Elkarrizketa :: Miel A Elustondo – zaldi ero 2024/01/08
Amaia Goikoetxea Orbegozo

“Guk ez dugu gure burua irakurle klubtzat, besteak beste gure helburua sari bat ematea delako”

Non dugu 111 Akademiaren hastapena?

Beterriko Liburuan da abiapuntua. 1996an, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena abiarazi zuen. Helburua zen irakurle arruntari protagonismoa ematea. Idazleak bazuen, kritikariak ere bai... irakurleak, aldiz, ez. Bazter samarrean zegoen irakurlea, eta ez zegoen hura lehen planora ekartzeko bitartekorik ere. Horrela hartu zuen asmo hori Bazkunak, irakurleari protagonismoa ematea. Horretarako, Bazkunak pentsatu zuen egokia litzatekeela irakurleek eurek literatur sari bat ematea, irakurritako liburuen artean gehien gustatutakoa sarituz.

Beterriko Liburua aipaturik ere, ordea, non da hor 111 Akademia?

Pausoz pauso etorri zen hori ere. Lehenik, saria asmatu eta bi urtera, Beterriko Liburua aldizkaria sortu zen. Bitartean, pixkanaka-pixkanaka, Larramendi Bazkuna irakurleak biltzen saiatu zen, epaimahaia osatu, eta saria nori eman erabakitzeko. Bazkunak hirurogeiren bat irakurle biltzea lortu zuen. 2006. urtean, berriz –orduantxe hasi nintzen ni lan honetan–, konturatu ziren irakurleek epaimahaikide izateko izena eman arren, parte hartzen zuten irakurleen kopurua apaltzen ari zela, eta, bestalde, tartean eskualdetik kanpoko irakurleak ere bazirela. Bazkunakoek, orduan, pentsatu zuten sariari nazio izaera emateko garaia zela. Lehen pausoa izena aldatzea izan zen, eskualdea iradokitzen zuen izena kendu, eta 111 Akademia ezarri. Jende bera zen beti eragilea, ordea.

Zer esan nahi du 111 Akademia izenak?

Geure buruari jarritako erronka izan zen 111 irakurle biltzea. Alde batetik, zenbaki zehatza da 111, eta, bestetik, 11 horrek irakurleak nahi adina izan litezkeela esan nahi du. Izan ere, horixe izan da gure nahietako bat, saria erabakitzeko garaian edonork parte hartzea; edozein irakurlek, alegia, bai ohiko irakurleak, bai euskaraz irakurtzeko ohitura hartu nahi duenak. Edonor izan liteke akademiakide. Planteamendu irekia egin nahi genuen, inori atea itxi gabe. Gainera, ohartzen ginen zenbait irakurlek ez zuela bere burua gai ikusten. Behin baino gehiagotan entzun behar izan genuen gauza bera: “Ni ez naiz inor… Nire iritziak ez du balio… Ni irakurle xumea besterik ez naiz… Ez naiz ausartzen… Horretarako daude kritikariak...”. Hautsi egin nahi genuen uste horrekin.

Irakurlea ahalduntzeko modua da, ala?

Baliteke. Irakurleari protagonismoa eman nahi izan genion, irakurlea izan zedin –idazlearekin eta kritikariarekin batera–, beste elementu indartsu bat euskarazko literaturaren panoraman. Gaur egun

214 irakurle edo akademiakide ditugu izena emanda, eta eskatzen diegu urtean euskaraz argitaratutako bizpahiru liburu, gutxienez, irakurtzea, eta, nahi izanez gero, iritzia idaztea gure webgunean. Horrekin batera, eskatzen diegu adieraz dezatela –urtea amaitutakoan, urtarrilean, bozketa martxan jartzen dugunean–, zein izan den beren libururik gogokoena. “Gogokoena”, azpimarratzen saiatzen gara, 111 Akademiaren Sariak –garai batean Beterriko Liburua [Ohorezko Literatur] Aipamenak zenak, alegia–, libururik gogokoena saritzen baitu, ez nahitaez onena: irakurleek gogokoena izan duten liburua saritzen dugu, haiei gehien gustatutakoa.

Aurten, Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea-k jaso zuen 111 Akademiaren saria, eta beste hainbatetan bezala, zuen saria irabazitakoak irabazi zuen Euskadi Literatura saria ere…

Askotan gertatu izan da, bai, eta horrexegatik erabaki genuen gure saria Euskadi Sariak baino lehen jakinaraztea. Ez genuen nahi Euskadi sariek gure saria baldintzatzerik. “A!, Euskadi Saria irabazi duenez, irakurleek ere horrixe eman diote botoa!”. Liburu asko udazkenean argitaratzen dira, eta guk irakurleei esaten diegu urtarrila orduko hasteko botoa ematen. Jabetzen gara epeak laburrak direla, baina apirilerako, edo maiatzerako, izendatua nahi izaten dugu gure sariduna, inork ez dezan zalantzan jarri irakurleek zein irizpideren arabera hautatzen duten liburu saritua.

Zertan da parte hartzea? 214 irakurle edo akademiakide zaretela esan diguzu…

Parte hartzea da erronka. 214 irakurle dira izena emandakoak, baina urtean zehar egiten diren boto emateko hiru txandetan –hiru txandetako batean parte hartzen, behintzat–, 100-150 artean izaten dira. Asko da, hala ere, eta hor bada irakurle multzo bat, finkoa, urtero-urtero boto ematen duena. Horrekin batera, ordea, bada beste multzo bat, urtearen arabera edo izan duen denboraren arabera, gehiago edo gutxiago irakurri duena, eta botoa emango duena, edo emango ez duena. “Aurten ez dut ezertarako denborarik izan, eta ez dut botorik emango”. Hori ere egin liteke, eta onartzen dugu: ez dugu inor kanporatzen urte batean botorik eman ez duelako.

111 Akademiaren webgunean ibili nauzu, lardaskan, eta edukiz betea ikusi dut: albisteak, liburuak, saria, aldizkaria, literatur pilulak, zerbitzuak…

Irakurleari interesgarri gertatu lekizkiokeen edukiak eskaintzen saiatzen gara, eta 111 aldizkariko eduki guztiak bertan sartzen ditugu, adibidez. Eduki horien osagarri, agenda atala ere bada, eta han eta hemen antolatzen diren literatur ekitaldi gehienak bertan sartzen saiatzen gara. Hala ere, webgunearen alderdi indartsu bat da, esate baterako, irakurleek bidaltzen dituzten iritziak.

Zuen irakurle kluba, besteak ez bezalakoa da…

Guk gurea ez dugu irakurle klubtzat. Horixe da aldea. Besterik da 111 Akademiak bi irakurle klub kudeatzea –bata Alegian, bestea Asteasun–, irakurle klubak dinamizatzeko zerbitzua ere eskaintzen du-eta 111 Akademiak. Baina berriz esango dizut: guk ez dugu gure burua irakurle klubtzat, gure helburua sari bat ematea delako, irakurleek libururik gogokoena aukeratzea, irakurtzaletasuna sustatzea, euskal irakurle gehiago izatea, eta abar. Irakurle klubek ez dute saririk hautatzen. Guk ezberdintasun hori dugu. Eta, bestalde, 111 Akademiako kide diren asko, hango eta hemengo irakurle klubetan ari dira, beren herri edo eskualdean. Hori besterik da.

Zein irizpide baliatzen dituzue webguneko mamia erabakitzeko garaian?

Aktualitatea, idazle berriak… Tarteka, autore berriak sartzen saiatzen gara, haiei ahotsa emateko. Badira urte batzuk, bestalde, itzulitako liburuen alde egitea erabaki genuela; hori, esate baterako, aldizkariaren atal finko bihurtu dugu, lehen ez zegoen-eta horrelakorik. Iruditzen zaigu itzulpengintzak bere tartea behar duela, elementu oso inportantea iruditzen baitzaigu euskal literaturan. Beste atal bat dugu, adibidez, idazle ez izan arren, literaturarekin lotura estua duten egileei buruzkoa: ilustratzaileak, idazleekin elkarlanean aritzen diren musikari eta aktoreak… Helburua da webgunean ahalik eta puntu ezberdin gehien sartzea, ahalik eta irakurle gehienengana iristeko. Ez aldizkaria ez webgunea dira gune espezializatuak, ez dute horretarako borondaterik. Irakurle arrunta dugu beti buruan, bai euskaraz irakurtzen duena, bai gaztelaniaz irakurtzen duena baina euskaraz irakurtzen hasi nahi duena. Gure lanean bi profil horiek ditugu gogoan.

Zerbitzuei dagokienez, irakurle klubak gidatzeko dinamizatzaileak ere eskaintzen dituzu. Eta arestian esan diguzunez, horietakoa zaitugu, Alegiako eta Asteasuko taldeetako dinamizatzaile ari baitzara.

Izatez, ni Alegiakoa naiz, eta, behin, herriko institutuko irakasle bat etorri zitzaidan, institutuko irakasleen irakurle talderako dinamizatzailea behar zutela eta ea animatuko nintzen. Ordu arte, 111 Akademian ez ginen horretan ibiliak, baina herrikoa nintzenez –gertukoa, beraz, eta bertako institutuko ikasle ere izana–, saiakera egingo nuela esan nion irakasle hari. Haren ostean Alegiako bibliotekako eta Asteasuko irakurle taldeak etorri ziren.

Gaur egun, zein dituzue 111 Akademiaren indarguneak?

Nik esango nuke 214 irakurle horiek direla gure indargunea, irakurle horiek gure asmoan parte hartzeko prest izatea. Kontuan hartu behar da 1996an hasi ginela bide honetan, eta garai hartako entretenimendu aukerak eta oraingoak ez dagoela konparatzerik, ez dauka zer ikusirik. 1996an sortutako asmo hark, oraindik ere, 2023an, irakurlearen erantzuna jasotzea, gauza handia da. Gaur egun, berez, iritzia eman nahi duen irakurle batek ez du gure beharrik: nahikoa du sare sozialetan profil bat eratzea, eta nahi duen guztietan, iritzia ematea. Ez du gure beharrik, eta, hala ere, gure webgunean boto ematen segitzen du. Indargune horixe azpimarratuko nuke.

Eta, girbina? Zein duzue ahulgunea?

111 Akademia ez dela behar bezala ezagutzera eman euskararen ez euskal literaturaren munduan. Aspaldi ari gara lanean, irakurle mordoa biltzen da bertan, baina, hala ere, gure asmoa ez da behar bezala ezagutzen. Adibide bat jarriko dizut: lehengo azaroan, 111 Akademiaren batzarrean, akademiakide batek esandakoa. Behin, twitterren zebilela, gure saria jasotako idazle baten txioarekin egin omen zuen topo: “Non aurki ditzaket liburuei buruzko iritziak?”… Eta gure akademiakideak erantzun omen zion: “111 Akademian!”. Idazleak: “Aaa!”. Eta gure saria jasotakoa zen idazle hori...

Urteen joanean, antzeman duzu aldaketarik irakurlearen baitan?

Nik galdera horri erantzuteko ez daukat jasotzen ditugun iritziak baizik. Horren arabera baloratu nezake zure galdera. 2006an lanean hemen hasi nintzenetik hona nabaritu dudana da orain irakurleak iritzi landuagoa ematen duela. Guk beti esan izan diegu nahi duten moduko iritzia bidaltzeko, luzea nahiz laburra, esaldi bat edota bost paragrafokoa. Garai batean, “Asko gustatu zait”, “Ez zait gustatu”, esango zuten askok. Orain askoz gehiago dira iritzi luzea, hainbat paragrafotakoa, idazten dutenak.

Zuen irakurleak plazerez irakurtzen du, ala euskara lantzea eta hobetzea du helburu?

Plazerez euskaraz irakurtzen dutenak makina bat badira, noski; baina asko dira oraindik ere bigarren multzokoak. Behin baino gehiagotan etorri zaizkit, esanez: “Nik gaztelaniaz irakurtzen dut, hortxe nabil gustuena, baina euskaraz ere irakurri behar dudala iruditzen zait, eta horretara nator, kontzientziak agintzen dit euskaraz ere irakurri behar dudala, eta nire burua behartzeko, izena ematera nator, urtean gutxienez bizpahiru liburu euskaraz irakurtzeko asmotan”. Profil hori bada oraindik ere.

111 Akademia irakurle kluba ez izanagatik ere, klubetako dinamizatzaile zerbitzua ere eskaintzen du. Zerk eraman du irakurlea elkartzera, taldeak eta klubak eratzera?

Baliteke norberak irakurria besterekin partekatu nahi izatea. Ez dakit. Guk kudeatzen ditugun klubetan ikusitakoaren arabera, momenturik politena izaten da: “Eta orain esango dugu norberak nola ulertu duen liburuaren bukaera”. Eta hor, denetik azaltzen da, nork bere irakurketa egina du, eta oso polita da iritzi hori partekatzea. “Nik modu jakin batean ulertu dut liburua, baina ondokoak nola ulertu ote du?”. Oso gauza interesgarriak azaltzen dira hor; eta zer esanik ez, idazlea tartean bada.

Zuk zeuk Alegiako eta Asteasuko irakurle taldeak gidatzen dituzu. Zer diozu zeure eskarmentuaz?

2018an hasi nintzen Alegiako institutuko taldean, eta haren ostean etorri ziren Alegiako liburutegikoa eta Asteasukoa. Hiru hilean behin biltzen gara, eta lau liburu, behintzat, irakurtzen ditugu urtean. Beste klub batzuk hilero biltzen dira. Talde bakoitzak erabakitzen du bere konpromiso maila. Nire eskarmentuaz ezer esatekotan, esango nuke irakurle taldeetan sorpresa asko hartzen direla, nahi beste ezusteko. Ideia batekin zoaz –zuk zeure modura ulertu duzulako liburua–, asmo jakin baten araberako gidoia daramazu taldera –landu litezkeen gaiak, adibidez–, baina gertatu izan da irakurleak dinamizatzaileak ez bezala ikustea gauzak, dinamizatzaileari garrantzizkoak iruditu zaizkion zenbait alderdi azpimarratzea... baina irakurle taldeko kideei besterik interesatzea.

Haiei zer interesatzea, esate baterako? Zer esan nahi duzu?

Liburu bat aukeratu, joko handia emango duelakoan, elkarrizketa eta eztabaida piztuko delakoan… eta baliteke horrelakorik ez gertatzea. Eta kontrakoa ere gerta liteke. Nik zerbait esatekotan, horixe esango nuke: zenbat sorpresa! Liburu baten irakurketa klubeko kideekin partekatzea oso aberasgarria da. Erakusten dizu zenbat modu ezberdin dauden liburua irakurtzeko: irakurlearen arabera, irakurlearen momentuaren eta egoeraren arabera… Oso aberasgarria iruditzen zait.

Eta zein da esperientzia idazlea irakurle klubera gonbidatzen duzuenean?

Esaterako, gogoratzen naiz behin Alegian idazlea gonbidatu, eta irakurleek sekula baino gutxiago hitz egin zutela. Beharbada erreparoa izan zuten, edo lotsa… Joan den azaroan, berriz, lehen aldiz izan genuen idazle bat Asteasuko irakurle taldean. Nerea Balda. Orduan ere, irakurleek ohi baino gutxiago hitz egin zuten, idazleak ere hitz egin behar izan zuelako, jakina, baina ez zen hain nabarmena izan. Idazlea taldean izateak badakar ekarpenik, zalantzarik gabe; baina idazlea aurrean ez bada, irakurleen arteko solasa biziagoa izaten da. Hori da, behintzat, gure taldeetan orain arte nabaritu duguna.

Zer iruditu zitzaizun Espainiako Covite elkarteak Nafarroako Gobernuaren aurrean egindako salaketa, Mikel Albisuk zenbait irakurle talde gidatzen dituela aitzakia hartuta?

Ez dagoela halako erasorik onartzerik, erabat tokiz kanpo dagoela. Oraindik horrela ibili beharra ere!

Garai batean ez bezala, gaur egun emakumea oso presente dago idazleen artean. Irakurleen artean nagusi direla irudi du…

Irakurle asko baino gehiago, emakumeak dira. Zenbait taldetan, denak dira emakumezkoak. Alegiako institutuko taldean, adibidez, gizonezkoren bat edo beste izan dugu. Gainerakoan, bat ere ez. Ez dakit non dauden gizonezkoak… Irakurtzen diren liburuen egileei dagokienez ere, taldeen eskaeretako bat da emakumeek idatzitako lanak aukeratzea. Asteasuko taldea, adibidez, herriko emakumeen taldetik sortu zen, nahiz eta gero asmoa zabaldu zuten. Talde haren baldintzetako bat zen emakume idazleen liburuak sarri irakurtzea.

Miel A Elustondo – zaldi ero
Amaia Goikoetxea Orbegozo
“111 Akademia ez da behar bezala ezagutzera eman euskararen ez euskal literaturaren munduan”
Entresaka
“Gure sariak irakurleen libururik gogokoena saritzen du, ez nahitaez onena”
Entresaka
“Irakurle klubetako kideek erakusten dizute zenbat modu ezberdin dauden liburua irakurtzeko”
Entresaka