Artikulua :: Idoia CarramiƱana 2025/11/27

JOLASA ALA FISIKA KUANTIKOA

Idazten jartzen naizenean, ez dut beti modu berean egiten. Izan ere, idazketaren bizio osasuntsuaren nahira erortzeko modu asko daude. Batek, adibidez, dibertimenduz idatz dezake, plazer hutsez. Hori litzateke, agian, sortzeko modurik osasungarri eta jatorrizkoena. Eta hemen ageri da pertsonen garapenean hain funtsezkoa den elementu bat: jolasa (aurrerago heldu behar izango diot berriro ideia horri).

Bestalde, beharrez ere idatz daiteke. Eta horrekin barne-eskakizunaz ari naiz, ideia gordinean oka egiteko barne premiaz. Poema bat besikulatik, non behazunak ere ez duen lortzen emozioa emultzionatzea, ezpainetaraino eraman, zeinek hitz trinkoak xurgatu eta jariatzen dituzten. Ez da lehenengoa bezain poetikoa, baina fisiologikoki funtzionala da, behintzat. Era berean, bada hirugarren modu bat, hain zuzen, enkarguz idaztea. Kasu horretan, pertsona edo erakunde batek zugan konfiantza osoa jartzen du testu bat sortzeko. Pribilegio bat da, noski, zure sormena lan-tresna gisa erabili ahal izatea. Baina, era berean, erantzukizun handia ere bai: nork irakurriko du? non emango da argitara? zein modutan interpretatuko da?

Horregatik, idazten hasi baino lehen, nire buruari ezartzen diodan lehenengoetariko galdera da: zertarako idatzi? Neure buruari behin eta berriro itaun egiten diot, garunak haren barruko mekanismo sortzaileak bere kasa martxan jarriko balitu. Magia gertatuko delakoan. Irudimena, oroitzapenen batekin batera, ahoan interesgarria eta ñabarduretan exotikoa omen den koktela sortzeko gai izango balira bezala. Ondoren, nire eskuek eskaera horren berri jaso, eta teklak zapaltzen hasiko lirateke zoro baten moduan. Tak tak tak tak. Xehetasun bat bera ere ez ahazteko. Bestalde, iraunkortasun ukitu bat gehitzea ere garrantzitsua litzateke. Hau da, zapore-inpresioa edo testuaren akaberan ahogozatzeak irakurlearen oroimenean iraun dezala. Zenbat eta gehiago, ustez, hobeto. Baina, egia esan, ez da horrelakorik gertatzen, hain automatiko, hain garbi. Eta orduan betiko galderari heltzen diot berriro.

Zertarako idatzi? Nire uste xumean idatzi beharko genuke, ez hainbeste bestearengan pentsatzen, -eta noski kontuan hartu behar dela irakurlea- baizik eta aintzat hartzen gehien bat zer nahi dugun guk bizi testu horren bidez. Hori horrela, idazteari bidaiatzearen antza hartzen diot, nolabait, errealitate puska desberdinak sortzeko aukera ematen baitigu. Egia da gizartea ez dela halabeharrez aldatuko guk izkiraturiko testu batengatik. Izan ere, prozesua justu alderantziz suertatzen dela pentsatzen dut: testuetan islatu behar da desberdintasuna, hots, aldaketak dagoeneko gertatu diren gizarteak erakutsi, hor hasten delako benetan literaturaren eraginkortasuna; eta gero, gerokoak. Hori da puntua, idazten ari garenean errealitate posible asko agerrarazi ahal zaizkigula. Agerrarazi ahal ditugula (ez baita ausaz).

Horren harira, eta zehazten joatearren, Itzhak Bentov famatua ekarri nahiko nuke hizpidera. Bentov, egungo Eslovakian jaioa 1923an, zientzilari eta asmatzaile mistikoa izan zen. Eta zergatik mistikoa? Berak, froga zientifikoen bitartez, adierazi egin zuelako bibrazioek errealitatea sortzen dutela, atomoetatik pentsamenduetara. Eta zer dira gure testuak, entseguak, poemak, edo dena delakoak hitz bilakatu baino lehen? Bai horixe, pentsamendu hutsak. Ideien mundu abstraktoan dabiltza, baina ez dira horregatik ez-egiazkoak, eta, ohartu gabe, geure kontzientzia apurka-apurka astintzen doaz. Bentoven baieztapenetako bat hauxe zen, “ez zara gorputz bat unibertsoan, baizik eta unibertsoa gorputz bat esperimentatzen”.

Baliteke askorentzat honek guztiak kutsu izpiritualegia izatea, baina sormenak ez du, beharbada, horretatik zerbait? Idaztea geure buruarekin konektatzea da, besteekin harremantzen saiatzeko. Zientzilari horren teoriaren arabera, pentsa dezakezue zenbat unibertso osa lezakegun denon artean? Eta literatura bihurtuta? Ziur kontuak esponentzialki biderkatuko liratekeela, bai idazleen, bai irakurleenak kontuan harturik, ahots bakoitzari unibertso bat bailegokio. Hau gogoan izanda, hasieran aipatzen nituen errespetu eta erantzukizuna dentsitatea hartzen doaz, inor izutzeko asmorik gabe, baina bai sortzen dugunaz kontzientzia handiagotzeko deia bezala. Hortaz, zertarako idatzi? Hausnarketa amaitzear nago eta sentitzen dut oraindik ez dudala ezer argitu.

Egia esan, zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta gehiago konplikatzen ari zait prozesua. Dena den, amore ematekotan nagoela, jolasaren garrantzia gogoratu dut, epaiketarik gabeko idazkera puntu hori ematen diguna, eta testu hau arestian aipaturiko hiru modu horien nahasketa bat dela konturatu naiz. Enkarguzko testua, bada. Azken aldian burmuinean iltzatuta izan dudan gogoeta erauzteko beharra asetu dut, bai behintzat. Orduan, bakarrik gelditzen zait, eta testua ixte aldera, ondorio-argibide batzuk ematea, jakinda ere jolas libreak araurik ez duela: 1) idazten jartzen zaretenean, kontuan hartu zer lortu nahi duzuen idatzitako horrekin. 2) Azken batean, hitzak paperaren gainean bibratzen jarriko dituzue, agian jakin gabe errealitatea astinduko duen Big Bang literarioaren hastapenetan zuen berbak daudela. 3) Magia gertatu den ez dakit, badaezpada, nik bitartean tekladoari ekiten jarraitzen dut, gelditu barik.

Orain, hau testua baino jolasa izan den, zeuek erabaki.

 

Idoia CarramiƱana