«Idatzi nahi duzun moduan idazteko gai izatea, hori da idazle batentzat lorpenik handiena»
Nafarroako Gobernuko itzultzaile bezala erretiroa hartu duenetik, idazteko gogoa apur bat baretu eta irakurzaletasuna suspertu egin zaiola kontatu digunean ez gara harritu. Umetan irakurle apasionatua zen; eta gaztetan irakurle suhartua bilakatu zen, baina beti izan da oso irakurle diziplinatua. Julio Cortazar eta Jose Saramago moduko idazleen itzultzaile izateaz gain, Jon Alonso (Iruñea, 1958) idazle profesionala izan da 37 urte zituenetik, eta denbora guzti horretan, oso profesionaltasun handiko idazlea dela frogatu du, bereziki, euskal literaturan tradizio urriena duen generoan: nobelagintzan. Nobeletan beharrezkoa den ingenieritza lanetan trebetasuna erakutsi du, irakurleen interesa mantentzeko gaitasuna, eta euskal gizartea bere injustizia eta ustelkeri guztiekin errebelatzeko zorroztasuna. Humanista guztiek bezala, misantropoaren zorroztasunarekin behatzen du errealitatea, eta gizatasunez epaitzen humanitatea. Bere liburuetan halako espiritu errebelde bat toopatuko beti irakurlea, amore ematearen tentazioari umorez erantzuten diona, eta zinismoari, esperantzaz. Erretzaileen eremua (Susa, 2006) ipuin bildumarekin Espainiako Kritika Saria jaso zuen arren, saiakeragintza eta eleberrigintza izan dira gehien jorratu dituen generoak. 1997an, bien elementuak konbinatzen zituen Camembert helburu (Susa, 1998) lanarekin Joseba Jaka saria irabazi zuen, eta 2019an, Tene Mujika beka Naparra: kasu irekia saiakerarekin (Elkar, 2020). Orain arte idatzi dituen zazpi eleberriek genero horretan euskal nobelista batek egindako bildumarik aipagarrienetakoa osatzen dute. Azkena, Carvalho Euskadin (Susa, 2023), idazle kuttun bati egindako omenaldi sentitua izateaz gain, proposamen metaliterario apasionantea da, modernotasun ezohikoarekin idatzitako ariketa miresgarria. Iruñean geratu gara Alonsorekin, udazkeneko arratsalde eguzkitsu batez, bere literaturaz eta gureaz hitz egiteko.
Haurtzaroko oroitzapenetara zoazenean, ze leku dauka hor literaturak? Gogoratzen duzu liburu maiterik?
Umea nintzenean, 10, 12, 14 urterekin, oso irakurlea nintzen. Garaiak ere laguntzen zuen. Kalean jolasten genuen. Ez zegoen bideojokurik, eta telebista bakar bat, ordu batzuetan bakarrik emititzen zuena. Guretzako oso normala zen kalean jolastu eta gero, etxera joatea, txokolatea ogiarekin meriendatzea eta liburu bat hartzea. Ni oso irakurlea nintzen. Gogoan dut irakurtzen nituela, Enid Blytonen liburuak, Los cinco eta haiek. Akordatzen naiz baita ere Salgarirekin, adibidez. Halako gauzak oso gustura irakurtzen nituen.
Irakurzaletasuna, beraz, betidanik izan duzu. Baina idaztea beste kontu bat izaten da eta zuk, ikasketei dagokionez, ez zenuen hortik jo. Biologia ikasi zenuen, Bilbon.
Nagusitzerakoan, tarte batez, ahaztu egin nituen liburuak. Karrera ikastea tokatu zitzaidanean, Bilbora joan nintzen, eta biologian hasi nintzen. Baina bigarren urtetik aurrera, dagoeneko ez nuen ilusio handirik ez biologiarekiko, ez unibertsitatearekiko. Eta orduan hasi nintzen berriz irakurtzen. Akordatzen naiz Crimen y castigo irakurri nuela, eta sekulakoa izan zela niretzat. 18 urterekin, oso identifikatuta sentitzen nintzen Raskolnikov harekin. Bera ere unibertsitatean zegoen, utzi egin behar zuen… eta nik pentsatzen nuen, «jo, ni orain itzultzen banaiz Iruñeara, aitari esatera ez zaidala batere interesatzen karrera, txikitu egingo nau (barreak)». Akorduan daukat orduan irakurri nuela Italo Calvinoren trilogia famatua ere. Eta, Bilbon nengoenez, tarteka iristen zitzaizkigun aldizkari batzuk, Pott, Oh, Euzkadi eta horiek ere irakurtzen nituen. Eta horrekin guztiarekin berriz engantxatu nintzen literaturara.
Pasioak itzultzen direnean, askotan, indar handiagoz etortzen dira. Hala izan zen zure kasuan ere?
Bai, bai. Halako batean, konturatu nintzen txikitan denbora pasa moduan egiten nuen horrek bazuela balio bat gizartean eta gizartea aztertzeko balio zuela. Ze, literaturak beti dauka ederra bilatzea, alde batetik, eta dauka baita ere, denbora pasatzeko modu bat dela, hori ere bai, baina gero badauka errealitatea aztertzeko tresna bat izatea. Eta bakoitzak edukiko ditu bere interesak eta abar baina nirea hortik doa. Ederra bilatzeak badu bere garrantzia, baina nire zaletasunak errealitatearen gainean begiratu kritiko bat izatearekin du zerikusia, gehien bat. Esan nahi dut berriz engantxatu nintzenean, modu kontzienteagoan engantxatu nintzela. Eta niretzat salbazio bat izan zen.
Sasoi hartan erabaki zenuen idaztea, eta euskaraz idaztea?
Lehenik eta behin erabaki nuen hasitakoa amaitzea eta karrera bukatzea. Baina irakurri asko irakurtzen nuen, liburuak, aldizkariak, Oh, Euzkadi eta beste batzuk, eta momentu batetik aurrera esaten duzu, ba, nik ere egin ahalko nuke antzeko zerbait. Ordurako aski euskaldundua nengoen. D titulua 82an edo 83an atera nuen. Eta hor nonbait konturatu nintzen niri ere gustatuko litzaidakeela zerbait idaztea. Hartzailea nintzen bezala, pentsatu nuen izan nintekeela emisorea. Eta orduko giroan, euskaraz idaztea berez etorri zen, gauza aski normala zen.
Euskara titulua orduan atera zenuela esan duzu, baina euskalduntzen noiz hasi zinen?
Askoz lehenago. Ni hasi nintzen euskara ikasten aitarekin eta amarekin. 12 urterekin edo.
Familia osoak batera ikasi zenuten?
Bai. Anaia zaharra jada kanpoan biziko zen, baina beste guztiok batera ikasi genuen. Klaseak ematera etxera etortzen zitzaigun Pedro Diez de Unzurrun erretora. Astean bitan ematen zigun klasea, «Euskera hire laguna» metodoarekin. Nik gorroto nuen (barreak), baina hura zen orduan erabiltzen zena. Harekin egoten ginen klaseetan. Aita, ama, arreba bi, eta bostok. Gero, handik urte batzutara, bertsolaritzari buruzko liburu batean irakurri nuen erretore hura izan omen zela Txirritari azken otoietan lagundu ziona, Txirrita hil hurren zenean. Eta txantxetan esaten nuen nik jaso nuen euskara Txirritarengandik zuzenean zetorrela (barreak).
Eskola frankistan ikasitako idazleen artean, asko dira lehenbiziko testuak gaztelaniaz idatzi zituztenak. Zeu ere bai?
Hasi-hasi ez. Eskolan erredakzioetan oso ona nintzen, eta poesiak idazten ere bai, 12 bat urterekin edo. Horretan trebea nintzen. Trebea edo…! Beste gauza batzuetan baino trebeagoa, esan nahi dut. Baina idazle bezala euskaraz hasi nintzen. Sasoi hartan, Bilbon, ez zegoen akuilurik niretzat erderaz idazteko. Baina nik sentitzen nuen bazegoela estimulua eta akuilua euskaraz idazteko. Trantsizioaren urteak ziren. Eta une hartan bazegoen giro bat euskaraz idaztera bultzatu ninduena.
Literatura bat sortzen ari zen, zu zeu idazle bezala sortzen ari zinen bitartean, eta beste idazle asko sortzen ari ziren moduan.
Nik bizi nuen giroan euskaraz idaztearen hautua nahiko berezkoa egin zitzaidan. Orain ikusiko banitu orduan idatzitako lehenengo gauzak barre egingo nuke. Baina ofizio honekin lehenengo kontaktua ordukoa izan zen. Oso modo autodidaktikan hasi nintzen, neure kaxa, beste asko ari ziren bezala pentsatzen dut. Ez zegoen antolaketarik. Nik uste denok edo asko, behintzat, izan garela autodidaktak. Ez dugu sekula eduki ez eskolarik, ez gidaritzarik, ez ezer. Formatu gara edo malformatu gara bakoitza bere modura.
Beharbada euskal idazleak ez dauka autodidakta izatea beste erremediorik bere ofizioa ikasteko, baina gero ere ez da erraza bidean lagunduko dioten profesionalak aurkitzea, bere ariketa hobetzen eta epaitzen lagunduko diotenak. Bakoitza bere aldetik ibiltzera kondenatuta gaude?
Guztiz radikal libre moduan ibili behar izaten dugu. Ez daukagu inolako hezkuntzarik, ez formaziorik, ez eskolarik, ez ezer. Aurrera, eta iuju, ez dago besterik. Horregatik diogu batzuk hainbeste estimu Atxaga bati, Sarri bati, neurri batean Lertxundi bati… Haiek izan zirelako apur bat bidea argitu zigutenak, seinalatu zigutenak. Haiek irekitako estartatik abiatu ginen besteok. Hori baino lehen, ez zegoen ezer. Oskorriren bidez Aresti deskubritu genuen, bai, baina Mirande agertu zen arte ez genuen ezer ikusten. Miranderekin bai, hor hasi ginen pentsatzen, «ño, euskaraz ere badago zerbait!» Ordurarte dena zen literatura erlijiosoa, abade asko… edonor atzera botatzeko moduko gauzak. Miranderen kasua horretan paradigmatikoa da. Sarriren bidez iritsi zitzaidan. Eta niretzat opari bat izan zen. Akordatzen naiz nola irakurri nituen Haur besoetakoa eta gero, Gauaz parke batean eta nola geratu nintzen han zegoenarekin flipatuta. Azkenean, idazle bat, idazle normal bat! Munduko literaturaren baitan ari zena gauzak egiten. Deskubrimendu bat izan zen.
37 urte zenituen zure lehen nobela argitaratu zenuenean, Katebegi galdua (Susa, 1995). Orduko elkarrizketaren batean irakurri dizut ez zenekiela ez ote zinen heltzen apur bat berandu literaturara.
84an, Korrok aldizkaria argitaratzen hasi ginenean hasi nintzen ni gauzak idazten, eta 95ean publikatu nituen lehen nobela eta lehen saiakera, Idiaren eraman handia (BBK-Euskaltzaindia). 11 urte dira, baina 11 urte haietan ari nintzen egosten, nire baitan, nondik nora jo, zer edo nola. Horretarako denbora behar da. Eta niri horrenbeste kostatu zitzaidan. Niri, gaur egun, deigarriagoa egiten zait kontrakoa. Denbora hori ez hartzea. Jende askok badirudi esaten duela, «bueno, ba, liburu bat idatzi nahi nuen, eta egin egin dut. Tori liburua, eta arratsalde on». Eta ez dakit. Rimbaud bazara, igual hori egitea ondo dago. Baina nik ez dut uste denok Rimbaud izan gaitezkeenik. Ni ez nintzen goiz hasi. Baina behin publikatzen hasi nintzenean, harrotasun bat sentitu nuen urte berean publikatzeagatik lehen nobela eta lehen saiakera. Hor zeuden, teoria eta praktika: sortze prozesuari buruzko nire hausnarketak, saiakera batean, eta nire prozesuaren emaitza, nobela batean.
Saiakerak eta nobelak eskutik joan dira zure ibilbidean zehar. Hasi zinenean nobela beltzak idazten, idatzi zenuen genero horri buruzko saiakera bat, Beltzaren koloreak izenekoa. Justiziarik ezagutu ez duen Naparrari saiakera bat dedikatu zenion eta sortzailearik gabe umezurtz geratu den Carvalhori, nobela bat.
Bai, nobelista eta saiakeragile, hor ibili naiz.
Gaur egun, prestijio handiko generoa da nobelagintza, baina euskaraz oso tradizio laburra dauka. Hasiberriak gara nobelak idazten. Nabaritu egiten zaigu?
Nobelarekin gertatzen zaigun gauzetariko bat da ohitura hartu dugula liburu askori nobela deitzeko baita liburu horiek nobelak ez direnean ere. Izan daitezke liburu onak. Baina horrek ez ditu nobela egiten. Demangun Unai Elorriagaren azkena, adibidez. Liburu hori oso ongi dago. Pasarte batzuk oso onak dira eta baditu gauza batzuk diozunak, jo, hiru-lau orri horiek nik firmatuko nituzke. Baina ez da nobela bat. Nobela ez diren gauzei nobela deitzeko ohitura hartu dugu. Ez dakit zergatik. Nobelak behar du bere eraikuntza, bere konstrukzioa. Ezaugarri batzuk ditu. Genero bat da. Nobeletan andamiaje bat dago, ibili behar zara hori eraikitzen eta ezkutatzen ere bai, ezin da gehiegi ikusi baina eutsi egin behar dio argumentuari. Hori da nobelaren zailtasunetako bat. Nobelak gauza konkretu bat direlako. Eta liburu bat ez bada halako gauza bat, ez da nobela bat. Kontrakoa esatea, alferkeria da. Gerta daiteke idazleak berak ez jakitea nola klasifikatu bere liburua. Ba, esan dezala «hau ez dakit nola klasifikatu». Eta kitto. Baina ezin diogu edozein gauzari nobela deitu. Nobelak ez direlako edozein gauza. Gauza konkretu bat baino. Bestela ari gara Camilo Jose Cela bezala, nobela bat zer da galdetu ziotenean, zera erantzun zuena, «azalean nobela bat dela jartzen badu, nobela bat da».
Formatoa dela gauza bat, alegia, eta kalitatea beste bat. Literaturaren historiko liburu onenetako asko ez dira nobelak.
Ez dira. Eta ez dute zertan izan behar. Horrek ez du esan nahi nobela bat ezin dela izan esperimentala. Egin dezakezu nobela bat erabat esperimentala. Jakina. Cortazarrek berak egin zuen bezala, edo Onettik, edo Joycek, edo Faulknerrek. Egin dezakezu nobela bat instrukzioak behar dituena, nahi baduzu. Bale. Baina zure liburua nobela bat ez bada, nondik dator nobela dela esatearen behar hori? Ez bada, ez da.
Raymond Chandlerrek asko sufritzen zuen liburuak saltzeko orduan edozer esatearen ohiturarekin, bere ustez, literaturak ezin duelako hitzek duten esanahia desitxuratu irakurleen konfiantza kaltetu gabe.
Hara, nobela batek kontatzen du historia bat, denbora tarte batez gertatzen dena. Pertsonaia batzuk agertzen dira, gertaera batzuk kontatzen zaizkigu, eta azkenean, kontakizuna iristen da bukaeraren batera. Izan daiteke bukaera irekia, bai. Izan daiteke hasierara eramaten gaituen bukaera moduko bat, bai. Nahi duzuna. Baina ezaugarri batzuk bete egin behar ditu. Bestela ez da nobela bat. Kontua da nobelak prestijioa daukala une honetan. Eta jende batek sinetsi egin duela, antza denez, nobela bat idazten ez duzun arte ez zarela idazlea. Eta beharbada horregatik hasi gara edozeri nobela esaten. Baina kontua ez da guk zer esaten dugun. Esan dezakegu nahi duguna baina guk esateak ez du nobela egiten.
Andamiajea aipatu duzu lehen, nobelak eskatzen duen eraikuntza lana. Lan hori planifikatuta eramaten duzu idazten jartzen zarenean edo inprobisatu egiten duzu?
Idazten dudan bitartean joaten naiz egitura eraikitzen. Aldez aurretik ez dut planifikatzen, ez. Batzuetan pentsatu izan du neure baitan, «ni idazlea izango naiz jesartzen naizenean idaztera jakinik non hasi eta amaituko dudan».
Carvalho Euskadin azken nobelan egiten duzu egiturarekin gauza zoragarri bat: Jon Alonsoren nobela orijinal bat irakurtzen ari garela jakinik, onartzen dugu jolas modura Montalbanen nobela baten itzulpena irakurtzen ari garela. Baina gero errebelatzen zaigu jolas sofiskatuago bat, liburu osoa aldatzen duena, eta gaurkotasun handiko galdera metaliterarioak egiten dizkiguna. Horietako batzuk adimen artifizialaren eta sorkuntzaren ingurukoak direnez, horren inguruan ze iritzi duzun galdetu nahi dizut.
Ba, begira, duela gutxi berriz ikusi nuen Chinatown pelikula. Beti iruditu zait pelikula itzela. Itzela. Gidoia bereziki. Uste dut bere sasoian Oscar bat irabazi zuela, 70. hamarkadan edo.
(Oharra: Alonsok arrazoia dauka. Robert Towne gidoilaria saritu zuen akademiak 1974an, Roman Polanskiren Chinatown pelikularako idatzitako gidoiagatik)
Gidoilariei galdetzen zaienean, gehienetan aipatzen den gidoietako bat. Pelikula horrek prestijio izugarria dauka.
Hori ez nekien baina ez naiz harritzen. Kontua da, pelikula horretan badagoela errebelazio bat bukaeran, eta halako batean, errebelazio horrekin, problema partikular bat lotzen zaiola problema politiko bati eta bi gauza desberdin ziruditenak konturatzen zara gauza bakar bat direla. Eta geratzen zara aluzinatuta. Ba, hara. Adimen artifizialari buruz nik esan behar dudana da egunen baten lortzen badu horren parera dagoen gidoi bat egitea, ni isil-isilik geratuko naizela, jezarriko naizela ikustera eta esango dudala, bejondeiola. Eta ordurarte, ba, hara: Italo Calvinok 1995ean idatzi zuen saiakeratxo bat, gaztelaniaz Cibernética y fantasmas deitu zena. Eta hor esaten zuen, egunen baten, kontzientzia artifizial batek lortzen badu konbinatze esaldiak eta hitzak, egon litezkeen bariante guztiekin, eta gai bada sorkuntzazko lan bat egiteko, egun horretan, irakurleak izan beharko direla lan hori epaituko dutenak. Eta horrek indartu egin du irakurleen papera. Beraz, egunen baten, esaten badidate adimen artifizialak egin duela Chinatown eseri egingo naiz, eta ikusi egingo dut.
Idazle batzuk liburuz-liburu joaten dira ofizioa ikasten, ikusi egiten dugu nola egiten diren idazle. Baina badira beste batzuk apur bat zure modukoak, ofizioa ikasita datozela diruditenak. Lehen liburua argitaratzen dutenerako, idazle bezala eginda daudenak.
Eginda ez dut esango. Baina gogoetatxo batzuk eginda nituen, hori egia da. Hobe edo ez hain ondo, asimilatuta neukan irakurritakoa. Bagage minimo batekin hasi nintzen idazten. Gero askotan pentsatu dudan gauza bat da gu oso gaizki formatu ginela, oso saltoka. Haizearen arabera formatutako generazio bat izan gara. Gu baino pixka bat zaharragoak direnak izan dute formazio txukunago bat. Noveau roman eta guzti horrekin. Sartre eta abar. Filoi bat izan zuten. Gu galduago ibili ginen, handik eta hemendik irakurtzen, diziplina handirik gabe. Eta orain nik uste hori ere galdu dela, neurri handi batean. Iruditzen zait orain ohikoa dela ezer edo ia ezer irakurri gabe publikatzen hastea. Badagoela jende bat idazten duena baina irakurtzen ez duena. Institutuan Obabakoak tokatu bazitzaien, irakurriko zuten igual. Baina bestela igual hori ere ez.
Zuk zeuk segitzen duzu umetatik datorkizun irakurzaletasunarekin?
Ni orain jubilatuta nagoenez, egunero irakurtzen dut. Lanean ari zarenean hori egitea konplikatuagoa da. Baina orain denbora dudanez, ari naiz asko irakurtzen. Egunero ordu bat edo bi egoten naiz irakurtzen eta egunak pilatzean, horrek esan nahi du gauza asko irakurri ditzakedala. Eta irakurtzen ditudala. Edo berrirakurtzen ditudala. Horretan ere ari naizelako azkenaldian. Rayuela, adibidez, bere sasoian pentsatu nuen, «baina hau zer da» eta orain iruditu zait sekulako nobela bat. Halako gauzekin nabil. La montaña mágica irakurri berri dut, banabil tarteka Ulises irakurtzen. Tira, halako liburu batzuk. Eta iruditzen zait, ez dakit nola esan, baina jende batek ez duela hori egiten, irakurtzeari garrantzia kendu diola, ohitura hori alboratu egin duela. Eta badirela batzuk alboratze hori modu ideologikoan arrazoitzen dutenak. Kanonarekin kritikoak direlako, iruditzen zaielako kanona oso mugatua izan dela, gizonezko zuriak nabarmendu dituela, kanpoan geratu direla emakumeak, eta hainbat kontu. Ni horrekin erabat konforme nago. Guztiz. Uste dut literaturaren kanona zabaldu egin behar dela. Afrikako idazleak sartu behar diitugu, emakumeak, homosexualak, queer idazleak…gauza asko falta dira. Kanona berrikusi egin behar dugu. Zalantzarik gabe. Baina irakurri behar dugu gehiago. Ez irakurtzeari utzi. Ez dugu alboratuko dagoen guztia, ez dakit ze motibo ideologikorekin.
Akordatzen naiz aspaldi idazle bati irakurri niola boom latinoamerikanoaren idazleak berak ez zituela apenas irakurri, egiten zuen literatura oso bestelakoa zelako, eta harrituta geratu nintzen. Ordurarte ez nuen pentsatzen idazle batek horrenbeste mugatu zezakeenik literaturarekiko interesa.
Niretzat hori da ofizioari maitasunik ez izatea. Ez gustatzea ofizioa. Eta hori horrela bada, nire galdera da, zergatik idazten duzun. Egunkarian orrialde bat izateko? Horretarako bada, ba, tira.
Idazle izateko gogoa ondo dago, baino ondo idazteko hori baino gehiago behar da.
Behar da ofiziorako maitasun bat. Gai izan behar gara ikusteko, igual idazle batekin ez gaudela ados edo igual idazle hori gorroto dugula, baina bere literaturan egon daitekeela merezi duen zerbait. Nabokov zaharruno bat zen, baina itzel ondo idazten zuen. Conrad, beste zaharruno bat, itzelezko beste idazle bat. Nire ustez, gure aurreko idazle handiak irakurri egin behar ditugu, garatu zituzten teknikak ezagutu behar ditugu, gero guk kontatu nahi duguna kontatzeko. Ezin gara hasi idazten ezer jakin gabe, munduko lehen idazleak bagina bezala. Nik kontatuko dut nahi dudana, baina jakinik egon direla ni baino lehen idazle guzti hauek, eta saiatu direla hau honela egiten, eta hori horrela. Norberak zenbat eta gehiago jakin, hobeto idatziko du. Nola idatzi den jakinda idaztea edo idaztea edonola, ez da berdina. Nahiz eta gauza oso sinplea idatzi. Ez da berdina. Ez dut esaten nire kasua denik, baina idazten jasi baino lehen norbaitek 15.000 liburu irakurri baditu eta beste batek erabaki badu lehen egunetik idazten hastea, emaitza ez da berdina izango.
Ondo idazteko, asko irakurri behar da.
Ia barregurea ematen du esateak baina bai, idazle izan nahi baduzu, irakurle izan behar duzu. Irakurri behar duzu ahalik eta gehien. Denetarik. Edozer. Eta hortik ikasi. Hasieran gauza batzuk imitatzen ibiliko zara, gero beste batzuk probatuko dituzu, joango zara pixkanaka irakurketa horiek integratzen, zeure ofizioa ikasten.
Hain zuzen ere, irakurritakoaren imitazioak egiten multiplikazioa behar da, ez? Geure baitan ahots asko integratu behar ditugu, gero hortik ateratzen dena geure ahots propioa izan dadin.
Irakurtzen duzun guztiarekin zure paleta zabaldu egiten da. Agertzen da kolore hau, edo beste hau. Ikasten duzu hau nola egin dezakezun, nola egiten den beste hau. Hurbiltzen zaitu zeure helburura: sentitzea lortu duzula, azkenean, nahi zenuen moduan idaztea. Gai zarela idatzi nahi duzun moduan idazteko. Idazle bezala, hori da egon daitekeen lorpenik handiena.
Itzulpengintzak ere asko lagundu dizula pentsatzen dut. Horrekin ere ikasten da idazten?
Itzulpengintza sekulako lantegia da idazle izateko. Asko ikasten duzu. Ematen du pose bat dela, baina ez. Kriston testu on bat itzultzen, pila bat ikasten duzu. Kursilo baten, edo unibertsitatean ikasiko zenukeena baino askoz gehiago. Ikusten duzu nola kontatu duen gauza bat, nola soluzionatu duen beste kontu bat… mila gauza. Orain ari naiz, poliki-poliki, Cesare Paveseren nobela bat itzultzen, Katakrak-ek eskatuta, eta hortxe nabil, aski dialektala zen testu bat euskaraz nola jarri pentsatzen. Errejistro kontuak nola soluzionatu erabakitzen.
Hor daude gutxienez bi kontu, ezta? Itzultzaileak ikusten ditu idazleak nola soluzionatu dituen bere hizkuntzan arazo literario batzuk, eta gero ikusi behar du nola soluzionatuko dituen beste hizkuntza batean horrek eragiten dizkion problemak.
Eta irresolublea da. Ez du soluziorik. Zuk itzultzerakoan erabaki bat hartzen duzu eta beste batek har dezake beste bat. Itzulpenak beti du hori. Itzulpenak eternoak dira. Baina sekulako eskola bat da. Dudarik gabe. Itzultzailea beti da irakurle oso berezi bat. Bere lana gustura egiten duen itzultzailea testuaren tripa guztiak arakatu nahi dituen tipo bat da. Orain, adibidez, Paveseren adibidearekin jarraituta, baditugu bi itzulpen gaztelaniaz, eta badago frantsesezkoa ere, eta badaude itzultzaileak, italieraz. Beraz, esanahiaren aldetik ez dago buelta handirik ematerik. Kontua da nobela hori gertatzen dela garai jakin batean, eta hor dagoela Turingo mekanikari bat modu batean hitz egiten duena, eta handik 100 kilometrora bizi den laborari bat, beste modu batean hitz egiten duena. Eta galdera da, bi horien artean dagoena ze hizkuntza salto da? Eta orduko italiera eta gaurkoaren artean, ze alde dago? Gaurko italiera estandarra dakien irakurle batek liburu hori irakurtzen duenean, zer topatzen du? Hizkuntza bat fosilizatuta, zaharkituta geratu dena? Edo beste zerbait? Horiek dira erantzun beharko ditudan galderak. Gauza batzuk nik ezin ditut baloratu. Baina badut kontaktu bat Italian, eta haren bidez saiatuko naiz gauza horiek argitzen.
Gaur baino lehen, entzun zaitut inoiz Paveseri buruz maitasunez hitz egiten. Enkarguzko itzulpena da, beraz, Paveserena baina maitasunezkoa ere badirudiena. Aukeran, bi gauza horien konbinazioa izango litzateke onena?
Itzultzaileek, normalean, enkarguz egiten dute lan. Eta egoten dira argitaletxeek enkargatuko dietenari begira. Editorialak izaten dira, haien espektatiba komertzialen arabera, zer itzuli erabakitzen dutenak. Baina gero baita ere dago norbaitek esatea, aizu itzuli behar duzu liburu hau, edo argitaratu behar duzu honen itzulpena, oso ona da eta. Hori inportantea da. Euskal itzulpengintzak hartu du bide bat eta errespetuz esaten dut, niri iruditzen zaidala apur bat hori falta dela. Ziur nago zer itzuli erabakitzen denean egongo dela jende bat zerrenda batzuk osatzen dituena, eta saiatzen dena gauzak ondo egiten. Baina nik uste dut hobe litzatekeela esatea idazle bati edo idazleei edo irakurlei, «aizu, zeintzuk dira zuri asko gustatzen zaizkizun liburuak?» Eta hortik aterako lirateke itzulpen batzuk maitasunez egindakoak. Eta gure benetako egoera kultural-soziologiko-ideologikoaren isla izango liratekeenak. Nolabait erakutsiko lukete benetan zer den gustatzen zaiguna. Zer irakurri dugun. Esan ahalko genuke, begira, hau da guk ezagutzen duguna. Nik, adibidez, Saramagoren Lisboako setioaren historia itzuli nuen, Saramagok publikatutako azken liburua zelako. Eta horregatik hartu zen erabaki hori. Baina nik uste dut Saramagoren bat itzuli behar baduzu, zentzuzkoagoa dela aukeratzea O Evangelho segundo Jesus Cristo, edo aukeratzea Ensaio sobre a Cegueira. Idazle bakoitzaren ze liburu itzuliko dugun erabakitzeko egon daiteke eztabaida bat, hiru-lau libururen artean, baina Saramagoren kasuan, eztabaida horretan ez genuke sartuko Lisboako setioaren historia. Leonardo Sciasciarekin berdin. Euskaratu zen Itsaso ardo kolorea (Erein, 1991) Sciascia autore inportantea zelako baina ez da bere liburu inportanteenetako bat. Nik uste onena izango zela galdetzea Sciascia ondo ezagutzen zuen norbaiti, «aizu, honen onena zein», eta itzultzea bere libururik inportanteena edo inportanteenetarikoa.
Horretan geure konplejuek traizionatzen gaituzte? Gauzak gogoz egin beharrean, gauzak ondo egin behar ditugula pentsatzeak?
Itzulpengintzarekin badago faltsukeria bat. Euskal idazle guztion artean irakurtzen duguna hartzen badugu, zenbat irakurri dugu? Munduko literaturaren parte oso txiki bat. Zintzotasun falta bat dugu esateko, «begira, guk hau irakurri dugu». Hauek gustatu zaizkigu, hauek asimilatu ditugu. Nik horiek jarriko nituzke euskaraz lehenik eta behin. 80ko hamarkadan, Sarrionandiak egin zuena, maila handi batean. Hori oso ongi zegoen. Ate asko zabaldu zizkigun. Berak esan zigun, «begira, hauek dira niri gustatzen zaizkidanak». Eta nik uste hobe dela hori esatea, esatea baino «orain itzuli behar dugu Homero».
Konpleju asko ditugu hizkuntzarekin oraindik.
Ikusi besterik ez dago ze gauza esaten ditugun. Akordatzen naiz orain dela urte asko Atxagari irakurri niola euskarak preposizioak behar zituela. Gero Amurizari, aditza sinplifikatu behar genuela. Eta erlatiboa gaizki zegoela, halako zerbait. Orain Xabier Olarrak itzuli du Ulises, sekulako lana hartuta, eta azentuak jarri ditu, guk ez dugulako bereizten generoa ingelesak bezala, ezin dugulako desberdindu «berak» ote den he edo she edo him edo her. Eta nik hori guztia ikusten dudanean, neure baitarako pentsatzen dut, panorama honek ez du erakusten euskararekiko konfiantza handirik. Trabak, oztopoak, gabeziak baino ez ditugu ikusten. Eta gero jendeari esaten diogu euskaraz egiteko. Nola hitz egingo du jendeak hain eskasa iruditzen zaigun hizkuntza hori? Nik uste dut gauza horiek gure konplejuak adierazten dituztela. Euskararekin daukagun harremana ez dela ona. Pentsatu dezagun 2025erarte iritsi dela bizirik euskara, haien elebakartasuna inposatzen saiatu diren bi inperioren artean iraun duela. Nolabait moldatu gara idazten eta hitz egiten, eta orain hasiko gara esaten euskara aldatu egin behar dugula? Daukagunarekin orain arte konpondu gara, nola edo hala. Zertara dator orain aldaketak egitea? Orain arte konpondu bagara, aurrerantzean ere konponduko gara.
Izatekotan, geu gara arazoak ditugunak, ez hizkuntza.
Axularrek esandakoak gaur egun berdin-berdin balio du. Euskara ez bada beste hizkuntzak bezain kunplitua, euskaldunek dute falta eta ez euskarak. Hori batetik. Eta, bestetik, askotan esan dugu hizkuntzaren ekologiarena, eta horrek ere horrela izaten segitzen du: hizkuntza bakoitzak ekologia baten barruan ikusmundu bat dakar. Eta horrek balio handia duka. Bi gauza horiek gogoan izanda egin diogu aurre gauza askori. Eta hori ez dugu ahaztu behar. Ez gara hasiko orain preposizioak asmatzen.
Gaztelaniarekin konparatzen garela da, hain zuzen, arazoetako bat? Eta ikusi beharrean hizkuntza bakoitza modu batekoa dela, ikusten dugula
Erdaldunzaharra naiz ni. Hori da beste kontzeptu bat erreibindikatu nahi dudana. Erdaldunzaharra naiz. Eta batzuetan pentsatzen dut nire moduko erdaldunzaharrek ikusten bagaituzte pentsatuko dutela gu euskaldunok ergelak garela. Ez dute ulertuko erdaraz jakinda zergatik erabaki dugun euskaraz idaztea, hizkuntza hori hain eskasa bada. Euskararen kontra egon direnek beti esan dutena, geuk ere esan egiten dugu, moduren batera. Hizkuntza pobre bat dela, hainbat gauzatarako ez duela balio.
Duela ez horrenbeste posible zen euskaraz publikatzen ziren liburu guztiak irakurtzea. Gaur egun hori ezinezkoa litzateke. Liburu asko publikatzen dira baina produkzioa handitzeak ez du esan nahi irakurleak gehitzen direnik eta liburuen batez-besteko kalitatea mantentzea zaildu egiten du. Daukagun literaturarako liburu gehiegi ditugu?
Badakit ideia inpopularra dela, eta bideraezina. Baina nik garai batean esaten nuen: esan beharko genuke, ea, euskaraz hainbeste idazle bagaude, eta aurten atera behar badira hainbeste liburu, aurten tokatzen zaizu argitaratzea zuri, eta zuri ez zaizu tokatzen. Eta gero, hari, eta gero besteari… horrela. Garen irakurle gutxi izanda horrenbeste eskaintza egotea erokeria. Zuri tokatzen zaizu bost urtean behin ateratzea. Orain zure txanda. Bitartean, egon isilik.
Isilik egoteko ez duzu problemarik. Nik esango nuke bazarela idazle bat nahi duen liburua idatzi arte, ez duena argitaratzen.
Minimo bat behintzat, bai. Atera behar dela eta ateratzea, ez. Aterako badugu, atera dezagun erdi ganoraz behintzat. Liburuak argitaratu bai, baina eginda daudenean. Erabat konforme sekula ez zara geratzen. Baina jada pixka bat lana eginda egon behar da. Hori da beste gauza bat beharrezkoa dena, eta horretarako behar dira editore onak. Esango dizutenak, hemendik ondo zoaz, baina hemen lana geratzen da egiteko. Eta behartuko zaituztenak lan hori egitera.
Zuk zeuk lan horretan eman dituzu hamarkada batzuk dagoeneko. Dibertitzen zara oraindik idazterakoan?
Bai, oraindik bai.
Segitzen duzu idazteko gogoarekin?
Tarteka. Lehen askoz biziagoa zen. Pentsatzen nuen egin egin behar nuela eta egin egiten nuen. Orain hori baretu da. Baina segitzen dut idazteko gogoa izaten, bai. Badauzkat beti esku artean ezertara iritsiko ez diren proiektuak. Neure burua ikusten dut apur bat pintore baten tailerrean bezala. Sartzen zara eta ikusten dituzu koadroak erdi hasita, erdi bukatuta. «Hau bukatuko dut», esaten dizu, «hau enkargu bat da». Beste batzuk esaten dizu bozetoak direla, beste lanen baterako egin zituela… nik ere neure tailerra daukat. Eta badauzkat hor lan batzuk. Eta noizbehinka hartzen dut bat, eta igual idazten ditut pare bat orrialde. Baina gogoa daukadanean idazten dut orain. Dekantazioz. Zaharra izatearen abantaila hori da. Jada berdin zaidala liburu bat ateratzen badut edo ez badut. Ateratzen badut izango da atera egin zaidalako, benetan idatzi nahi izan dudalako. Eta alderantziz. Igual ez dut ezer ateratzen, eta hor konpon. Eta hiltzen banaiz, ba, hor geratuko dira karpeta batzuk, hurren datorrenak zerbait egin dezan, nahi badu.
Igual norbaitek bukatuko ditu zure nobela bukatugabeak, Raymond Chandlerri gertatu zitzaion, hil baino lehen hasi berri zuen Playback-ekin.
Ba, nigatik ondo. Edonork amaitu ditzake, nahi badu. Edo tira, bueno. Edonork igual ez. Igual utzi beharko dut idatzita nori ematen diodan horretarako baimena (barreak).