Elkarrizketa :: miel a elustondo – zaldi ero 2023/12/21
Paperjalea.eus

“Ez daukagu helburu hotsandikorik: ahalik eta euskal irakurle gehien bilatzea da gure helburua”  

Informatikaria da Dabid Martinez (Bermeo, 1986), eta informatikari dira Abaraska taldeko kide gutiz gehienak. Haiek sortua da, besteak beste, Paperjale.eus sare sozial proiektua, “euskal irakurleak eta liburu maitaleak” batzeko sortua, liburuez eta literaturaz euskaraz aritzeko tokia.

 

Zer da Paperjale.eus? Nondik sortua da?

Paperjale.eus da Abaraska taldeak kudeatzen duen sare sozial bat. Abaraskaren ekimenen artean duzu Paperjale.eus. Helburua du euskara eta euskal kultura eta fedibertsoa ezagutaraztea, bai Euskal Herrian, bai edonongo euskal komunitatean ere. Ez gara elkarte bat ere, talde informal bat baizik. Inoiz, elkarte bat eratzea ere pentsatu genuen, baina ez dugu beharrizanik ikusi, eta, beraz, talde egiturari eutsi diogu. Hamar lagun gara, gutxi gorabehera, eta, historikoki, software librea eta euskara izan ditugu ardatz. 2020an sortu ginen.

Nola heldu zarete software librea eta euskara ardatz izatetik, irakurketa bultzatzera?

Gure helburua da euskara eta euskal kultura Interneten eta mundu digitalean sustatzea. Gutariko batzuk oso irakurleak gara, eta jabetu ginen euskal literaturan badirela blogak eta badirela hainbat webgune ere, baina faltan botatzen genuen sare sozial bat euskal literaturaz, eta literaturaz oro har, maila informalean eztabaidatzeko, irakurleen arteko harremanak eratzeko, liburuak gomendatzeko eta abar.

“Maila informalean”, esan duzu. Lagunartean?

Gure asmoa zen, aditua izan barik ere, hori guztia ehuntzeko sare sozial bat sortzea. Eta horrekin batera, saiatu ginen idazleak-eta gurera gonbidatzen, ze halako harreman zuzen bat, nahiz eta digitala izan, polita da sorkuntza lanean dabilenarentzat. Baita irakurlearentzat ere, ze askoz hurbilago sentitzen du idazlea, eta are eta motibatuago dago dena delako idazlearen lana irakurtzeko. Esan gura dut, ez dugula helburu hotsandikorik. Ez dakit gure egitasmo honek zer ematen duen, baina esan dizut hamar bat lagunen artean kudeatzen dugula Paperjale.eus, ez gara gehiago. Atzean oinarri sozial askoz handiagoa dugu –hau guztia ekonomikoki bideratzeko, adibidez–, baina gure helburua da ondo pasatzea, eta gustuko ditugun gaiez eztabaidatzea, hau da, euskal literaturaz, euskaraz, eta software libreaz.

Aski ekimen berria dugu Paperjale.eus, iragan martxoan aurkeztu baitzenuten.

Hilabete batzuk lehenago hasi ginen saiakerak egiten. Softwarea euskaratu egin behar izan genuen, BookWyrm izena beharrean euskal fedibertsoko komunitatearekin “Paperjale” izena asmatu eta aukeratu, eta gure proiektuaren bidez ze helburu genituen ere txukun adierazi… Eztabaida horietan murgilduta ibili ginen zenbait hilabetetan. Esan gura dut, alderdi teknikoez haratago, beste zenbait gai ere aztertu behar izan genituela, eta erabakiak hartu.

Sare sozial bat dugu, hortaz, Paperjale.eus, euskal literaturaz hitz egiteko, besteak beste. Irakurle klub asko sortu da joan den hamar urte honetan, eta zuen ekimenak ere badu hortik, ala?

Bai, eta fedibertsoan, adibidez, badugu irakurle klub bat, edo irakurle taldea. Elegose du izena. Orain dela lau bat urte sortu zen, eta bertan, joan-etorrian dabiltza partaideak; batzuk joan, besteak etorri. Ez da gauza zurruna. Hilero, guztion artean, euskarazko liburu bat aukeratzen dugu, irakurtzen dugu –nork bere etxean–, eta, gero, Internet bidez, mastodon.eus sare sozialaren bitartez, zer iruditu zaigun adierazten diogu batak besteari, komentarioak egiten ditugu, galderak, zalantzak, iritziak partekatzen ditugu, edo kontrastatzen. Bestalde, Paperjale.eus sortu, eta ohartu ginen irakurleak hura datu-basetzat hartu, eta erabiltzen hasi zirela, baina Paperjale.eus berak ez du talderik sortzeko aukerarik ematen –ezin irakurle klub bat antolatu, adibidez–, ze softwarea ez dago horretarako prestatuta, oraindik behintzat.

Elegose duzue irakurle taldea, beraz?

Irakurle talde birtuala. Irakurle klubek bilerak egin ohi dituzte, eta Elegose-n, berriz, ez dugu bilera-deirik egiten. Hilean zehar, traola bat jarri, etiketa bat, eta irakurritako liburuen gaineko komentarioak idazten ditugu, eta traolari jarraipena egiten diogu: irakurri dugunak pentsarazi diguna idazten dugu, gure iritzi eta iradokizunak. Horrela lan egiten dugu Elegose-n. Hala ere, Elegose ez da Paperjale.eus. Bi gauza aparte dira.

Bego, beraz, bere horretan Elegose. Nola hartu ohi du parte idazleak Paperjale.eus-en?

Beste edonork bezala. Irakurleak duen rol bera dauka idazleak Paperjale.eus-en, eta irakurleak ez du jakingo komentarioa-edo idatzi duen hura idazlea dela, ezpada idazlea bere izenez identifikatu delako. Paperjale.eus-en, idazleak nahiz irakurleak maila berean dira. Idazleak, irakurle den aldetik, bere irakurketak partekatzen ditu, eta, nahi badu, komentarioak egiten ditu, irakurritako liburuak puntuatu... Nahiko interesgarria da, egia esan.

Hainbat erabiltzaile dituzue sare sozial honetan...

Lehengo batean ibili nintzen begira, eta ohartu nintzen 500 erabiltzaile inguru ditugula, eta horietatik 110 erabiltzaile aktibo direla. Erabiltzaile aktibo izateak esan nahi du hilabeteko epean zerbait gorde duela Paperjale.eus-eko bere liburutegian: edo libururen bat puntuatu duela, edo iruzkin bat idatzi, edo ekintzaren bat egin duela gure sare sozial honen barruan. Ez dago zertan iruzkin burutsurik idatzi. Batzuetan nahikoa da irakurritako liburua gustatu zaizula adieraztea, eta apur bat arrazoitu: lagunarteko gauza bat da! Bada aukera, liburua 1-5 izar emanez puntuatzeko ere, baina nahi izaten dugu irakurleak puntuazioaren ondoan komentarioa idaztea, txikitxoa baino ez bada ere, ze puntuazioak bakarrik ez du askorik adierazten.

Balizko irakurle pila dira 500 erabiltzaile, 100 aktibo baino gehiago...

Bai. Eta, esate baterako, 9.000 liburuko datu-basea dugu oraintxe. Ez dizut azaldu, baina garrantzitsua da: Paperjale.eus ez da isolatuta dagoen proiektua. Paperjale.eus bezalako asko daude munduan, zein bere izenarekin, eta webgune horiek federatuta gaude elkar elikatuz. Katalunia inguruan, esate baterako, ComeLibros Club dute, beren “paperjale” gunea, eta bateko eta besteko “paperjale”-etako datu-baseetatik gurera liburu bat ekarri daiteke, gurean komentatzeko, iruzkinak egiteko… dena beti euskaraz. Euskara eta euskal kultura sustatzeko sortu genuen Paperjale.eus, baina ez gara euskal literaturara mugatzen: atzerriko literatura irakurri nahi duen horrek lekua dauka Paperjale.eus-en, betiere horren gainean egiten dituen ekintza guztiak euskaraz badira. Demagun, Don Quijote de la Mancha irakurtzen dugula, gaztelaniaz. Paperjale.eus-eko nire profilean jarri nezake liburu hori –nire irakurketen zerrendan, nahiz eta erdaraz irakurri–, baldin eta iruzkina euskaraz egiten badut.

Nola bilatu liburu bat datu-base horretan?

Bilatzaile bat dugu, eta haren bidez bila dezakezu liburua. Badaezpada, esan behar dut liburua nork bere denda edo bibliotekan hartu behar duela, edo lagunen bati eskatu, liburuak irakurtzeko sistemarik ez dugu eta. Bestela egingo bagenu, adibidez, egile eskubideekin-eta egingo genuke topo. Libururik deskargatzeko aukerarik ere ez dago, eskubideen auzi horrengatik hain zuzen. Baina, bestela, datu-base handia dugu, eta bilatzailea. Liburuen barra-kodeak ere eskaneatu ditzakezu, horren bitartez liburua gure datu-basean bilatzeko. Beste aukera bat da norberak liburua datu-basean sartzea, formulario bat betez: izenburua, egilea, argitaletxea, argitaratze urtea, deskripzioa –zenbat orrialde dituen, azal gogorra edo biguna duen, zein gai jorratzen dituen…–, hau da, liburua katalogatzeko ohiko bidea ematen du formularioak. Beraz, beti duzu irakurri nahi duzun liburua aurkitzeko aukera, edo, bestela, formulario hori bete eta zuk nahi duzun liburu hori datu-basean sartzeko modua daukazu.

Orduan, horrek azkenik ez du?

Ez. Edozein liburu egon daiteke gure datu-basean, edo datu-baseetan, baita modu konbentzionalean argitaratuta ez dauden argitalpenak ere, hala nola fanzineak edo autoekoizpenak, ISBN gabeko lanak… edozer gauza. Arestian esan dut gurean 500 erabiltzaile direla –100, aktibo–, baina gainerako “paperjale” posible horietan guztietan are eta jende gehiago dago. ComeLibros Club, BookWyrm.social, Bookrastinating... horiek ere euren datu-baseak dauzkate, euren erabiltzaileak, baina plataforma ezberdin horietako irakurleok arazo barik berba egin genezake bata bestearekin, eta, beraz, gure oinarri soziala, nahi izanez gero, milaka pertsonatakoa izan liteke.

Milaka irakurle bata bestearekin sintonian, eta helburu hotsandikorik ez duzuela diozu?

Egia da, ez daukagu helburu hotsandikorik: ahalik eta euskal irakurle gehien bilatzea da gure helburua, Paperjale.eus ezagutu dezatela, eta gure artean berba egin dezagula. Ehun garen, edo mila garen, denborak esango du, baina gure helburuen artean ez dago halako kopuru handi batera iristea. Proiektu txikia gara, eta horrek badu abantaila edo alde on bat: elkar ezagutzen dugula. Beharbada ez dugu batak bestea fisikoki ezagutzen, baina guk irakurri nahi dugun liburu horri buruz beste pertsona horrek idatzitako iruzkina irakurri dugu. Alde horretatik gertukoagoa da gure sarea.

Gisako sare edo plataformetan parte hartzeko, aski ohi da formularioa betetzea…

Betikoa: erabiltzaile izena idatzi, pasahitza asmatu, eta plataforman sartu ahal izango da irakurlea, eta, handik aurrera, bere profila izango du, eta bilatu ahal izango ditu liburuak, zer irakurtzen ari den zehaztu ahalko du, beste pertsona batzuek iruzkindutako liburuak bere zerrendara gehitu ahal izango ditu, zerrenda bat baino gehiago izan ahalko ditu, irakurri nahiko lituzkeen liburuen zerrenda egin, edo 2023an irakurritakoena, gehien gustatu zaizkion liburuena, edo historikoki liburu kuttunen zerrenda… Hainbat gauza! Gainera, irakurle horrek beste irakurle batzuk ezagutzeko aukera ere badu, nork bere profila duenez, eta, horrela, batzuk eta besteak lagun egin litezke, eta harremanetan jarri, eta iruzkinak partekatu.

Martxoan aurkeztu zenuten Paperjale.eus, eta berriz aurkeztu zenuten Durangoko Azokan. Aurpegia jarri zenion egitasmoari.

Proiektu honen indargunea da, adibidez, bere atzean pertsonak gaudela, eta jendeak ezagutzen gaitu. Ni Paperjale.eus-en administratzaileetako bat nauzu, baina gehiago ere badira. Elkarrizketa hau egiten ari garen bezala, beste zenbaitekin ere izan dugu. Horretan, oso-oso gertuko jendeko garela esango nuke, eta edozein lekutatik deitzen gaituztela ere, honetaz edo hartaz berba egiteko, edo hitzaldi bat egiteko, prest gaude beti. Hori dugu gure alde.

Eta kontra? Zein duzue alde ahulena?

Bi ere baditugula esango nuke, bata teknologia mailakoa, eta bestea, berriz, literatura mailakoa. Maila teknologikoan, adibidez, ez daukagu mugikorrerako aplikaziorik, eta hori, gaur egunean, mugikorraren garai honetan, handicap bat da. Jakina, mugikorretik ere sartu zintezke Paperjale.eus-era, baina nabigatzailetik sartu beharko zinateke, aplikaziorik ez dugu eta. Bigarren ahulguneari dagokionez, zera esango nuke: nahiz eta euskal literatura sustatzeko sortuak garen, batzuetan gertatzen da gure erabiltzaileak gaztelaniazko liburuak irakurtzen ibiltzea, eta liburu horiek puntuatzea, eta, ondorioz, Paperjale.eus-en azalean gaztelanizko liburuak baino ez agertzea. Hori apur bat desitxurosoa da, baina, hala ere, uste dugu jendeari egia esan behar zaiola, eta momentu horretan irakurlea gaztelaniazko liburua irakurtzen ari bada, horrelaxe dira gauzak.

Zuen webgunean, gorago behin eta berriz eta askotan aipatu duzun hitz batekin egin dut topo: “fedibertso”. Eta, horrekin batera, “BookWyrm” ere irakurri dut...

Fedibertsoa da ekosistema bat, Paperjale.eus, mastodon.eus eta beste zenbait proiektuk osatzen dutena. Horien guztien artean sortzen den ekosistemari Fedibertso deitzen diogu. BookWyrm, berriz, ez da Paperjale.eus sortzeko erabili dugun softwarea baino.

Proiektu hauek iraungitze datarik badute?

Ez, gauza hauek ez dira inoiz amaitzen. Gure asmoa da etengabe eguneraketak egitea, software aldaketak inplementatzea, gauza berriak sortzea… Denborak esango du noiz amaitu behar den asmo hau, baina guk oraingoz, behintzat, ez diogu epemugarik jarri. Nolanahi ere, etorkizunean proiektuarekin bukatzea erabakiko bagenu, erabiltzaileak Paperjale.eus-etik beste BookWyrm batera migratu nahi balu, bere datuak esportatu eta inportatzeko aukera izango luke.

 

miel a elustondo – zaldi ero
Paperjalea.eus
“Faltan botatzen genuen sare sozial bat euskal literaturaz, eta literaturaz oro har, maila informalean eztabaidatzeko”
Entresaka
“Gure oinarri soziala, nahi izanez gero, milaka pertsonatakoa izan liteke”
Entresaka
“Proiektu honen atzean pertsonak gaude, eta jendeak ezagutzen gaitu”
Entresaka