Sormen lana :: DORLETA URRETABIZKAIA 2022/12/22

KARMA APETATSUA

Bizitza honetan dena zerbaitegatik gertatzen da. Ezer ez da besterik gabe gertatzen, ezertxo ere ez. Adibidez:

Goiz normal bat. Goizeko zortziak bost gutxi. Berandu zoaz lanera, beti bezala. Zebrabidetik errepidea gurutzatzen ari zarela, paretik datorren tipoak bete betean zapaltzen dizu oina. Oooo! Ez dago esan beharrik, eguzki printzek animatuta, txankletak jantzi dituzula goizean.

Egoera honen aurrean, bi aukera dituzu:

Bat: -Mekaben dio! Hi, kabroia! Oina zapaldu didak! – oihukatzea zutaz paso egiten duen tipoari. Edo…

Bi: Sakon arnasa hartzea, hamar aldiz, eta gertatutakoaren inguruan hausnarketa egitea.

Bigarren puntu honen arazoa da, gertatutako zapalketaren inguruan unean bertan erreflexionatzen hasiz gero, berandu iritsiko zarela lanera, nagusia berriz ere zurekin haserretuko da eta anekdota txiki bat izan zitekeen hori, sekulako drama bilakatu daitekeela. Beraz, pare bat aldiz arnastearekin nahikoa. Behin lanera garaiz iristea lortu duzunean, orduan da momentu egokia.

Zergatik zapaldu dit oina tipo horrek?

Bat: Kabroi hutsa delako? Eta sentitzen duzun amorruari bidea zabaltzen diozu, zure osotasuna mendeku gosez beteaz. Baina zer gertatzen da orduan? Ba, inpresorako tonerra izorratzen zaizula edota lankideari zakar samar erantzuten diozula…

-Egun on.

-(Zakar) Zuretzako izango da ona!- Ts! Malo…. Hau ez da jarrera egokia. Ze lankidea zurekin haserretzen bada, zortzi orduz aguantatu beharko duzu bere muturra. Beraz, ez, hau ez da bidea.

Zein da orduan jarrera egokiena?

Lasai egon zaitezkeen une bat topatu behar duzu: zigarroa erretzera zoazenean esaterako, eta erretzen ez baduzu, komunean zaudenean.

Komuneko momentua oso gomendagarria izaten da. Ze, nor hasiko zaizu ate joka ordu erdi badaramazu ere? Nork daki kakapirria sartu zaizun? Edota idorra ote zauden?.... Komuna oso leku segurua da eta inspiratzailea gainera. Zenbat artista inspiratu izan ote da, komunean eserita: Kandinsky, Atxaga, Cervantes…. Eta jende arrunta ere bai, noski. Hortaz, komunean zauden momentu horretaz baliatuz, eguneko gertaera horren inguruan erreflexionatu dezakezu.

Zer esan nahi izan dit bizitzak tipo honen oin zapalketarekin?

Eta hor hasten zara… Agian, bizitzan zapalketa emozionala jasaten ari naizela adierazi nahiko du? Edo… oina non jartzen dudan hobeto begiratu behar dudala?... Edota agian okulistara joan beharko nukeela… Dena dela, nori bururatzen zaio Euskal Herrian goizean goiz, txankletekin ateratzea, ezta hau Benidorm balitz ere! Eta noski, bat-batean konturatzen zara, ordu erdi daramazula komunean eta ez duzula inolako erantzunik aurkitzen. Beraz, amorraturik, zeure lanpostura itzultzen zara.

Eta egoera honetara iristean, bigarren pauso bat gomendatu nahi nizueke. Zoazte kabroiaren bila. Lana bukatzean noski, bestela dena korapilatu daiteke eta.

Behin lana bukatuta…. Zakar izan zareten lankidearekin bereziki jatorrak izatea gomendatzen dizuet, hurrengo egunean gorriak ikusi nahi ez badituzue behintzat: “bihar arte guapa! Lan bikaina gaurkoa!” eta horrelakoak…. Eta lanetik ateratzen zaretenean, nahiz eta goseak amorratzen egon, ez jan, eutsi goiari, itzuli goizeko zortziak bost gutxietan kabroiak, oina zapaldu dizueten tokira. Zabaldu ondo begiak eta itxaron.

Ez datorrela? Lasai, etorriko da.

Ezetz, ez datorrela? Ba zoazte zerbait jatera ez baduzue espaloian ziplo erori nahi. Puntu honetan, badut espiritualtasunarekin arazotxo bat: karmaren kontu honetan noiz letxe jaten da? Ze, inork ez du horri buruz hitz egiten! Ze pasatzen da, iluminatuek ez dutela goserik, ala? Ez dutela kristo guztiak bezala kaka egiten? Pelikuletan bezala, noiz ikusi duzue zuek Brad Pitt komunean,e? Edo gosez amorratuta bokadilo bat, edota hanburgesa ziztrin bat jaten? Inoiz ez. Hori ez da normala. Budarekin kontutxo hori argitzeke daukat, baina noan harira.

Tabernan sartu zara, pintxoa eta kañarekin zaude barran ezarrita ( tipo bakero) eta halako batean, gizon bat jarri zaizu alboan.

Kaña bat eta pintxo bat ipiniko dizkidazu, mesedez?

Orduan… ez dakizu zergatik, usainagatik edo… tipoa ezaguna egin zaizu. Begiratu eta…. Ostia, bera da! Sinestezina badirudi ere, goizeko zortziak bost gutxitan lanerako bidean zebrabidean oina zapaldu dizun tipoa ondoan jarri dizu bizitzak!

Arnasa azkartu egin zaizu, amorrua dator berriz ere, mendeku gosea piztu zaizu… Baina kontuz, ez utzi amorruaren amuak harrapatzen… Hartu arnasa, hamar aldiz ahal baduzu, eta esaiozu zerbait, edozein gauza….

Bien, bien….

Tipoak entzun zaitu, bai, baina ez dizu begiratu ere egin, agian barrakoarekin hizketan ari zarela uste du. Beraz, hitz egin ozenago, tipoari begietara begira, zalantzarik izan ez dezan.

Ederra jarri da eguna, e?

Ni pio. Gauza okertzen hasi da, ez da tipo komunikatiboa eta ez zaio eguraldia interesatzen, arraroa euskaldun batengan…. Beste gai bat bilatu behar duzu, pintxoa eta kaña bukatu eta pajarrakoak alde egin aurretik. Futbola? Politika? Covida? …. Ez zaizu ezer bururatzen eta tipoa tabernatik ateratzera doa…

Ba, bai….- esaten duzu azkenean, desesperazioak jota.

Eta orduan, mirakulua gertatzen da. Tipoak begiratu egin zaitu eta zerbait esatera doa…

Elkar ezagutzen dugu?

Bihotza ahotik aterako zaizula sentitzen baduzu ere, hartu arnasa hamar aldiz, kasu honetan batekin nahikoa litzateke, ez baita komeni tipoak ahomotela, autista edo anormala zarela pentsatzea. Orduan, begietara begiratu eta bere begiradaren atzean ezkutatzen dena deskubritu nahian hitz egin behar diozu.

Bai, gaur goizean ezagutu dugu elkar. Zebrabidean.

Tipoa harrituta geratzen da, une batez goizean egin duena gogora ekartzen ari da eta egunaren errepasoa egin ondoren erantzun dizu.

Ez naiz gogoratzen, noiz?

Eta orduan, gorputzean geratzen zaizun ausardia apurra bildu eta…

Goizeko zortziak bost gutxitan zebrabidean oina zapaldu didazu -esan diozu.

Hemendik aurrera gertatzen dena hobe kontatzen ez badizuet, ezta?

Gauza da, orain jada ez dudala ezer ulertzen. Ze, bi metroko maromoak sekulako osti txarra zeukan eta egia esatea nahi baduzue, ez dakit karmak ze lezio izango ote zuen niretzako egun hartan, ze eman zidan muturrekoak erakutsi zidan gauza bakarra, ukabilkada batek aurpegian ematen duen mina izan zen.

Oraindik ez dut karmaren mezua ulertu. Eta ari naiz arnasa hartzen, e? Hamar ez, hamar mila aldiz. Eta jakingo bazenute zenbat ordu ematen ditudan komunean eserita hausnartzen? Mantrak kantatzen ere hasi naiz, ez pentsa! Baina ezer ez. Karmaren mezua hor nonbait galduko zen, hainbeste internet, 5G, Covid19 eta osti guzti horiekin.

Nik jada ez dakit bizitza honetan gertatzen diren gauzek esanahia edota lezio ezkuturen bat ote duten ala ez. Baina egun hartatik aurrera, bada ez bada ere, negua nahiz uda izan, ez ditut mendiko botak kentzen, sekula ez baitago jakiterik, karma apetatsuak zein lezio berri ekarriko ote digun.

DORLETA URRETABIZKAIA