KONTRAMORFOSIA: ILUNETAN ARGIAGO IKUSIZ
Alderantzizko metamorfosiak existitzen dira. Sinetsi nazazue, edo hobe ez. Nahi duzuena. Ez dakit patologikoa den, baina esango nuke halako zerbait esperimentatzen ari naizela; kontrako zentzuan doan kamikaze fisiologikoa naizela.
Heriotzatik urrun diren tximeletak garelakoan gabiltza, besteen hegaletako kolore hunkigarrienen ikusle, ordu luzeetan, errealitateari —uneko orainari, hau da, bizitzari—dutxako ur beroa bezala, zulotik behera, ur-hodietan barrena betirako joaten utziz.
Eta honako hauxe da okerrena: tximeleta baten arima lurrunkorra izanik, harra bere krisalidan baina estuago eta lokartuago jarraitzen dugula. Jaio eta segituan, astelehenetik iganderako ezinbestearen marjina estuan, geldialdirik gabe, zapatilak garbiak ote ditugun ziurtatu, eta pausoari aurreratuko zaion kanaberaren amutik doan nomina usnatzen jarduten dugula, ikusmira laburtu eta aurrera jarraituz. Kontuz galdera konplikatuegiekin. Arriskutsuak ez direnean, aspergarriak dira.
I. Kulero eta galtzontzilo zikinak
Gaixotu naizenetik, berriz ere, nire krisalidara itzuli naizelakoan nago, sistemaren norma eta txertaturiko sinesmen faltsuen paretaren kontra, behin eta berriz, buruarekin jotzen duen loturiko maniako bat bezala; gau txar luze bat bizitza motz bat izan litekeelako; eta alkoholiko baten betiko biharamunean esnatu, eta gizarteari ikusi dizkiogun barruko arropa zikinak behin begietatik sartu, eta ezin ahaztu ditugun horiekin batera sorturiko erresaka izugarriari buelta eman ezinik geratu gaitezkeelako.
Nik ikusi dizkiot gizarteari kulero eta galtzontzilo zikinak. Oso zikinak. Sinets iezadazue ez dagoela oso urrutira joan beharrik horretarako.
Gure burua, zaharra, zimurra, hezurrak bat bestearen baitan kizkurturik, eta XL tamainako pixoihala zintzilika dugula, eulitzarrak erakartzen dituen kirasdun ultzera urdin handi batekin imajinatzea; uneren batean, bizitzaren halitosia leihorik itxi gabe jasan beharko dugula barneratzea. Berotze-ariketa hori egitea, horixe bakarrik, nahikoa da.
Baina hori ere mina da. Irudia, batzuetan, mina da. Hitz bakar bat ere bai. «Onartu beharrekoa» esaten didate, «minarekin bizitzen ikasi behar da». Eta horrexek berak ematen du minik handiena. Sinetsi nazazue, edo hobe ez. Atzerantz noa.
Jaiotzen garen momentutik barneratzen dugun guztia sinesmen faltsua da. Lehenik, familia da bere sinesmen propioak, aitzindariak, muinaren Nenuco usaineko gunerik inozenteenean, pozoidun gezia bezala sartzen dizkiguna; geroago eskola, lagunartea, ikus-entzunezkoak, komunikabideak… Guztiek ere, bete-betean sinetsiko dugun ogi-apurra gainean daramaten inurri gorri ilara luze bat eratuko dute, begietatik, belarrietatik, ahoko zulotik sartuko zaizkigunak, gure egin arte.
Gizakiarengandik era naturalean irteten dena, arma termonuklear isil bat bezala, era masiboan zabaltzen den gizartearen tresna da. Sinetsarazi nahi zaigun trikimailua. Azpikeria. Batzuetan erabat kontzientea. Besteetan, apur bat inkontzienteagoa.
Esaterako, mundura jaurtiak garenean, estreinako negar saioan, gure birikek lehen arnasaldiaren alde amaren plazentako ur amniotikoa errefusatzen duten unean, jada ordurako, gure biluztasun sakratua, gure disko gogor garbia erabat kutsatzen hasia delakoan nago. Harago goazela, aipatu ditudan sozializazio-agenteek, (oharkabean pentsatu nahi dut), sekten antzera jokatzen dutela esango nuke; eta gerora, kontrol-dorre eta agindu-panelen irismen zabalean, errealitatea zeharo deformaturik ikusten dugula. Ez dugula ikusi eta sentitzen dugun horretan erabat sinetsi behar, ezta uste dugun hartan ere, are gutxiago esaten edo agintzen zaigunean. Deus ez behartua datorkigun hartan.
Distortsio horren erdian, erori gabeko azken adreilua bezala iraun dezakeen kutsatu gabeko zera hori, sena izan daiteke, eta goragotik badator, lo hartzera gonbidatua den «kontzientzia».
Beraz, eszenatokia hori izanda, zera galdetzen diot nire buruari: benetan edertasuna da edertzat daukaguna? Gustatzen ez zaiguna, behin eta berriz, begietako gargarak balira bezala, hamaika, hamalau edo hogei aldiz ikusten badugu, azkenerako guztiz atsegina izatera iritsi ohi da. Kapelu honen barneko untxiaren sekretua errepikakorra izatea besterik ez da, arraiadun diskoaren teknika aplikatzea. Zerbait ederra dela behin eta berriz errepikatzen badigute, benetan ederra den zerbait dela sinetsiko dugu. Izan ere, gehiengo masaren indarra, norberak izan dezakeen irizpiderik garbiena herrestan eraman dezakeen tsunami izugarri bat izan liteke.
Aski ezaguna da gizakiok dugun imitaziorako joera; tributik kanporatua ez izatearren, besteen baliozkotzeak duen biziraupen indarra. Errazena beraz, esponentziala den masako iritziek ederra dela agintzen dutenari, baietz esatea da, baita horrek, istantean norberak bere buruari
zor dion onestasuna profanatzea ekartzen badu ere. Beldurra ematen digu kontrakoa esateak, baita pentsatzeak ere, sentitzen dugun izua eta segurtasun-gabezia taldearen tamaina eta autoritate mailaren menpekoa izanik.
Hain zuzen ere, uste dudana zera da: edertasunaren zentzuari eta beste zenbait masako ideologiei reset egin behar diegula, beti ere edertasuna, estetika hutsaletik harago, bere konplexutasun osoan ulertuz; hau da, maitasunarekin duen lokarri lodiari tira eginez. Lokarri honen korapiloa estua eta askaezina dela asmatu liteke, Platonek maitasuna —Eros—edertasunean ernalarazteko desio gisa definitu zuela oroituta. Orain, zer da edertasuna?
II. Itsusiaren edertasuna
Esnatzea ez da bere krisalidatik irten den tximeleta perfektu arin eta koloretsuaren hegaldia. Edertasuna ere ez. Hori merkealdietan saldu zaigun inertzia estetikoa da. Esnatzea har itsusi, lodi eta kaotiko baten miseria eta deskalabrua ere izan liteke. Edertasuna ere bai.
Ardoa kopara zerbitzatzen ari zen langileari Château Margaux botila mahai gainera erori, eta ardoaren lohiak mantel zurian irekitzen duen bide bihurria, nagusiak langilea kalera botatzeko izango duen aitzakiaz gainera, inor jabetuko ez den artelana ere izan daiteke. Istilua. Zauria. Mina ere bai. Beldurra, kaosa. Heriotza? Heriotza ere bai. Heriotza edertasuna da. Bada.
Heriotzak gordetzen du bizitzaren zentzua. Maitasunak ere bai. Beraz, heriotza edertasuna da. Eta konturatu gabe, sakrifizio erritual baterako, aldare-harrian batu zaizkigu laurak: bizitza eta heriotza, maitasuna eta edertasuna.
Hau honela, tragedia greziarrean lur hartuko dut. Apolo eta Dionisoz ari naiz, antzinako Grezian, artearen gailurra tragedia klasikoarekin iritsi baitzen. Friedrich Nietzsche izan zen, hain zuzen ere, Apolo eta Dioniso jainkoen indarrak, giza arima, kultura eta sormena esplikatzeko erabili zituena. Filosofo, filologo eta poeta alemaniarrak, bere gaztaroko maisulanean, «Tragediaren Jaiotza» izenekoan (Die Geburt der Tragödie, 1872), artea, eta bizitza bera, bi indar logiko, psikologiko eta estetiko hauen borroka eta fusiotik jaiotzen dela aldarrikatzen zuen.
Indar apolotarra (Apolo jainkoarena), forma eta amets moduan, argia, neurria, logika eta edertasun simetrikoan oinarritzen da; hau da, batetik, mundu materialari forma garbiak eta mugak emateko joera da; ordenatu eta sailkatzeko premia. Bestetik, Principium Individuationis edo «Printzipio Indibidualizatzailea»: Indibidualizatzailea. Indibidualizatzailea. Indibidualizatzailea. Gizaki bakoitza mundutik bereizita dagoela dirudienaren ilusioa. Hau da, ni naiz, zu zara, zurea zuri, nirea niri. Hortaz gehiegi dakigu, jakin ere, Mendebaldeko gure gizartean.
Eta justuki, indar apolotarraren beste aldean, Dioniso jainkoa aurkitzen da, gure sistema lokartu eta dekadentean bizi dugun epidermis-garaiotako azalak lehertu eta sugearen burua erraietaraino sartzen duen indar dionisiarrarekin. Ardoa, kaosa, emozio-fluxua eta mugarik gabeko trantzearen jainkoa. Estasiarena.
Batetik, mozkortasuna eta fusioaren aldetik, gizartearen egitura eta muga guztiak hausten dituen uholdezko kemenetik datorrena; bakarkako egoa desagerrarazi eta ke arteko trantzean, Unibertsoaren jatorriko esentziarekin bat egitearen aldekoa dena. Bestetik, gure barruetako itzalak, sexualitatea, sena eta egia gordina batere filtrorik gabe eta behingo batean, ispilu aurrean erakusten dizkigun indarra ere bada.
Nietzschek Antzinako Greziako tragedia (Eskilo eta Sofoklesen obra) gizadiaren gailur artistikotzat, «erabateko arte-lan osotzat» hartu zuen, bi indarrak orekatzea lortu zuelako. Koruaren eutsiezinezko pasioa, musika kaotikoa eta trantze dionisiarra, Apolo jainkoaren hitz eta egitura dotoreen bidez ordenaturik mantentzen ziren.
Hau da Nietzscherentzat antzinako Greziako tragediaren goieneko unea, eta gailur artistiko hori ez da etortzen, politikoki zuzena den Apolo soilik gailentzeagatik, bi jainkoen arteko batasun miragarriagatik baizik. Bi indarrak behar-beharrezkoak direla, alegia, punta-puntako edertasun hori lortzeko.
Nietzscheren teoriaren arabera, oreka hori Sokrates eta Euripides iritsi zirenean hautsi zen. Filosofia arrazionalistak, Dioniso bera, eta eskuzabalik banatzen zituen ardoa, sena, kaosa, erraietatik datorren egia gordin eta haragitsua, arriskutsutzat jo eta lotsaren, erruaren, eta madarikazioen lokatzetan ito zituen. Beraz, segituan igarri liteke zer gertatu zen.
Guztia Apoloren indarpean jausi eta bere arauetan giltzapeturik geratu zen. Guztia, logika, morala, eta perfekzioaren kristal finezko kopa barnean sartu zitekeena zen. Nik ere Nietzschek salatzen duenarekin bat egiten dut; mendebaldeko gizarte modernoa erabat apolotarra, artifiziala, perfektuki lokartua dela eta dagoeneko eutsiezina eta jasangaitza egiten zaidala aitortzen dut.
Gure alderdi dionisiarrari, gure barruetako biluztasun gordinari —are gehiago, itzalen iruntzian erreprimiturik gordetzen dugun egia «beldurgarri» eta «arriskutsuari», gizartearen ahoan hain lizun eta degeneratua denari— uko egin diogu, eta hemen gabiltza, hiritar formal itxurak eginez bai, leungarri usain artean lisatu berria izan den alkandora zuri garbiarekin bai, baina gorputza ergo arima eta arima ergo gorputza, erabat gaixoturik ditugun zonbi kamuflatuak bezala.
Beraz, kalean ezin dut eta hitz hauen bidez biluztuko naiz. Azken aldian, atsedenik gabe, Dioniso nondik dabilen galdezka nabil. Norbaitek non ikusi duen. Ixten azkena den tabernaren pertsianaren koskan eserita itxaroten diot goizalderik goragaleenaren gainean azalduko ote den. Etsi-etsian, handik eta hemendik, sukurtsalak, pabiloiak, kontainerrak, bazter guztiak arakatu ditut, galduriko txakurkume bat izango balitz bezala.
Are gehiago, bere erretratu robota lortu eta kartelak jarri ditut herriko zuhaitz mardulenen enborretan, eta norbaitek topatuko balu ere, ez zait ahaztu dozena bat tiratxo bertikaletan nire telefono-zenbakia jartzea, orriari tira egin eta modu erosoan poltsikoan gordetzeko baliagarria izan dadin.
Ez dut ordea Dioniso inon topatzen. Ez du inork inon ikusi. Dioniso desagertu egin da; agian, azken mohikanoa bezala, hil.
III. Labankada bat karotidan
Eta hau honela izanik, arropak erantzi eta greziar tragediaz idatzi dudan ur hauetan barrurantz egingo dut, leporaino, ahoraino, agian sudurreraino, edo zergatik ez, apnea egin eta burua bera ere barruan dudala jardungo dut; eta orokorrean bada ere (eta garrantzitsutzat jotzen dut orokorrean arituko naizela argitzea) gaur egungo poesia eta literaturara zabaltzen ausartuko naiz.
Liburu asko topatzen ditut ohikotzat dugun edertasunari, naturaren orekari, errutinako ezdeusari, isiltasunari edota uraren gardentasunari gorazarre egiten diotenak. Hostoaren zaurgarritasunari. Edo azkenaldian olatu gainean etortzen diren joera tematiko monografiko horiei; merkatuak, behin eta berriz, sormenaren asmakizun berritzaile gisa saldu nahi digun errebeldia instituzionalizatu eta prefabrikatuari.
Formula berbera behin eta berriz errepikatzen duten liburuez ari naiz; edukia deskafeinatua egon arren, joera baten aparretik elikatzen diren liburuez. Errazak, garbiak eta zuzenak izanik (ez dut kalitatea zalantzan jartzen), goratuak, aipatuak eta sarituak diren horietaz.
Adrenalina gabeko sehaska-kantuak, oso murtxikatuak, indigestiorik eragiten ez dutenak ote diren; etorri ahala, ezer gehiagorik gabe urruntzen direnak, gehienera ere, azalean arintasunez kilima labur batzuk sortzen dituztenak.
Poesiaren kasuan, adibidez, plastikozko positibismoaren konpultsiora lerratu diren askok, liburu erraz xehatu hauek, jendea poesiaren mundura hurbiltzeko gonbita egiten dutela diote; jendea poesiarantz erakartzeko balio dutela, alegia. Ez al dira egungo merkatu produktibistaren haginak zorrotzegiak poesiarentzat? Ez nuke poesiaren induzitutako autolisia honen lekuko izan nahi.
Ez dakit. Esango nuke, orokorrean, gaurko literaturak somnifero efektua duela; are gehiago, tartean, gizarteak sudur-zuloetan jartzen digun kloroformoaren eragina egon daitekeela, beste hainbat interesekin batera, azken uneko fotofinishean pertsonen kontzientzia dionisiarra erabat lokartzeko.
Horregatik, egonezinak jota, «edertasun» mota hau hiltzea erabaki dut. Ez du inork jakin behar ni izan naizenik. Hots gehiegi atera gabe izango da. Ez dute erriflerik, ezta balarik ere topatuko krimen eszenan. Estrategia anatomiko zehatz bat nahikoa izango da; labankada lotsati bat. Karotidan. Hiru edo bost segundoko isuri isila. Garbia, kirurgikoa.
Edonola, harri handi bat bezala azpian harrapatu gaituen «edertasuna» duina izanda, hain aseptikoa, hain politikoki zuzena, ez luke odol askorik galdu beharko, akaso zilar-ura edo mitxoleta gorriren bat edo beste. Utz iezadazue niri. Batere arrastorik utzi gabe egingo dut. Eta ondoren, lehenbailehen, gorputzean bertan gordetzen dudan nire infernua utzi gabe, beste infernu batetara alde egingo dut. Egia esango dizuet. Dagoeneko egin dut. Alde ere bai. Arthur Rimbaudekin alde egin dut.
Gizarteak inokulatu digun edertasunaren bertsio honi bizkarra eman, eta Rimbaudek Une Saison en Enfer (Infernuan Denboraldi Bat) maisulanaren hasieran zioena, jarraitu beharreko dogmatzat hartu dut; inoiz amaitzen ez zaidan mantratzat: «Arrats batez, Edertasuna nire belaunetan eseri nuen. — Eta mingotsa iruditu zitzaidan. — Eta iraindu egin nuen».
Nik ere hori nahi dut. Nik ere hori erabaki dut nire infernutik. Nik ere merkatuan, eta gehiengoaren masa eta algoritmoetan harrapaturiko edertasun nagiari uko egin, eta azala hirugarren graduko erredurak sortzeraino kiskaliko didan poesia gordinaren bila nabil.
Kromatikoki erradikala izan eta erreduraren ondoko errauts beltzerainoko poesiaren bila. Ni naizenetik haragi pusketa bat erauzteko adinako hozkada duen poesiaren bila; abiapuntu berean utziko ez nauenarena.
Aspertu naiz ohiko poesia burgesaz, eta erraietatik, benetako biluztasunetik, kaosetik abiatuz, «baina zertan zabiltza? Ongi pentsatu duzu? Zer egin behar duzu oraingoan, Lierni?» galderak itzali, hobe esanda, hilotzak balira bezala betirako hobiratu, eta egiara, trantzera, gailurreko estasira eramateko indarra duen poesia ernearen beharra dut.
Sortzeko, egiazki sortzeko, aurretik sorturikoa hautsi behar delako. Lekua egiteak lekua kentzea dakarrelako. Nondik kendu behar dut lekua, nire lekua egiteko? Lekua ez dago hor kanpoan, lekua hemen barruan dagoelako. Uste duguna ez da egia. Egia, sekula uste izango ez dugun hura delako.
Bide berean, Beat belaunaldiaren mugimendu historikoa, kronologikoki igaro bazen ere, hustutako edalontzien hondoan biharamun-jalkin bezala kristalizaturik geratu ziren undergrounda eta kontrakultura hura, gaur egunean astindu dezakegun nortasun-ezaugarri eta erresistentzia indibidual gisa aldarrikatuko nuke; ahoz ahokoa egin, suspertze eraginkorra, — 30 bihotz-masaje eta 2 intsuflazioko erritmoan—, edo izotzezko bainuontzian sartu akaso; esmeralda koloreko jarabe xamaniko koilarakada bat eman…
Ez dakit; batek jakin zer egin dezakeen bere baitan, garai hartan bizi zen sormen dionisiarra berpizteko, gerora etorriko diren ondorioetan pentsatu gabe; ez damu eta ezta erridikulu sentipenik gabe ere. Gauza, burura edo bihotzera tximista baten orratzean jausten ziren hitz, erritmo eta musika nota haiek, Dionisoren erreboluziorik altuenean, bat-bateko eszitazio horretan, paperera jaurtitzea da.
Beat belaunaldiak egin ohi zuen bezala, jaiotzen garenetik txertatzen zaizkigun erru eta balio moral zurrunetatik, eta etorkizuneko harrian idatzi diren betebeharretatik ihes egiteaz ari naiz. Hiritar zintzo izatearren, beste aldera begiratzearren, gure begirada pantaila barruraino iritsi nahi eta bizkar-hezurra antropomorfoki luzatzearren, hartu dugun konformismo-ergonomia oso-osorik komuneko zulotik botatzeaz.
Familia-kuartel, eskola-kuartel, lantoki-kuartel, hau da, gizarte-kuartel honetan sartu gaituen Apoloren eguzkia, une baterako bada ere itzali, eta zer gertatzen den ikusteaz ari naiz; poesia dionisiarragoa egiteaz, gau luze ilunaren eztarrian «betiereko oraina» topatzeaz; hitz batez, Rimbaudek infernuan zioen modura: «Oihuak, danborra, dantza, dantza, dantza, dantza!» egiteaz.
Azaletik erraietara jaitsi, gehiengoa den masa horren noranzkoaren zaplaztekoei eta bibotedun zigorrei beldurra galdu, eta HOWL egiteaz ari naiz (Allen Ginsberg). Barruan dudan koioteari afaltzeko neure saihets-hezurrak zupatzen utzi, eta ni naizen animalia osoarekin, erneguzko ulu arrailgarri bat egiteaz.
IV. Luma beltzak
Ez dakit alderantzizko metamorfosi hau azken urteetan niregan etzanda dagoen gaixotasun luze honegatik izango den, edo tartean bizi eta ikusi behar izan ditudan sistemaren eta pertsonen alde hipokrita horrek sortu didan minagatik.
Nolanahi ere, kontrako bidea eginez, krisalida ilunera itzuli den harra naizenez, ezinbestean, idatzi honen bidez, aspaldian ikusi ez nauten ezagun guztiei honako abisua luzatu beharrean aurkitzen naiz: izotz leunezko malkarrean beherantz doan lera bat bezala, erradikal, balaztarik gabe noa nire alde dionisiarrerantz, eta ez dut pentsatzen jaitsiera geratzeko nire burua lurrera jaurtitzerik.
Hau honela, alde dionisiarrean naizela, nire sorkuntza simaurra bada ere berdin zait. Erabat arriskatzera noa. Dena dela, beti etorriko zait ongi simaur apur bat aspaldian batere zaintzen ez ditudan terrazako landareen ongarri gisa.
Urte gehiegi egin ditut nire lumak zuri eta garbi mantentzen. Orain, argirik gabeko krisalida honetan, eroso nago. Baina hori une honetan berdin da. Soilik, gero eta luma beltz gehiago dauzkat. Soilik, hori da gertatzen ari zaidana: luma zuriak erori eta luma beltzak ateratzen ari zaizkidala; ilunarekin bat egin dudala. Ez dut orekarik bilatzen, argirik ere ez. Utz nazazue nire infernuan, Rimbauden erritualean «gosea, egarria, oihuak, dantza, dantza, dantza, dantza!» egiten.
Horregatik, ikusten nauzuen hurrengoan, ez zaitezte izutu; ez naiz nintzena izango. Lur azpian amaituko duen zisne beltz bat izango naiz, eta hala naizela topatuko nauzue, tabako eta intsentsuzko ke mardularen atzean, jazz eta likorezko gauetan, sudurretik odoletan ari diren hitzak bilduz eta ulu luzeak eginez.
Aldian behin, postalen bat bidaliko dizuet, eta guztia, itsusia, beldurgarriki itsusia irudituko zaizue.
Eta erori zaizkidan luma zuri guztiekin zer egingo dudan? Hor eta han, lurrean botata utziko ditut. Eta ez, jakizue ez ditudala, hiritar zintzo baten moduan, makurtu, zorro batean jaso, eta zaborrontzi organikora botako.