Elkarrizketa :: miel a elustondo – zaldi ero 2022/07/15
Nerea Arrien

«Kontenplazioak ematen duen soseguaz, eta sostenguaz, idatzi nuen ‘Zoonomia’»

Duela sei urte argitaratu zuen lehen liburua, Pentsatzeko txokoa, Xabier Lizardi saria, eta bost gehiago ere publikatuak zituen —Atrapa eguna, Eskola hodeian eta Etxegabetuak, haur eta gazte literaturan eta Hirutter eta Jende likidoa helduentzako narratiban—, oraingo Zoonomia baino lehen, Xabier Lete VI. Poesia Saria irabazitako obra. Biokimika eta piano ikasketak ditu Nerea Arrien Elordik (Lekeitio, 1976) eta zientziaren gainean eraikiak ditu letrak, edo alderantzira, bien artean zangalatraba eratu nahi bere barruko literatura-ahotsa.

Zoonomia harturik etorri gaituzu, baina hor dira urte gutxian argitaratuak dituzun liburuak, 2016ko Xabier Lizardi sariaz gero etorri direnak. Hala ere, Biokimika ikasitakoa zara, zientziak, alegia.

Bai, eta esan behar dut zientziak eta letrak banatzea sekulako akatsa dela, nire ustez. Beti gustatu izan zait irakurtzea eta idaztea. Baita zientziak ere. Uste dut zientziak jakin-minetik sortzen direla, filosofiatik. Zientzialari izan nahi nuen, txikitatik, mundu honetatik kanpo zer dagoen jakin nahi nuelako: “Zer dago bestaldean?”. Baina institutura heldu, eta galdera galdu egiten da, jakin-mina ongarritzea ordez, azterketa gainditzea da helburu, eta horrez gainera, esaten dizute: “Edo zara zientzietakoa, edo letretakoa”. Eta zientzialariak sortzailea izan behar du, nola egin txertorik edo espaziontzirik bestela? Nola sortu ezer etikarik gabe, nola izan zientzialari humanismo-ardura gabe? Ezinezkoa da. Eta alderantziz, idazlea, beti letrak ikasitakoa, nora doa matematikarik edo informatikarik gabe? Zergatik galdu termodinamikaren poesia? Nola osatu nobela baten egiturarik? Zientzietan badira zenbait gauza, ordena, egitura, forma… oso baliagarriak nobela bat idazteko nahiz musika sortzeko. Zientziak eta letrak ezin dira independente izan, eta, aldiz, horixe egiten da hezkuntzan. Badirudi orain hezkuntza-lege berriarekin, eremuka ordenatu nahi dituztela ikasgaiak, baina ez dakit, bada, nik, bere horretan ez ote duen jarraituko zientzien eta letren arteko zatiketak.

Zoonomia, animaliaz betetako piztiarioa, bestiaz betea. Pisces arraina, Bos behia, Testudina dortoka...

Animalien izenak ematerakoan, nomenklatura binomialean lehenengo generoa jartzen da eta ondoren espeziea: Irunda supianus, Lupus apartis… Nik, berriz, neure nomia propioa aurkitu nahi nuen, neure berbak, zientziek inposatzen diguten hertsitasuna apurtuz. Eta horixe da poemen izenburuetan egin dudana, nomenklatura binomial hori apurtu, hautsi, Irunda jarriz, bai, baina ondoan enara erantsiz, euskarazko izena. Zoonomia berbari dagokionez, hitz horrek Erasmus Darwinengana garamatza, Charles Darwinen aitaita. Eta izen hori erabili dut, liburuan zientzia agertzea nahi nuelako, baina zientzia modu nahasi batean, letren eta poemen bidez. Eta zergatik ez?

Liburuak ez dakar sarrerarik, irakurlearentzako gida edo laguntza gisakorik. Erasmus Darwin aipatu duzu, eta izenburua ulertu ahal izateko ere, sarean kontsultatu behar izan dugu.

Zoonomia, alde batetik, da zooa, eta bestetik da nomia, neure berbak aurkitzeko saioa. Bada Paul Austerren ipuin bat, oso polita, baina jada ez dakit zein liburutan irakurri nion, hainbeste irakurri baitizkiot. Jartzen dute berba egiten ez dakien ume bat gela batean eta itxi egiten diote atea. Helburua? Jainkoaren hitzak, hasierakoak, jatorrizkoak zein diren jakitea. Esperimentu bat da, oso krudela. Nik, etxean lanean eman ditudan urteetan, paralelismo handia ikusi dut ipuin horren eta neure buruaren artean. Alde batetik, etxeko hormak ditut, askotan erori baitzaizkit gainera; bestetik, horma sinbolikoak dira, zeren azken finean jendeak ez du ikusi nahi etxe barruan lanean ari den pertsona, inork ez du hartaz hitz egin nahi, ez ezkerrak, ez eskuinak, etxe barruan lanean ari denak ez baitu ezer produzitzen eta, bestalde, ez doa boteretsuari aulkia kentzera ere. Inork ez duenez nitaz –gutaz, asko baikara egoera berean gaudenok –, ezer esaten, ez ezer esango ere, neure berbak aurkitzeko beharra izan nuen, neure nomia.

Hainbat animaliaren bidez saiatu zara zeure berbak aurkitzen, “Bestia guztiei ateak irekiz”, liburuaren atarikoan idatzi duzunez.

Berben aurretik beti dagoelako sentsazioa, zentzumenen bidez jasotzen dugun zera hori. Berben aurretik beti instintua egon da, eta instintuetarako bide horretan animaliak aurkitu nituen. Horixe da ideia, baina nork bere interpretazioa eta irakurketa egin behar du. Ni bulkada batetik abiatzen naiz, izan liteke irudi bat, izan liteke behar bat… eta, beti, egitura bat behar izaten dut, forma bat, bide bat, nondik jo erabakitzeko. Idatzi ahala, berriz, batera edo bestera jotzen dut. Jende likidoa-n ere bada hortik… Nik idatzi, eta irakurleak irakurri, bere irakurketa eginez. Inportantea da, edo ez hain inportante, Zoonomia irakurtzen ari zarenean ohartzea badela hor eboluzioari buruzko zerbait, ez dago esplizituki azaldua, baina hortxe dago. Dena esplizitatuko banu, irakurlearen begirada baldintzatuko nuke, eta poesia, nire ustez, elipsiaren erreinua da. Horixe du eder elipisiak, tartea uzten dio irakurleari. Azalpen gehiegi ematea ez da lagungarri, ez da polita, ezta literarioa ere. Mundu honetako hitzek kale egiten dizutenean dator poesia. Bakoitzari era ezberdinean egiten digute kale, eta ezin zara era propioak bilatzen ibili, zeurea da bilatu behar duzuna.

Baina irakurleari dena esplizitatu gabe, esan duzunez.

Ni horretan nago. Batzuek esaten dute idazten duzunean irakurleagan pentsatu behar duzula, ez dakit hori nola hartu. “Irakurlea” esaten da, singularra balitz bezala, baina, izatez, irakurlea plurala da, beti izango dira irakurle beste liburu, nahiz eta zuk lan bera idatzi. Nik nahiago izaten dut irakurlea ez baina konplize bat izan, bakarra bada ere. Konplizitatea beste zer edo zer da, eta “irakurle” berbak ez du zertan hori barneratu.

Egituraz ari, poemek ere egitura dute?

Batzuek bai, beste batzuek ez. Ezberdinak dira. Batzuk oso bisualak dira, beste batzuk deskriptiboak; batzuk metaforiko edota sinbolikoak… Bariazioak egiten saiatu naiz. Liburua etxeko lau horma horien artean errotuta dago, domestikotasuna da nagusi, eta giro horretan barietaterik topatzen ez baduzu, kiribil batean sartu zaitezke, irteerarik gabeko bidean. Horregatik, poemak ezberdinak izatea nahi nuen. Era berean, esan nahi izan dut zer domestiko bat ere izan daitekeela sofistikatua, izan daitekeela aberatsa.

Dozena erdi zootan banatu duzu Zoonomia: Enamoratuen zooa, amarena, kumeena eta desioarena, homoarena eta, azkenik, emearena. Zein da zoo bakoitzaren mamia?

Poemak ordenatzeko modua izan dut, kronologia bat osatzeko edo topatzeko modua. Egia da, hala ere, neure barruko zooa orokortzeko gogo bat ere badela hor, zoo kolektiboa osatzeko nahia-edo. Maiteminduen zooa, amaren zooa… Irakurlea erakartzeko era bat da, irakurlea bere buruarekin identifikatzea errazteko; batzuk, maiteminduta bizi dira, beste batzuk ama dira…

Poema-gaiak, berriz, hainbat dituzu: amatasuna, kontziliazioa, maitasuna, desira, familia… Beti betiko gaiak esango genuke, garaiaren arabera era batera zein bestera formulatu ohi direnak…

Saria jasotzerakoan horixe esan zuen Joxerrak [Garzia], poemategia hartu eta irakurtzen hasi zenean, “beste piztiario bat!”, esan ziola bere buruari. Hainbat bestiario idatzi dira literaturan, hainbat olerki amatasunaz, desioaz… baina kontua da zuk zeure berbekin, zeure modura esatea adierazi nahi duzuna. Nik zoo bat jarri dut sukaldean desfilatzen, hipopotamoarekin oheratu naiz, sugaren mudez jantzi naiz. Fikzioak badu halako ahalmen bat eta, haren bidez, existitzen diren gauzak bata bestearekin nahasten dituzunean, beharbada, existitzen ez den zerbait lor dezakezu. Existitizen diren gauzetatik abiatu, existitzen ez den gauza berri batera heldu! Horixe da literatura, bestek esaten duenarekin ez konformatzea, zuk zeure berbekin esatea, kontatu nahi duzuna kontatzeko zeure berbak bilatzea. Amatasuna, desioa, kontziliazioa —izatekotan, hauxe da gai berriagoa—, animalien instintuei lotuta dauden gaiak dira, horietaz hitz egiteak primitibo egiten gaitu, baina hori ere bada nire Zoonomia. Gogoratzen naiz txikitan zooek beldurra ematen zidatela, animaliengan gizatasun-zantzu bila ibiltzen nintzela. Gorilaren begirada tristea, papagaiaren berbeta… gizatasun zantzuak animaliengan ikusi eta sosegatu egiten nintzen.

Orain alderantziz ari zara…

Orain, urte asko geroago, kontrako prozesua egiten ari naiz, gizarte zeharo robotizatuko gizakiengan animalia-zantzu bila abiatu naiz: ama bat, baina ez “ama naiz” esaten duen pertsona bat. Iruditzen zait “ama” hitza dukesa tituluaren pare ibiltzen dugula, ama jatorrian zer den ahaztuta-edo. Desioa, mina, errukia… nabaritu nahi ditut nik. Etxean, bakarrik nagoela, asko pentsatzen dut gai hauetaz. Arropa esekitzen ari naizenean, adibidez, leihotik sartzen zaizkidan irratiko hitzak aditzen ditudanean, adibidez, —hirugarren pisuko sukaldetik eta bosgarrenekotik—, irrati denak akoplatuta, edo irrati-frekuentzia ezberdinetan ere tragedia pila hori aditzen dudanean: batean, Mediterraneoan [migrari] hildakoak beti; bestean, [Ukrainako] gerra… Eta, azkenean, negar egiten duen bakarra arropa da. Posible da? Benetan ari gara?… Orduantxe jabetzen zara gaur eguneko zooaz: bosgarreneko papagaia berbetan eta nola edo hala bizirauten duen jendea maila bereko espektakulu bihurtu ditugu.

Horixe esan zigun behin Antonio Tabucchi zenak, Ekialde Hurbileko gerrari buruzko albistea eta Monakoko printzesaren marrantarena maila bereko bihurtukoak genituela.

Horixe da gaur eguneko zooa, horixe da benetan bestia izatea.

Bestia” darabilzu behin eta berriz, “piztia” gabe.

Itsusia da “piztia” hitza, ezta?

Kar, kar… Bizkaierazko hitzak erabiltzeko joera duzu, txikitan aditutakoak, batura etorri ez direnak.

Baina ez nabil jatortasun-alarderik egiteko asmotan, berez atera zaizkit hitzok. Intentzionalitaterik ez daukat, neure hizkerako hitzak ditut. Hala ere, hiztegia kontsultatzen dut neure hizkerako berbok erabili baino lehen, ze estilistikoki nahiko narrasa naiz-eta, lan handia eginarazten diet editoreei. Saiatzen naiz hitzak hiztegietan kontsultatzen, eta han agertzen ez badira, kendu egiten ditut. Aldiz, agertzen bada, ez dut batuko ordaina erabiltzen, artifiziala iruditzen zait-eta, ez zait gustatzen. Pentsatu gabe egiten dut, berez sortzen zaizkit bizkaierazko hitzak, eta aurrera egiten dut horiekin. Ez dut horien aldarri egiten, ezta ezkutatzen ere. Badirudi orain dena dela jatortasun eta alarde, baina nik besterik gabe egiten dut.

Uste duzu etxean idazten jardun ordez, erabat irakasle jardungo bazina —irakasle ere izan zarenez ari naiz—, gai hauetaz pentsatzeko modua izango zenukeela?

Lehenengo, laborategi batean lan egin nuen. Gero, irakasle hasi nintzen, lana amatasunera doitzeko asmoz, eta hura ere utzi egin behar izan nuen, ezin izan nituelako amatasuna eta lana bateratu. Horregatik daramatzat hainbat urte eszedentzian. Lanaldi erdian ere ezin izan nuen kontziliatu. Lorik egin gabe bizi nintzen, haurrak nire gorputzaz elikatzen. Hori ez da inon aurreikusten ez kontuan hartzen. Lantokian ere ez zuten guztiz errespetatzen nire ordutegia. Neure modura ikusi ditut inguruko ama guztiak, lanean zoratuta! Alaineri [Agirre] aditu nion behin, petatuta gaudela, eta bai, ni petatuta nengoen. Amatasunak onik ekarri dit hala ere: tabula rasa egin eta neure burua berrasmatu nuen. Ama izateak berriz hasteko modua eskaini zidan: neure barruko zimentuak beste modu batera jarri behar izan nituen, berriz hasi behar izan nuen, lehengoarekin apurtu eta bide berri bat abiatu. Aurrekoarekin eten izan ez banu, agian ez nukeen idatziko. Halako batean “Hona arte!” esan nuen, eta ez naiz damu. Baina oso zaila da, dena utzi eta berriro hasi. Amak eta amamak egiten zutena ez egiteko hezi ninduten: ikasketak egiteko, lanera joateko, etxean lan ez egiteko. Haiek egiten zutena ez, kontrakoa egiteko baizik! Eta ikusi nuen ez nintzela gai ez bata ez bestea egiteko. Ez, behintzat, gizarte honetako formatuan. Halako batean, neure burua hasierako laukian ikusi eta galdetu nion neure buruari: “Zer gertatu da hemen?”. Egin nezakeen onena egin nuen, bestela ez zegoen bizitzerik. Eta paradoxa bada ere, hori egitea lortu nuenean, askoz produktiboagoa izatea lortu dut, nahiz eta hasierako helburua ere hori ez izan.

Idazketak lagundu dizu zeure burua berrasmatzen? Ezertan laguntzen du idazteak?

Niri bai. Batzuk autofikzioaren alde daude, beste batzuk kontra. Batzuk idazketa terapeutikoaren alde, beste batzuk kontra. Haur eta gazte literatura dela-eta, idazketa didaktikoa bai edo ez dabiltza batzuk eta besteak… Nire ustez, eztabaida txatxuetan sartuta bizi gara etengabe. Modak-edo orain esaten du idazteak ez duela ezertarako balio behar, baina auskalo! Nire esperientziaren arabera, idazteak laguntzen du, laguntzen duenez! Balio terapeutiko handia dauka, baina horrek ez du esan nahi idazten dudan guztia nirea denik, neu naizela testuan agertzen diren pertsonaia guztiak, gai guztiak neuri dagozkidala. Zati bat bai —ez dugu geure burua engainatuko—, baina ez dena. Literaturan idazlea bera da kontrola —hala esan ohi da laborategian—, eta hortik abiatuz eraikitzen ditu pertsonaiak, giroa, garaia…

Zoonomia idazten hasi zinenean, zehazturik zenuen helburua, edo arian-arian etorri zen poemarioa?

Argi nuen piztiario bat osatuko nuela, argi nuen nomenklatura binomialaz baliatuko nintzela, argi nuen animaliak erabiliko nituela gizakien barrura sartu ahal izateko. Gizaki horiei dagokienez, abiapuntua neu naiz batzuetan, beste batzuetan kalean ikusten dudan jendea; hurrena, berriz, emozio bat piztia bilakatu dut. Nabarmendu nahiko nuke Zoonomia-ko animaliak xumeak direla, Edurne Zuriren etxe atarian agertzen direnak bezalakoak dira: txoritxoak, oreintxoak… kaltegabe itxura dutenak, animalia xaloak. Eta, aldiz, horiexek dira benetako piztiak, benetan beldurgarriak. Piztia handietan ez dago horrelakorik, krokodiloaren edo elefantearen kasuan, adibidez. Horixe adierazi nahi nuen, eta lotsa barik azaldu: enara, mika, ehun hanka, tximeleta… ez dira animalia handiak, ez gai handiak ere, gerra sasoi honetan. Bateko gerra, besteko itsasoko tragedia, eta gu geure zilborrari begira, etxe-zuloko min txikiak sendatzen. Horixe nuen helburu, min horiek lotsa barik aurkeztea.

Argi nuen… argi nuen... argi nuen...”, hiru aldiz esan diguzu. Argi zenuen Xabier Lete VI. Poesia Saria irabaziko zenuela Zoonomia-rekin?

Ezta pentsatu ere! Kar, kar… Liburua zatika idatzi nuen. Behiaren poema lehenago ere idatzita neukan, erreskatatu egin nuen. Banituen zenbait gauza, lehenago idatziak, eta erreskatean joan nintzen. Esango dizut: liburua begiratuz idatzita dago. Esate baterako, Mendexan jarri, begiratu argiari, begiratu enarei, begiratu honi eta hari, hona eta hara… Gustura idatzi nuen, plazer handiz, kontenplazioak ematen duen soseguaz, eta sostenguaz. Oso natural atera zitzaizkidan poemak, erraz, eta, askotan, idaztea ez da erraza. Editoreek esan izan didate prosa poetikoa idazteko joera dudala, baina ez nago ados.

Jende likidoa-k baduke hortik.

Bai, han hartu nuen lizentzia poetikorik. Kapitulu bakoitzaren hasieran txatal bana dago, uraren zikloa azalduz. Txatal horiek bai, izan litezke poetikoak, baina ipuinak, nire ustez, ez dira poetikoak. Besterik da kontatzeko moduari dagokiona. Bada kontatzeko modu bat horizontala, espazioan eta denboran garatzen dena. Beste bat, bertikala, eta nik bertikalean kontatzeko joera daukat: puntu batean egon, mugitu gabe, eta goraka hasi. Baina hori ez da poesia, hori kontatzeko modu jakin bat besterik ez da: gauza asko konta litezke bertikalean, poesia izan gabe. Hori ez da poesia, hori da kontatzeko modu jakin bat. Ez duzu uste?

 

 

 

miel a elustondo – zaldi ero
Nerea Arrien
«Literatura da bestek esaten duenarekin ez konformatzea, zuk zeure berbekin esatea»
Entresaka
«Gizarte zeharo robotizatuko gizakiengan animalia-zantzu bila abiatu naiz ‘Zoonomia’-n»
Entresaka
«Etxe-zuloko min txikiak lotsa barik aurkeztea zen nire asmoa»
Entresaka