KEINUETARA ITZULI
Kontzientzia eta biziraupena berma daitezke
hitz aproposak konjuratzen badira,
ikusezinak nahi dituzten kartografietarako
keinu hutsalak kontuan hartuz gero.
Ahotsa garrantzitsua omen da.
Isiltasuna eta murmurioa ere bai.
Elena Olave, Keinura itzuli
Saioa Alkaizarena ezustean hartu ninduen keinua izan zen, Palestinan gertatzen ari dena salatzeko Igartza sariari uko egin zionean. Hazkura eragin zidan, eta harridura, eta ezustea. Eta horren guztiaren gainetik, poza. Neure buruari galdetzen diot: zergatik ordea hazkura, zergatik harridura, zergatik ezustea, zergatik poza?
Terraza batean nago A.N.rekin solasean. Maite ditut galdera ezerosoak egiten dizkidaten lagunak. Maite dut ezerosotasuna, bizirik sentiarazten nauelako. A.k diost, “Keinua diozu, baina dei zeniezaiokeen ekintza. Akaso kontzientzia afera bat egon da oinarrian, ardura politiko eta soziala, baina horrelako keinu bat ispilu bilakatzen da, keinu soil izateari uzten dio, ekintza bilakatzen da, lehen bulkadan asmo hori egon ala ez”. Kulturaz ari gara, eta niri Zinemaldiarekin gertatu berri zait kontraesana sentitu dudala: bat-batean iduri zuen Palestinaren aldeko mezuak zabaltzea zela boladakoa flash-en aurrean. Eta, esan gabe doa, hobe horrelako adierazpen olatu bat kontrakoa baino, eta zintzoa izan daiteke, noski, baina... zergatik ez da utzi bertan behera zinemaldiko ekitaldi, festa eta enparau bakar bat ere Palestinaren alde, gertatzen ari dena hain jasanezina baldin bada? Keinu soila nahikoa ez denean, nahiz eta edozein mailako keinua beharrezkoa izaten jarraitu, beste era bateko inplikazio pertsonala duten erabakiak itaundu egiten gaitu: Palestinakoa benetan jasanezina egiten zait? Barneratua daukat “genozidio” hitzaren itzala? Gorpuztua daukat? Hala baldin bada, zeri egingo niokeen nik uko, alarmak piztearren? Edo maitasun keinu bat bidaltzearren, agian inora iritsiko ez dela jakinda ere?
(Zenbat gramo pisatzen ditu keinu batek?
Kea.)
Aintzat hartzeko diru kopuru bati uko egiten zaionean, badirudi jendartean (oro har? Multzo batzuetan? Profil bateko jendearengan?) kra bat sortzen dela, edo gutxienez galdera bat: zer ari da gertatzen? Zerk ezberdintzen du gatazka hau urteko beste hainbatetatik? Zenbaki kontu bat da? Hain gaude (batzuok? Askok? Gehienok?), antza, inmunizatuak munduan gertatzen denaren aurrean? Eguneroko solasaldietan tarteka gogoan hartzen badugu ere, hurrengo gai bati buruz solastu aurretik? (batzuok? Askok? Gehienok?).
(Nori zuzentzen zaio keinua?
Kea.)
Gogoan dut garai bat zeinean hainbatek literatur sariei (batzuok, batzuei) uko egiten genien. Oinarrian zegoena zera zen: batzuetan epaimahaien erabakietan eragiten saiatzen ziren itzaleko eskuak salatzea, besteetan kulturari erakunde publikoetatik zuzendu ohi zaien begirada urgentziaz aldatzeko beharra aldarrikatzea. Bigarrenari buruz, funtsean, zera: ez dela aski tarteka izen bat gorestearekin eta ekonomikoki laguntzearekin, kultur sistema bera dela ekonomikoki desprekarizatu behar dena, are gehiago, kulturari (eta bereziki, euskal kulturari) luzatzen zaion begirada dela desprekarizatu behar dena. Baina, agian, guztion erakundeetatik kulturari ematen zaion balio sozial eskasa da, oinarri-oinarrian, prekarioa dena (ez dakit moduekin asmatu ote genuen, baina hamarkaden ostean berdin pentsatzen jarraitzen dut). Gogoan dut, kultur arloan lan egiteko hautua egin ostean, horrelako sari bati uko egiteak (batzuetan, epe ertainera) zekarren nolabaiteko zama (estigma? Autoestigma?). Gogoan dut, halaber, erakunde pribaturen bateko lehiaketara aurkeztu izana eta, karanbolak karanbola, eskuratu ere eskuratu izana; gogoan dut, halaber-halaber, publikoki (modu... naturalean? Inkontzientean? Apal ustean?) esan izana diru beharragatik aurkeztu nintzela, dirua helburu nuela, eta ez hainbeste prestigioa edo argitalpena. Horrek hainbatengan sortu zuen haserrea, “Hori pentsatu egiten da, joder, baina ez dago ondo publikoki esatea”, prestigioaren zirkuari balioa kendu nahi izan banio bezala (eta ez, oso sinplea zen, soilik diru behar gorria nuen). Kulturaz ari, zikina baldin bada diruaz hitz egitea, itsusia edo politikoki ez-estetikoa, zer izango da ba diru bati kausa baten alde uko egitea?
(Zein da keinu baten iraupena denboran?
Kea.)
Lehiaketak ez dakit prestigioaren baliokide diren, baina bai kasu askotan euskal kulturaren prekarizazio latz honetan urtebete gehiago aguantatzeko bultzada, hurrengo krisialdi pertsonalera arte irauteko modua, datorren “Zertan ari naiz nire bizitzarekin? Merezi du honek?” galdera sorta ziklikoa iritsi arteko luzapena. Kulturaren prekarizazioaren gaia pertsonala delako, antza, eta ez arazo politiko eta soziala. Horregatik hunkitu nau hainbeste, agian, Saioaren keinuak: Palestinako egoeraren aurreko ezintasunari forma zehatz bat eman diolako, pertsonala eta politikoaren arteko lotura berrituz.
Batzuetan iruditu izan zait ukoen joera bera badela zerbait anakronikoa, XX. mendean jaio eta hazi garenon baliabide askorentzat herdoildua, “denborak frogatu duen bezala” (edo kulturgintzan “denboran aguantatu” nahi izateak frogatzen dizun bezala) zerbait ez oso pragmatikoa (idealismoa ondo dago gazte zarenerako, badakizue). Niretzat garai hura gau batez amaitu zen, zeinean idazle batek gaiaz ari, ukoagatik zoriondu eta gero, puska batera gomutatu zidan: “Itzela da sari batek ematen duen botereari uko egiteko keinua, baina botereari uko egiteko boterea eduki egin behar da lehenik”. Zer pentsatua eman zidan horrek, gizontasunkeriatasunetik. Zorionez, garai hauen aurreko garaiak ziren haiek. Agian, egun gauden lekutik, ukoak berrasmatu daitezke (edo onartzeak, beste testuinguru batzuetan, dirua lotsagabe hartzearen keinua nabarmenduz diru behar hutsagatik? Kulturgintzan “koherentzia” beharra aurpegiratzen dizun hurrengoak bere urteko nominak azaleratu behar lizkizuke hitz egin aurretik; keinua litzateke kulturgintzako “koherenteen” aldeko elkartasunezko desnominagabetze sinbolikoa, edo erresistentzia kutxa pragmatiko bat, zer arraio).
(Keinu batek noiz uzten dio keinu izateari?
Kea.)
111 Akademia desegin berri da, eta arduradunek publikoki zabaldu dutenez “Arrazoi bakarra ekonomikoa da: behar beste dirubiderik lortu ez izana egitasmoa garatzeko”. Harrigarriena, kasu honetan, ez zait egin gertatutakoa, elkartegintzan gabiltzanok aspalditik dugulako ezaguna itolarri sistemikoa erakunde handienetatik txikienetara, baizik eta horrelako adierazpen baten ondorengo erantzun falta. Eskandalua iruditzen zait gauza eskandalagarriek dagoeneko eskandalurik ez sortzeak (edo kezkagarria. Edo etsigarria). Espero zitekeen (izan gaitezen zintzo: desio genuen... batzuok, askok, gehienok?) kudeaketa publikoa bere gain duten erakundeen aldetik adierazpen instituzional bat, keinu bat funtsean, itxurak mantentzeko bada ere, edo autokritika zorrotz bat (izan gaitezen maltzurki idealistak): “Konturatu gara azken hamarkadetan bultzatu dugun kulturaren merkantilizazioa gaindituta dagoela, eta balio estrategikoa duten proiektuak babestu egin behar ditugula, ezin direla kultur elkarteak enpresa pribatuak bailiran tratatu, irabazi asmorik gabeko zerbitzu sozialen moduan baizik, betetzen duten funtzio sozialagatik biziraupenerako minimo batzuk bermatuta”. Edo, espero zitekeen oposizioaren aldetik (izan gaitezen zintzo, hau ere desio genuen, agian aurrekoa baino are gehiago) urgentziazko erantzun bat (datozen haustekundeetan kultura lehen planora ekarriko lukeena...), larrialdiko adierazpen bat zeinarekin beraiei dagokionean kultur politika propio bat diseinatzeko ardura eta konpromisoa hartzen duten, entzumen aktibo eta binkulantean oinarritutako politika bat eta ez gurasokerian oinarritutakoa, desprekarizazioa helburu, kulturak jendartean duen balioa aintzat hartuko duena, Euskal Herriko kulturgintzan euskara erdigunean jarriko duena, kulturak komunitatea osatzeko eta egunerokotasunean komunitatea bizirik eta saretuta mantentzeko duen garrantziaz jabetuta, osasungintzarekin edo hezkuntzarekin gertatzen den (edo gertatu behar litzatekeen) moduan.
(Erabili keinukariak. Etengabe esaten zaigun zerbait da. Besteek jakin dezaten zein norabide hartuko duzun: funtsean, ezkerrera edo eskumara joko duzun.
Kea.)
Tabakoaren kontrako lege asmo berrien harira, A. lagunak aipatu berri dit, terraza berean: “Noiz utzi genion inkonformistak izateari?”. Zirtoa (nirekin ari da, edo orokorrean?). Ez dakit zer esan. Errazegia da inkonformista izatea terraza batean eserita, baina bejondeiola; badakizue, solasaldi metasuprautopolitikokulturalak interesgarriagoak izan dira beti ke artean (hala zen behintzat XX. mendean jaiotakoontzat). “Gimnasioko iraultzen garaian gaude, antza”, tematu da A., “agian giharra erakustea da inporta duena”. Tripa aldea laztandu du, biguntasunari maite-maite eginez. “Noiz utzi diegu gobernuei, edozein eratako gobernuei, eliza ordezkatzen? Morala, etika eta estetikaren zaindariak izaten?”. Pentsakor geratu naiz, ke artean ni ere: “Pandemia ostean?”, ausartu naiz herabe. Gogora ekarri ditugu garai ustez urrun haietako sentsazioak, goraldiak eta beldurrak. Nola keinuz bete ziren (edo komunikabideek nola keinuz bonbardatu gintuzten) arratsaldeak, gauak eta egunak. Segur aski (agian bai, agian ez, nork jakin) keinuak zentzuz husteraino. Nola gobernuak bilakatu ziren salbatzaileak, ikuspegi kritiko oro bolada batez neutralizatuta, nahiz eta armadak eta uniformedunak izan kaletik ibil zitezkeen bakarrak, herritarrak haien alardeak balkoitik ikustera behartuak, nola osteko osasun-pasaporte triste harekin ere jarri ziren pertsonen kontra pertsonak, keinuak versus keinuak.
(Zein da keinu baten pisua?
Kea.)
“Beldur naiz ez ote diogun hartu beldurra keinuari”, diost A.k. Eserita gaude, bai, terraza batean, bizirik jarraitzen dugu, batzuetan horrek arraro sentiarazten gaituen arren. Isilik geratu gara une batez. Terraza aurreko horma Palestinaren aldeko pintadez josita dago. “Agian horretarako balio dute keinuek”, dio berak. “Zertarako?”, nik. “Bakarrik ez gaudela jakiteko”.
(Isilunea.
Keinua ezin da kea saltzearen baliokidea izan.
Kea-inuaren ne-kea?)
Horregatik diot harridura: keinu batek nekea alertan jartzen didalako. Horregatik diot ezustea: keinuaren beharra behin eta berriz azaleratu ahal delako. Horregatik diot hazkura: keinu batek itaundu egiten nauelako. Horregatik poza: bakarrik ez nagoela jakinda, keinua ezintasunetik ateratzen hasteko heldulekua izan daitekeelako.