Juan San Martinen noranahikotasuna
Donostia Kulturak antolatzen duen Literaktum-en barruan sarbidea izan du aurten Juan San Martin Ortiz de Zarate idazleak (Eibar, 1922-Hondarribia, 2005), bere jaiotzatik mendeurrena betetzen den aitzakian. Juan San Martin eta literatura izenburupean egindako saioan, haren seme Oier San Martin izan zen hizlari San Jeronimoko Liburutegi Nagusian, azaroaren 22an, nik neuk egindako galderei erantzunez.
Juan San Martinen figura zirriborratzen hasita, kalifikatibo parea datoz boteprontoan: todoterreno –Jose Luis Lizundiak erabilitakoa, kulturgintzan jokatu zuen noranahiko papera azpimarratuz–, eta kaleidoskopioa, Oier semeak ezartzen diona, noranahikotasun hori literaturaren mundutik haratago ere zabalduz.
Autodidakta izan zen eta irakurzaletasunak idazle bihurtu zuen eibartarra. Bere hitzetan: “Beti izan naiz irakurle idazle baino gehiago”; hori aitortu zuen Giro gori (1998) poesia antologiaren hitzaurrean. Hala ere, bere ekoizpen literarioa markak hausten dituen horietakoa da: 25 liburu idatzi zituen, eta beste 79tan parte hartu. Gainera, 1.179 artikulu argitaratu zituen 38 agerkaritan. Zerrenda osoa eman ezinik, aipatuko dut Anaitasuna eta Zeruko Argia bezalako aldizkari jeneralistetan idatzi zuela, eta hainbat agerkari espezializatutan, hala nola Egan, Euskera, Fontes Linguae Vasconum, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra... Euzko Gogoa eta Olerti-n poesia argitaratu zuen; Otsalar goitizena erabiltzen zuen poemak sinatzeko. Egunkarietan ere idatzi zuen, batez ere Donostiako Hoja del Lunes-en, euskaraz.
Juan San Martin, ordea, ez zen mugatu egile izatera letren munduan: sustatzaile, propagandista, dibulgatzaile eta, azken batean, nolabaiteko mezenas ere izan zen. Horren adibide Escritores euskéricos (1968), Uhin berri (1969) eta Hegatsez (1971) liburuak. Gizon praktikoa zen, bazekien liburuek irakurleak behar zituztela, eta horrek aurreagoko lanak eskatzen zituela, zehazki euskarazko irakaskuntza –ikastolak– sortzea eta euskaraz alfabetatzea. Saltsa gehiagotan ere ibili zen: Idazleen Elkartearen sorreran eta Itzultzaileen Elkartearen jaiotzan. Beti ere, euskararen eta literaturaren inguruko azpiegiturak martxan jarri eta bultzatzen. Ibilbide horrek adierazten du ikuspegi zabala zeukala, estrategikoa.
Irakurzaletasunak literaturara eraman zuen bezala, mendizaletasunak espeleologiarekin lotu zuen, eta hortik etnografia lantzera pasatu zen. Noranahiko, horretan ere.