Artikulua :: JON EUGI 2024/03/05

KAFKAREN HERIOTZAREN MENDEURRENA

Aurtengo ekainaren 3an beteko dira ehun urte Franz Kafka hil zenetik. Berak oihartzun hori ezagutu ez arren, XX. mendeko Literatura unibertsalean eragin handienetakoa izan duen idazlea izan da, bere obra original eta paregabearen ondorioz. Bitxia da nola iritsi diren bere idazlanak munduko irakurleengana. Hilurren zela Max Brod adiskideari bere testu guztiak erretzeko eskatu zion baina honek ez zion kasurik egin, zorionez, eta horri esker ezagutu ahal izan ditugu. Gaur egun, agian ez da iraganean izan zen erreferentzia baina bere liburuen irakurketak estimulagarria izaten jarraitzen du, giza izaeraren alderdi ezberdin bat erakusten baitu, eta ez-ohiko sentsazioak eragiten baititu. Horren erakusgarri gelditu da kafkatarra hitza, zerbait ulergaitza, egoera absurdo baten definizio gisara.

Austrohungariar inperioko Praga txekiarrean jaio zen 1883ko uztailaren 3an, familia judu baten abaroan, baina alemanez idatzi zuen. Aseguru-etxe batean lan egin zuen baina berak benetan egin nahi zuena idaztea zen. Itzultzaileei esker, euskaraz irakurri ahal ditugu bere libururik entzutetsuenak. Kafkaren lehen itzultzailea Jon Mirande dugu, 1954. urtean Euzko Gogoa aldizkarian Legearen aitzinean narrazioa argitaratu baitzuen. 1970ean Xabier Kintanak euskarara ekarri zuen lehen aldiz pertsonaia baten metamorfosi bitxia kontatzen duen liburua, Itxura-aldaketa izenburua jarrita. Geroago, 2000.ean Rufino Iraolak ere itzuli zuen, eta Metamorfosia izenburua eman (Hiria argitaletxea). Xabier Kintanak berak ipuin batzuk euskaratu zituen 1995.ean Ipuinak izenburupean.

Beharbada, bere libururik ezagunena Metamorfosia dugu, maisu-lantzat jo daitekeena. Gregor Samsa protagonistak, goiz batez esnatzean, intsektu bilakatuta ikusiko du bere burua. Gertaera sinesgaitz horrek izango dituen ondorioak ezagutuko ditu irakurleak orrialdez-orrialde, hala-nola, aurrerantzean senideek harekiko izango duten harremana, azkenik, haren patu hitsaren lekuko izan arte.

Bizian argitaratuak (Elkar-Alberdania, 2007, Naroa Zubillagak itzulita) izenburuak adierazten duen bezala, artean bizirik zela argitaratu zituen kontakizunak biltzen ditu, 39 orotara, aipatutako Metamorfosia (1915) albo batera lagata. Liburu honek, ipuin bakarreko hiru liburuxkaz gain (Epaia, Sugilea eta Zigor kolonian), beste hiru ipuin-bilduma ere badakartza, Kontenplazioa, Landa medikua eta Gosearen artista izenburupean argia ikusi zutenak, azken hau argitaratzerako idazlea jada hilda bazegoen ere. Bere idazlan nagusietan aurkituko ditugun egoerak, giroak daude hemen jasota: ezinegona, itomena, ulermen falta besteen aldetik. Fantasia errealitatean txertatzen da, baina emaitza ez da hain biribila gehienetan; ipuinek ez dute argitaratutako eleberrietan lortuko zuen gorengo maila hori, ene uste apalean. Hala ere, niri gustatu zitzaizkidan Liluratzaile bat harrapatzea, edo Emakume txiki bat, izenburukoak. Denen artean, seguru asko, nabarmentzen dena Gosearen artista ipuina bera da. Gaur egun, agian sinestezina iruditzen zaigu kontatzen diguna baina garai hartan ez zen hori gertatzen. Izan ere, barau eginez bizimodua ateratzen duen pertsona baten istorioa da, jendearen aurrean ikuskizun gisara aurkeztua dena, zirku batean bukatuko duena. Ezin aipatu gabe utzi Amets bat ipuinean protagonistak Prozesua eleberriko pertsonaiaren izen bera duela: Josef K.

Prozesua, beste kontakizun harrigarri bat da, Antton Garikanok euskaratu zuena 1993an (Elkar). Zati batzuk falta dituen arren idazleak amaiera bat eman zion. Oro har, pertsonaiaren ezinaren, sofrikarioaren lekuko gara, izan ere, berak ez jakin arren zergatik, epaitu egingo dutela jakinarazten diote. Kontakizunean auzipetze horren zergatia, arrazoia jakitearren borrokatuko da, baina alferrik izango du bere errugabetasuna defendatzea. Orson Welles-ek zinemarako egokitu zuen (The trial, 1962). Oso txukun eraman zuen pantailara, bete-betean asmatu zuen eszenaratzean, zuri-beltzezko argazkian, pertsonaiak sentitzen duen ezintasuna ikusleari transmititzea lortu baitzuen.

JON EUGI