“Gauza batzuk bai, idatzi ditut, eta beste batzuk, berriz, nik ezin erranak dira!”
Ingeniaria da Sara Zaldaiz, eta uraren antolamenduaren ardura eman berri diote Nafarroako gobernuan. Erriberako Lurribar herrira joan da, ur-horniketa dela eta ez dela zenbait arazo baitira bertan, udalaren eta laborarien artean. Herri mailako aferak, ordea, hamaika zikinkeria ekarriko du azalera: enpresari handien jukutriak, alderdi politikoen baitako botere borrokak, eta, azkenik, asasinatze bortiz bat. Hortxe Ura ez baita beti gardena (Elkar, 2023), Xabi Lasa Gorraizen (Iruñea, 1967) lehen nobela, iazko Irun Hiriko Kutxa saria irabazitakoa.
Lehen nobela idatzi, eta Irun Hiriko Kutxa saria irabazi duzu. Nobela beltza, uraren kudeaketa ardatz, Erriberan kokaturik. Hainbat berritasun dakarzkiguzu...
Hasteko, uraren inguruan planteatu nuen gaia, uraren kudeaketaren berri badudalako, horretan lan egin nuelako Nafarroako Gobernuan lan egin nuenean. Ura oso gai interesgarria da, historian ere uraren inguruan mugitu baitira zibilizazioak. Mendeetan zehar, gizakiak egin dituen mugimendu asko urak eraginik etorri dira. Gaur egun, berriz, bateko klima aldaketa, besteko berotegi efektua, ur edangarria eskasten ari da; hortxe duzu Kataluniako egoera, eta hortxe Erriberakoa ere, kontserbagintza eta beste. Gaur egun, gainera, politikari batzuek beren agendan sartu dute uraren hornidura modu pribatuan kudeatzeko aukera.
Kontserbagintza aipatu duzu, ez alferretan.
Kontserbagintzak sekulako indarra hartu du joan den aspaldian, hor dira baratzeak eta hor da produkzio gero eta handiagoa eta, horretarako, jakina, ura behar da: nobela baterako lan-eremu izugarria da ura, gure artean sobera ukitu ez dena. Euskal literaturan hiriak dira protagonista, edo itsasoa, edo mendia, baina sekula ez gure hegoaldea, Erribera, hura Euskal Herria ez balitz bezala. Uste dut ez dugula Erribera behar bezala kontuan hartzen, eta nire ustez, berriz, sekulako potentziala du, presenteago eduki beharko genukeela iruditzen zait.
Nobela beltza idatzi duzu, beraz, uraren tramaren inguruan…
Nobela beltz mota aunitz dago, nahiz eta osagai nagusiak beti misterioa, gizakiaren alde iluna, suspentsea… eta horrelakoak diren. Nobela beltza erabili izan da ordena justifikatzeko, edo sistema kritikatzeko, gizartearen ikuspegi sozial batetik begiratuz idazteko. Nik, esate baterako, kritika horren bidetik jo nahi izan dut, Erriberan ura kudeatzen den modua baliatuz. Nobelak gauzak exajeratu egiten ditu beti, baina uraren inguruan sortzen den trama eta indar-borroka, uste baino askoz handiagoa da. Beharbada, liburuan, zenbait gauzatan motz geratu naiz. Fikzioa da nobelan kontatzen dena, ez baita gertatua, baina errealitate hutsa da, aldi berean.
Nola egituratu duzu trama beltza uraren kudeaketaren inguruan?
Liburu hau idazten hasi aurretik ere, polizi istorioa muntatua nuen. Uraren funtzionamendua zertan den banekienez, trama gai horren inguruan lotzea pentsatu nuen, hau da, suspentseko obra bat egitea, thriller bat. Banuen hasiera, banuen amaiera. Gero, ordea, idazten hasi, eta betikoa: pertsonaia batek alde batera eramaten zaitu, besteak beste batera… Eta, bestalde, hasieran pertsonaiak ere ez nituen erabat definituta, Sara Zaldaiz izan ezik.
Protagonistetako bat, duda gabe. Ingeniari gaztea, Nafarroako Gobernuko teknikari, uraren kudeaketaren ardura jaso duena...
Bai. Sararen kasuan, emakumezkoa nahi nuen, eta gaztea, nobelan zehar bilakaera psikologikoa izango zuena. Liburu hasierako Sara, eta bukaerakoa, ez dira pertsona bera, politikaren eta bizitzaren makilakadek zaildu egingo dute. Eta Sararekin batera, Migeltxo ere aski definitua nuen.
Hara, Migeltxo?! Bigarren mailakoa zelakoan nengoen.
Migeltxo da, nire ustez, Erriberaren pertsonifikazioa. Migeltxok hitz egiten duenean, Erribera ari da hitz egiten. Ez du ongi pasatzen, bitariko jokoa egiten du, batzuetan zuzen, beste batzuetan makur, baina pertsona noblea da. Horrekin batera, hor dira pertsonaia “gaiztoak” ere, Rodrigo [Villanueva, Lurribarreko udal idazkaria] eta Yolanda Ruiz [Lurribarreko alkatea]; bi hauek ere gogoan neuzkan hasieratik. Nafarroako Gobernuko agintariak, berriz, gero sortu zitzaizkidan, idazten hasi eta gero. Ez nuen uste trama eta ustelkeria hain goraino iritsiko zela! Kar, kar… baina, azkenean, Administrazioaren egitura osoa zipriztindu dut.
Eta, horiekin guztiekin batera, jakina, polizi inspektoreak.
Bai, pisua dute nobelan, baina hasieran ez nuen pentsatu poliziarik erabiltzerik. Gero, ordea, konturatu nintzen nahitaezkoa nuela, ikerketa bideratu ahal izateko, polizi inspektoreak erabiltzea. Eta, hala ere, polizi inspektoreak diren arren, ez daude oso gustura beren polizi lanean, hainbat kontraesan bizi dituzte, eta sufritu ere egiten dute.
Zein mugarri markatuko zenituzke traman? Zein ditugu une beroenak?
Rodrigoren gorpua agertzea mugarri dela esango nuke. “Hau ez da tontakeria!”, esateko modu bat. Rodrigo hiltzen dute –nola hiltzen duten ere hor dago, gainera, bortxaz–, eta heriotza horrek afera sakona adierazten du. Nik uste hor jauzi inportantea gertatzen dela nobelan. Eta Vikyren [Lafuente enpresaburua] bahiketa ere hor da. Momentu berean gertatzen dira bi gauzak: aferaz ezer dakitenek, bi gertakariak bereizi egin nahi izango dituzte. Kasualitatea, ezta?
Esan ohi dutenez, krisi garai bat izaten ohi da obra bat idazteko prozesuan...
Niretzat, obraren hasiera da momenturik gogorrena. Nire kasuan, istorioa definitzen hasi nintzena. Bigarren kapituluaz gero, istorioa menderatuta dagoela esango nuke. Hobetoxeago edo okerxeago atera liteke, baina narrazioa bideratuta dago, hartua du martxa. Istorioa definitu, eta helburua erabaki duzunean, arazorik ez dago. Gero, trama handiarekin batera trama txikiak sortu behar dira, edo sortzen zaizkio istorio nagusiari; adarrak, alegia. Eta, bestalde, nork bere estiloa du, nork bere modura kontatzen du.
Zer esan nahi duzu? Edo, bestela esanda, zein duzu zuk zeure modu hori?
Zenbait egilek bost lerrotan kontatzen dizute eszena bat. Nik ez, nik gehiago behar dut: pertsonaiaren psikologiaren barruan sartu behar izaten dut, zergatik jokatu duen modu jakin batean azaldu, testuingurua kokatu… Nik, esate baterako, ordenagailuan idatzi nuen nobelaren lehen bertsioa, eta 280 orrialde baino gehiago ziren. Editorearekin lanean hasi nintzenean, esan zidan: “Argitaratuz gero, 500 orrialdeko liburua da hori! Kendu beharra daukazu!”. Eta horixe egin nuen, pila bat ezabatu behar izan nuen.
Luzeegi idatzi zenuen.
Beharbada nire defektua da, baina pentsatzen nuen irakurleari argi eta garbi erakutsi behar niola zein zen uraren funtzionamenduaren sistema. Nobelaren hasieran, nekazarien eta herriko udalaren artean arazoa sortzen denez, pentsatu nuen irakurleari nork zer kudeatzen duen azaldu behar niola, bi aldeen arteko borroka azaldu, ureztatzaileen sindikatuaren jardunbidea zertan den esplikatu… Baina hori dena azaltzen hasi, eta 50 orrialde ere bazituen lehen kapituluak! Horrela, editoreak esanda, hainbat testu kentzera jo behar izan nuen, eta, horrela, ordenagailuko 280 orrialde haiek erdira murriztu ziren, eta 330 orrialde dira liburuan.
Saria jaso eta gero etorri da editorearen lana, hortaz?
Hau nire lehen nobela da eta, noski, publikatu nahi nuen. Hainbat argitaletxetara bidali nuen, eta erantzuna, salbuespenak salbuespen, ez zen ona izan. Argitaletxe batek, hala ere, publikatzeko interesa erakutsi zidan, eta haiekin harremanetan jarri nintzen. Ezer baieztatu aitzin, ordea, Irun Hiriko Kutxa sariaren berri izan nuen, eta nire nobela hau aurkeztea erabaki nuen.
Saria jaso, eta berehala, argitaratzea eta aurkeztea etorri ziren.
Bai. Saria irailean jakinarazi zidaten, eta azaroaren 24an egin zen aurkezpena. Dena abiada bizian pasatu zen: hilabete lehenago inprentan egon behar zuen liburuak, eta, hortaz, hilabetea izan nuen dena osorik zuzentzeko, berregiteko. Egun intentsoak izan ziren, Xabier Mendiguren Elizegirekin [Elkar argitaletxeko editorea] batera lan egin nuen, denak emanda. Durango bezpera garaia zen eta argitaletxeak eta inprentak erotuta zebiltzan.
Nobelaren amaiera istorioaren behin-behineko itxiera iragartzera dator. Poliziak eta teknikariak ikerketarekin segitzeko asmo gogorra dute.
Horixe da asmoa! Idaztea droga bezalakoa da, harrapatzen bazaitu, egin duzunarekin gustura baldin bazaude, ezin utziko duzu. Istorio honi beste buelta bat eman nahi nion, eta ari naiz, eta denbora baldin badut, idatziko dut. Begira, nik 2019ko abuztuan utzi nuen Nafarroako Gobernuko lana. Langabezian izan nintzen lau hilabetez, eta orduantxe hasi nintzen liburu hau idazten. Gero, ordea, ohiko lanean hasi nintzen berriro, eta liburua aparkatu nuen. Ondoren, pandemia etorri zen, eta orduantxe egin nuen lan gehiena, eta idazten segitzeko gogoa indartu zidan. Hurrena, berriz, aita zaindu behar izan nuen, eta, tarteka, idazten segitu nuen. Orain, aldiz, idazteko tarteak eskasagoak dira, eta denbora gehiago beharko dut bigarren nobela bukatzeko. Bi trama ere baditut, baina ez dakit biak lan batera ekarriko ditudan, edo bi liburu izango diren.
Nafar hizkeraren hautua egin duzu, nahiz batua den.
Ni nafarra naiz, aita nuen Galdurozkoa, Arriasgoiti ibarrekoa. Gure familia herria uzten azkena izan zen; aita 1963an etorri zen Iruñera, eta 1965ean, berriz, haren anai-arrebak. Despopulazio garaia izan zen. Ama, berriz, Etxaurikoa nuen. Eta, sekretu bat: Ritxarrek deitura du Galdurotz, gure aitaren herria. Sararen deitura da Zaldaiz, ibar bereko herria. Mark da Zuntzarren, berdin, hango herria. Jesus da Zalba; hango herria. Josune da Aginaga, hango herria hura ere. Arriasgoiti ibarreko herriak dituzu denak. Ibar horretakoa zen nire familia, eta halakoxea zen hango euskara. Bestalde, oso harreman estua dut Ipar Euskal Herriko jendearekin, aunitz gauzarengatik, eta, idaztean horixe da nire euskara, batua, baina tokiko hizkerekin aberastua.
Fikzioak errealitatea gainditzen duela esan izan da. Nafarroako Gobernuan lan egina zara, ura kudeatzen, gainera. Zer edo zer baino gehiago dakikezu uraren auziaz.
Jendeak galdetzen zidan: “Hain gaizki kudeatzen da ura?”. Datu objektibo bat: Nafarroan, iturburuetatik sortzen den uraren %50 bidean galtzen da. Arrazoi ofiziala da hodiak matxuratuta daudela, baina egia beste bat da: gaizki tratatutako urak, kudeaketa txarra... Ur-kontsumoagatik kobratzen dena, ez da kobratuko beharko litzatekeen laurdenera ere iristen. Horixe da egia biribila. Nik, nobelan, datua apaldu egin dut, alferrik galtzen den ur kantitatea %40 dela ezarriz, baina galtzen den ura gehiago da. Mankomunitate sendoko tokietan, gauzak ongi egiten direla esango nuke, baina herri txikietan, Erriberan-eta, desmadre hutsa da!
Alderdi politikoen baitako botere borrokekin batera, deigarri da Nafarroako Hitza egunkariaren jokabide zitala.
Egunkarien joko zikina eguneroko ogia da! Jakin nahiko nuke zenbat aldiz faltsifikatzen duen Nafarroako Hitza-ren atzean ezkutatu dudan egunkari horrek informazioa, edo estaltzen duen besteren bat, edo leporatzen dio halakori, bestek egindakoa. Eguneroko jukutriak dira eta, gainera, uste dut denok intuitzen dugula gezurra. Alderdien barruko borrokak, berriz, bertatik bertara ezagutu ditut gobernuan lan egin nuen denboran. Ni alderdi txiki bateko kidea nintzen, Aralarrekoa, desagertu ere egin zen, baina han ere baziren liskarrak, eta, beraz, atera kontuak zer izango diren barne borroka horiek UPNn eta PSNn, adibidez. Gauza batzuk bai, idatzi ditut, eta beste batzuk, berriz, nik ezin erranak dira!
Zuk ezin erranak, zure pertsonaiaren batek esateko modukoak, beharbada.
Baliteke. Bi polizien arteko harremanak, adibidez, foru polizia eta guardia zibila. Ezin ikusiak-eta, protagonismo borrokak-eta! Esan dizut, liburuko gertakizunak fikziozkoak dira, baina gertatuak dira, aldi berean.