Artikulua :: Izaskun Gracia 2024/05/27

KILOAK GORA, KILOAK BEHERA

Guztiok badakigu sare sozialak, besteak beste, erakusleihoak direla, era guztietako enpresek beren iragarkiekin entretenitzeko eta dirua etengabe gastatzera gonbidatzeko plataforma perfektuak. Publizitate hori ez da ausazkoa, agidanez, logaritmo batek gure gustuetan (hobeto esanda, gure kliketan) oinarrituta aukeratzen duenari erantzuten dio. Hala ere, duela bi hilabetetik hona, nire sare sozialak betetzen dituzten iragarki guztiak menopausian pisua galtzeko metodoak dira. Eta ez dut ulertzen, menopausia iritsi ez zaidalako eta argaltzen saiatzen ari ez naizelako.

Agian, kasu honetan, algoritmoak ez du nire like-etan interesik izan, eta nire jaioteguna hartu du kontuan bakarrik, eta publizitate-mota hori bidaltzeko garaia dela erabaki du. Onar dezaket algoritmoak menopausia iritsi zaidala onartu izana; izan ere, beno, adin batetik aurrera emakume guztioi iristen zaigun zerbait da, baina zergatik onartu argaldu nahi dudala edo, okerragoa dena, argaltzen saiatu nahi dudala, iragarki horiek diotenez?

Ba al nago norbait argaltzearen edo loditzearen aurka? Inola ere ez. Bakoitzak nahi duena egin dezake bere burua ondo ikusteko eta gustura sentitzeko, nola ez ba. Baina izugarri gogaitzen nau emakumeok argalak izateko eta kanon ofizialak dioena betetzeko etengabeko presio horrek. Nerabea nintzenean, muturreko dietak nagusitzen ziren, helburua aldizkari guztien azaletan ateratzen ziren supermodeloen antza izatea baitzen. Urte batzuk geroago, moda aldatu zenean eta dieta horiek eragindako osasun arazoek eta anorexia eta bulimia kasuek merezi zuten garrantzia izan zutenean, argaltzeko beste modu bat ezarri zen. Gosez hil beharrean, miraria lortu nahi zuenak kirol asko egin, elikagaiak nolabait antolatu, osagarri jakin batzuk hartu edo detox dietak egin behar zituen.

Nire sare sozialetan agertzen diren iragarkien arabera, hori guztia ez dago modan, eta sekretua gure elikadura norberaren desoreka hormonalera moldatzea da. Hori egia ala argaltzeko azken metodo «mirarizkoa» den alde batera utzita, haserretzekoa da gaur egun ere gauza horien aurka borrokatzen jarraitzea. Ez kiloen kontra, itxura jakin bat izateko eta neurri jakin bat erabiltzeko presioaren kontra baizik.

Non geratu da autoestimua, geure buruaren onarpena? Zergatik ezin dut neure burua maitatu 60 edo 80 kiloko pisua badut, 50 kilokoa izan beharrean? Edo 1,70 m. altu izan beharrean 1,50 m. altu banaiz? Edo hortz bihurriak baditut? Edo kolore jakin bateko ilea edo azala badut? Zergatik, XXI. mendean, ahalegin handia (oso handia, gainera) egin behar dut gauza hauek niri eragin ez diezadaten, nire itxura aldatzen ez saiatzeko eta neure burua naizen bezala maitatzeko? Horrek izan beharko luke gure helburua, ezta?

Nik ez dut bizitza pasatu nahi (ez «gaztaro»tik geratzen zaidana, ezta zahartzaroa ere, heltzen denean) gizartearen ustez izan behar dudan neurria izaten saiatuz. Nik nire amonak bezala bizi nahi dut, arrautza frijituak txorizoarekin jaten eta ogi askoz platera garbitzen. Eta zoriontsu, eder eta konplexurik gabe, nahiz eta 36. neurria erabili ez.

Izaskun Gracia