Elkarrizketa :: Uxue Alberdi 2026/11/26
Aintzane Usandizaga

“Guretzat gogoratzea jasangarriagoa den moduan eraikitzen dugu iragana”

Aintzane Usandizagak (Lasarte, 1988) arte eta kultur zentroetan lan egin izan du, gidoilari aritu da telebistan, arte hezkuntza eta kultur bitartekaritza proiektuetan parte hartu du… Gaur egun irakurle taldeak gidatzen eta eskolak ematen aritzen da Mondragon Unibertsitatean. Kabitu ezina eta Zomorrotu ipuin-liburuen egilea da; baita Etxe honetan (Pamiela, 2019) eta Esther Ferrer eta denbora (Pamiela, 2022) albumena ere. Bereak dira Ez duzu sinetsiko (Txalaparta, 2023) eta Semaforo domatzailea (Txalaparta, 2026) haurrentzako ipuinak. Esadazu gezurra izena du bere nobela berriak.

Zomorrotu argitaratu zenuenerako hasita omen zeunden nobela hau idazten. Gogoan al duzu zein kezka, irudi edo asmotatik abiatu zenuen idazketa?

Zomorroturen prozesua nahiko gorabeheratsua izan zen, geldiune asko izan zituen, eta beste ideia batzuei heltzeko tartea izan nuen. Hor hasi zen istorio hau pizten. Abiapuntua igerilariaren irudia izan zen: itsasotik atera berri zen igerilari bat Ondarretako paseoko aulki zuri batean eserita, tamarizen adar okerren azpian buia bati helduta, zain. Autoko giltza ahaztu duen igerilari bat, erdi biluzik, salduta. Eszena horrek abiarazten du nobela: itsasotik irten berri den igerilariak ez du autoko giltza topatu, bainujantzi hutsean dago, bustita eta hotzak. Ibiltari batzuei telefonoa eskatu eta dei bat egingo du buruz dakien zenbaki bakarrera, laguntza eske. Umetako lagun minari hots egingo dio, urte luzetan urtean elkarren berririk izan ez duten arren.

Irudi horrekin jolasean hasi nintzen, hasieran antzerki gidoi bat izango zelakoan. Baina irudia buruan neuzkan beste ideia, kezka eta pertsonaia mota batzuekin lotzen joan zen gero: nola osatzen ditugun geure buruei buruzko kontakizunak, zer den egia eta zer gezurra, sinesgarritasunaren auzia…

Liburu bat bukatzerako, argitaratu baino lehen hasten zara sarri hurrengoa idazten. Amaierak baino gehiago gozatzen dituzu hasierak?

Zalantzarik gabe. Hasierak asko gustatzen zaizkit. Oraindik dena posible denean, ideia solteak jasotzen ari naizenean… hortxe nago erosoen. Aldiz, liburua aurkeztea, plazaratzea, momentu konplexua izaten da niretzat emozionalki, ez zait erraza egiten, eta buruak ihes egiten dit hurrengo hasierara, amaiera hori kudeatzea zailagoa zaidalako.

Eta nolakoa izan da idazketa prozesua? Aldatu al da ipuingintzatik nobelara?

Idazteko modua ez da askorik aldatu; bai prozesuaren gaineko kontzientzia. Egile askori entzun diet bilketa edo dokumentazio lanaz hitz egiten. Lehen, egileak dokumentazioaz edo aurrelanaz hizketan aditzen nituenean bi gauzatan bakarrik imajinatzen nituen: elkarrizketak egiten edo datu historikoak biltzen. Aldiz, ohartu naiz bilketa hori modu askotakoa izan daitekeela. Nik gauza asko jasotzen ditut: irakurtzen ditudan liburuetako aipuak, ikusten ditudan filmetako irudiak, koloreak, formak, obsesionatzen nauten animaliei buruzko oharrak, liburu zatiak, irudiak, argazkiak, estekak… denetik biltzen dut ordenagailuko karpeta batean.

Aipatuko al zenituzke batzuk?

Adibidez, kolore horiarekin eta laranjarekin obsesionatuta egon naiz, triangeluarekin, kaleidoskopioarekin, eta hegazti askorekin: ubarroiarekin, zozoarekin… Tamarizekin bueltaka ere aritu naiz. Tamarizek Godoten esperoanera eramaten ninduten, nahiz eta antzezlanean ez den esaten arbola ze klasetakoa den. Nire buruan Ondarretako tamariz bat.

Ordubete inguruko kronologia baten barruan garatzen da nobela osoa. Ordubete horren barruan kabitzen da protagonisten haurtzaroen eta gaztaroaren errepasoa eta haien arteko tentsioaren jatorria. Teknikoki ez da erronka makala.

Marko bat eman dit, eta mugek sorkuntzan lasaitasuna ematen dute. Nire barne ahotsa espantsiboa da, eta uste dut muga horrek lagundu egin didala eusten. Bestalde, ariketa interesgarria iruditzen zitzaidan itxaronaldi batean burutik zenbat gauza pasa dakizkiguken kontatzea. Igerilaria erdi biluzik dago iluntze hotz batean, kalean, zain. Horrelako egoera batean gure barne ahotsa urrutira irits daiteke. Erronka izan da pultsu horri eustea, aldi berean kontatzea orainaldiko ordubetea eta gogora datozen iraganeko pentsamendu zurrunbilotsuak.

Nobelak argi sentiarazten du abandonatuta sentitzen garen aldi bakoitzean aktibatzen direla iraganeko babesgabetasun egoerak; eta haserre guztietan pizten direla haserre zaharrak; eta kulpa txikiak sakoneko kulpa baten erreplikak direla…

Igerilariaren itxarote horretan oihartzun hori dago, bai, aspaldiko abandonu guztiena. Gidariaren haserrea ere haserre zahar bat da. Zerbaitekin zauri sakona daukagunean, maiz pasatzen zaigu momentuko gertaera batek aurreko zauri guztien oihartzuna piztea.

Bi protagonista nagusi ditu nobelak: igerilaria eta gidaria. Erreskatea eskatzen duena eta erreskatea egitera behartua sentitzen dena.

Itsasora igeri egitera joan izan naizenetan pentsatu izan dut zerbait gertatuz gero buruz dakizkidan telefono bakarrak haurtzarokoak zirela, jadanik harremanik ez dudan jendearenak. Eta imajinatu nuen: eta horrelako egoera batean, jada gure bizitzan ez dagoen norbaiti deituko bagenio, zer? Beraz, batetik, igerilariaren deia dago, itxuraz beste aukerarik ez duelako egiten duen dei hori, deitzeko erabaki hori. Eta, bestetik, gidariaren erreakzioa dago, igerilariaren mezua jasotzen duenean pizten zaiona, harrapatuta sentitzen delako. Hainbeste urte eta gero mezu batek bere bizitza inbaditzen du. Erreskatatu zaitzaten eskatzea kosta egiten da; eta hain egoera zaurgarrian dagoen norbait erreskatatu behar duzula sentitzea ere zama da, erabakitzen duzuna erabakitzen duzula.

“Ez daukat beste aukerarik” pentsatzen dugunean ia inoiz ez da aukera bakarra izaten. Pertsonaia hauek, beren iraganagatik eta iragan horrek daukan pisuagatik sentitzen dute ez daukatela beste aukerarik. Izan ere, iraganean muga errealak bizi izan dituzte. Klase konponente handiko nobela da.

Aukera asko izatearen sentsazioa zenbait pribilejiori lotua dago. Erabakimena, erreakzio gaitasuna… klaseak zeharkaturiko gaitasunak dira. Norbere buruari tokia hartzeko zilegitasuna ematea, zenbait espaziotan eroso sentitzea, laguntza eskatzeko eta ezetz esateko gaitasuna… dena markatzen du klaseak. Batzuetan, klasea dikotomia modura planteatzen dela iruditzen zait: pobreak eta aberatsak, langileak eta burgesak. Uste dut horrek ez duela konplexutasuna lantzen uzten, ze, adibidez, langileriaren barruan abanikoa izugarria da. Pentsatu nahi izaten dugu gure inguruan, guren lagun kuadrillan, lanean… baldintza material antzekoetatik gatozela denok, eta ez da egia.

Luxiak eta Laidak, oso familia diferenteak dauzkaten arren, klase apal samarreko haurtzaro bat konpartitzen dute: oinarrizko beharrak aseta izan arren gabeziak eta estuasun ekonomikoak izan dituzte, eta horrek beste batzuengandik bereizi eta beraien artean elkartu izan ditu zenbaitetan. Bizitzan aurrera, egoera antzekoen aurrean erabaki desberdinak hartuko dituzte, baina ez dira bi pertsonaia antagoniko.

Sinbolo modura funtzionatzen dute buiak eta bolanteak. Ez al dira denok darabiltzagun bi fikzio?

Ez da ausazkoa bi pertsonaia nagusiak igerilaria eta gidaria izatea, gutako denok gara batzuetan buiari helduta bada ere itsasoan murgiltzen garen eta besteetan bolantea gidatzen dugun gorputzak. Itsasoan igeri egiteak korronteak sinbolizatzen ditu, hondo ezezagunaren gainean murgiltzea, itsasoak gida zaitzan uztea… Bere abantailak eta desabantailak dauzkan jarrera da. Aldiz, gidariaren sentsazioa da, bolantea esku artea duenez, autonomoa eta beregaina dela, norabidea hautatzea bere esku dagoela eta, horregatik, dena ondo joango dela. Beste fikzio bat. Biak dira fikzioak. Bietan dago konfiantza ariketa bat: ez naiz itoko, ez dut istripurik izango, ez naiz galduko… Baina bolantean ere bideak mugatuak dira, eta ez zaude zu bakarrik errepidean. Hala ere, kontrol sentsazioa daukazu. Itsas hondoarekiko beldurra hedatuagoa da errepidearekikoa baino, nahiz eta, seguraski, txikiagoak diren arrisku errealak. Baina horrek Luxiaren eta Laidaren familietako kontakizunekin du lotura: gidariaren errelato familiarra sinesgarriagoa da, errealistagoa da, egiatiagoa dirudi kode konpartituetara gehiago hurbiltzen delako, baina horrek ez du esan nahi egiatik hurbilago dagoenik. Kontrara, igerilariaren eta bere familiaren errelatoa, itxura batean, askoz esajeratuagoa da, delirantea ere bai batzuetan, baina egia handiak gordetzen ditu azpian. Buiak eta bolanteak egoteko bi modu horiek sinbolizatzen dituzte.

Ikuspuntuari garrantzi berezia ematen diozu, nork nondik begira kontatzen duen, eta nola eraiki den begirada bakoitza. Ubarroiaren begiarekin hasten da nobela, eta kaleidoskopioarekin bukatzen.

Istorioak kontatzen ditugun guztion obsesioa da begia, kamera edo ahotsa non kokatuko dugun erabakitzea: nork-nori-nola begiratzen dion. Kasu honetan noiz ere garrantzitsua da. Hor daude ubarroiaren begia, Santa Luziaren begiak, kaleidoskopioa…, pertsonaia bakoitzaren begirada nola aldatzen den ikusiko dugu. Hala ere, tranpatia da: beren haurtzaroko eta nerabezaroko begirada helduarotik gogoratzen dute, eta memoria ere fikzio bat da. Niri beldur handia ematen dit gogoratzean ezer asmatzen ez duela uste duen jendeak. Biziraupen tresna bat da memoria, hutsuneak dauzka, eta zulo horiek geure alde betetzen ditugu. Guretzat gogoratzea jasangarriagoa den moduan eraikitzen dugu iragana. Zenbat eta bizi-istorio gogorragoa izan, geure buruak are gehiago moldatu beharko du errealitatea, hain zuzen, gu babesteko.

Asko gustatu zait Junkal bizilagunaren pertsonaia, lekuko lana egiten baitu. Kontakizun guztiek behar dituzte lekukoak sinesgarriak izateko. Pentsarazi dit: Nork zaintzen ditu geure kontakizunak? Nork ematen eta kentzen die sinesgarritasuna?

Edozein taldetan arreta handia ematen didan zerbait da. Zergatik du pertsona batzuen kontakizunak besteenak baino sinesgarritasun handiagoa? Zerk ematen die botere hori? Harrapatzen nauen gai bat da. Batzuetan, norbaiten ahotsa gailentzen da egia gisa, eta urtez urte transmititzen da. Baina hain sinesgarriak ez diren errelatoak dauzkaten pertsonak interesatzen zaizkit, adibidez, Luxiaren ama. Kontaera fantasiosoa du, ez errealista. Halako pertsonek umetan liluratu egiten gaituzte. Liburuan, pertsonaiak haurrak diren bitartean, asko disfrutatzen dute Luxiaren amari entzuten, liluratuta gelditzen dira, batetik, kontalari ona delako, eta bestetik, Junkal bizilagunak sinesgarritasuna ematen diolako. Presentzia lasaiago horrek balioesten du Luxiaren ama. Bizilagunaren figurak garrantzi handia du auzoetan, eta bloke bereko emakumeen arteko adiskidetasun estua ekarri nahi nuen nobelara.

Interesgarria da txikitan liluragarria zaiguna nola bilakatzen den lotsagarri eta arbuiagarri nerabezarora hurbildu ahala.

Lilura, entusiasmoa… helduok umeei hainbeste goraipatzen dizkiegun ezaugarriak, arriskutsu, ez desiragarri eta, are, arbuiagarri izaten hasten dira nerabezaroan. Deslilura, desenkantua, lotsa, haserrea… nerabezaroaren berezko mugimenduak dira. Baina pertsonaia hauen ezaugarrietako bat da beranduegi hasten direla urruntze mugimendu hori egiten. Eta deslilura berantiar horrek haserre handia sortzen die, batez ere gidariari; igerilariari noraeza gehiago, oraindik ez baita haserrera iritsi. Amen sufrimenduak markatutako alabak dira, haiekiko leialtasuna garatu dute, traiziotzat dute amak zalantzan jartzea.

Haserrea da nobelako gaietako bat. Laida terapiara joaten da eta haserrea lantzen ari da: amarekiko haserrea, lagunekikoa, bizitzarekikoa, eta bere buruarekikoa. Bere haserrea ulertzeko beharra dauka.

Ez da kasualitatea klase itolarri horretatik irtetea lortu duen pertsonaia izatea, hain zuzen, terapiara joaten dena eta haserrea lantzen ari dena. Edonork ez dauka horretarako dirurik eta denborarik. Haserreak badu genero osagai hori, emakumeengan ez da emozio desiragarri bat, segituan jotzen dugu agresibotzat. Gainera, euskal kulturan neurritasuna eta apaltasuna performatzea asko baloratzen da. Eta Laida orain ari da horri espazioa utzi nahian.

Asko gustatu zait generoak eta jatorriak ezezik haserrea klaseak nola zeharkatzen duen ikusarazteko modua.

Askotan aipatzen dugu gizonek autoritate handiagoa daukatela automatikoki; ba, klasearekin, berdin-berdin. Erosoago bizi den pertsona batek askoz gutxiago egin behar du bere ahotsa entzunarazteko, autoritatea izateko, dotorea izateko, tokia hartzeko. Aldiz, jendartera ukondoka iristen denak zarata handiagoa egin beharko du, gehiago mugitu beharko da… Ez da kasualitatea itsusitzat hartzea zaratatsua dena, deigarria dena, neurriz kanpokoa dena… Boterea daukanak ez dauka arreta eman beharrik. Gustu onaren kodea klase markaje bat da ia beti. Honi buruz asko eztabaidatzen da artearen eta kulturaren esparruan, baina gutxi kuestionatzen dugu geure taldeetan, “berdinen” artean.

Uxue Alberdi
Aintzane Usandizaga