Elkarrizketa :: Iosune de Goñi 2026/11/05
Ane Zubeldia Magriñá

«Idazle batek daukan konpromisorik handiena hizkuntzarekin eta hizkuntza berritzearekin lotuta dago, hizkuntzaren beste zirrikitu batzuk aurkitzearekin»

Ane Zubeldia Magriñá (Hondarribia, 1994) idazlea eta itzultzailea da. 2025ean argitaratu zuen kontra lehenengo poesia liburuagatik (Susa, 2025) Espainiako Kritika Saria jaso zuen, eta Gazteen Poesiako Espainiako Miguel Hernandez 2026 saria jaso du berriki. 2026an argitaratu zuen Datorren udan ez gara hemen biziko ipuin-bilduma, Igartza beka jaso ostean. Mejillon Tigre kolektiboko kide da, eta azken urteak eszena gaineko literatura eta spoken word generoa lantzen eman ditu, Eider Adeletxekin batera. Literatur lanak amonen abizenekin sinatzen ditu, baina taula gainean sortzezko izenarekin agertzen da: Ane Garcia Lopez gisa. Musikan, Lurra taldeko abeslari izan zen Iñigo Muguruzarekin batera (2012-2017), eta hainbat kolaborazio egin ditu ordutik, tartean, Bloñ taldearekin. Promesarik txikiena antzezlanean eta M. Ahalegin infinitu bat dantza piezan lanean aritu da azken bi urteetan.

Elkarrekin egon ginen azken aldian, Oiartzungo Poesia Egunetan, Ixiar Rozasen Sonar la voz saiakerari buruz hitz egin genuen, biok ari ginelako liburua aldi berean irakurtzen. Bertan, egileak aipatzen du gure gizarteak hizkuntzaren alderdi semantikoari lehentasuna eman diola, eta ez hainbeste fonetikoari. Hitzak ez direla soilik abstraktuak, entzuten ditugula, materialtasun bat dutela. Uste dut hori oso argi sumatzen dela zure liburuak irakurtzerakoan, badagoela kezka edo esperimentazio bat hizkuntzaren gorputza edo organikotasun horren inguruan.

Esan behar dut Ixiarren liburua oraindik ez dudala bukatu [barreak], baina benetan oso interesgarria dela. Esango nuke ez dudala sonoritate hori Ixiarrek bezain esplizituki lantzen. Uste dut belarri kontu bat dela, hitzekin lotutakoa; ez dela hainbeste kontzienteki lantzen dudan gauza bat, behintzat lehenengo pasada horretan. Baina bai, azkenean, bereziki poesian, sonoritate bat, musika bat dago. kontraren kasuan, banekien hitzak berak, bai semantikoki eta bai soinuaren aldetik, zerbait mugitzen zuela. Eta hortik abiatzea izan da esperimentaziorako espazioa. Gero, asko jolastu dut hitzen kokapenarekin eta haien arteko distantziarekin ere, irakurlearengan irakurketa jakin bat sortzeko. Etenak eta non doazen… hori bai. 

Gorputzarekin eta materiarekin jarraituz, kontra poema-liburuan dantza eta ukimena oso presente daude. «Kontra egotea da / ukitzea» diozu poema batean. Batzuetan hitzek ere elkarren artean talka egiten dute, fusionatu egiten dira, «(hemenhemen)» edo «likidolinfafasziaz» idazten duzunean bezala. Zer irakatsi dizu dantzak idazketari buruz? Eta alderantziz? Bada zerbait literaturan zure dantzatzeko moduan nolabaiteko eragina izan duena?

Dantzak erakutsi dit arreta bat gorputzarekiko, ez bakarrik nirea, baizik eta besteena ere bai. Dantzatzeko modu asko daude, baina nik oraintxe bertan garaikidea egiten dut, normalean beste gorputz batzuekin eta kontaktuan, elkarren pisua negoziatzen edo elkarren gorputzak zaintzen.

Liburuaren ideia izan nuenean Víctor Ramírez Turrekin ikastaro bat egin nuen queer ukimenaren inguruan, eta bertan Jaime Conde-Salazar eta Aimar Pérez Galíren Cuadernos sobre el tocar liburua aipatu zigun. Irakurtzerakoan, iruditu zitzaidan sekulako ikasketak zirela bizitzarako, dantzatzeko, baina idazteko ere bai. Azken batean, nola idatzi, lehenengo esaldian esaten dudan bezala, isiltasunetik gertu, jendearengandik gertu eta materia den horretatik gertu? Hau da, Ixiarrek aipatzen duen semantika hutsetik haratago (semantika ere garrantzitsua izan arren), nola egon gertu eta nola egon hitzak ukitzen?

Azkenean, dantzak jendearengana hurbiltzen nau, eta beste gorputz batzuengana, beste momentu batzuetan ez nituzkeenak ukituko, edo ez behintzat horrela, eta ez nituzkeenak zainduko. Uste dut hori gero nire literaturara igaro dela: nola egon jendearekin kontaktuan, nola saiatu haiengandik gertu idazten eta nola negoziatu haiekin pisua.

Eta alderantziz, uste dut literaturak gorputz bat eralda dezakeela ukitu gabe, eta hori ere oso potentea da. Momentu konkretu batean hitz konkretu batzuk jartzeak irudi bat eraldatzen du, gorputz bat eraldatzen du… Orduan, iruditzen zait oso lotuta daudela. Bereziki poesia, genero literarioen artean, dantzatik gertuen dagoena da. Biak dira, nire ustez, gutxien ulertzen diren diziplina artistikoak, eta askotan elitistatzat jotzen direnak ere. Eta izan daitezke, baina garaikidean badago beste zerbait, etengabe bizirik dagoena eta ez dena hain zurruna, saiatzen dena organikotasunetik gertu egoten. Lotura argia daukate nire barruan, bai.

Keinu txikiak dira liburua eraikitzen eta deseraikitzen doazen irudiak: begirada bat, bestearen arnasa aditzea, agur esaten duten eskuak. Keinu txikiak eta beste pertsona, izaki edo paisaiekin harremanetan daudenak. Hasiera aldean diozu: «Isilik banago ere / ez nago bakarrik». Zergatik da garrantzitsua txikitasun erlazional hori?

Liburua kontra deitzea erabaki nuenean, banekien hitz horrek epikotasun bat zekarrela berarekin, eta espektatiba horrekin jolastu dut, justu kontrakoa egiteko. Azkenean, «kontra» esaten dugunean, ematen du talka handiez ari garela, talka epikoez. Eta, nire ustez, idazle batek daukan konpromisorik handiena hizkuntzarekin eta hizkuntza berritzearekin lotuta dago, hizkuntzaren beste zirrikitu batzuk aurkitzearekin.

Orduan, «kontra» hitzari kontra egiteko eskala mikrora eta txikitasun erlazional horretara jo behar izan dut, keinu txikietara… Izan ere, iruditzen zait talka handienetan mina dagoela, baina eguneroko marruskadura eta ukitze txikietan ere bai. Eta, aldi berean, guri forma ematen diguten ez dakit zenbat keinu daude, izendatu ere ezin ditugunak, agian ez garelako konturatzen. Hori dena sartu nahi nuen barruan.

Bestela, ematen du mundua momentu epikoek eta talka handiek bakarrik egiten dutela. Eta, noski, garrantzitsuak dira, baina talka handi horiek askotan kontakizunak dira. Eguneroko marruskaduretan ere uste dut gaur egungo korapilo asko askatzeko gakoak aurki ditzakegula, bai gure baitan, bai besteekiko harremanetan…

Badago poema esaten duena, azkenean, gauza askoren kontra nagoela, baina gauza horiek ez ditudala ukitu, ez nautela ukitu, eta, hala ere, mina ematen didatela. Bai, horren inguruko ikerketa txiki bat egon da.

Liburuaren izenburua letra xehez idatzita dago, nahiz eta gero, poemen barruan, letra larriak agertzen diren. Zergatik hartu zenuen erabaki hori? Eta noiz aukeratu zenuen izenburua?

Banituen poema dexente pilatuta, eta uste nuen forma ematen hasia nintzela. Beste bilduma bat osatzeko saiakera egin nuen, sariketa batera aurkeztu nuen, baina ez zen atera… Eta hor bazeuden liburu honetako poema batzuk. Orduan ikusi nuen ez zuela funtzionatzen, eta poemak pixka bat aparkatuta utzi nituen.

Garai horretan Hondarribira bueltatu nintzen bizitzera, hasi nintzen herritik paseoak ematen, eta bertan ura oso presente dago, baita harea, harria, higadura ere… Eta ez dakit zein momentutan agertu zen kontraren ideia, idazten zaudenean bat-batean etortzen diren epifania txiki eta ebidente horietako batean. Orduan hasi nintzen bueltaka eta ikusi nuen hor egon zitekeela aingura potente bat, aurretik bere tokia aurkitu ez zuen bilduma osatzen joateko. Egia da ni nahiko finkoa naizela izenburuekin: erabakitzen ditut, eta ondoren ez ditut aldatzen. Datorren udan ere izenburu horrekin aurkeztu nuen eta horrela joan da. Orain buruan daukadan proiektuak ere badauka izenburua. Sentitzen dut hor potentzial handia gordetzen dela.

Eta esan dizudan bezala, banekien hitzak espektatiba konkretu batzuk sortzen zituela, eta horien kontra beste ahots bat bilatzen saiatzea ere interesgarria iruditzen zitzaidan momentu horretan. Justu Mejillón Tigrerekin geunden lanean eta oso epikatik ari nintzen. Oso dibertigarria izan da hori, baina sentitzen nuen behar bat joateko letra xehera eta ahots lasaiago batera, gauzak modu horizontalagoan esateko, paisaia barne hartuko zuten gauzak egiteko… Eta kontran aurkitu nuen hori dena.

Liburuaren azalean aurreikus daitekeen bezala, uraren jarioa, harriak, higadura eta malgutasuna askotan aipatzen dituzu. Hirugarren atalean, batez ere, gorputzak bigundu eta elkarrekin nahasi egiten dira. Adibidez, “zure orkatila mirari txiki bat da / eta haren hezurrak, ehunka puskatan, / harritxoen antzera datoz erreketan behera, / munduaren marruskadurarekin”. Nondik dator identitate bereizien zurruntasuna desegiteko behar hori?

Nik uste dut momentu historikoarekin zerikusia daukala. Azken urteetan, nik behintzat sumatu dut diskurtsoak gogortzen doazela, gorputzak ere bai… Gimnasioa oso modan dagoen garai honetan, gorputza erabiltzeko oso modu konkretuak nagusitu dira, diskurtsoak eraikitzeko oso modu konkretuak ere bai… Eta hor ikusten nuen beharra biguntzeko, bai gorputzak eta bai hizkuntza.

Politikak diskurtsoak eraikitzeko daukan modua oso artifiziala da eta, halabeharrez, oso ñabardurarik gabekoa. Eta hori da funtzionatzeko duen modua, baina iruditzen zitzaidan horrek behar zuela kontrapisu bat, hizkuntzaz beraz arduratuko zena. Uste dut liburuak badaukala ardura hori, hizkuntzari toki bigun bat ematekoa, diskurtsibitate hori jaistekoa, gorputzak bigun azaltzekoa eta pixka bat elkarrekin nahasteko gauza hori.

Liburuaren azken errepasoan, Cuaderno sobre el tocar erabili nuen filtro moduan eta liburu osoari pasa nion. Oso interesgarria iruditu zitzaidan gauzetako bat sfumatoarena izan zen: bi gorputzen arteko muga non bukatzen den ez jakitea. Bi gorputz, bi hitz, bi poema… Eta biguntze hori presente egon da hitzak elkartzerakoan, jolas horretan. Hizkuntza bigundu, pixka bat nahieran erabili, ez super originala izateko, baizik eta hizkuntzari plastikotasun hori emateko eta ez uzteko garaiari hizkuntzaz jabetzen.

Datorren udan ez gara hemen biziko liburuak 6 ipuin biltzen ditu, eta hemen ere formarekin esperimentazio ederrak egiten dituzu. Badira ipuin errealistagoak, beste batzuk errealismo magikora edo gaur egungo ezohikoaren literaturara hurbiltzen direnak, bertso-lerrotan idatzitako ipuin bat dago, argazkirik gabeko argazkien eskemak, soinuen grabaketak... Nola izan da ipuinen forma aurkitzeko prozesua?

Uste dut beste elkarrizketa batean gauza bera esan nuela, baina niretzat prozesuaren gauzarik interesgarriena izan da. Ipuin bakoitzaren abiapuntuan sentsazio bat zegoen, bizipen oso konkretu bat edo sinopsi minimo bat, eta gai potolo bat.

Adibidez, lehenengo ipuinean heriotza neukan, nire aitonaren txikitako istorio bat, bi lerrotakoa, eta nire ustez heriotzari buruz hitz egiteko aproposa zena. Orduan, zein da forma? Argi nuen pertsonaia horri bigarren pertsonan hitz egin nahi niola, beregandik oso gertu zegoen norbaitek hitz egingo balio bezala. Erreferentzia moduan, Alasdair Grayren ipuin bat erabili nuen, “Izarra” edo “The Star”, lagun batek aspaldi erakutsi zidana. Kontakizunean, pobrezian bizi den mutiko batek izar bat ikusten du erortzen, eta gordetzea erabakitzen du. Bukaeran, izarrarekin harrapatzen dutenez, irentsi egiten du eta hegan ateratzen da. Nik banekien nire ipuinean ume horretaz hitz egin nahi nuela, heriotzaz, eta testuingurua gerra izango zela, baina ez zela oso presente egongo. Haur hori heriotzarekin aurrez aurre egongo zela, eta bukaeran hegaldatu egingo zela.

Bigarren ipuinaren kasuan, egunerokoarena, justu kointziditu zuen irakurri nuela John Bergerren And Our Faces, My Heart, Brief as Photos. Bertan, egileak irudirik gabeko markoak erabiltzen ditu, eta pentsatu nuen: «hau kopiatuko diot» [barreak]. Aldi berean, Siri Hustvedten El mundo deslumbrante neukan erreferentzia moduan. Eleberri horretan, artista asmatu baten bizitza eraikitzen du, hainbat dokumenturen bidez: lan akademiko bat, laguntzaileen testigantzak… Eta horrela, pertsonaia horren irudi poliedriko bat sortzen da; batzuentzat jainkosa bat da, beste batzuentzat kabroi hutsa. Horretara jolastu nahi nuen: nola aldatzen den miresten dugun norbaiten irudia, pertsona horren inguruan argazki bakar bat ez dagoenean.

Poemaren kasuan, oso argi nuen bizipen konkretu bat islatu nahi nuela. Hasieran, bizipena bere horretan kontatzen hasi nintzen, baina desastre bat izan zen, ez zuen batere funtzionatzen. Egun batean esan nuen: «poema bat da». Eta orduan hartu zuen arnasa, zeren bizipena hain zen bizia, narratibarako gehiegi zela. Haustura bati buruzko poema bat da, eta lerro guztiak daude etenda behar ez duen tokian. Denbora guztian nahi nuen irakurlea egotea pixka bat apurtzen.

Bilaketa hori, beraz, interesgarria izan da. Gero, bukatu nuenean, pentsatu nuen: «ez dakit, liburu honek igual ez dauka ez hanka ez bururik, ipuinak eta gaiak oso desberdinak dira elkarren artean…». Baina tira, lehenengo hirurak trilogia familiar moduko bat dira, eta amaierakoak, berriz, pixka bat zientzia fikzio esperimentala.

Narratiba ez errealistara itzuliz, badira bi ipuin, batez ere, “Erreka” eta “Edertasuna edo” fantasia eta zientzia fikziora jotzen dutenak, baina berriz ere txikitasunetik eta heroitasun edo ekintza gogoangarri horiek zentroan jartzea saihestuz. Azken urteetan errealismotik aldentzen diren proposamenek indarra hartu dute. Zergatik uste duzu gertatzen ari dela?

Nire kasuan, ez dakit nire burua babesteko modu bat izan den geruza ez-errealista hori jartzea. Baina, horretaz aparte, iruditzen zait oso errealak direla landu nahi ditugun gaiak, baina askotan errealitateak bakarrik ez digula balio horiei buruz hitz egiteko. Lehen esaten genuena poesiaz: zerbait bere horretan kontatzen badizut, errealismoaren tresnekin, momentu honetan niri ez zait nahikoa egiten. Ez dakit esaten zergatik, baina tira, igual gizarte moduan irudimena aldarrikatzeko behar bat da.

Niretzat ere izan da tresna bat barne-monologotik aldentzeko, bestela asko jo behar duzulako pertsonaiaren barne-monologoa edo ingurua azaltzera. Eta hortik ihes egiteko modu bat izan daiteke guztiz errealistak ez diren elementuak sartzea, pertsonaiak beste toki batean kokatzen dituztenak, eta horren inguruan ibiltzea.

Egia da hasieratik pentsatu nuela ez nuela nahi guztiz errealista izatea, nahiz eta ipuin batzuk hala diren, eta ez nuela nahi pertsonaien barne-monologoan sartu. Ez nuen nahi zehazki esan zer pentsatzen zuten pertsonaiek, “Lika” ipuinean izan ezik, pertsonaia pixka bat tormentatua delako, eta orduan behar nuen bere barruko botaka hori. Baina, bestela, ez nuen hor sartu nahi.

Eta gero, ipuinen oinarrian dauden galderei errealismo hutsarekin erantzutea oso zaila iruditzen zitzaidan. Hau da, zertarako balio du poesiak galderari errealismotik erantzutea ezinezkoa iruditzen zitzaidan narratiban. Aldiz, poeta bat apokalipsian kokatuta, erresistentziaren bunker bat garbitzen, iruditzen zitzaidan bazela modu bat horri buruz hitz egiteko, horretaz esplizituki hitz egin gabe.

Liburu honetan ere gorputzak eta sentsazio fisikoek garrantzi handia dute. “Likan”, esaterako, substantzia likatsu batek hartzen du protagonistaren gorputza eta fosil txikiez, karakolaz eta garroz betetzen doa pixkanaka. Azken ipuina ere antzeko metamorfosi edo espezie arteko desegite eder batekin amaitzen da. Izan ere, lurraldea eta gizakiz besteko izakiak ez dira kontakizunen atzealdean dauden dekoratu hutsak: pertsonaiak oso modu literalean zeharkatzen dituzte. Nola idazten da gorputzetik eta nola landu duzu gizakia eta naturaren arteko erlazioa?

Ematen du, edo nire liburuek adierazten dute, naizena baino mendizaleagoa naizela [barreak]. Eta banaiz, baina ematen du egun osoa pasatzen dudala basoan. Lehen aipatu dudan bezala, amorrua ematen dit irakurle moduan zer sentitu edo zer pentsatu behar dudan esateak, eta iruditzen zait paisaiak eragina duela norberarengan eta norberaren idazketan. Adibidez, kontra Hondarribian izan ez banintz, segur aski ez nukeen horrela idatziko. Orain Arrasaten bizi naiz, eta ziurrenik nire hurrengo lanean paisaia horrek nigan eragina izango du, mendiak edo basoak... Azkenean, nahi nuen pertsonaiak bere inguruarekin eta bere garaiarekin berdinduta egotea, eta inguru eta garai hori haien bitartez adieraztea, ez hainbeste kontakizunaren bitartez.

Adibidez, lehenengo ipuineko umeak Gerra Zibila bizi izan du, mamu horrekin dator, baina hori guztia ikusten da gehiago paisaian, berak bisitatzen duen kobazulo batean. kontran ere hori bilatu dut: nola eragiten dio paisaiak norberari, nola eragiten digu inguruak eta, beraz, gizakiz besteko izakiek.

Uste dut gorputzetik idazten dela sentsorialitateari kasu eginez: zer sentitzen du pertsonaia horrek momentu horretan? Zer ukitzen du? Zer usaintzen du? Zer ikusten du? Nola ikusten du? Nola eragiten dio horrek eta nola adieraziko dut nola eragin dion, esan gabe «triste jarri da»? [Barreak]. Keinuen bitartez. Eta uste dut hori dela gorputzetik idazteko modu bat: diskurtsibitatetik pixka bat aldentzea. Askotan beldurrez egiten dugu, pentsatzen dugulako: «nik gauza feministak eta aldarrikatzaileak idatzi nahi ditut». Baina agian literaturaren baitan beste modu batera egin behar da, ez hain esplizituki. Zer gorputz jartzen dugun non, agian hori da erabaki politikoa kasu hauetan; eta gero, gorputz hori nola zeharkatzen duen adieraztea.

Adibidez, errekaren ipuinean, emakume bezala sozializatu gaituztenoi gorputza aldatzen zaigunean bat-batean jasaten dugun aldaketaz hitz egin nahi nuen, barrutik eta kanpoko begiradatik ere, eta horrek zer eragin daukan, zer min eragin dezakeen. Nire buruari ipuin bakoitzaren hasieran egin diodan galdera bat ere izan da: non gertatu daiteke istorio hau? Zer paisaia dago istorio honen inguruan? Zer paisaiak eragingo dio pertsonaia honi, gerra batean itxita badago, ezin bada atera, ezin badu kontakturik eduki beste izakiekin?

Azkenik, kontrako poema batean galdetzen duzu «ea liburu batek behar ote duen poetika zehatz bat». Poesiatik haratago, narratiba eta hitz esana edo generoen arteko esperimentazioak aintzat hartuz, liburu batek poetika zehatz bat behar duela uste duzu? Aldatzen doa liburuz liburu? Eta zein da zurea?

Esaldi hori lagun batek esan zidan. Liburua irakurri zuen, eta «behar du poetika bat» bota zidan. Horrek asko baldintzatu ninduen eta, azkenean, orkatila bihurritu nuen. Erreala da poema horretan gertatzen dena.

Nire kasuan, liburu bati poetika bat aldez aurretik ezartzen badiot, uste dut blokeatu egiten naizela. Agian gerora landu beharreko zerbait da, eta poema osagarriren bat idatz dezaket, baina momentuan nire ardatza izaten da izenburua, gaia eta hor sortzen doan unibertsoa.

Liburuz liburu aldatzen da? Nik orain ikusten dut (aste honetan Ixiar Rozasi irakurri diodana kopiatuko diot) [barreak], norberaren lana continuum bat dela. Azkenean, denak dauka zerikusia denarekin, izan kontrastea egiteagatik edo izan beste edozein arrazoirengatik, baina bakoitzak unibertso propio bat dauka bere baitan, osatzen doana.

Eta nire poetikak uste dut gorputza eta sentsorialitatea dituela oinarritzat momentu honetan. Ukigarritasun hori, gertu egote hori, eta gero isiltasunetik gertu egotearena… Azkenean, iruditzen zait ardura bat daukagula idazle moduan edozer ez kaleratzeko eta pixka bat pentsatzeko norantz goazen, zergatik partekatu nahi dugun hori… Eta uste dut toki hori dela isiltasunetik ahalik eta gertuen.

Iosune de Goñi
Ane Zubeldia Magriñá