«Poesia idazteari lotzen denak ere badu oharkabean bere burua osatzeko behar gisako bat»
Erroak Auritzen dituen eta Donostian bizi den euskal idazle eta poeta da. Kulturgintzan betidanik murgildua, hainbat ekimen eta elkarteren sustatzaile eta partaide izan da: Ez Dok Amairu, Aranzadi, Nafarroako Ikastolak, hainbat euskara elkarte, Bilboko Kafe Antzokia, Oteiza Fundazioa… Sorkuntzari dagokionez, literatura da bere eremu nagusia: saiakera, narrazioa eta, bereziki, poesia.
Isiltasunaz hunatago poema-liburua haur batek amari egindako galderarekin hasten da: “ongi zaude?”. Horrela ekingo diogu guk ere elkarrizketari: zer moduz zaude?
Poema horren oihartzunean haur hori dakusat: hiruzpalau egun berantago etxera itzulitakoan korrika doa amaren gelara bertan jarraitzen ote duen ikustera, baina gela hutsik dago. Ez du ulertzen zer gertatu zatekeen, dena sentitzen du, sekulako bilhotz-urradura sentitzen baitu. Gaztaroan lehertuko zaio korapiloa malenkonia existentzialistaz mamitu hitz poetikoaren bidez. Handik aitzina, pathos horren bidegurutzean loratuko zaio poesia izan nahi zukeen hitza… Nola zaude?, bada nonbait han, aspaldisko honetan mugatuta bainago, ezin ibiliz eta…
Eta zu, nola zaude? Gutxienez idazten eta argitaratzen jarraitzen duzula ikusten dut, seinale ona. Gure letretan lehendik egin dituzun funtsezko ekarpenen ildotik (Safo, poesia guztia, Poetandreak…) plazaratu berri baituzu Egeriaren bidaiari buruzko Zirtak su…
Ondo, mila esker. Egunerokotasunak uzten didan denbora apurrean albait gehien irakurtzen saiatzen naiz, eta astia dudanero idazteari eta itzultzeari lotzen natzaio. Gehienetan, klasiko greko-latindarren konpainian ematen ditut orduak. Nire azken argitalpena, esaterako, trilogia historiko baten lehenbiziko liburukia da, Zirtak su I. Hasieran bazen hitza, eta laster bigarrena argitaratuko da.
Zuri dagokizunez, idazle ez ezik, medikua ere bazara. Medikuntzan aritu diren poeten zerrendan, besteak beste, John Keats, Friedrich Schiller, Pío Baroja, Anton Txekhov, Arthur Conan Doyle, Mari Luz Esteban eta Arantzazu Lizartza daude. Gregorio Marañónen Si ser médico es… poemaren amaieran mediku izatea mina gozamena, gaixotasuna osasuna eta heriotza bizitza bilakatzeko ilusio jainkotiarra dela baieztatzen da. Sinesmenak alde batera utzita, zer esango zenuke dela, mediku gisa, poeta izatea?
Niretzat aski normala izan da letretan murgildu izanarena, literatura kultibatzen zuten medikuz osaturiko familian sortu eta hazi bainaiz (aitatxi, aita, osabak…). Marañónen aipu horretaz, bai, medikuak baduke jendea laguntzeko, artatzeko jaidura berezi bat, maiz bokazioa aipatu izan dena. Izan ere, medikuak funtsezko arazoekin dihardu: eritasuna, mina, osasun fisiko eta mentalak, bizitza eta heriotza…, hain zuzen, filosofian, soziologian, antropologian eta antzeko beste arlotan ere garatzen diren gaiak. Normal xamarra da, beraz, zenbait medikuk halako idazlanak irakurtzera lerratzea, baita irakurtzetik idaztera iragatea ere.
Poesia idazteari lotzen denak ere badu oharkabean bere burua osatzeko behar gisako bat, gabeziak berdindu beharra, existentziarekiko kezka… Baina, naski, inor ez da poesia idazteari lotzen terapeutikoa delakoan. Nahiz, idatzi ahala, den mailan dela, badituen ondorio osasungarriak, giza-jarduera guztietan gertatzen den bezala, bereziki sorkuntzazko arloetan. Niri dagokidanez, sentipenak, bizipenak, ideiak hitz poetiko bilakatzea lortzen dudan bakoitzean osasunbideko mugarri bat erdietsi izanaren sentsazioarekin gelditzen naiz…, lipar batez.
Jakina, poesiaren ezaugarria ez da soilik ‘zer’ adierazten den, ‘nola’ berixezinezko osagaia da. Eta horretan hitzen garrantzia baitezpadakoa da, azken buruan haiek dute sortzen, mamitzen poesia, are “gidatzen” idazketaren prozesua; hitzen eta isiluneen munta, barne-erritmoa, musika…, funtsezkoak baitira.
Beste zerrenda bat, poeta exiliatuena: Ovidio, Friedrich Hölderlin, Emily Dickinson, Marina Tsvetaieva, Anna Akhmatova, Luis Cernuda, Salbatore Mitxelena eta Alda Merini aipa daitezke beste askoren artean. Bizitzaren gorabeherek, ostera, barne exiliora garamatzate sarri askotan. Poesia izan al daiteke, zure ustez, exilioaren ondorioa?
Bai, nire ustez poesia -hutsune eta gabezietatik sortzen den hats hori-exilio edo autoexilio suerte batean da egosten, norberaren amildegitik -edo talaiatik- loratzen. Minduraz eta beltzuriaz zeharkatua izan, lirikotasunez, kritikaz izan. Dena den, aldez edo moldez poesiak beti du norberaren pathosetik oihartzunen bat. Egia erran, arte-mota guztiek badute horretarik zerbait. Emaitzek giza-ostertza zabaltzen dute, munduan kokatzen laguntzen, bizitzaren tragikomediaren poesia osatzen eta garatzen.
Zure poesia nafartasuna adierazteko ahalegin sutsua dela esan zuen Pasaiako Koldo Izagirre idazleak. Erronkari, Baztan eta Aiezkoaz gain, Bizkaia, Bretaina eta Italia ere aipatzen dituzu. Hizkuntzaren galeraz edo nahikari galduaz diharduzu, baina hizkuntza bera mugaz haraindi udan abesten duen txori erresiñula dela aldarrikatzen duzu. Nafarrerazko trazuek xarmaturiko zure olerkien hizkera zeure estiloaren bereizgarri bilakatu da. Xabier Amurizaren hitzak gogora ekarriz, euskara da euskaldun egiten gaituena ala euskaraz solas egitea eta idaztea?
Erran beharrik ez, lengoaia giza espeziearen eboluzioan erdietsiriko dohain eta gaitasun behinena da, horrekin batera gertatzen baita garunaren garapena eta, beraz, beste hainbat gaitasun eta ahalmen. Gizateriaren ezaugarria da, hizkuntz-komunitate, herri bakoitzean hizkuntz-era berezian obratzen dena, sorreratik beretik ardatz sozial gisa. Ezaguna da Ferdinand Saussure hizkuntzalariak zioena: hizkuntza lehen erakunde unibertsala da, herri bakoitzean. Baina, jakina, herri batek boterekeria metatzen duen heinean, beste zenbait herri eta lur kolonizatutakoan bere hizkuntza du inposatzen; hori da gertatu eta gertatzen dena, menpeko hizkuntza/hiztungoa diglosiara kondenatuz. Euskarak egiten gaitu euskaldun ezaguna aipatzen duzu. Niretzat, beste anitzentzat bezala, euskara baitezpadako ardatz da, literatura eta poesiaren alorrean funtsezkoa. Baina beste kontu bat da sozial mailan euskara domeinu guztietan garaturik egotea, hizkuntza normalizatu guztietan gertatzen den bezala. Hala ez bada, zalantzabako seinalea da herri hori ez dela beregain, diglosian azpibizirik beste batek bereganatu duela haren “unibertsaltasuna.” Hala ere, nor izanik, herri bat beti bermatuko da berreskuratzen bere etxean datxekion “unibertsaltasuna”.
Poesiaz gain, bi saiakera argitaratu dituzu: Euskera eta Nafarroa (1973, Egilea editore) eta Euskara bizitzaren kenkan. Orekaren mintzoa (1988, Pamiela). 2010ean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zintuen. Nola ikusten duzu gaur egun euskararen osasun-egoera?
Aspaldidaniko diglosiak dakarren osasun ez-nahikoan bizitzera beharturik, egoera larrian. Egungo aro digitalean, AA eta beste, ia oharkabean ZIUrako bidean suerta daiteke. Kezkagarria, beraz, funtsean, euskaldungoaren araberakoa.
Baina, aipatu bezala, nor izanik, beti garatu izan dira diglosiari jazarri-eta garatu izan diren erresistentziak, eta, jakina, erresistitzen duenak bizirik dirau eta alderantziz. Horri esker lortu da hizkuntza bizirik iritsi izana gure egunetaraino, bidean garrantzizko domeinu-sozialak lortuz. Baina zinezko normalizazioranzko bidean aitzinerako urratsak egin ahal izateko ezinbestekoa da jauzi kualitatibo bat ematea erresistentzian.
Horretarako, baitezpadakoa da diglosiaren argazki osoa agerian ezartzea, hortik abiatzea eta eraikitzea normalizazioranzko desmartxa. Bestenaz, errealitatea lausotuta gelditzen da, ia ezkutatuta, gure kaltetan eta sistema dominanteen fagoretan. Ondorioz, bizi-estrategia mailatik beherakoak izan ohi dira ideiak eta jarduerak, helburua eta bitartekoak ez-nahiko uztartuak elkar-elikatze prozesuan. Eta maila hori ez bada behar bezala jorratzen, sistemaren ideologia eta praktika nagusitzen dira, oposizioarenak ilusio mailan gelditzen. Adibidez, uste izatea euskararen estatusa erabat normalizatu daitekeela espainerak eta frantsesak daukaten maila berean, haien onarpenarekin, gainera; azken buruan sistema dominanteak demokrata direlakoan. Jakina delarik hori ez dela inoiz gertatuko, ezta inon gertatzen ere. Aski ezaguna da, estatu demokratiko batean hizkuntza bat baino gehiago daudelarik zehazki finkatuta dago bakoitzari dagokion lurraldea, eta bertan hizkuntzaren eskubide-obligazio sozial guztiak atxikitzen ditu. Hizkuntza eta lurraldea elkarri lotuta baitaude.
Erronka zaila da, oso. Ideologian ahaldun eta praktikan eraginkor jardutea ezinbestekoa da. Izatekotan, hortik soilik etor baitaiteke zinezko normalizazioranzko bidean kokatu ahal izatea dinamika. Eta hori herrigintza asmoz eta jakitez indartzetik hasten da, halako bidean ahalmen sozial handi eta jarraikia baitezpadakoa baita.
2025ean, berriz, ohorezko Lauaxeta saria jaso zenuten Benito Lertxundik eta biok Bizkaia maite poema eta kantagatik. Sariaren banaketan, Elixabete Etxanobek, Euskararen, Kulturaren eta Kirolaren diputatu foralak adierazi zuenez, Bizkaiak abesti hori bere himnotzat duela bizkaitarren sentimenduak agerian uzten dituelako, iragana goresten duelako, bizipoza eta gaur egun bizirauteko desioa abesten dituelako eta geroko Bizkaiaren esperantzari leihoak zabaltzen dizkiolako. Ados al zaude adierazpen horiekin?
Edozein sortzailerentzat saririk handiena eta preziatuena da bere sorkuntza bat jendeak bere egin duela sentitzea. Hori gertatu izanak Bizkaia maiterekin bihotz-altxagarri den haurridetasun moduko batean murgilarazten zaitu. Edozein gisaz, oihartzun horren arrazoia Benito Lertxundi izan da, poema kantu bilakaturik, letra eta musika egoki uztartuz, gainera. Zalantzarik gabe kantu bilakatu izan ez balitz inork gutxik ezagutuko zukeen poema. Azpimarragarria den egitatea, azken hamarkadetan poesia asko sozializatu baita gurean kantuei esker.
Guztiarekin ere, niri dagokidanez -zinezkoak eta eskertzekoak izanik ere- beti soberaxkoak zaizkit halako laudorio eta adierazpenak; beti pentsatzen baitut hameka direla gizarte mailako hainbat lan eta zereginetan diharduten pertsonak, oroen aitortzaz gain duintasunez jardutea merezi dutenak.
Katulo poeta erromatarrak Lesbia ezizena erabiltzen zuen bere maitalearentzako poemetan, Safo lesbiar poetaren omenez. Zuk zeuk Joxepa Ederra aipatzen duzu hainbat aldiz, baina jakin al dezakegu nor den Joxepa Ederra: ezkongaiak uxatzen egunak ehuntzen eta gauak askatzen igarotzen zituen Penelope ala Troiako gerra piztu zuen emaztekia, hots, Greziako emakumerik ederrena?
Joxepa Ederraren istorioa Bidasoa aldeko ipuin batean azaltzen da, herri-kulturan. Ipuina irakurri nuenez geroztik miraz nagokion pertsonaia paradigmatikoa da. Emakume ausart, libre, ahaldundua, indarrean dauden sineste eta arauen egoerari buru egiten diona.
Ipuinean, beste hainbatetan bezala, geruza desberdinak nabarmentzen dira. Batzuk garaiari eta indarrean zegoen statu quoren araberakoak. Kristautasuna ardatz zen, hari zegokion intrepretazio -eta praktika- dualista nagusi zen. Horiek hola, fedea eta arau kristauak hausteak dakartzan kalte eta kondena, ifernua, aldez edo moldez, bortxaz, naski, sozializatu beharra zen, mendeetan zehar. Horren arabera, beraz, Joxepa Ederrak merezi zuen zigorra jaso izanarena predikatuko zen, behin eta berriz.
Horren denaren azpian, baina, askoz ere zaharragoa eta osasungarriago datekeen arketipo primordial baten oihartzun xumea datzalakoan nago. Herri mailan atxikia, garai luzeko interpretazio kristaua nagusituagatik; agian, arketipoa mendez mende iraunarazi duena.
Ipuinean berezi diren xehetasunak azaltzen dira. Joxepa ez da sinestun, egonkortua gainera, gauerdiz ur bila joatera ausartzen da, nora eta harpeko atarian dagoen iturrira… Hots, Geo arketipo nagusiaren gisakoa datekeen Mariren gisan? Mari ortzean eta bestetan harpeetan agertzen baitzen, bizi ere bai, hots, azpimunduaren baitan, besteak beste, haren errepresentazio eta mezulari izaki. Era berean, Joxepa Ederra gaueko jainkosa gisakoa ere izan daiteke, bertara itzultzen dena, aldika iragarriz eta oroitaraziz eguna-gaua, errealitatea-erreala, mundua-azpimundua, ordena-kaosa… bizitzaren osagai bereixezinak direla; erran nahi baita, maila, leku eta aro desberdinetan subkontziente kolektiboan datzan arteketipo unibertsala. Herri-kulturan eraginkor manera bizi den gure Nyx xumea?
Bada gure herrian bizirik mantentzen den horren oihartzun izan daitekeen jarduera-egitate sozialik. Baina hori beste kontu (interesgarri) bat da.
Bada, niri Pertsefoneren mitoa datorkit gogora. Infernuko erreginak adierazten duen dualtasuna, hain zuzen: eguna eta gaua, uda eta negua, argia eta iluna.
Bai noski, hain anitzak baitira mitologiaren “aztarnategian” pilatzen, nahasten eta agertzen diren geruzak… Joxepa Ederraren pegarrean ere bai, hain segur.
Eta, bitasunekin ari garelarik, Shakespeareren izan ala ez izan auziak zeharkatzen du zure olerkien osotasuna. Dualtasuna da naturaren muina, eta, ondorioz, baita maitatzeagatik sufritu duen poetaren bakarrizketaren funtsa ere, odi et amo. Izan eta ez-izanaren artean, bizitza zer dela eta zer ez dela esango zenuke?
Izan ala ez izan…, gai sakona, gero. Maila eta jarduera guztien funtsean datzan bizitza ala heriotza dualitateraino garamatzana. Pertsonalki errotik habitatzen nauen errealitatea, sozial mailan, minbiziki arduratzen; osasuneranzko bidea, bietan, haietan barna iragaten delakoan. Giza-jarduerak, kontziente izan edo ez, haren eraginez onduak dira. Poesian agian nabarmenago, eta bai, nire lanak dualitate hark zeharkatuak dira, bi buruak onartu beharreko erronkan.
Pertsonal mailaz haratago dualitatearen auziaren dimentsio soziala unibertsala da, ezinago sakon txertaturik dago gizateriaren jaiduran, antolamendu eta jardunbide orotan. Horretan erlijioen eragina erabatekoa izan da, naski -ahantzi gabe erlijioak gizateriaren beraren emaitzak direla-, morala, giza-arauak eta haietatik eratorririkoak oro, alegia. Hainbat non sozietate guztiak, funtsean, dualismoan oinarritu, antolatu eta garatu eta garatzen diren, gu vs besteak. Eta horrek lotura zuzena du gizateria eta mundua antolatzeko eta kudeatzeko moduarekin. Deus ez, alegia…
Digresio gisan: botereak berezkoa du itsutuki saiatzea kaosa azpiratzen, baztertzen eta are suntsitzen. Erran bezala, alferrik, kaosa, den era eta mailan dela, bizitzari datxekion magma bezalakoa baita. Eta hor ere osasun kontua da erronka, biak onartu-eta propioki kudeatzea gakoa. Gure herrian bada horrekin zerikusirik dukeen jarduera sozialik (bidenabar, Joxepa Ederraren arketipoaz aipatuarekiko loturan): jaiak, herri-ihauteak, auzolana… Zuberoako maskaradan, adibidez, ordena eta kaosa plazaratu-eta -gorriak eta beltzeria- bakoitzari datxezkionak antzezten dira, kontrajarri maneran, naski, baina bukaeran denek dute branlea dantzatzen, elkarren arteko sokan. Noiz eta ihaute denboran, herri komunitatea “hil” eta “bersortu” ospatzen den erritual sinbolikoan, plaza publikoan, beraz, eta herritar guztien aitzinean. Proiektatzen den nahiaren isla, jendarte integratuagoarena?
Jakina den bezala, hainbat arlotatik ikertutako gaia da (antropologia, filosofia, soziologia…), erritualak funtsezkoak baitira herriak eraikitzen, trinkotzen eta bizirauten. Ez da behialako kultur-tradizioa kontua, egungo aro digitalean ere sozietate-herri guztiek etengabe dituzte sortzen, egokitzen eta gauzatzen ospakizun erritualak, eta alderantziz.
Ele eta hitz zure saiakera liburuko Zenbait gogoeta bertsolaritzaz atalean, ahozkotasunari buruz diharduzu, Platonena ezarriz ahozkoaren eta idatziaren arteko behin betiko hausturaren garaitzat. Aspalditik bogan dagoen gai bat gogora ekarrita, bertsolaritza poesia dela esango al zenuke?
Bersolaritza eta idatzizko poesiaren arteko auziak aurrekaria zaharrak dauzka, bi genero horiena baino aise zabalagoko neurrian. Mendebaldeko bilakaera sozio-kulturala hainbat osagai bereziren arragoa da, kristautasunaren eragina, arrazionalismoaren garapena, iraultza industriala, burgesia eta langilegoaren sorrera, kapitalismoa, inperialismoa… Baldintza berri horietan ahozkotasunaren kultura eta munta soziala gero eta baztertuagoak ziren, “zibilizatu” gabekoen azpikultura, aroak, interesak eta bilakaera sozialak nahi eta behar zutenaren aitzikoa izanki. Azken finean, potentzialitate arriskutsuko herri-ahotsa zelako. Baina horrek badu aurrekaririk… eta taigabeko ondoriorik. Eta horretarko Grezia klasikoraino joan beharra dago.
Platonek, bat etorki Sokratesekin, filosofia-dialektika arloan ahozkotasuna lehenesten zuen, baina berdenboran arras kritiko dager arlo hartan ahozko poesigintzak eragin zezakeenaz, arrazoiaren aitzikoa jotzen baitzituen emozioa eta bat-bateko sorkuntzak, aldakor eta ez-fidagarri (Errepublika lanaren 10. atal osoa ahozko poesiaren aitziko argudiaketa dialektikoa da).
Ahozko poiesis-ak, funtsean, kaosaren oldarrez zangopilatu zitzakeelakoan izpirituak eta polisaren garapen ‘arrazionala’. Homerori berari zuzentzen zaio, funtsean, egun arte dirauten osagai sozialak finkarazten dituelarik: Poeta guztiak, Homerogandik haste, bertuteaz edo beste edozein gaiz dihardutelarik, errealitatera inoiz iristen ez diren mamuen imitatzaileak baizik ez dira” (…) Arimaren alderdi ahulena lausengatzea du helburu, ez haren onena; funtsezko arrazoirik aski badaukagu, beraz, halakoei jakinduriazko legez gobernatu behar den estatu batean sarrera galerazteko. (…) Desordenaren irudia eragiten dute. (…) Denetan txarrena, baina, gizakiok minberatzeko duten artezia da, hargatik dira perilus. (…) Halakoekin minberatzea ez dagokio gizonari, hori emakumeei da. (…) Homerozalei Grezia hark egituratu zuela entzuten diezunean, kasu eman Glaukon; are onartu iezaiezu poetarik handiena dela eta lehenengoa tragikoen artean, baina gisa berean, jakinarazi gure estatuan jainkoei zuzendatutako aintzak eta gizon handien laudorizko poesiak baizik ezin ditugula onartu, limurkor musari bidea emanez gero, epikoa zein lirikoa, plazera eta mina nagusituko bailirateke estatuan legeen ordez, arrazoiaren tokian”. “Arrazoiak obligatzen gintuen poesia gure estatutik herbesteratzera”.
Garbiago ezin. Ahozko poiesisa, beraz, ordenamendu berritik baztertzea izan zen joera, polis-a arrazional ziren arau eta legeetan oinarriturik antolatzen ari zen aroan.
Dena den, jakina da Atenasen eraikitzen eta finkatzen ari zen “arrazoizko” estatuak emakumeak eta ilotak kanpoan uzten zituela. Arrakala eta segregazioa horren antzera beste zenbait ere gertatu ziren, Haien artean ahozko, eta are idatzizko, poesiarekiko mesfidantza. Funtsean, egun arte dirauen eredua. Gure garaian ere kultura, poesia barne, jarduera “hornitzailetzat” jotzen da, zinezko munta duten sozial aferetatik atekoak delakoan, alegia. Arrazoiz bezainbat emozioz mamituak izaki, hain zuzen, bestelako ethos sozialaren ahots potentzialki “kontrolgaitzak” diratekeelakoan.
Oroitu beharra dago historiaren kontatzaileak, memoria historikoaren bermeak, ahozko poetak zirela, Grezian bezala, Persian, Ur zibilizazioan, Indian, Txinan… Zenbait zibilizazio saga horietan oinarriturik eraikiak, eta are berreraikiak, izan ohi ziren. Oraindik ere, indarrean dauden zenbait konstituziotan ez dira guti haietatik eratorri irizpide eta oinarriak.
Horri erantsi behar zaizkio denboran zehar mendebaldeko ordenamendu eta zibilizazioan dautzan kristau moral eta printzipioak, oinarrian dualismoa. Testuinguru horretan ez da harritzekoa ahozko herri-kultura higatuz etorri izana mendebalde osoan, braustaka zein tantaka. Egia erran, harrigarriena da iraun izana; seguraski giza-kondizio sozialean uste baino funtsezkoagoak diren osagai eta jarduerak direlako. Haien artean, bertsolaritzak suposatzen duena, subkontziente kolektiboaren isla bezanbat eragile, hizkuntza eta bere kulturaren memoria bizian. Nire ustez horregatik da sinesgarriagoa arazo sozialez diharduelarik, jendartean baitan barnago eta eraginkorrago txertatzen, egungo “Akademiakideen peredikiak” baino.
Oteizak hutsunez betetzen zituen bere eskulturak; alegia, eskulturak berak hutsunea sortzen zuela erakutsi zigun. Hutsuneak herstura eta ezereza, bakardadea eta heriotza adierazten zituen Orioko artista eta poetarentzat. Zuk zeuk Oteiza, Jorgeri (Phonogauzak) argitaratu zenuen Pamielarekin. Zer da, zuretzako, hutsunea?
Hutsunea, isiltasuna bezala, bizi-energiaz beteriko egitatea da, nabaitzen ez ditugu ere erritmoz, musikaz, bizi-hatsaz osatua… Bizitzaz beterikoa, beraz. “Espazioan” hutsean erraten dugu, ezagutzen ditugun sorkuntza ororen sorgia, gu barne; hots, bizitzaren jatorria ustez hutsa den handik eratorria da.
Horiek hola, iruditzen zait hobeki ulert daitezkeela Oteizaren hutsarekiko atxikimendua eta interpretazioak. Baita zenbait jardueratan ere isiluneak dauzkan erranahi berezia eta sortzeko berezitasuna: poesian, musikan…
Minaren bi adierak ageri dira etengabe zure lanetan. Poza eta atsekabea elkar elikatzen direla uste al duzu?
Bai, niretzat bereizezin dira, aipatu kaos-ordenaren ildokoa eta, funtsean, eros-thanatosen artekoaren ondorioa, aipatu dudan gisan. Nigan, behintzat, halako zerbait gertatzen da, eta uste dut hori bera erran daitekeela munduan zehar historikoki eta egungo egunetan gertatzen denaz.
Bizitza joan-jinaren labirintoa izan daiteke, hots, odisea bat, eta gu, Ulisesen antzera, bere protagonista. Zure ibilbide literarioan zerbait egiteko gogoz gelditu zara ala ase zaude orain artekoarekin?
Aipatu bezala, sorkuntza bat ondutako bakoitzean asebete-edo gelditu izanaren sentipenak habitatzen zaitu, tarte batean. Segidan, baina, jakinminak, beharrak… edo asekaiztasunak akuilaturik sorkuntza berriak ontzeari lotzen zara…, nire kasuan, jakinagatik aurrekoak bezain ez-asetzeko modukoak izanen direla. Asebete, beraz, inoiz ez; alderantziz. Zorigaitzez… edota zorionez?
Esker anitz bihotzez, Jose Anjel, zu ezagutzeko aukera eskuzabalki emateagatik eta elkarrizketa onartzeagatik. Poesiaren aitzakian, gehiagotan elkartuko garelakoan, jaso ezazu ene estimurik zintzoena.
Esker-on ni natzaizu, Maite.