Elkarrizketa :: Mikel Antza 2026/03/26
Julen Gabiria

JULEN GABIRIAREKIN BERBETAN JOE SACCOREN PALESTINARI BURUZKO KOMIKIAK AITZAKIATZAT HARTUTA

Urtarrilaren 29an Bilboko Zirika herri-gunea liburu-dendan aurkeztu zituen Julen Gabiria itzultzaileak Joe Saccoren Palestinari buruzko hiru komikiak: Palestina, Gazako oin-oharrak eta Gerra Gazan. Palestinarren aurkako genozidioa eten ez den honetan, Galdakaoko Elexalde auzoan berarekin elkartu eta berba egin genuen Palestinaz, Saccoz eta honen obra euskarara ekartzeaz.

Saccok Palestinari buruz argitara emandako hiru lanen itzultzaile zara. Gerra Gazan da argitaratu den azkena, eta, aurkezpenean esan zenuen bezala, fanzine bat dirudi aurretik argitara eman zituen beste biekin alderatuz gero. Atzealdeko testuak honela dio: “32 orrialdeko garrasia. Gerraren indarkeriari buruzko komiki latza. Demokraziaren hauskortasunaz diharduen obra. Kaosaren aurrean ezertarako ahalmenik ez duen gizon batek, Joe Saccok, paparretik heldu eta irakurketan murgiltzeko gogoa piztuko dizu”.

Bai, niretzako fanzine moduko bat da. Argiako kazetari batek punk abesti bat bezala definitu zuen. Badu horretatik zerbait, bai: laburra, erabatekoa eta amorru guztiz egindakoa. Niretzat balio handia duen komikia da, AEBen sistemaren barrutik eta hango ezkerraren ikuspegi batetik mintzo delako. Nahiz eta ez dakidan diskurtso horren hedadura zein den, nik bederen orain arte ikusi gabe nuen literaturan hain posizionamendu argirik guk ontzat genuen orduko presidente Bidenen aurka eta, nola ez, komikia argitara eman zenean oposizioan zegoen Trumpen aurka. Hemendik ikusita bederen, Kamala Harris ezker joerakoa zela zirudien, eta Saccok ikuspegi bitar hori deuseztatu zuen komiki horren bidez. Bere garrasia etsitua AEBk genozidio honetan izan duten parte hartzearen salaketa da. Marrazki batean Biden kopetan “G” bat irarrita duela ageri da: Gaza eta genozidio hitzen lehen hizkia bera da.

Gerra Gazan beste biekin alderatuta desberdina da tamainagatik eta bidaia batean oinarritzen ez delako. Komiki itxurako iritzi artikulu baten modukoa da: bere burua eta bere hausnarketak gordinki plazaratu zituen Saccok. Krimen horren aurrean ahotsa altxa dezala eskatuz mezu bat jaso duela dio komikiaren hasieran, eta lehen orrialde horren amaieran honela erantzuten dio mezulariari: “Beraz, adiskide, zerbaitetarako balioko balu ere, altxatu dut ahotsa”.

Garai batean boladan egon zen literatura urgentearen balioa dauka komiki horrek. Eta urgentea ez balitz ere, literaturak kontzientzietan eragiteko daukan balioaren kontua plazaratu zuen modu argian. Niri gertatu zait liburu hauek itzuli ditudala Palestinaren aurkako genozidioa gertatu bitartean: Palestina 2023an, Gerra Gazan 2024an eta Gazako oin-oharrak 2025ean. Durangoko Azokan liburuok sinatzea egokitu zitzaidan, erabat ezohikoa dena. Medium lan hori egin nuen. Jendea etorri zitzaidan eskerrak ematera itzultzeagatik, liburuok existitzeagatik. Literaturak kontzientziak astintzeko balio duela konturatu nintzen. Gerra Gazan komikiaren aurretik Palestinari buruz argitaratu aurreko biek komikigintzaren langa oso goian jarria zuten, oihartzun oso handia izan zuten, baina, zuk esan bezala, aurrekoak bidaietan oinarrituta daude, eta, beharbada, egoera horren aurrean bere iritzia argi azaltzea falta zela sentitu zuen. Gainera, Gerra Gazan argitaratzeaz gain, judua den Mausen egile Art Spielgman-ek eta berak lankidetzan hiru orrialdeko agerkari labur bat egin zuten, gertaera hauen inguruko beren elkarrizketa irudikatuz. Bertan diote komikigileek istorioak kontatzeaz gain beren iritzia ere eman behar dutela, ezin direla gertaeren aurrean besoak gurutzatuta egon.

Komiki hauen gaiarengatik itzultzaile soil izanik ere Durangoko Azokan liburuak sinatzen aritu zinela esan berri duzu. Ezohikoa izan arren, itzultzailea ere bada nolabaiteko egile, ezta? Zein izan da zure esperientzia komiki hauek itzultzerako orduan?

Hiru komiki hauetan pertsonaiaren ahotsa aurkitzea izan da erronka eta gakoa. Eta zortea izan dut hiru liburuak segidan itzuli ahal izan ditudala eta hiruetan pertsonaia nagusia bera dela: Joe Sacco. Sacco lehen pertsonan ari da bere gogoetak direnean, baina besteen hitzak direnean ere bere ikuspuntua nabarmentzen da. Liburu batetik bestera ahots bera izan arren doinua aldatzen da, bereziki Gerra Gazan. Gaitzena berarekin konektatzea egin zitzaidan, Palestinan batez ere: tipo gazte bat, hogeita hamar bat urtekoa, hara doana jarrera zehatz batekin. Palestinari buruzko lehen komiki honetan lokalismo askoko AEBtako ingelesezko jerga bat erabili zuen, horri euskaraz forma ematea izan zen erronka.

Komikiaren sailkapenarekin badago eztabaida. Gazako oin-oharrakeko eranskinetako batean Saccok “liburu” hitza aipatzen du behin eta berriro (“liburuaren erdiko trontzoko krisia”), eta “eskuizkribu” hitza ere badarabil (editoreak “eskuizkribua laburtzen lagundu zidan”). Horrekin asma daiteke badagoela oinarrian narratiba sendo bat gero irudietara eraman zuena.

Palestina egunean zehar gertatutakoaren isla da. Gerra Gazan, amorruzko oihu bat bada ere, ondo egituratuta eta pentsatuta dago. Baina Gazako oin-oharrak liburuan diskurtso baten antolaketa agerikoa da. Liburu horretan dagoen informazioa antolatzeko arkitektura-lan handia dago. Galdera bada komikigintza literatura ote den, azter dezagun Maus. Hori ez bada literatura... Hor atzean aldamio-lan itzela dago: batetik, Auschwitz-en gaia, bestetik, aitarekiko daukan harremana, eta, azkenik, sortze-prozesua aurrera eramatearen inguruko hausnarketa. Memoria norberarena ez denean nola bihurtu fikziozko artefaktu izan zen Spielgmanek planteatutako auzia. Bere kasuan memoria aitarena da, baina iraganak aitarekiko harremanean eragiten dio. Eta, zentzu horretan, jatorriz berea ez den memoria hori neurri batean berea ere bada, eta Spielgmanek artefaktu bat egiteko erabili zuen. Harira itzuliz, komikiek liburu formatua daukate, paperezkoak eta idatzizkoak dira. Nik ia ez dut ikusten zerk bereizten dituen zentzu hertsian literaturatzat hartzen den horretatik.

Hain zuzen ere, Palestina izenburupean bilduma gisa argitaratu ziren kontakizunen hitzaurrean Edward Said-ek dio: “Heldu gehienek, esango nuke, gauza azaleko edo iragankor gisa ikusten dituzte komikiak, eta pentsatu ohi da, urteak bete ahala, alboratu egingo direla, apurka-apurka gauza serioagoetan aritzeko. Arau horrek badu noizean behineko salbuespen bat, alabaina: Art Spielgmanen Maus komikiaren kasuan bezala, komikigile serio batek oso latza den gairen bat jorratzen duenean gertatzen den fenomenoa”. Komiki horren itzultzailea ere zaren neurrian, zein da Spielgmanen eta Saccoren arteko lotura?

Spielgman bizi zen garaian komikiak ez ziren literaturatzat hartzen inolaz ere. Spielgmanen aurretik Will Eisner-ek The Contract with God Trilogy-rekin inauguratu zuen orain eleberri-grafikoa deritzon hori. Baina, ordura arte komikigintza zerbait undergrounda zen, super-heroiena, kioskoetan erosi, erabili eta botatzekoa. Gainera, Spielgmanek animaliak erabili zituen Mausen, sagua eta katua besteren artean, eta garaian horiek marrazki bizidunetako pertsonaiak ziren. Maus salduenen zerrendan sartu behar zenean, The New York Timesek fikziozkoan sailkatu zuen animaliak zirelako mintzo zirenak; Spielgman haserretu egin zen, hain zuzen ere argitaletxeak ez-fikziozko komiki bezala argitaratu zuelako. Egunkarira gutuna idatzi eta lortu zuen sailkapena aldatzea. Orain gutxi arte komikiak erosteko denda berezietara joan behar zen. Orain edozein liburu-dendetako apalategietan beste liburuekin batera ikusteak onarpena ekarri dio komikiari. Gainera, istorio batzuk kontatzeko oso egokia da. Sacco Spielgmanen atzetik iritsi zen eta, zalantzarik gabe, irakurrita zeukan Mausi 1992an Pulitzer saria eman baitzioten, eta Saccok urte horiexetan egin zituen Palestina komikiaren oinarrian dauden bi bidaiak.

Joe Sacco bere komikien egile eta pertsonaia da. Aipatutako hitzaurrean honela dio Saidek: “Sacco historiako galtzaileekin bizi da”Zirikako aurkezpenean aipatu zenuen kontakizunak aurrera egin ahala bere pertsonaia eraldatu egiten dela. Palestinako hasierako enkontru batean palestinar batek erregutzen dio: “Idatziko duzu zerbait gutaz? Erakutsi dizut, ikusi duzu! Hitz egin gutaz, bai?”. Eta orduko Sacco ironiatsu ageri da: “Jakina, jakina! Banoa koadernoa betetzera! Zuen sufrimenduaren berri emango diot munduari! Laster zuen komiki-denda gogokoenean...”.

Palestina komikian oso argia da eboluzioa, hasierako Sacco eta amaierakoa ez da bera, eta, nire ustez, hori bai ez zuela aurrez kalkulatu, komikiak eguneroko baten formatua daukalako. Eraldaketa hori egiaz gertatu zelakoan nago. Liburuaren hasieran pertsonaia deserosoa da irakurtzeko, eta baita itzultzeko ere. Lehendik irakurrita neukan arren, itzultzaile moduan beste era batera irakurtzen dira liburuak. Itzultzen hasterakoan pertsonaiaren aldeko jarrera izango nuela uste nuen, baina hasieran talka egiten zidan Sacco ziniko batekin egin nuen topo, ez nengoen eroso. Sacco ondo informatuta, ezkerreko pentsamendu batekin eta AEBtako hedabideen kontrako diskurtso batekin joan zen Palestinara 90eko hamarkada hasieran. Horrek, ordea, nagusikeriazko jokabide bat eragin ziola dirudi: ‘nik badakidanez nortzuk diren galtzaileak eta kontzientziatua nagoenez, eta badakidanez hedabideek nola manipulatzen gaituzten, ez dut apenas lanik egin behar haien alde egoteko, zeren banago’. Euren gainetik egoteko jarrera bat dauka komikiko pertsonaiak, nazkatu egiten da jendea eskua ematera eta haurrak dirua eskatzera hurbiltzen zaizkionean. Lehen bilakaera bere alde kazetaria gailentzerakoan dator: ‘hona etorri naiz ikertzera nola bizi diren’, eta badoa poz-pozik ospitaletara albistearen bila, marrazteko gaien bila. Sacco pertsonaiaren benetako aldaketa palestinarrek bizi zuten eguneroko latz hori etengabe ikustean eta, batez ere, Gazara joandakoan gertatzen da.

Kazetaritza egiten du Saccok bere komikietan, baina kazetariaren ikuspuntua ezkutatu gabe, bere burua gertaeren eta kontakizunen erdian kokatzen du. “Ai, kazetaritza, nire lehenengo maitasuna!” dio Palestinako pasarte batean. Beste batean ikuspegi autokritikoz azaleratzen du bere barnea: “Gogorregia baita ni bezalako putre batentzat ere. Baina (...), nork dio bihar ere gogorregiak irudituko zaizkidanik?”. Sacco palestinarren etxeetan sartzen da, baina bere bizitza pribatuaz ere aritzen da haiekin: “Onartzen diot, ordea, disfuntzio emozional une batean nagoela”.

Hori da hitzaldietan aipatzen dudan Gonzo-kazetaritza. Kazetaritza mota honen ezaugarrietakoak dira errealitatea asko puztea eta oso subjektiboa izatea. Ez da kasua. Nahiz eta Palestinako lehen orrialdeetan badiren mota horretako pasarteak. Nire ustez horretaz jabetu eta geroztik argitaratutako liburuetan komiki-kazetaritza egin zuen, ikerketa sakona, tokian tokiko errealitatea, dokumentazio mardula, testu asko. Horrelakoak dira Jugoslavia ohiari eta Ipar Amerikako jatorrizko herriei buruzko komikiak. Kazetaritzaren etiketa hori dela eta, lehen aritu garen auzi horretara itzuliko ginateke: kazetaritza ba al da literatura? Eta gogora etorri zaidan lehena Kapuscinsky izan da. Bere liburuak kazetaritza-kronika dira, baina literatura betea da. Edo hurbilago: Ander Izagirre. Saccok ikusmira horrekin kazetaritzatik abiatuta sortzen du artefaktu literarioa.

Saccori buruz ari gara, baina, noski, bere burua agertarazten duenean ez da bere buruaz aritzeko...

Ez, noski. Adibidez, Palestina komikian bertako emakumeei eskainitako atal bat dago. Gai potoloak ageri dira: tratu-txarrak, emakume musulman batentzat zer den preso egotea, hijaba erabiltzea mendekotasuna ote den, agenda politikoa lehenesten den toki batean emakumearen berdintasun-eskubideari ematen zaion garrantzia, eta abar. Saccok aurreiritzi eta guzti agertzen du bere burua: taxian ingeles perfektuan hitz egiten dion zapia daraman emakume baten aurrean ‘Nola da posible hau?’ dio berekiko. Bere burua agertuz nabarmenagoa da errealitatea bere ikuspuntutik eskaintzen ari zaigula.

Marrazki askotan kamera bat daramala ageri da Sacco.

Bere erabakia da bere burua ere agertzea. Niretzat badago eszena izugarri bat neskatila batekin. Neskatilak haren errealitatetik egiten dizkio galderak: “Zein da hobea hemengo ura edo hangoa?”, “Zuen herrian emakumeek frakak daramatzate kalean Egipton bezala?”. Pentsa, Egipto hor alboan daukate eta beste mundu bat da. “Gizon batek bi emazte izan ditzake?”, “Zuek ere badauzkazue soldaduak eta juduak eta Al Fatah eta Herri Frontea zuen herrialdean?”, “Zuek ez daukazue soldadurik? Tiro egiten diote jendeari?”, “Zuen soldaduek zer egiten diote jendeari?”. Hori da literatura, edo argazkigintza, zer enfokatzen duzun, zer ez, zer uzten duzun kanpoan, zer tonu ematen diozun argazkiko parte bati...

Nola sartzen duzun zeure burua koadroan edo ez...

Ari zara sartzen, nahitaez. Robert Kappa argazkietan agertu ez arren bere ikuspuntua dago.

Hain zuzen ere, “Gazako oin-oharrak”eko hitzaurrean Saccok memoriari buruz, ahozkotasunaren fidagarritasunari buruz eta historialariek froga dokumentalak hobesteari buruz egindako hausnarketan, bere lanaren fidagarritasunaz dio bere interpretazio bisual propiotik iragazitako gertaerak eskaini dituela. Ezohikoa ariketa da.

Hiru hari ikusten ditut komiki horretan. Bata, garai konkretu baten kronika: denok hasten dugu Palestinaren kontakizuna 1948an, mugarri argi batzuekin: 1967, Lehenengo Intifada eta abar. Baina Gazako oin-oharrak oinarri dituen gertakariak data esanguratsuen tartekoak dira, 1956koak. Bigarren haria, kazetaritzaren aldamioa da, sinesgarritasunarena, dokumentuetan ez dagoen baina berrehun pertsonaren ahotik entzundako hori fidagarria al da? Zehazki datu berdin-berdinak errepikatzen ez dituztelako Saccok zalantzan jartzen du, ez da ausartzen berrestera: horma honetan egin zieten tiro, edo beste honetan? Ez da segur aski garrantzitsuena, baina bera kazetaritzaren zorroztasunarekin obsesionatzen da benetan gertatu zena eta beste inon ez datorrena islatu nahi horrekin. Zentzu horretan, Gazako oin-oharrak kazetaritzari buruzko liburu bat da ere. Eta hirugarren haria berak egindakoa da: gatazkak amaierarik ez duen herrialde batera joan zen berrogeita hamar urte lehenagoko gertaerei buruz galdetzera. ‘Zer ardura du horrek?’ galdetu zioten bertakoek, ikusita harrezkero eta orduantxe bertan gertatzen ari ziren sarraskiak.

Gazako oin-oharrakean honela dio: “Zalantza bakarra da israeldarrek noraino inposatu nahi izango duten beren garaipena, edo palestinarrek noraino onartuko duten beren porrota”. Azken hiru urteetako sarraskiaren argitan, zirrara eragiten du Saccok 2009ko uztailean idatzitakoa irakurtzeak: “Ematen du palestinarrek ezin dituztela tragediak digeritu ere egin, hurrengo tragedia berehala etorriko zaielako gainera”.

Guk bizi izan duguna izan da azken garaia, baina beraiek noizdanik ari dira bizitzen azken esaldi horrek dioena? Kronologia hartu eta atzamarra edozein momentutan ipini eta esaldi horrek balio du. Eta etorriko da berriro. Eta Gazari buruz ari gara, baina zer da Zisjordania? Errazago da esatea zer ez den. Ni ez naiz egon baina diotenez kontzeptu bat da, Gruyere gazta baten zuloak omen da Zisjordania.

Adania Xibliren Detaile xume bat eleberriaren izenburuak oihartzun egiten dio Saccoren Gazako oin-oharrak horri, detaileetatik eta oin-oharretatik abiatu beharra balego bezala gertatzen ari den izugarrikeriaren tamaina ikusarazteko.

Saccok Gazako oin-oharraken dio Palestinaren historiako bi sarraskirik handienak zirela 1956ko azaroko bi egun horietan gertatutakoak. Guztira hirurehun eta piku inguru hildako. Non geratu da marka hori 2023ko urriaren 7az geroztik? Hasierako egunetan behin baino gehiagotan egun bakarrean gainditu zen hildako kopuru hori.

Obraren tamainaren neurria hartzeko lagungarri diren hainbat eranskin ditu Gazako oin-oharrak liburuak: dokumentu eta iturrien berri emateaz gain, israeldarren ikuspuntua bildu zituen hainbat elkarrizketa ere badaude, eta horietan israeldar armadako kideek azaldu zioten zergatik ari ziren Rafahko etxeak bulldozerrekin eraisten. Gaur egun dena xehatu dute, Gaza erraustu dute.

Nik aurkezpenetan esan ohi dut Palestina liburua arkeologia-dokumentu bat bezala irakurri behar dela, horkoa Lehenengo Intifada garaiko palestinarren bizimodua dela. Pentsa! Tomateak esportatzeko zailtasunei buruz ari dira pasarte batean. Tomateak esportatu... Gaur egun aukera ere ez daukate.

Gerra Gazan komikira itzuliz, gatazkan norberak duen erantzukizunari buruzko pasarte bat dago: Saccok ogasunera igorri duen txekearen dirua misil bat osatzeko behar den azken pieza egiteko erabili dutela amesten ari da, eta misilak Gazan eztanda egiterakoan, bere diruari esker egindako metraila zatitxo horrexek neskato palestinar bat hil behar duen unean iratzartzen da amesgaiztotik.

Oxala denok egingo bagenu gogoeta hori geure buruaz edo agintariez. Joe Sacco bere buruaren ordezkari da. Ez dakit horrelako hausnarketarik egin den Europan. Europari begiratuz gero, tamalez, Euskal Herria uhartetxo bat dela uste dut. Esaterako, Berlinalen berriro ere kontra agertu dira. Gizartea agintarien aurretik doa. Argien Españako Vueltako Bilboko etapan ikusi zen, agintariek etapa oztopatu izana kritikatu zuten. Gure ordezkaritza noren eskuetan uzten ari garen hausnartu beharko genuke, egoera honen benetako erantzule baikara. Juduei lur bat oparitu genien. Beharra izango zuten, baina beste inon ematea ere eztabaidatu zuten garaian. Gu ere inplikatzen gaituzten erabaki politikoak dira. Honek kontzientzia hartzeko balio beharko luke. Jendeak komiki hauek itzuli izanagatik eskertzen didanean, nik jendeari eskertzen diot, Euskal Herrian horrelako kontzientzia mailarik ez balego ez legokeelako komiki hauentzako irakurlerik. Eta azpimarratzekoa da Gerra Gazan frantsesez argitaratu zela lehendabizi eta munduko bigarren argitarapena euskarazkoa izan zela, ingelesezkoaren aurretik.

Mikel Antza
Julen Gabiria