Artikulua :: Urtzi Urkizu 2025/02/04

Kazetaritzan idazle

Erabateko ziurtasunik gabe eta umiltasunez nahi nituzke lerro hauek idatzi. Errespetuz. Eta desberdin pentsatzen dutenekin ulerkor. Aintzat hartuta, une honetan sentitzen dudana izan daitekeela beste modu batekoa beste une jakin batean.

Kazetaritza ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean egin nituen, 1992tik 1998ra. Azken urte horretan, 1998an, Oiartzualdeko (Gipuzkoa) Oarso Telebistan aritu nintzen lanean albistegiak egiten (Internet ere ez genuen erredakzioan, garai hartan). Gema Lasarte telebistako zuzendariak eman zidan aukera egunerokoan ardurazko lan batean aritzeko. Albistegi bat koordinatzen nuen egunero, eta horrek eskaini zidan aukera kazetaritzako lehen pausoetan trebatzeko. Ondotik, 1999. urtean hasi eta gaur arte, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian aritu naiz kazetari lanetan. Nahiz eta ikus-entzunezko lan batzuk ere egin ditudan Berrian bertan, egunerokoan idazten aritu izan naiz. Tarteka, lankideen testuak gainbegiratzen ere bai. Kazetaritzat dut neure burua, eta ez idazle.

Eta neure burua kazetaritzat dudan arren, azkeneko urte luze hauetan ez naiz Kazetarien Euskal Elkargoko kide izan. Aldiz, badira urte batzuk Euskal Idazleen Elkarteko bazkide naizela. Bakarka soilik hiru liburu ditut sinatua; lehen biak literaturakoak, eta azkena kazetaritzakoa. Eta argitu dut zer erantzun, zer naizen galdetzen didatenean. Kazetari. Baina baditut hainbat arrazoi argi idazle elkartearen parte sentitzeko, eta ez kazetari elkargokoa.

Batetik, Euskal Idazleen Elkarteak Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartzen ditu bere barnean. Zazpi lurraldeetako idazleak dira elkartearen parte. Ez nuke neure burua eroso sentituko Euskal Herriaren zatiketa administratiboari men egiten dion talde batean. Hain zuen ere, Kazetarien Euskal Elkargoak soilik Euskal Autonomia Erkidegoko kazetariak biltzen ditu; hau da, zazpi herrialdeetatik soilik hiru dira bere eremua. Ez dute, gainera, harremanik Nafarroa Garaiko, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kazetariekin. Nire egunerokoan, azken lau herrialde horietan egiten duten kazetaritzak interesa pizten du nigan. Nahi dut jakin zer egiten duten EAEtik aparteko beste lau euskal lurralde horietan: zer egiten duten kazetaritzaren arloan eta ikus-entzunezkoetan (bi eremu horiek lantzen ditut bereziki Berriako artikuluetan; baina ez bakarrik).

Bi elkarteen hizkuntz politika eta hizkuntzaren erabilera da beste arrazoi nagusietako bat. Euskaraz funtzionatzen du Euskal Idazleen Elkarteak, eta bere kanporako komunikazioan euskara da nagusi. Kazetarien Euskal Elkargoak ofizialki bi hizkuntza erabiltzen ditu, euskara eta gaztelania, baina Interneteko sare sozialetan eta beste kasu askotan gaztelania gailentzen da. Euskarazko kazetaritzak, gainera, toki txikia du elkargoan; izan ere, gaztelaniaz aritzen diren komunikabideei eta haien kazetariei ematen diete arreta, gehienbat.

Era berean, Kazetarien Euskal Elkargoak antolatzen dituen hainbat ekitalditan eta adierazpenetan Madrilera begiratzen dio sarri. Paris ez da existitzen, beraz. Baina Iruñea edo Baiona ere ez. Bilbotik harago, Madril da erreferentzia.

Euskal Idazleen Elkarteari dagokionez, katalanez eta galegoz idazten duten idazleekin bada aspaldiko harremana. Galeusca gogoan. Euskal Idazleen Elkarteak, AELG Galizierazko Idazleen Elkarteak eta AELC Katalanezko Idazleen Elkarteak Palmako Manifestua aurkeztu zuten Galeusca topaketetan, iazko maiatzean. 1984an Bartzelonan aurkeztutako Pobleteko Adierazpenaren ildoari jarraituz idatzi zuten testua. Aberatsa izan da hainbat unetan katalanekin eta galegoekin izandako harremana, baina askoz gehiago egin daiteke: elkar ezagutzatik hasita. Hala beharko luke katalanez, galegoz eta euskaraz kazetaritza egiten duten langileen eta hedabideen artean ere. 

Ezagutzari dagokionez, beti dago zer ikasia. Kazetaritzan zein literaturan. Idazle arrakastatsu bihurtu diren asko kazetari lanetan hasi ziren. Kazetaritza testu eder batzuetan izaten da literatur izpirik (euskaraz zein beste hizkuntza askotan). Eta literatur lanek tarteka edan dezakete kazetaritzatik. Beti dago testu zoragarriren bat, gure begiek deskubritzeko zain.

Nire aitak zehaztasuna zuen maite, ikerketa arloan bereziki. Kazetaritza laneko egunerokotasunean, zehaztasun horren bila jarraitu nahiko nuke. Besteengandik ikasiz. Eta, oso noizean behin lantzen dudan literaturan, berriz, ametsei eta poesiari leihoa zabaldu. Edonola, jarraituko dut kazetari izaten. Euskal Idazleen Elkarteko komunitatean, kazetari bat gehiago.

Urtzi Urkizu