Kingek inprentatik ateratzea eskatu zuen Rage eleberria
Orain hurrengo produktu kultural batek buru osasun makala duen pertsona batengan izan dezakeen eragin kaltegarriaz idatzi nuen artikulua. Bada, hari horri tiraka, beste adibide bat jorratuko dut artikulu honetan. Amerikako Estatu Batuetako literaturaren izen handienetako baten liburu bat, Stephen Kingen Rage, aipatuko dut, eta nola haren argitalpenaren ondoren izan ziren gertaera tragikoen ondorioz, idazleak eleberriaren ale gehiago ez inprimatzeko jarrera hartu zuen.
1977. urtean Stephen Kingek bere lehenengo eleberria plazaratu zuen Richard Bachman goitizenarekin, Getting It On, ondoren Rage, Amorrua, izenburua hartu zuena. Thriller psikologiko honetan, Charles Everett “Charlie”, Placerville fikziozko hiriko High Schooleko ikaslea da protagonista. Eskolako zuzendariak, bi hilabete lehenago gertatutako istilu baten ondorioz kanporatu ondoren, mutilak arma bat hartu eta klaseko ikasleak bahitu gisa hartuko ditu. Hortik aurrera, agintari ezberdinak eta polizia bahitzailearekin negoziatzen saiatuko dira ikasleak askatu ditzan.
Liburua argitaratu ostean, AEBtako leku ezberdinetan nobelan kontatutakoen antzeko gertaerak izan ziren. 1988ko apirilaren 26an Kaliforniako San Gabriel High Schooleko ikaslea, Jeffrey Lyne Cox, fusil bat eskuetan zuela, 60 ikasleko klase batean sartu eta ordu erdi pasatxoan han izan zituen mehatxupean, azkenik, ikasle batek hari arma kentzea lortu zuen arte. Coxen adiskide batek prentsari kontatu zionez, gaztearen inspirazio iturriak Kuwait Airways 422 hegazkinaren bahiketa eta Rage eleberria izan ziren. Coxek behin eta berriz irakurri omen zuen eta oso identifikatuta sentitu zen protagonistarekin.
Kentuckyko McKeen hirian, Jackson County High Schooleko ikaslea, Dustin L. Pierce, eskopeta bat eta bi pistolaz armaturik, aljebra irakasgaiko ikasle guztiak bederatzi orduz klasean egotera behartu zituen 1989ko irailaren 18an. Gertakaria zauriturik gabe amaitu zen. Pierceren jabetzen artean Kingen estreinako nobela aurkitu zuten, beraz, bere egitasmoa burutzeko ideia handik hartu zuelako hipotesia zabaldu zen.
1997ko abenduaren 1ean, Michael Carneal, goizean goiz eskolan sartu, motxilatik pistola bat atera eta zortzi aldiz tiro egin zuen gelara sartu aurretik otoitzean ari zen talde baten aurka. Zortzi zaurituetatik hiru neska hil egin ziren, ezin izan zituztelako salbatu erietxean. Carnealek ikastetxeko takillan Rage nobela zeukan.
Tiroketa honen berri izan ondoren, Kingek Estatu Batuetan nobela inprimatzeari uzteko eskatu zion argitaletxeari eta editoreak kasu egin zion. Ordurako, azal gogorreko The Bachman books liburuko nobeletako bat zen The Long Walk, Roadwork eta The Running Man nobelekin batera. Ondoren, nobela horiek banaka argitaratu ziren.
Kingek samina baino “arindua” sentitu zuen ale gehiago ez zirelako kaleratuko. Unibertsitate garaian idatzi zituen istorioetarako, tartean Rage nobela, ikasle garaiko frustrazio eta minak izan zituela inspirazio iturri aitortu zuen. Ez zuen ukatu halako kultur produktu bat, Michael Carneal moduko pertsona desorekatu batentzat (gaztetxoari eskizofrenia diagnostikatu zioten), egin zuena egiteko faktore eragilea izan zitekeela. Hala ere, faktore gehiago ere hartu behar lirateke kontutan, haren esanetan. Izan ere, “AEBetako gizartea biolentoa da” adierazi zuen eta haurrak, txikitatik, telebista, film nahiz bideo-jokoetatik jasotzen duten fikziozko indarkerian haztea kaltegarritzat jo zuen. Pertsonek armak lortzeko duten erraztasuna kritikatu zuen eta, bere iritziz, kontrol zorrotzagoaren aldeko neurriak hartu behar lirateke.
Hori guztia esanda, idazle edo artista baten askatasuna defendatu zuen sortzerako garaian: “Fantasiak idazten ditut baina ikusten dudan munduan oinarritzen naiz. Potentzialki homizidak diren pertsonak daudela jakinda ere, ez da inmorala indarkeriazko pasarteak dituzten istorioak idaztea. Biolentzia estatubatuarren bizitzaren parte bat da, gustukoa izan ala ez. Hori da egia eta egia mingarria da batzuetan. Indarkeriaz idazteak indarkeria dakarrela esatea hipokresia hutsa da”.