Kursi
Badira karga daukaten hitzak. Badira, are, karga izateaz gain, esanahi lauso samarra izan dezaketenak. Horietako bat da “kursi”. Ez da adjektibo neutro bat; ez da “urdin” edo “kizkur” edo “baxu”. Hiztegiaren arabera, dotorezia edo fintasun itxura eman nahi baina gustu txarrekoa den zerbait adierazten du.
Joan dira hiru hilabete Oihana Arana poeta eta bertsolariari atari honetarako elkarrizketa egin nionetik, argitaratu berria zuen Zerua hemen liburua aitzakia hartuta. Kontu interesgarri ugari aipatu zizkidan orduko hartan baina guztien artean bada bat buruan iltzaturik geratu eta buelta dexente eman dizkiodana. Honakoa zioen Aranak, besteak beste: “Interesatzen zitzaidan pixka bat ñoñoa izatea ere iruditzen zaidalako transfeminismotik ere asko gutxiesten den zerbait dela”. Horrela jarraitu zuen gero, ideia hura garatzeko eskatu nionean: “Orain maiteko dugu jendea modu karratuetan. Eta ez dugu loreei buruz idatziko ze ea pentsatuko duten neska batzuk garela loreak gustatzen zaizkienak. Ba bagara. Eta interesatzen zaigu. Askoz ere interesanteagoa delako loreei buruz jakitea torlojuei buruz jakitea baino. Eta iruditzen zait horren aldarria egitea badela liburuaren asmoetako bat”.
2025eko urrian Berria-n idatzitako zutabe bati ere egin zion erreferentzia. “Kursia” izenarekin topatu dut sarean, eta honakoa azpimarratu: “Poltsa beroa hartu eta isilik abiatu naiz logelara. Poema politikoak ere kursiak, naifak, kutreak, horterak… izan daitezkeelako ziurtasunarekin”.
Hain zuzen, bere azken poema liburuko unibertsoa osatzen zuten sorkuntza-lanei buruz galdetzean, Estrellas vivas. Antología de poesía cursi gomendatu zidan Aranak, besteren artean. Unean bertan piztu zidan arreta, apuntatu nuen orri izkina batean, biharamunean liburu-dendan eskatu eta lagun egin dit nire ordutik honako hausnarketetan.
Sarrera kritiko batekin hasten dute antologia editoreek, kursia izateko hainbat modu eta “kursi” hitza emakumeek eta genero disidenteek idatzitako literatura gutxiesteko erabiltzeak dituen arriskuak azpimarratuz.
Beraien hitzetan, poesian badira errepikakorrak, monokromoak eta akritikoak izan daitezkeen kodigoak. Paradoxikoki intimotzat hartua den arren, intimotik gutxi duen poesia mota bati buruz ari dira. Leku komunen gainean eraikia, baliabide kristalizatuekin; esanahia eta potentzia lirikoa galdu dutenekin. Ilargia jartzen dute adibidetzat.
Editoreen arabera, ordea, bada kursitzat har daitekeen baina puskaz interesgarriagoa den beste poesia mota bat ere. Berdin lotzen da sentiberatasunarekin. Erreprimitu nahi ez izatetik sortzen da eta adierazpide subjektibo-emotibo bat da, finean. Amodioaren eta desamodioaren inguruko gaiak lantzen ziren lehenago. Azkenaldian, ordea, baita laguntasunak, alabatasunak, animaliatasunak eta queertasunak ere.
Bigarren modu honetako poetek oinordetzan jasotakoarekin jolasteko borondatea dute. Potentzia politiko handia izan dezake, gainera, bide hain ibili eta maiztu horiei desafio egiteak. Nahiz eta begirada hegemonikoak autore hauen poemak ere “nesken gauza”-tzat joko dituen, ziurrenik.
Atzera begira jarrita, pentsatzen aritu naiz zenbaterainoko pisua izan dezakeen “kursi” hitzak neska gazte sortzaile hasiberri batengan. Eta ikusi dut neure burua kursia suertatzeko beldurrez; kursitzat hartua izateko ikaraz. Nago gizonezkoek ere gorpuztuko dituztela hastapenetan beldur zenbait, baina duda dut izu konkretu horrek horrenbesteko indarrez zeharkatuko ote dituen.
Beste hitz batzuekin egin dugun bezala, “kursi” hitza ere guretzea dagokigu, akaso, esanahi peioratiboa erauzi eta aldarri bilakatzea. Idaztea, kantatzea… eta, oro har, sortzea kursi.