Artikulua :: Uxue Juárez 2026/03/03

KAX-KAX

Ikastetxeko txangoan koma etilikoan murgiltzear egon den ikaslea salbatu ostean (salbatu zerbait esatearren idatzi dut, koma etilikotik at beste zerbaitetik salbatu beharko nukeela pentsatu baitut, baina ez dut argi nondik tira egin behar den 17 urteko ikaslea salbatzeko), nire umea gurasoenetik jaso egin dut, umeari liburu azokan erositako lau ipuin berri kontatu dizkiot (egun guztian kanpoan izan naizela konpentsatzeko edo), umea lokartu dut, umearen aurpegialotankontenplatu,umeaestali,umeamaitatu,umealogelanutzi,umeaetaumeaetaumea. Une horretantxe, ama perfektuaren ume-zerrendan txek guztiak beteta, nire ohera salto egin dut. Gauan murgilduta, azken egunotako ametsgaiztoa itzuli da. Betiko sorgina agertuko dela badakit sorgina ikusi aurreko beldur sakon berberak astindu nauelako. Blairko sorgina, irri egingo dit goizean J.-k. eta nik, ezetz; Babayaga edo bere alaba izan behar duela esan diot. Abiapuntua etxe zahar bat, gaztelu bat, egurrez eraikitako pasadizu ezkuturen bat izan daiteke. Ametsgaizto honetan eraikuntzak beti erraldoiak dira. Helezinak (protobikote berrien promesa ustelen antzerakoak). Ametsgaiztoko aztia agertzear dagoela, beldur izugarria bizi ohi dut eta ikara gorritan esnatu egiten naiz. Izerditan. Txikitan Charles Chaplinen zuri-beltz filmeekin eta Charloten mingain gorriarekin amesten nuenero gertatzen zen bezala. Nire sorginak etxeko izkina iluneetatik begiratzen nauela badakit. Ametsetan bere arnasak inguratzen nau, baina ez da inoiz gorpuztera iristen (ongi pentsatuta, nahiago dut agerraldirik ez ematea). Ametsen munduan nagoelarik, defentsa sistema bat bilatu behar dudala argi dut, baina momentuan ezinezkoa suertatzen zait; handiegia da bere boterea. Sarri kapitalismoaren edo patriarkatuaren helmena ez ote den galdetu izan diot neure buruari, inguruan duen guztia era bulimiko batean xurgatzeko duen gaitasun hori dela eta. Baina ez. Oso urrunetik datorren errotutako bizipen baten oihartzuna dela uste dut. Zerbait esoterikoagoa, nork daki. Hildakoen munduarekin lotzen nauen sekretu ahantzi bat, agian. Artziko bailarako basoetan murgiltzen naizenero oldartzen zaizkidan huntzaren esku tematiek ezagutzen dute. Norbaitek iratzarritako eta iraganetik behartuta ekarri duen elezaharra edo munstroa lez.

Jakin nahiko nuke ea sorginarena H. hil orduko gertatzen hasi zen. Orokorrean, zaila suertatzen zait denboran pasadizo jakin bat kokatzea. Are gehiago ametsa bada. Horregatik, esango nuke sorginak behelainoa zabaldu didala garunean zehar, iraganean egondako bide definitu guztiak ezabatu dituela. Isilpean, narrastari, hedatzen.

Noizbehinka elkarrekin pasadizo hau aztertu izan dugunean, bizirik dauden horietaz kezkatzeko gomendatu dit nire laguna den JM.-k, eta ez hildakoen gorpuez. Baina iluntzean, etxearen isiltasunean, azkeneko txingarra itzali orduko, badakizue, gaueko bestiarioen protagonisten garaia da: Caribdis, trol, Hidra, Gaueko, Gryla eta Eszila guztiak iratzarri direnean, huntzaren ukabilek kax-kax bat marraztu ohi dute etxeko sarreran eta bere hatz-hezurrek ate-zuloa zeharkatu.

 

Uxue Juárez