«Oinarrira bueltatzea eta pertsonak pertsonekin elkartzea, biribilean, elkar ikusten eta entzuten. Hor sendatu egiten gara».
Haurrak hain ondo ulertzen dituen norbait, eta hitz egiten hasi bezain laster haien arreta osoa lortzen duena, baita helduena ere, berarengandik ikasi beharreko pertsona dela sumatu nuen berehala, eta, egia esan, orduak igaro izango nituen berarekin hizketan. IKUSI-MIKUSI haur eta gazte literatura jaialdian, non Sarako herria liburutegi bihurtzen den, eta izkina bakoitzean liburuak aurki daitezkeen norbaitek noiz besarkatuko zain, Yolandak antolatu zuen bilkuran parte hartzeko aukera izan nuen eta, horren ondoren azaleratu zitzaigun hunkiberatasun osoarekin, literaturaz harago doazen eta bizitzarekin gehiago zerikusia duten gogoetak partekatu ahal izan genituen.
Esan behar dut elkarrizketa hau egin zenean oraindik ez nekiela Euskadi Literatura Saria jasoko zuenetako bat izango zela bera eta, egun batzuk gerora, horren berri izateak poz handia eman zidan. Beraz, berriro ere, ZORIONAK Yolanda!
Gustatzen zait beti hasieratik hastea. Hortaz, zelan eta noiz hasi zinen idazten?
Nik beti esaten dut idazten bost urterekin hasi nintzela, mundu guztia bezala, garrantzitsua baita letrak ezagutzea. Amak esaten zuen hitz egiten hasi nintzela oinez baino lehenago. Beraz, hizkuntzarekiko lilura hor zegoen baina lehen ez zen horretan ardura jartzen. Nik eskola nazionalean ikasi nuen, eskola txiki batean, eta normalean bost urterekin sartzen ginen, baina nik etxean ikasi nuen amarekin idazten eta irakurtzen. Eskolan redacción egin behar zen, erderaz ikasi nuelako, eta niretzat ez zen arazoa. Erraztasuna neukan, bada. Eta gero, hamazazpi edo hamazortzi urterekin, euskaraz alfabetatzen hasi ginenean, idazlanak egin behar ziren eta, hasi nintzenean euskaraz idazten, neure hizkuntzarekin lotu nuen idazketa eta gustua hartzen hasi nintzen. Trebatu ahala, euskaraz idaztea gustatzen zitzaidala konturatu nintzen, eta 28 urte nituela nire lehengo liburua argitaratu nuen, “Begigorritarren erlojua”, Baporea Saria jaso zuena 1991an.
Zergatik haur literatura?
Beti gustatu izan zait umeen ikuspegia. Uste dut oraindik dena gerta daitekeelaren umetako ahalmen hori mantendu egin nahi dudala, heldua zaren neurrian galtzen zoaz eta. Niretzat haur literatura bada “umeek ere” irakurtzeko modukoa. Egia da merkatuak dena sailkatu egiten duela baina “ere” hori jarri beharra dago gu geu izandako ume txiki hori geure barruan dagoelako, eta hori ezin da galdu. Hori galtzen baduzu, nola ulertuko duzu aurrean duzun umea? Merkatuak eramaten zaitu pentsatzera aurrerakuntza baikorra dela beti eta atzera ezin dela begiratu, baina batzuetan, abiadura hartzeko atzera joan behar dugu aurrera egin ahal izateko.
Zer eskaintzen dio Haur eta Gazte Literaturak irakurlego orokorrari?
Iruditzen zait ezin dugula garena saihestu, garen horretan oinarritzen baikara hurrengo pausua emateko. Haur eta gazte literaturak hori ematen dizu, beti ere hirugarren begi bat jarriz: zu ere izan zinen haur. Hori da interesatzen zaidana, hortik begiratzea gaur egungo umeari, nahiz eta beti aldatzen egon, baina posibilitateari leku egitea. Txikitan esaten genuen bezala, “handitan...”, nik jarraitzen dut esaten. Aldiz, nire adineko batek “ez dut hori egingo” esango luke. Horren ordez, “orain ezin dut, baina ahal dudanean egingo dut” esateak eta pentsatzeak laguntzen dizu beste ahalmen horretan jolasten. Nolabait, jarraitzeko aukera irekita uzten dizu. Horrexegatik irakasleak zein helduak haur hezkuntzako geletatik pasaraziko nituzke nik haur literatura zer den ikus zezaten.
Agian, aurretik, jakin beharko genuke zer den haur eta gazte literatura deitzen dugun hori...
Literatura hitza gastatuta dago. Egiten ditugun istorioak “umeak ere” edo “gazteak ere” irakurtzeko modukoak, eta batzuetan “ere” horretan sartzen da bai umeak, edo bai gazteak ondoan heldu bat behar duela, umeari entzuten, azalpenak emateko, edota, garrantzitsuena, berarekin partekatzeko momentu hori, ez dena inoiz berriro errepikatuko. Haurra horixe baita, inoiz gehiago errepikatuko ez den momentu, aldi edo garai bat. Umeentzat idaztea eta umeei erreparatzea bada behin eta berriro zure oinarrira bueltatzea.
Beraz, zure ustez, helduok animatu beharko ginateke haur literatura gehiago irakurtzera?
Ni ez naiz ausartzen bakoitzak zer egin behar duen esatera, baina gonbidapena luzatzen dut sorpresa handiak galtzen direlako. Askotan, umeak jaiotzen direnean inguruan, jendea harritzen da jakitean zenbat lan dauden ezagutzen ez dituztenak, baina aurreiritzi asko daude horren atzean. Nagusien literatura da guay dena, eta umeena ez. Adibidez, BERRIAn ere ez da agertzen, euskaldun komunitatearen euskarazko egunkari bakarra izanda, baina penaz eta amorruz baieztatzen dut behin eta berriro haur eta gazte literaturari aipu gutxi egiten zaiola. Eta ahaztu egiten dugu mundu bat behin eta berriro hasten dela ume jaio berri bat hasten den bakoitzean. Beraz, umeari erreparatzeak gauza guztiak berrasmatzeko aukera ematen digu. Haur literatura egitea umeari erreparatzea da. Ez da merkatu huts bat, ez da apal bat, eta ez da entretenigarri hutsa. Hausnartzeko, hitzekin jolasteko, ez-dagoenarekin jolasteko balio digu, eta nik uste dut ezagutzen ez duenak aukera handi bat galtzen duela.
Haur literaturak oraindik ere oso lotuta jarraitzen du hezkuntza testuinguruarekin. Oraindik eusten zaio hezigarriak edo eredugarriak izan behar diren sineste horri?
Literatura hori guztia bada, ezta? Literaturaren helburua ez da heztea, baina hezi egin dezake. Literaturen helburu bakarra ez da entretenitzea, baina entretenitu egin dezake. Literaturen helburu bakarra ez da hitzekin, denborarekin eta gauza guztiekin jolastea, baina hori ere egin dezake. Baina literatura egiten duzunean hori guztia egin dezakezu, baina baita ere ederra bilatu. Eta ederra ez da polita. Edertasuna bilatzea da ustez ezagutzen duguna baina esan ezin duguna modu grafikoan jartzea: irudiz, poesiaz edo fikzioz. Nik hori maite dut, nik hori bilatzen dut, edertasuna ez galtzea. Batzuetan polita izango da, beste batzuetan itsusia izango da, baina itsustasun hori ere eder bilakatzea, zauria ere eder konta dezakezulako. Batzuetan umeek ere harrapatzeko moduan. Beste batzuetan gazteek ere harrapatzeko moduan. Eta beti haiek ere bakarrik edo helduekin harrapatzeko moduan. Horrez gain, misterioa erantsi behar zaio, misterioa ere badelako literatura. Erantzunak bilatzea eta galdera berriak sortzea ere badelako. Eta nik horren bila jarraitzen dut.
Existitzen den gainprodukzio izugarriarekin, zertan fijatu behar gara umeentzako liburuak aukeratzean?
Euskal Idazleen Elkartea hor dago, baita Galtzagorri Elkartea ere, liburutegiak. Galdetu besterik ez da egin behar. Eta probatu, beldur barik. Era berean, keinua egin nahi izango nioke hezkuntzari, irakurketa ez delako liburu bakar batekin egiten. Adituek diotenez, irakurketaren zirkulua bermatu behar dugu. Horretarako, lehenengo liburuak eskura izan behar dituzte umeek. Gero, liburuak irakurtzeko tarteak eta lekuak antolatu eta programatu behar dira. Eta azkenik, irakurritako hori landu, komentatu, irratsaio bat egin, besteen aurrean ozen irakurri edo antzerkia egin. Jarduera asko dira burutu daitezkeenak. Baina, hor barruan, irakurketaren zirkulu horretan bitartekariak daude, hots, gurasoak, liburuzainak, irakasleak, zaintzaileak eta hezitzaileak. Umeari jaten helduak ematen dion bezala, irakurketarekin berdin jokatu behar da.
PISAren emaitzen inguruko polemika guztia dela eta, zertan ari gara huts egiten, bitartekari bezala, literatura txikienengana hurbiltzeko orduan, huts egiten ari bagara?
Nik uste dut, hala ere, ez dugula literatura hezkuntzarako egiten, baina hezkuntzaren egitekoa umea alfabetatzea eta osatzea dela. Ematen du alde horretan porrot egiten ari dela, eta ez dut uste tramankulo gehiago erosita hori konpontzen denik. Nire ustez eskolak bere eskola liburtegia eta bere liburuzaina behar du, eta hezkuntzak ere pertsonara bueltatu behar du berriro. Eta, noski, denbora eta tresnak eskaini behar ditu hori ondo, eroso eta lasai egiteko. Arazoa da orain ebaluazioaren izenean izugarrizko kontrol ariketak egiten zaizkiela umeei, eta horrek gustua eta gogoa kentzen dio, baita bitartekariari ere. Eta hori umeak nabaritu egiten du halabeharrez, eta umeak apurka-apurka, bederatzi urte inguruan, alboratu egiten ditu letrak, kontuak eta liburu usaina duen guztia.
Eta zer da gazteei eskaini diezaiekeguna irakurketara berrengaiatzeko?
Ez da zaila, erabakiak dira. Eskoletan tramankuluak sarrarazi dituzte, eta erabaki politikoa izan da hori. Jendea isilik dago baina agian altxatu egin behar gara. Programatzen bada irakurriko egingo dela, irakurritakoaren gainean arituko direla ulertzeko, idatziko dela eta idatziz adierazten ikasiko dela, eta horri denbora, espazioa eta borondatea emango diogula, norbaitek esan behar du hori egingo dela. Hortaz, ez da zaila. Nahi bat da. Nahi horretan batzuek ahalmen politiko-ekonomikoa dute. Besteok badugu ahotsa, eta agian isilegi gaude. Nik uste dut hortxe gaudela orain. Etorkizuna egin gabe dago, eta momentuan egiten ari garena ere bada etorkizuna, egunez egun eraikitzen ari garen hori bera. Beraz, hementxe dugu orain hautua.
Zure lanetara itzuliz, zerk inspiratzen zaitu idazterakoan?
Prozesuak ez dira inoiz errepikatzen. Gauza bakoitzak berea eskatzen du. Nik idazten dut nahi batetik. Jokoan dago beti bulkada bat, eta bulkada horretan egon daiteke sentimendu bat, oroitzapen bat, zentzumenetatik sartzen zaigun informazio bat, usain bat, irudi bat, ahots bat. Guzti hori konektatuta dago, eta idaztea da horri forma ematea. Horrek martxan jartzen du gure gorputz-etxea, zentzumenez, emozioez, irudimenez eta oroimenez eginda dagoena.
2015ean Euskadi Saria irabazi zenuen Argiaren alaba lanagatik. Horretarako, ikerketa lan sakona burutu behar izan zenuen. Nola suertatu zen hori?
Jakin nuenean Bizenta Moguel Elgezabal, Azkoitin jaio arren, Markinan hazi zela, eta ni ere Markinatik bi kilometro eta erdira jaio nintzen, sentitu nuen emakume horretaz gehiago ezagutzeko gogoa. Kasi horretan, bulkada hori izan zen: zapaltzen nituen kaleetan ni baino lehenago emakume bat egon zela, eta emakume hori umea izan zela, gainera. Hori kontatu behar nuen. Horrez gain, denboran atzera egin behar izan nuen eta oroimen kolektibora jo. Hau da, artxiboetan dokumentuak bilatu behar izan nituen, garai hartan jendeak idatzitakoa ere miatu, eta horrek eraman ninduen beste batek esan zuenera, zelakoa izango zen Markina pentsatzera, zer jantziko zuen emakume horrek, nola joko zuen atea... Eta hori guztia bihurtu zen bidaia fantastikoa.
IKUSI-MIKUSI jaialdian gaudela, non Gutun bat maite duzun hori tailerra eskaini duzun, zelan ematen da urratsa umeentzako idaztetik zuzeneko ikuskizunetara?
Azkenean, probatzea eta egitea da gakoa. Lehenengo eta behin beti daukat bulkada bat, eta bulkadak beti dauka emozio bat, nahia edota beharra, horrek mugitzen gaitu. Eta kasu honetan ez dakit bietako zein izan zen. Nik idatzi egiten nuen, baina konturatu nintzen idatzitako hori beti ez zela nik nahi nuen moduan iristen hartzailearengana. Ahaztu egiten zaigu ume batzuk gai direla bakarrik irakurtzeko, baina beste batzuentzako ez dela erreza, eta beti ez da bermatzen ondoan norbait izango duela laguntzeko edo azalpenak emateko. Esan bezala, bitartekariaren irudia oso garrantzitsua da. Orduan hasi nintzen idatzitakoaren inguruan hausnartzen “Idazleak Ikastetxeetan” bezalako programaren bidez. Tarteka, sorpresa handiak hartu ditut. Dena den, umeekin girotu egin behar duzu, ezin zara abstrakzioekin hasi. Nik maletatxoa eramaten nuen, liburuekin eta beste gauzekin barruan, irekitzen nuen, hitz magikoak erabili, eta horrek girotu egiten zuen, eta euren arreta ere lortzen nuen. Gero horri ahozkotasuna, kantuak, hitz jokoak eta holakoak gehitu nizkion.
Esan behar dut, halere, nik ez ditudala ikuskizunak egiten, baizik eta bilkurak. Bilkura-tailerra. Aurkezpen-tailerra. Aurkezpen-bilkura. Iruditzen baitzait ezin dugula inoiz galdu zer den adiskidetzen eta sendatzen gaituena. Eta hori da gure izatera bueltatzea, oinarrira bueltatzea eta pertsonak pertsonekin elkartzea, biribilean, elkar ikusten eta entzuten. Hor sendatu egiten gara. Liteartura hitza potoloegia da, merkatuak kutstau egin duelako, baina lehenengo eta behin literatura bada elkarrekin istorioak esan eta entzuteko lekua, eta hori birsortzen saiatzen naiz bilkurak egiten ditudanean.
Zure ustez, zerk bereizten du IKUSI-MIKUSI bezalako jaialdi-azoka egiten diren beste azokekin konparatuz?
Hau ere nahi batetik sortu zen, haur eta gazte literatura euskaraz egiten dugunok biltzea besteei esateko zer egiten dugun. Hau da, literatura egin eta jasotzen dugunon topagunea, umeak eta familiak ere etortzen direlako. Baita ere irakasleak, bitartekariak, edota zaletuak. Eskolak ere etortzen dira, aurten 1.200 ume etorri dira eskolaren bitartez. Izan ere, haiei begira, oso gauza ederra asmatu zen, Durangoko Azokara esportagarria dena: parte hartzen duten eskoletako ume bakoitzari trukean bono bat ematen zaio liburu bat hartzeko, eta ume bakoitzak bere liburua aukeratu eta harekin joaten da etxera. Berez, horrek ez du aurrekontu handirik eskatzen eta martxan jartzen du sistema osoa. Gero, landa eremuan, Sara herrian, egiteak lagundu egiten du umearen neurrira egindako jaialdia delako. Herria itxita dago, ez dira kotxerik pasatzen, eta, hortaz, umeak oinez dabiltza, leku batetik bestera, mapa bat dago eta bakoitzak aukeratzen du nora joan. Joko bihurtzen da, eta lekua ere ederra da. Iparraldean kokatuta egotea iparra eta hegoa adiskidetzeko asmoz pentsatu zen. Batzuetan, berriro ere, oinarrira bueltatzeko egunerokotasunetik aldendu beharra baitago. Eta hori guztia kontuan hartu zen hau antolatzeko orduan.
Idazle bezala, oso emankorra zara, 60 bat liburu argitaratuta dituzu. Zein da zure lan guztien artean gehien maite duzun edo harroen sentitzen zaren obra?
Harro hitza nik nire hiztegitik kenduta daukat, nahiz eta euskaraz “harro egotea” satisfazioa adierazteko modu bat izan, hain gutxi gustatzen zait harrokeria, ezen nire hiztegitik kendu egin dudan. Hori bai, gauza batzuek bakea ematen didate eta hori zoriontasuna baino hobea da. Zoriona tantak direlako noizean behin, baina baretasuna iraunkorragoa da. Bakea da niretzako aurrera jarraitzeko motorra. Eta idatzitako liburuen artean, denak nire seme-alabak dira, denak dira desberdinak. Denek gogoratzen dizute zuretik atera direla zure bizitzako momentu zehatz batean. Eta horrek gauza asko gogorarazten dizu: non zinen, zertan, zer egin nahi zenuen, zer oztopo izan zenituen eta zer behar. Hori guztia da zu zarena. Oroimena gara, eta oroimenak irudimena elikatzen du. Eta barruko ahalmen horri kasu egiteak ahaltsu eta aske egiten gaitu. Zaila izan daiteke ulertzea hizkuntza bera kutsatuta dagoelako. Hau da, nahia ez da kapritxoa, nahiak borondatea eskatzen du. Nahia ere askatasuna da, aukeratzen duzun momentuan, beti ari zarelako beste zerbait ukatzen. Horrek behartzen zaitu, eta, azkenik, borondatea da zuregandik jartzea aukeratu duzun horren alde egiteko.
Virginia Woolfen lekukoa jasotzen duzu zure “Etxe bat norberarena” liburuan. Nola planteatu behar dugu egun idazlearen ogibidea, prekarietatetik atera ahal izateko? Kapitalismoak ez ditu librepentsalariak maite...
Merkatua hor dago, leku guztietan. XXI. mendeko etsaia ez da munstro beltza, merkatua koloretsua da, eta usain eta gustu ona dauzka. Orduan, arriskutsuagoa da, ez baita zulo beltza, baina zulo beltzak bezain indartsu zurgatzen gaitu. Eta gure nia, nahiak eta garena ahazten ditugunean dena galdu dugu. Iruditzen zait behin eta berriro galdera hauek egin behar dizkiogula geure buruari: zer nahi dut, zer ez dut nahi, zer maite dut eta zer ez dut maite, etenik gabe. Horrez gain ere, lagunekin egotea bezain garrantzitsua da norbere buruarekin egotea. Atseden hartu behar dugu, baina norberaren nahi edo maite duen hori norberak ere egin behar du. Eta hori da norberaren ahotsa, eta hura berreskuratzeko, denbora eta espazioa behar dira. Hortaz, norberaren etxea behar da. Fisikoki bakoiotzak ikusiko du zenbat metro karratu behar dituen, baina funtsezkoa da barrutik egitea txoriak habia egiten duen bezalaxe. Txoriak habia barrutik egiten du eta horregatik da biribila, bere gorputzarekin leku hori egiten duelako. Eta norberak barruko etxea egiteko aurreko galdera horiek egin behar ditu, eta ondoren, ekin, ideia abstraktuan utzi gabe. Eta batzuetan aintzat hartuko gaituzte, eta beste batzuetan ez gara egunkarietan ezta agertuko ere, baina bitartean egin duguna hor dago. Idaztea, eta gero publikatzea, mikrofonoa ahoaren parean izatea da, beraz, ardura handiko lana da, baita barne botere handikoa ere. Eta hori da bizitzan daukagun ahalmenik handiena. Hori da niretzat askatasuna.
Eta elkarrizketa ixte aldera, zer egin nahi du Yolanda Arrietak handitzen denean?
Handia naizenean, pelikula bat egin nahi dut nire liburu batekin. Zaila denez esan egingo dut, horrela baten batek jakin egingo du hori nahi dudala egin. Baina hor jende pilo bat sartzen da jokoan. Liburuaren birmoldaketa burutzeaz gain, testuan agertzen dena ikusgarri eta entzungarri egin behar delako, baina hori da momentu honetan egin nahi dudana. Nik telebistan inoiz egin dut lan, aspaldian, Hasiberriak telesailaren platoko gidoilari bezala, eta oso polita da prozesu hori barrutik ezagutzea eta ikusi ahal izatea. Beraz, hemen uzten dut nire nahia.