Elkarrizketa :: miel a elustondo; argazkiak: zaldi ero 2022/07/29
Arrate Egaña

«Pareta bat jartzen dut nire eta neure obraren artean»

Idazle zaildua dugu Arrate Egaña Gimenez (Errenteria, 1963). Nahi beste dira argitaratutako liburuak, eta gutxi ere ez jasotako sariak: Erroxape, Emakumeak Kontari, Lizardi, Gabriel Aresti, Donostia Hiria, Mikel Zarate... Baporea saria irabazitako ‘Printzesa puzkertia’ irakurri genion aspaldi eta bide handia egin du handik hona, ale mamiz beteak eskainiz beti irakurleari. Ipuingintzan nabarmendu du bere burua, eleberrigintzari uko egin ez badio ere. Oraindik orain argitaratua duen ‘Itzalen distira’ (Erein, 2022) ipuin-liburua hartu eta joan gatzaizkio...

Despistatua zarela esanez etorri zatzaizkit, eta ez dakit, bada, nola litekeen despistatu izan eta hainbeste sari irabaziak izan…

Despistatua naiz, baina gauza batzuetan bakarrik! Idazten dudanean, zentratu egiten naiz.

Zerk jartzen zaitu ipuin idaztera?

Ipuinak idazten ohi ditut, eleberri bat idazteko behar den beste denborarik ez dudalako. Ipuin-formatua erraza eta eroso zait. Dena dela, nobelagintzan ere saiatzen naiz. Genero oro egiten zaizkit erakargarri. Bestalde, sortzeko beharra daukat, txikitatik, eta ordudanik idazten dut, eta margotzen. Nolanahi ere, batzuetan pentsatu dut idazteak arazoak ekartzen zaizkidala, baina idazten jarraituko dut: ez da aukera bat. Terapeuta batek behin esan zidana da: “Ez idazteari utzi. Uzten saiatu zara, ez duzu lortu. Beraz, jarraitu”. Idazteak arazoak ekartzen dizkidala esan dut, eta, hain zuzen, da lanak amaitzeko astirik ez dudalako. Zirriborro asko ditut, ekoizpen asko hasita, baina hortxe daude, erdi usteltzen. Eta inoiz haietako bat hartzen badut, konturatzen naiz ezetz, jada ez naizela orduan idatzi zuenarekin identifikatzen.

Hasi, erraz; burutu, nekez.

Oso gutxitan hasi eta bukatu dut ekoizpen bat. Zirriborroak, eskemak, bertsioak, asko. Idazten ari naizenari buruzko irakurketak ere, hainbat dira. Ikuspegi ezberdinetatik idazten saiatzen naiz, narratzailea aldatzen dut, tramak, pertsonaiak… eta, ahal dudanean, bukatzen dut.

‘Itzalen distira’-ko ipuinak bukatu zenituen, noizbait.

Bai. Eta Ereinera bidali nituen. Hantxe eduki zituzten editore batek irakurri zituen arte; asko gustatu zitzaizkion, hala esan zidan behintzat, eta martxan jarri ginen. Harrezkero, Uxuek [Razkin] hartu zuen nire testuak editatzeko ardura eta liburua orrazten hasi ginen. Ipuin batzuk kentzeko proposamena egin zidan, eta nik onartu.

Ipuin gehiago zirela esan nahi duzu.

Bai, bost gehiago-edo baziren, eta ildo bati jarraitzen ziotenak argitaratzea erabaki genuen, liburuaren izenburuan ageri den ildoa, alegia: itzalen distira edo itzalen argia, bataren eta bestearen arteko kontraste horrekin bat egiten dutenak. Pertsonak bestelakoak gara; batzuentzat onuragarri dena, beste batzuentzat kaltegarri da. Ildo horri tiraka, sakrifizioraino irits daiteke, inoren edo zerbaiten alde egin nahian zenbait gauza sakrifikatzera –baita zeure burua ere–, iristen baikara. Argi-ilunen ideia da, azken finean. Motibo horrek beste kontakizun batzuen gaiak zeharkatzen ditu: denboraren joana, obsesioak, zahartzaroa, heriotza...

Ipuinak irakurririk ere, liburuari izena eman dion ipuinaren bila hasi nintzen, ohi dudanez, baina ez nuen aurkitu.

Liburuaren ardatza hor zegoen, baina hasieran ez nion horri erreparatu. Izenburu sinpleago bat jartzea ere pentsatu nuen. “Marquez, eta beste ipuin batzuk” jartzekotan nintzen, hori izan baitzen idatzi nuen lehen ipuina. Baina Uxuek [Razkin] ezetz esan zidan: “Ez, aipatu dizkidazun ideietatik abiatzea merezi du”. Eta hortxe ibili ginen, harik eta izenburu egokia hautatu genuen arte. Itzalen atzean dagoen argia, kontrasteen kontzeptua… Ideia oso zaharra da, baina ni motibatu egin nau, bilduman agertzen dena jasotzen duelako.

Liburua aurkeztu zenuten, gisa denez, baina idazlea –euskal kultura, oro har–, ikusezina omen da.

Sentsazio horixe daukat nik. Zenbait idazleren liburuak ikusi, sekulako lanak, eta pentsatzen dut: “Nola liteke, ordea!?”. Kalitate ikaragarriko liburuak argitaratzen dituzte, eta oihartzunik ez! Pena da hori gertatzea liburua euskarazkoa delako… Eta emakumea izanda, zailagoa da. Asko hitz egin da emakumeen presentziaz literaturan, baina estatistikak errealitatea garbi erakusten du. Hori esanda ere, uste dut kontsumo-gizarte honek autoreak sakralizatzen dituela; lan berria argitaratzen duten momentuan, behintzat. Autorea saltzea, agian beharrezkoa bada ere, ez zait oso sanoa iruditzen; hortxe dago obra. Obra egilearen onena da, eta ez alderantziz.

Liburura itzuliz, haren giltzaren bila ibili natzaizu, harik eta zeuk eskaini didazun arte: argi-ilunak, alegia. Ipuinen hurrenkera baitezpadakoa da zure liburu honetan, ala iritzira ezarri dituzue bata bestearen ondoren?

Bada ordena, bai, baina argitaletxeak erabaki zuen, ez nik. Niretzat inportantea zen “Marquez” ipuina lehen tokian agertzea. Ipuinarekin identifikatzen naiz –ez naiz ni, ez da nire bizitza–, baina ipuin horren giroan egoera politiko bat dago, gainerako ipuinetan ageri ez dena, eta egoera politiko hori inportantea da niretzat. Are gehiago, orain arte egin ditudan ekoizpen askotan sartu dut, nola edo hala, egoera horri buruzko printzaren bat, zertzeladaren bat. Gainera, “Marquez”-ekin sari bat irabazi nuen, eta inportantea zen liburua ipuin horrek irekitzea. Ondokoen ordenak ez zuen garrantzia niretzat, Uxuek erabaki zuen.

“Egoera politiko hori”, esan duzu… Zertaz ari zara, zehazki?

Errenterian jaioa naiz, nahiz eta Bermeon bizi naizen aspaldi. Bigarren herria dut Bermeo, zoragarria niretzat. Baina Errenteriakoa naiz, hantxe eman nituen 80ko eta 90eko hamarkadak, eta horren zigilia-edo daramat. Jon Arretxeren [Mikel Zabalzarekin batera atxilotua 1985ean, torturatua] laguna nintzen, ahaide bat kartzelan eduki zuten –ez oso luze, baina torturatu ere egin zuten, eta oso gauza traumatikoa izan zen gure etxean–, eta beste hamaika kasu ezagutu nituen. Haurtzaroan dena onartzen da, normaltzat hartzen. Lagunekin ginela: “Zer joango gara, pubera edo manifara?”, esaten genuen. Eguneroko ogia zen manifa. Eta institutuan ari ginenean ere, manifestaziora jaisten ginen ostiralero. Alegia, egoera haietan min handiak sortzen ziren.

Idazketaren bidez min hori ateratzen asmatzen duzun ez dakit.

Ez zait erraza egiten, baina behin edo behin bai, irudikatu dut nolabait. Familiak, lagunek… nola bizi izan zuten hura interesatu zait. Eta, idazten jartzean, hortxe ateratzen dira batzuk eta besteak, gertakizun batzuek min eman zidatelako, edo inportanteak izan zitzaizkidalako. Kontu horrekiko edo beste batzuekiko, zerbaitek klik! egin eta idazten hasten naiz. Ondoren, aztertu, eta hantxe ikusten dituzu hau eta hori idaztearen arrazoiak. Egun, egoera politikoa ez da oso gai indartsua nire lanetan -ez dut gustuko fikzioan erretolika ideologiko edo pedagogikorik sartzea-, baina hortxe da beti. Genero ikuspuntuarekin berdin gertatzen zait, nahitaez.

Dozena erdi ipuinetan, umore handikoak ere badira zure liburuan. Umore beltza da, tarteka.

Oso inportantea da umorea, eta ez da batere erraza umorea idaztea. Asko baloratzen dut, eta ez literaturan soilik. Nork bere umorea du, eta badakit zenbait jendek ez duela ipuin batzuetako umorearekin bat egingo, baina hori besterik da. Nik neure partea egiten dut. Umorea dela-eta, liburu batzuk ditut gogoan, Terry Eagleton, El humor, edo Jon Alonsoren Umoreari buruzko gogoeta, liburu txiki bezain interesgarria; barre egin nuen irakurtzean. Irati Jimenez ere horretan aritzen da bere Begiak zabalduko zaizkizue liburu ederrean. Uste dut umore gehiago behar dela euskal literaturan, izan umore beltza, izan urdina edo edozein koloretakoa.

Urdina, izatekotan… zure liburuaren azala. Zeuk egina.

Nirea da, eta ez da. Nik egindako margolan zahar bat zeukaten Ereinen, eta Iturrik [azal-egilea] margolan hartatik irudia atera, hondo urdina jarri eta egin zuen azala. Irudia nirea da, muntatzea Ereinena.

Txori baten irudia ageri da azal horretan, guztiz txuria, odol-orbanarekin.

Hortxe sakrifikazioa. Eta ipuinetako batean ere txori bat sakrifikatzen da. Hainbat aukera egin behar izaten ditugu, eta bata aukeratzean, besteak baztertzen ditugu. Hor ere bada sakrifizioa; motibo horrexekin egin nuen margolana.

Deigarri da ‘Lolitaren ama’ ipuina. Ipuinean, ikasleek Lolita irakurtzen dute, ez Haur besoetakoa, adibidez.

Jon Miranderen narrazioa ez da irakurtzen, eta pena da. Haur besoetakoa ikaragarri ona da, pitxi bat. Nik uste nire liburuan Lolita agertzen dela, batetik benetan irakurtzen delako hainbat tokitan, eta bestetik, Lolitaren ama delako inportantea kontakizun horretan. Niri, behintzat, huraxe interesatzen zait, neu ataka horretan nabilelako, Lolita posibleen ama naiz. Hortxe zahardadearen gaia. Beste ipuin batean, azaltzen da heltzen dela garai bat non beste batzuek erabakitzen duten zure bizitza; adinaren ondorioz, pertsona-kategoriak behera egiten du. “Nik ez dut nahi!”, esanarazten diot ipuineko pertsonaia horri. Mari Luz Estebanek oso egoki azaltzen du gaia bere manifestuan. [Andrezaharraren manifestua, Pamiela, 2019]

Errebelatu egiten dira Lolitaren amak.

Ez dakit liburuko ama hori errebelatzen den ere, baina eskubidea du. Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea irakurtzen hasita nago, eta uste dut horko pertsonaiek ere badutela matxinatzetik. Interesgarria iruditzen zait.

Bermeon, irakurle-kluba zuzentzen duzu. Zer esango zenieke ipuin liburu honetaz klubeko balizko irakurleei?

Lehenik, eta ez diot galderari itzuri egin nahi, oso inportantea dela nork bere irakurketa egitea, funtsezkoa. Gainera, horrela eginda, informazio interesgarria, baliagarria, oso aberatsa jasotzen dut. Literatura polisemikoa da berez, eta, hortaz, irakurle bakoitzak bere arrazoia du. Nik, bestalde, kezkatzen nauten gaietatik abiatuta idatzi dut ipuin-liburua, eta gaia ez ezik, ipuinetako trama, azpitrama, pertsonaiak… interesatzen zaizkit. Elementu horiekin jolas eginez gero, zoriontsua naiz. Batzuetan! Kar, kar… Ipuina ateratzen ez zaidanean ez da hain dibertigarria! Kezkatzen nauten kontuetatik abiatuta idazten dut, eta ez neure bizitzatik, nire bizitza ez da-eta hain interesgarria edo kontagarria.

Idatzi bai, baina zeure burua gordez.

Thoreauk badu liburu bat, Escribir, zoragarria. Esaten du idazleak noizbait bere bizitzaz idatzi behar duela, laburki bada ere. Nik ez dut inoiz egin. Hainbat ipuin ditut zain, errekameran, autobiografia kutsukoak, baina ez ditut bere horretan utziko, nahitaezkoa dut haietan fikzioa sartzea, ipuina biribiltzeko besterik ez bada ere, literarioagoak bihurtzeko. Indarrean dagoen autofikzioa oraingoz ez zait interesatzen. Idazle batzuek primeran egiten dute. Hortxe dira Miren Agur Meabe, Eider Rodriguez, Alaine Agirre, Lander Garro… Baina niri ez zait ateratzen, eta ez dut neure burua behartzeko asmorik. Nire zer dagoen nire lanetan? Emozioak, gaiak, motiboak, tramak… baina ez ni. Pareta bat jartzen dut hor, nire eta neure obraren artean. Distantzia behar dut; bestela ez naiz eroso sentitzen.

Zertan da zure irakurle kluba, Bermeokoa. Emakumeak indarrez agertzearekin batera, irakurle-klubak dira oraingo literaturaren ezaugarri behinenak. Omen.

Nik eramaten dudan kluba oso-oso ondo dabil. Taldekideak oso jatorrak dira, irakurle adituak; denak emakumeak, gizonezko bat izan ezik. Ni saioa aurrera ondo eramaten saiatzen naiz, denek hitz egin dezaten, den-denek baitute zer esana. Eta kurtso amaieran, bazkaria egiten dugu, idazle bat gonbidatuz. Aurten Mari Luz Esteban etorri zaigu, zoragarri izan da. Datorren urtean Mariasun Landa etorriko da: kategoriakoa!

Liburuak aukeratzeko irizpiderik baduzu?

Gauzak demokratikoki egiten saiatzen naiz, irakurri beharreko liburuak denon artean aukeratzen, baina ez dago modurik: “Zeuk esan, zeuk erabaki!”, esaten didate, eta, orduan, bi lagunen artean erabakitzen ditugu tituluak. Emakume idazleen lanak, hainbat generotako literatura, itzulpenak… Itzulpenak direla-eta, ikaragarria da zenbait itzultzaileren lan bikaina! Idazleak ikusezinak garela? Eta zer dira, bada, itzultzaileak? Lan bikaina egiten dute, beraiei esker irakurtzen ditugu klasikoak eta munduan idazten diren gauzarik onenak! Eta, aldiz, ezezagunak zaizkigu. Behin, Anton Garikano ekarri genuen, primeran ibili ginen berarekin. Eta holaxe.

miel a elustondo; argazkiak: zaldi ero
Arrate Egaña
“Batzuetan pentsatu dut, idazteak arazoak ekartzen dizkidala, baina idazten jarraituko dut: ez da aukera bat.”
Entresaka
“Egun, egoera politikoa ez da oso gai indartsua nire lanetan -ez dut gustuko fikzioan erretolika ideologiko edo pedagogikorik sartzea-, baina hortxe da beti.”
Entresaka
“Literatura polisemikoa da berez, eta, hortaz, irakurle bakoitzak bere arrazoia du”
Entresaka