruz irakurtzeak ere laguntzen dit. Teoria zientifikoek lotura izan ohi dute maiz emoziekin. Nik hala interpretatzen ditut behintzat. Meteo proiektua izan dut Itziar Garaluze artista bisualarekin. Meteorologiaz da eta bakoitzak zer harreman duen lurrarekin, naturarekin… Behin Euskalmet-eko Eguzkiñe Iturriotz handiaren elkarrizketa bat entzuten ari nintzen eta azaltzen hasi zen nola aire masa hotzak eta beroak topo egitean ekaitzak sortzen diren. Zure aire masa eta nirea, beraz, berdin ekaitza. Oso kreatiboa iruditzen zait. Eta ederra da sentipena daukazulako leku neutroago batetik abiatzearena.

”Lautada”-n badago Mintzaira izeneko kantu bat. Nolakoa da zure mintzaira, zure lengoaia? Aldatzen joan da urteetan zehar?

Hain zuzen, Mintzaira kantuan hitz egiten dut pixka bat lengoaiaren etengabeko mutazioaz. Euskal Herriko gatazkaren kontestuan, politikari bati entzun nion zer garrantzitsua den hizkuntza ere aldatzea, mutatzea, garaiak aldatzen diren modu berean. Eta ni horretan saiatzen naiz.

Letrak idaztea gustatzen zait ikasi egiten dudalako. Ikasten jarraitzen dudalako. Aldiro freskatzen, sinonimoak bilatzen… Hor badago ariketa praktiko bat ere. “Muinak urtu beharrean” esamoldea datorkit burura, “devanarse los sesos” gaztelaniaz. Nik ez nekien hori esan nahi zuenik eta ez dut erabiltzen egunerokoan, baina belarrira oso ondo egiten zidan eta perfekto sartzen zitzaidan hori kontatzeko.

Hala ere, oreka bilatzen saiatzen naiz beti. Hori da kotua. Euskaldunok pasatu egiten gara batzuetan, badugu mania bat arrakala eta antzerako hitzak nonahi sartzekoa. Eta nik ere erabili ditut, klaro. Baina batzuetan badirudi dela begira badakit hitz hau erabiltzen eta nik ere sartuko dut. Nahi dugu beti izan oso top, idazkerari dagokionez ere bai, eta batzuetan pasatu egiten gara. Eta igual ez da ezer ulertzen.

Honekin lotuta, nik batuan egiten dut beti. Moxalekin jotzen ari naiz orain eta oso guaya da berak zelan egiten daben, ez da geratzen batere ez dakit… Nik neure burua ez dut hainbeste ikusten eibarreraz. Igual topatu behar dut nola egin, bai nahi dut probatu hori ere, ez? Ni oso batuzalea naiz horretarako. Iruditzen zait hori dela gure plaza.

Poetikoagotik zuzenagorako edo gordinagorako bilakaera izan duzula esango zenuke?

Bai, egia da hasieran abstraktuagoak zirela eta gero bidea egin dudala zuzenago izate horretara.

Zer dugun irentsi, aurrez aipatutako kantua, izan daiteke horren erakusgarri. Idatzi nuen momentu horretan bereziki bizi nuen amorru handia justu euskal musikaren eszena amorru gutxiegirekin ikusten nuelako, larrosegi edo, pixka bat deskafeinatzen zihoala bezala. Edo behintzat gehien entzuten ziren ahotsak zirela pixka bat… Nik faltan botatzen nuen gordintasuna. Horrekin amorratuta nengoen eta horregatik dira esaldiak hain zuzenak eta zehatzak; “emadazue jaten, bazka nazazue”, “zuengandik ia dela onartu nezake”… Lengoaia perfektua zen horretarako.

Zure abestietan agerikoa da ikuspegi feminista, kritikoa... Zuzenagora edo gordinagora jotzea horrekin lotuta egon daiteke?

Feminismoak asko eman dit. Begiak irekitze bat izan zen niretzat. Ikuspegi horretatik ikusten hasten zara dena eta nire kasuan kantu batzuk bai atera direla zuzenagoak horri esker. “Inor begira izanda ere”, adibidez. Berez kantu nahiko poperoa da baina esaten du esaten duena. Hitz egiten du epaiketaz, zer den gorputz bat hor jartzeaz, zer izan behar duen gorputz normatibo batekin mundutik ibiltzeaz...

Denari begiratzeko modu bat da. Eta horrek hartu ditzake forma diferente pila bat. Izan daiteke goxoagoa, zakarragoa… Baina nigan bai ahalbidetu du ateratzea beste lengoaia batzuk. Egia da baita ere ni feminismoa irakurtzen hasi nintzenean Devenir perra, King kong teoria… eta antzerakoekin hasi nintzela. Hori izan zen justu Napoka Iriaren azken diskoa baino lehen.

Ausardiarik ez abestian aipatzen duzu “hitzak barrenean gatibu, kolpean ihes egingo dizuten izu”...“horrela jarraituko duzu maite, barrura begiratzen hasten zaren arte”. Zuk ahalegin hori egiten duzu, ezta? Barrura begiratu eta hitzak askatzekoa? Zuri ez dizu beldurrik ematen barruko hitzei ihes egiten uzteak?

Niri ere beldurra ematen dit. Uste dut ez dudala den-dena ateratzen. Baditut nire mugak. Baditut hainbat gai oraindik ez ditudanak jorratu baina uste dut oso lotuta daudela ere nire prozesu pertsonalarekin, nire bizitzeko moduarekin, nire harremanak, nire mundua ulertzeko modua… Oraindik eta egiatiagoa izan nahi nuke nire buruarekin. Uste dut ariketa hori ez dudala oraindik guztiz egin. Iruditzen zait hori egin ahala beste gauza batzuei utziko diedala ihes egiten. Denbora kontua da.

Kontziente naiz ez naizela ehuneko ehunean irekitzen. Oraindik baditut lur pila bat ez ditudanak jorratu. Ez naizelako prest sentitzen. Igual zabalduko dira ate horiek, eta igual ez. Azkenaldian, ari naiz ikusten jendea asko biluzten ari dela eta kanpotik ikusten dut hori eta esaten dut ze guay. Baina horrek ere prezio bat dauka; kostu bat dauka.

 

Argazkilaria: Itziar Bastarrika

 

Ane Labaka
Miren Narbaiza