Elkarrizketa :: MAITE LÓPEZ LAS HERAS 2025/04/03
JON GEREDIAGA GOITIA

JON GEREDIAGA

2024ko azaroan jaso zenuen Euskadi Literatura Saria Zeru-lurren liburua izeneko zure azken poema-bildumari esker. Horrez gainera, liburu berberarekin Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria eskuratu zenuen 2023an. Ondo diozu, beraz, ogibidez poeta zarela baieztatzean, ez baita ohikoa poesiatik dirurik irabaztea (sos batzuk akaso), zer esanik ez poesiatik edo literaturatik bizitzea. Idaztetik bizitzea idazle askoren ametsa da, ia inoiz egia bihurtzen ez dena. Zer nolako eragina izan dezake zure ondorengo poesian sariketa bikoitz horrek?
Bai, sariak irabaztea pozgarria da. Hala ere, ez pentsa literatura sariekin edo poesiarekin euskal idazle autonomo bat aberastu daitekeenik. Poesiatik bizitzea oso zaila da, eta nik ere ez dut lortu. Sariak heldu zirenerako zor asko nituen, hilabete asko diru-sarrerarik gabe, eta abar. Idazleon prekarietatea oso nekagarria da, ez pentsa inor aberastu daitekeenik literatur sariei esker. Azken bi urteetako kontuak koadratzeko balio izan dit diruak, baina ez didate bizitza aldatuko, ezta poesia idazteko modua ere. Bi urteko eszedentzia amaitu eta ikastolara itzuli naiz, filosofia irakasle naiz berriro. Eskertuta nago, noski, baina hitz poetikoaren bilaketa beste gauza bat da, ez du harreman handirik sariekin.

Antropologian doktore, naturaren poeta. Bukolikotasuna etengabekoa da zure poesiagintzan. Zure liburuen izenburu batzuk irakurri besterik ez daukagu horretaz ohartzeko: Argia, Lurra, Zuhaitza, Zerua (2015, Pamiela), Urtaroak eta zeinuak (2019, Pamiela), eta Natura berriak (2020, Pamiela). Poetarentzat babesa izan daitekeena izan al daiteke gainontzekoentzako ihesbide?
Egia esan, ez dut uste nire poemek “bukolikotasuna” bilatzen dutenik. Agian nik gehien estimatzen dudan hitz poetikoa natura eta gizakia elkartzen diren lekuan dago, bai, eta naturaren intimitatean bilatzen dut hitz poetiko hori. Baina nik ez dut uste nire poesia “bukolikoa” denik, ez dudalako bizitza edo natura idealizatzen. Natura seinalatu eta izendatu baino ez dut egiten, bere argi eta ilunekin. Naturatik kanpo bizi denari agian irudituko zaio natura aipatzea “bukolikoa” dela, ez dakit, niri ez. Dantza edo kanta tradizionalak, batzuei, kanpotik begiratuta, “folklore hutsa” irudituko zaizkie, baina dantza egiten duenarentzat dantza bizia da, kantua bizia da, ez folklorea, ez bukolikotasuna. Nik ereinotzak edo sasiak edo gereziak aipatzen baditut, adibidez, gertu ikusten ditudalako da, eta nire intimitatearen parte direlako, eta ez bizitza idealizatu nahi dudalako. “Munduaren barneko espazioan” (Rilke) sartu nahi dudanetan, bidean beti aurkitzen ditudan elementuak dira naturarenak. Eta bakea ematen dit barneko espazio horretan sartzeak, eta errealitateak sakontasun berezia hartzen du hor. Baina horrek ez du esan nahi hitz poetikoak natura idealizatzen duenik, edo mina sentitzeko gai ez denik edo, hain justu, min sakon batetatik jaiotzen ez denik.

Filosofia irakaslea zara eta dramagilea. Gizakiaren bi alor horietako zeinetan aurki dezakegu egia gehiago eta zergatik?
Eremu bakoitzak bere kodigoak ditu, eta bere errealitatea, eta bere egia. Ikasleak eta irakasleak alde batetik, eta antzerki mundua bestetik. Biak dira egiazkoak, biak errealak, bietatik ikas daiteke zerbait. Baina nik, gaur egun, ordu gehiago ematen ditut ikaslez inguratuta. Antzerki mundutik nahiko aldenduta nabil, nahiz eta azken bi urteetan kolaborazio pare bat ere egin ditudan.
 

Zure poesiak Walt Whitman poetaren zantzu ugari dituela uste dut. Estatubatuarrarentzat natura bere idazketaren osagai organikoa zen. Izadia zen, haren ustez, munduaren gorputza, izaki bizidun bat. Antzerkian, berriz, dekoratuak eta apaingarriak obraren zati garrantzitsua osatzen dute. Zer da natura zure olerkietan?
Niri Walt Whitman ez zait bereziki gustatzen, nahiz eta maisu handia den amerikar poesiaren tradizioan. Ez dut uste nire poesiak harreman askorik izan dezakeenik haren poesiarekin, baina naturak garrantzi handia du Whitmanen poesian, hori egia da. Zer den natura hitz poetikoarentzat? Uste dut zeru-lurren intimitatean eta gurean sartzeko bidea dela niretzat natura. Eta, aldi berean, gu ere, gizakiok, natura gara azken finean. Eta hor, hitz poetikoan, munduaren eta gizakiaren arteko elkartze sakon eta zahar bat gertatzen da batzuetan. Eta niretzat hori guztia ahapeka gertatzen da, garrasi egin beharrik gabe.

Naturaren idazketa deituriko literatura-generoaren ordezkaritzat har daitekeen Henry David Thoreau naturaren filosofoarentzat edertasuna ez dago zeruan, gizateriaren berariazko gaitasunean baizik. Hura basora joan zen bizitzera bizitza barrutik bizitzeko asmoz. Ez dizut galdetuko Bilbo utzi eta basora joango al zinatekeen bizitzera; bai, ordea, edertasunaren eta naturaren arteko loturari buruz duzun iritziaz.
Bilbo ere nahiko txikia da, ez pentsa. Ez dut Bilbo utzi behar basora joateko edo zerua edo erreka bat ikusteko. Gainera Artxandan bizi naiz, Bilbon, bai, baina basoan. Eta, noski, edertasunaren edo gaizkiaren eta ongiaren kategoriak zeharo gizatiarrak dira. Epai moral edo estetikoez haraindi dago natura. Lehoi batek animalia bat jaten badu, edo lurrikara batek ehun pertsona akabatzen baditu, lehoiari edo lurrikarari ezin diegu epaiketa moralik egin. Eta edertasuna? Ba bai, edertasuna ezinbestekoa da bizirauteko, eta hitz poetikoak edertasun hori seinalatu dezake. Niri natura ederra iruditzen zait, eta miresgarria, bere itzal eta zulo eta tolesdura guztiekin ere. Eta edertasuna ezinbestekoa iruditzen zait mundu hau eta garai hauek aguantatzeko. Edith Södergran poetak idatzi zuen: “edertasunik gabe ez dago inor ere segundo bakar bat ere bizi daitekeenik”. 

Filosofiaz, antzerkiaz, antropologiaz eta poesiaz hitz egin dugu, baina ez dugu teologia aipatu. Azken poema-liburuaren izenburuak nahitaez Bibliako lehendabiziko bertseta gogorarazten du: «Hasieran, Jainkoak zeru-lurrak egin zituen» (Has 1:1). Zerk eragiten dio zure poesiaren kreazioari?
Nik ez daukat gaitasunik jainko edo santu edo goi-aingeru kristau, hinduista edo musulmanak irudikatzeko edo haiengandik gertu sentitzeko. Baina zeru-lur hauexetan ikus dezaket leku batzuek, naturak sortutako elementu askok eta askok, nire barneko isilune sakon batzuekin harremanetan jartzen nautela, zeru-lurren intimitatean sartzen nautela. Eta elementu horiek eta aldarte horiek modu egokienean izendatzen duen izena da hitz poetikoa, hau da, “izen sakratua” (Hölderlin). Zentzu horretan, beste garai batzuetan sakratua izan zitekeenaren zantzuak hartzen dizkiot nik naturari, bere edertasun eta gordintasun eta premia guztiekin. Baina horraino heltzen da nik erlijioarekin edo teologiarekin izan dezakedan harremana.

Zeru-lurren liburua izateaz gain, olerkarien liburua ere bada, bigarren ataleko izenburuak adierazten duen legez. Aipu ugari aurki daitezke liburu osoan zehar: Cézanne, R. M. Rilke, Francis Ponge, F. Nietzsche, Shitao, John Keats, W. Blake, Hölderlin eta Northrop Frye, besteak beste. Agerikoa da, beraz, goi-mailako poesiaren iturritik edan duzula. Klasikoen irakurketa aberasgarritzat jo beharrean, ordea, bada hori elitistatzat hartzen duenik ere, idazle horien ezagutza eta ulertzeko gaitasuna gutxi batzuen esku balego bezala. Zer esango zenuke literaturari buruz, hezkuntzan humanitateen gainbehera nabarmena bizi dugun gizarte honetan?
Ez didate inoiz esan nire irakurketak “elitistak” direnik. Maisu eta maistra klasikoen hitzei adi egotea elitista iruditzen zaio norbaiti? Nork ulertzen du benetan erlatibitatearen legea? Ulertzen al dugu nola funtzionatzen duen telefono batek? Linfozitoek? Gibelak? Zulo beltzek? Nik ez behintzat. Baina ez nuke esango hori guztia ulertzen saiatzea elitista denik. Eta, hala balitz ere, gauza horiek guztiak ulertzen dituen jende apurra ezinbestekoa da, nahiz eta jende gutxi izan. Berdin zait elitea diren edo ez, beharrezkoak dira. Hemen ez nabil boteredun elite ekonomikoez hitz egiten, hori beste arazo larriago bat da. Baina, poesian edo literaturan bezala, giza ezagutzaren esparru guztietan badaude maisu eta maistra klasikoak, eta bizitzen eta idazten ikasi nahi duenak ondo egingo du haien esanei adi egoten.

Zure poemak bonsaien artearen parekoak dira, hau da, muina geratzeraino kimatzearen tankerako zerbait. Berez ateratzen zaizun metodoa da ala lorezaintzan trebatu zara?
Gauza guztietan bezala, aukeran, bi-biak dira garrantzitsuak: berez ateratzen dena eta trebakuntza. Inspirazioa eta transpirazioa. Txinako margolari klasikoek esaten zuten: burua, eskua eta bihotza, denak dira beharrezkoak. Ni ikasle sentitzen naiz, hitz poetikoaren bila dabilen ikaslea. Eta ikas-bide horretan, bertute horiek guztiak izateaz eta lantzeaz gain, poesiaren “beste zerbait” izendaezin hori ere aurkitu behar da, eta hor ez dago metodorik. Gauza horiek guztiak biltzea izango litzateke ideala ia esparru guztietan, ez soilik poesian.

Naturaren behatzaileak isiltasuna maite du; musikak ere isiltasuna behar du musika izateko. Poesiak zerbait esateko premia izan behar al du?
Niretzat poesia idaztea behar bat da, edo begirada bat, edo izateko modu bat, baina poema bat idatzi baino lehen ez dut pentsatzen: “hau edo bestea esateko beharra daukat”. Are gehiago, zuk musikaz diozuna balio du poesiarako ere bai. Nik ere, esateko baino, uste dut entzuteko eta adi egoteko aldarte bat behar dudala hitz poetikoaren bila abiatzeko. Isilune bat sortu, hutsune bat, arrazoiaren diskurtso etengabea eten. Norberaren diskurtsoa eteten denean, lekua uzten dugu hitz poetikoa agertzeko. Eta gero bai, gero, noski, momenturen batean, hitz batek urratu behar du isiltasuna, hasieran bezala. Eta hitz horrek arnas jakin bat dakar, irudiak, erritmo bat, aldarte bat…

Zeru-lurren liburua zaurituei eskainitako liburua da. Ba al dago bizitzatik osorik irten den gizakirik?
Ez. Nik behintzat ez dut ezagutzen.  

Poeta gisa xehetasunera jotzeko joera duzu, hitzaren zehaztasuna bilatzera. Mendeetan jardun dute poeta guztiak gauzak izendatzeko era egokia aurkitzeko ahaleginean. Zein da, zure ustez, poetaren erronkarik zailena?
Hitz poetikoak, bere bertsiorik onenean, garai bateko urre edo zilarrezko txanponen pisua eta balioa eta zehaztasuna izan beharko lituzke (Valery), bere balio guztia presente dagoelako metalean bertan. Hitz poetiko batek izatearen zati berri bat zehaztasunez izendatu eta, are gehiago, inauguratu dezake. Hori eginez, hitz poetikoak izatea bera zabaldu ere egin dezake, handitu, aberastu, ñabarduraz bete. Gauza bat izendatzeko izenik egokiena da, zentzu horretan, hitz poetikoa. Eta gauza bat izendatzeko izenik egokiena aurkitzea oso zaila da, erronka handi bat.

Zure poesia osatzen duen kosmosean, espaziorik zabalena hautatu duzu, amaierarik ez duena, ezta hasierarik ere. Horrek Maurice Blanchoten “noli me legere” edo “ez ni irakurri” gisa ezagutzen den paradoxa gogorarazten du. Idaztea itsugarria izan ohi da sarritan. Zeure baitatik ateratzen zara idazterakoan ala, alderantziz, zeure baitan biltzen?
Ez dakit esaten, poema bakoitzaren idazketak gauza ezberdin bat proboka dezakeelako. Ni, gehienetan, aire zabalean esertzen naiz eta saiatzen naiz entzuten, inguruari adi egoten, isiltzen. Eta orduan eskua mugitzen hasten da. Eta hitzek norabide bat hartzen dute berez. Poemak nik baino gehiago daki. Uste dut paisaiak eta pertsonak bat egiten duten tokian sortzen dela hitz poetikoa, eta hor “anekdotario” pertsonalak ez duela garrantzi handirik, sakonago dagoen geruza batera iristeko balio ez badu behintzat. Bai, noski, nolabait nik ere gidatzen ditut hitzok, baina nire arrazoi diskurtsiboaren begi bat itxita eta bestea zabalik egiten dut gidaritza-lan hori. Sormena, neurri batean, prozesu erdi kontziente erdi inkontzientea da, nire ustez. 

 

MAITE LÓPEZ LAS HERAS
JON GEREDIAGA GOITIA