Kaleko artistak
Uda etortzearekin batera eta eguraldi eguzkitsua lagun, jaietan dauden herri edo hirietan, edo besterik gabe, turistikoak diren lekuetako kaleetan mota ezberdinetako artistak agertzen dira. Hauen artean denetarik dago. Batzuk malabareak egiten ikusiko dituzu, edo txotxongiloak manipulatzen, baina ohikoenak musikariak dira. Hauen artean maila hobea edo eskasagoa dutenak aurki daitezke. Batzuek tinbalekin zarata-hotsa (bai zarata, zoritxarrez ezin da bestela izendatu egiten dutena) ateratzen dute. Beste batzuek entzuleen belarriak goxatzen dituzte; musikariak berak bakarrik gitarraren akordeak jo eta kantatzen duenean, edo, zenbait lagunek taldean abestiak interpretatzean. Denen helburua, beraien aurrean txapela edo kartoizko kaxa bat jarrita, sos batzuk batzea izan ohi da udako itzulia egiten jarraitu ahal izateko.
Kultura alternatiboaren erakusgarri hau iraganetik datorren herri kulturaren adierazpenaren jarraipena da. Erdi Aroan, esate baterako, kultura ez zegoen gaur egun bezain demokratizatua; errege gorteetan nahiz aristokraten jauregietan elite batek soilik goza zezakeen ganbera musikaz edo pintoreek haientzat propio sortutako margolanez. Herri xumeak, aldiz, herri edo hirira zetorkion musikari, ipuin kontalari edo antzezlearekin soilik izan zezakeen kulturarekin harremantzeko modua, eta une atsegin bat pasatzeko aukera. Juglareak ziren herritarrak entretenitzen zituzten artista horiek. Diru eta elikagai truke egiten zituzten ikuskizunak plaza publikoetan. Herri tradizioko istorioak buruz ikasi eta ahoz goran errezitatu eta antzezten zituzten. Horrez gain, musika tresnak jo eta kantatu ere egiten zuten. Hala, elizkoia ez zen musika transmititzen zuten artista ibiltari hauek. Beraz, kalean kantatzearena aspaldiko kontua da.
Gaur egungo artista hauekiko oinezkoen erreakzioa eta jokaera aztertzeko modukoa da. Nik nire begiez ikusitakoaren arabera, askoren jokaera indiferentzia izan ohi da; kale ertzean espero ez zuen artista bat topatzean, ibiltaria pausu arinean atzean uzten saiatzen da. Normalean, txanponak botatzea ez zaie burutik pasatzen. Jaien testuinguruan portaera hau alda daiteke pertsona batzuen aldetik; arreta jartzeko jarrera baikorragoa egon daiteke, beste ekitaldi batzuk ere egoten direnez programatuta kalean. Gustuko badute ikusi eta entzuten dutena luza dezakete geldialdia baina, bestela, aurrera egingo dute.
Jairik ez badago, egun normaletan, adinekoek joera handiagoa dute dirua emateko kaleko txoko batean jesarrita, erruki aurpegia jarriz, eskean dagoenari. Nolabait, karitatearen erakusgarri da jokaera hau. Aldiz, kalean musika eskaintzen dagoenari ez dizkiote txanponak berdin botatzen. Bitxia da: lan egin duenari, abestiak ikasi eta prestatu dituenari, ez diote saritzen ahalegina, zoriontasun une bat eskaintzeko gai diren arren. Pertsona gutxi batzuk, gazteak gehienetan, eta janzkerak islatzen duenez musikazaleak direnak, (musika talde baten elastikoa daramatelako soinean) une batez bada ere geldituko dira musikariaren jarduna entzuteko eta ondoren, dirua saskira botatzeko.
Artista hauekin topo egin dezaketen beste kaletar batzuk txikiteroak dira. Gurean hain errotua dagoen poteoaren kultura (hori ere kultura da) praktikatzen dute. Tabernaz taberna edaten ibiltzeko ohitura duten kuadrillak, baina, normalean, kaleak alaitzen dituenari dirurik emateko prest ez dira egoten. Dirua ardotan, garagardotan edo sagardotan xahutzeko ez dute inolako arazorik izaten baina aitzitik, arima elikatzen duen beste kultura mota baterako ez daukate sosik; galdetuz gero, liburuak edo diskoak garestiak iruditzen zaizkiela esan ohi dute askok. Eta batak bestea ez luke zertan eragotzi; batzuentzat edari alkoholdunen nahiz kulturaren kontsumo (hitz hori erabiltzea zilegi bada) sano bat ez dago batere kontrajarria baina, zoritxarrez, hemen gehiengoak ez du hala ulertzen.
Eta nire jokaera zein da? Nik, presaka ez banoa, une batez musikariei entzuteko ahalegina egiten dut eta txanpon solteak baditut patrikan, ematen diet merezitako dirua. Musikazalea naizen aldetik musika oparitzen didanarekin ezin dut bestela jokatu. Eta zuk, irakurle, zer jarrera duzu artista hauekiko?