Artikulua :: Miren Mindegia 2025/12/11

Kuir meza Durangoko Azokan

Egun batzuk besterik ez dira igaro Durangoko Azokaren 60. edizioa akabatu zela, oraindik ere bertan gertatutako guztia prozesatzen gabiltza. Urtetik urtera gero eta zabalagoa den egitarauari heltzea ez da erraza suertatzen, eta solas egin dezakegu bertze batean gure kulturaren erakusleiho eta elkargune handiena den horren tamaina desproportzioaren mugan ez ote dagoen, ez ote garen eredu kontsumistaren amildegira gehiegi hurbiltzen, nobedadeen amuak bultzatuta. Baina hori bertze batean izango da.

Hitzaldi-aurkezpen-kontzertu-solasaldi anabasa eta zurrunbilo guztiaren artean, badira distira berezia dituzten uneak, seguru aski norberaren galbahetik pasatzean hartzen dituztenak pisu berezia. Egunak pasa ahala, hasieran ulertzen ez duzun baina gerora trinkotasuna hartzen joaten den pelikula on bat ikusten duzunean bezala, zure baitan leku gehiago hartzen dituztenak, bizitzera gelditzen direnak. Une horietako bat izan zen astelehenean Berbagailuan bizi genuena. Retro-futurista kutsuko izen horren atzean azokan irekitako espazio berrietako bat dago, non eta Madalenako ermitan bertan, espazioei erranahi berri bat emateko ariketa bikain batean. Bertan elkartu ginen Euskalerria Irratiak ekoizten duen Flop Kultura podcastaren zuzeneko atal bat egiteko.

Mahaiaren bueltan eta kristo iltzatuaren pean, Danel Galdaera-Divina eta Eneko Gartzia-Albina Stardust sazerdotisa lanetan aritu ziren, berezkoa duten eliztar ez bitarren aurrean meza ematen, beti bezain fin, gonbidatu birekin: AimarZ musikaria eta artista eta Itxaro Borda idazlea. Ez ziren aurrez-aurre aritu, azken-afari formatuan baizik, bata bertzearen ondoan, horretarako aldez aurretik prestatuta zegoen mahaia 90 gradu biratu behar izan bagenuen ere –kostata, erran beharra dago, ez altzariaren pisuagatik baizik eta aurre-produkzio erabakien zurruntasunagatik, baina lortu, lortu genuen azaña–.

Nola deskribatu bertan gertatutakoa. Alde batetik, belaunaldi desberdinen arteko zubia begien aurrean eraikitzen ikusteak badu zerbait katartikotik: bat-batean errealitateak zentzu osoa hartzen du, norbaitek hasitako bideak merezi izan du, puntu batetik bestera iritsi gara. Itxaro Borda entzutea bada berez enbelesadorea, ez dago ikustea bertzerik hark ahoa ireki ahala nola bereganatzen duen inguratzen dituenen arreta, eskua masailan eta ukondoa mahaian, berak dioenari adi, hitzak barrundatzen arrosario luze batean bezala. “Kuirtasuna berandu iritsi zait niri” kategorikoa bota zuen Baionakoak, bost hitz errealitate oso bat irudikatzeko: euskarak, hizkuntza orok bezala, izan duen hitzen faltaren zapalkuntza. Jakin baitakigu izena duen oro existitzen dela, edo berdina dena, izena ez duenak ez duela lekurik gizartean. Zapaldutako hizkuntza batean eta zapaldutako identitate batetik eraikitzeak periferian, bazterretan, marjinetan kokatu izan du beti idazlea. Bai bera, baita gaur egun ere sorkuntzan ari den pertsona eta gorputz ez normatibo oro. Oraindik ere.

Izan ere, lortuko al da inoiz normatibitatearen mugak hausten dituen hori erdigunera ekartzea? Noiz izanen da gehiengoaren kontsumo produktu hiru hilabeteko harreman homosexual baten akabera kontatzen duen disko bat? Edo horrek bilakatuko du normatibo eta zentzugabekeria hutsa izanen litzateke? Bazterreko sorkuntzak bazterrean kokatzen den publikoa behar du, berez? Erantzunak baino galderak eragin zituen saioa izan zen astelehenekoa, oso osorik ikusgai dagoena bertara jo nahi duenarentzat. Merezi du. Joan zaitezte eta jan guztiok hortatik, jainkosaren hitza baita. Amen.

Miren Mindegia