Kronotopoak
1975. Marsella. Ostatuz ostatu ibili zen galdezka, ia egun osoz, platera garbitzaile modura lana bilatzen. “C’est complete” erantzuten zioten. Nekatuta, katedralean sartu zen hiriko zaratatik alde egin eta atseden hartzera. Handik egun batzuetara, eliza katolikoaren Misión Española izeneko bulego batera joan zen. Apez zahar batek etorkinen eta lan zailtasunen inguruan sermoi ezkor handia bota zion; Marsella oso hiri arriskutsua zela; eta bidaia utzi eta etxera itzultzea gomendatu zion. Baina ezin zuen hori egin hogeita hiru urteko gazteak, Euskal Herria utzi eta Europako jende berriak, kultur erakargarriak eta hiri historikoetako kale misteriotsuak ezagutzera joandakoak, bizitzaren bakardadearen eta tristuraren muga arrotzenak eta ahigarrienak aurkitzera abiatutakoak.
Ia bi hilabete lehenago, 1974ko abenduaren azken egunetan lizentziatu zen soldaduskatik. Melillan urte bat igaro zuen, euskaldun askok bezala. “Comites de soldados” organizazio klandestinoko kidea izan zen eta Ingenieros kuarteleko taldearen burua. Melillako kuartel guztietan zegoen zabaldua organizazio antifrankista hura eta arduradunek marokoar eta musulman auzoetako kafetin ezkutu eta urrunetan egiten zituzten koordinazio-bilerak, polizia militarren beldur.
Soldaduskako azken hilabeteak zailak izan zituen. Kalabozoan sartu zuten “kabo primero” txuskero batek soldadu bat jo eta horren aurka protestak antolatzeagatik. Sedizio akusaziopean gerra-kontseilua egingo zioten zurrumurruak zabaldu ziren kuartelean, baina azkenean libre utzi zuten. Zori onaren izarra berriz ere argitu zen.
Leitzan urtarrileko hilabetea igaro zuen aitari laguntzen eta ondoren –motxila, lo-zakua eta kanpina bizkarrean–, Baionara abiatu zen; Avignon bisitatu zuen; eta Marsellara heldu zen, hemen hilabete pare batez bizi, diru piska bat irabazi, eta frantsesa ikasteko asmoz.
Hainbat egunez lan bila ibili zen eta, azkenean, La Canebière kale historiko eta ezaguneko Chez Picone pizzerian aurkitu zuen “plonguer” lana, platera garbitzaile. Langile etorkinentzako zegoen foyer batera joan zen bizitzera, marokoar, algeriar eta beltzekin batera, gehienak gizonak; gela eta sukalde-eskubidea zazpi franko egunean. Izerdi zaharraren usainak eraikin osoko airea loditu egiten zuen, biriketarako kaltegarri balitz bezala. Arrotza zen hura guztia euskal mutil harentzat, deserrotua.
Chez Picone-ko sukaldean bi aljeriar gizon gazte zituen lankide, ehundaka plater zikinen katean. Lana gauerdiaren ondoren amaitu eta oinez ordu batez ibili behar zuen foyer-era heltzeko. Marsellako gauean, kale mozorrodun eta bakartietan, beldurrari aurre egiteko, labana txikia zeraman prest poltsikoan. Gaztetasunaren ausardia, zuhurtasun gutxikoa, miresgarria.
1982. Iruñea. Behe-lainoak lausotu egin zituen hiriko Alde Zaharreko farol zuriak eta kaleetako harriak heze zeuden, ilun, gauaren arnas lotiaren eskuetan. Goizaldeko ordu bietan inor ez zegoen kalean, katedraleko ezkilen danbatekoak entzun zirenean, etxeen adreilu gorrizko paretetan brontzearen hotsak desegin zirenean. “Goizaldera zure atea jotzen badute, adi, ez da medikua, polizia da”.
Ez egun ez gau zen une ezezagun batean, berriz igo zuten interrogatoriora eta ostikoak, kolpeak, ile tiratzeak eta galderak errepikatu ziren. Beste noizbait batean, libre utzi zuten, supituki, eta espainiar eraikin handi hartatik atera zenean, ez zuen Iruñeko aire garbia arnastu, izuaren ostikoa baizik. Argiak min egiten zion begietan eta zorabioak hanketan jotzen zuen. Amaren eta aitaren etxera abiatu zen. Babesa, beroa eta maitasuna behar zituen, gorputz zikin hura garbitu, kalabozo usain usteldua kendu. Urduri, eskua burutik pasatu zuen, eta ile patsa gelditu zitzaion hatzen artean.
2009. Manhattan. Carmine kalean zehar, kanela koloreko eta amaigabeko urteetan ibilera harmoniatsua galdu ez zuen Gloriarekin zihoala, , Greenwich Village Bistro kafetegian sartu zen poesia errezitaldi bat entzun eta bizitzera. Charles Martin, Quincy R. Lehr eta hirugarren bat, bizarra eta betaurrekoak zituena, ziren poetak. Mikrofonoa ez zebilen, konektatuta ez zegoelako, baina berdin zion. Beraien poemak ardo zuri eta garagardo edalontzietan kiribildu eta bidea egiten zuten entzuleen buru eta bihotzetaraino. Une magikoa izan zen.
Brooklyn-go zubipetik urteak igaro ziren eta 2018an New Yorkera berriz itzuli zenean, iragandako magiaren eta pasioz bizitako bizitzaren bila; unibertsitateko paper erreziklatuaren usaina oroitzera; 110. Street-eko geltokiaz idatzi zuen, eta ihesi joan zitzaion, nobelaren itzala aurkitzera; Greenwich Village-n entzundako poesia ardotan berriz bustitzera; konturatu zen New York parke tematiko modukoa bihurtu zela eta Carmine Street-eko bistroak ere izena aldatu zuela: “Giulietta's: A Love Affair of food and wine” zen orain. Harlem eta ilargia bakarrik geratzen zitzaizkion.