Jexuxmari Zalakain, sei gertakizun
Astelehena zen 1947ko abenduaren 22an eta Espainiako Gabonetako loterian, 35.920 zenbakia izan zen sariduna, Bartzelonan saldua. Egun horretan jaio zen Jexus Mari Zalakain Tolosan, Txatonea etxean, bere amaren ohean, sortua izan zen ohe berean seguraski, garai hartan ohikoa zen modura.
Ondoko argazkian, zapela elegantearen azpiko muin-nerbio aztoratuetan, gorputzaren haragi orain makaletan, sei gertakizun nagusi –Alan Badiouren gertakizunen teoria jarraituz – borborka dabiltza, Zalakainek ahaztu ezinik, ahaztu ez nahirik.
Literatura ez fikziozko, baina narratiba azken finean, hainbat liburu argitaratu ditu (Josemiren Uzta, Txalaparta 1993; Balentxi, hamalaugarren apostolua, Txalaparta, 2007; Kartzelako Kronikak, Ataramiñe 2016; Errezel berdeak, Ataramiñe 2017), eta beste hainbat itzuli (Azken patriarka, Txalaparta, 2016; Kale estua, Igela, 2017; eta Booktegi.eus webgunean beste 6 liburu mardul). Baina ez da euskal literaturan eta Euskal Herrian horregatik ezaguna, bere herriarekiko eta euskararekiko konpromisoagatik baizik.
Orain, 2025eko otsoen hilaren arrats batean, Artxanda gainetik Bilboko ibaia saihetsean duela, bere bizitzako sei gertakizunak esan ditu (ederra “esan” hitza), begiak kezkati, goiko ezpaina zerbait tenkatua; eta literaturaz eta Euskal Herriaz mintzatu da.
Gertakizunak
Seigarrena
Jexusmari Zalakain (JMZ): …Eta oraingoz azkenik, 70 urte beteta, maiteminaren grina biziz, eta esperientzia gaizki amaituta, bakardadea zer den bizitzea, lagun eta adiskide pila bat izan arren.
Bosgarrena
JMZ: Zortzi urteko kartzelaldia, Palentziako Dueñas presondegian (2007-2015). Gogorra izan arren, eta nire ondoan bizi ziren beste militante zintzo batzuen esperientzia ezagutuz, nirea kartzelaldia “samurra” izan zela esan behar dut. Gure herriaren jendeen solidaritatea eta lagunen gertutasuna dastatu nituen. Barruan, euskal militanteok baino hagitz okerrago bizi den jende kartzelatua, miserian eta “kausarik” gabe, badagoela ezagutu nuen.
Laugarrena
JMZ: UPV/EHUko irakasle izanik, despediturik bizi nituen 15 urte gogoangarriak, pankarta bati itsatsita. Erresistentzia eta etsipenik gabeko borroka zer diren, eta, eutsiz gero, irabaztea ere posible dela ikasi nuen.
Izan ere, UPV-EHUko ehunka irakaslek abiatutako lan-borroka bat, Irakaslego Propioaren aldeko borroka politikoa bilakatu zen. Hasieran, UPV-EHUko irakasleentzat kontratu laboral duina izateko borroka baino ez zena (jarraitua eta ongi antolatua, hori bai) instituzioaren eta irakasle batzuen arteko pultsua bilakatu zen. Sei irakasle despedituen persistentziak lortu zuen legeetan agertzen ez zen, eta ezin omen zitekeen, kontratu-mota berri bat (“laborala” deitua) erdiestea eta estatuak irakasle guztiak funtzionario izatera behartzen zuen hormatzarra botatzea.
Apustu sendo bat eginez, unibertsitatearen esparrura sartzera ere debekatu zitzaienez [zitzaigunez], UPVko ateetan jarraitu zuten [genuen] sei irakaslek, gaia agerian jartzeko. Euskal Herriak estatuarekin duen kontentzioso historikoaren sentsibilitate guztiekin konektatuta, haren parte sentituz, irakasle izateko kontratu berri bat (“ez funtzionariala”, “propioa”) lortu zuten. Nolabait esateko, “behartu” egin zen estatua, gogoaren kontra, bere legeak aldatzera. Bertan parte hartu genuenok eta lagundu ziguten milaka herritarrek badakigu gaia sakonean politikoa zelako izan zela hain zaila, luzea eta korapilatsua. Euskal Herriak estatuari irabazitako beste bataila bat.
Hirugarrena
JMZ: Kazetaritza lizentziatura burutu eta Egin egunkarian lanean hasi, eta ondoren, Egineko (eta Euskaldunon Egunkariako) administrazio-kontseiluetan parte izanik, kartzelara eraman ninduen bidearen militantzia-esperientzia izan da laugarrena, beti “besteen alde” jokatuz, barruak beti eskatu didan bezala. Edozein moduz, nire kazetaritza-lanik handiena HERRIA 2000 ELIZA aldizkari eta proiektuan bete dut, 1980-2015 urtealdian, erredaktore hasieran eta, ondoren, urte gehienetan, erredaktore-buru.
Bigarrena
JMZ: Abade izateari utzi eta ezkontzeko erabakia hartzea. Komunitatea beste modu batera bizitzen ikasi nuen emaztearen eta alaba ijito adoptatuaren ondoan, hiru hamarkadaz.
Lehena
JMZ: Nire bizitza betiko markatu zuena, fraile izateko etxetik ateratzea. Hamar urtetik 33 bete arte bizi izan nintzen komentuetan. Ikasteko aukera eman zidaten, komunitatean bizitzeko eta “besteen alde” bizitza ematerainoko joera hartu nuen. Baina erabat deserrotu nintzen, harik eta, 22 urte nituelarik, Erroman bizi nintzela, ikasi nuen arte Euskal Herria bazela, nire hizkuntza euskara zela eta hori dena errekuperatu beharra neukala nire nortasunaren jabe izateko. Gaurko perspektibaz ikusita, okerrena, nire buruaz eta premiez arduratzea ahaztu nuela.
Euskal literaturaz
Benetan ez dakit zer esan. Joan ziren argitaratzen zen dena erosteko eta irakurtzeko bizi genituen garaiak, eta orain ugaritasun deigarria dago: autore konsakratuak eta idazle gazte andana. Sektorearen eta euskararen beraren bizitasunaren seinale. Zalantzarik ez daukat obra ederrak ari direla sortzen, gutxienez nire gustuko anitz.
Zu idazlea zara?
Joan Mari Torrealdai zenak esan zidan moduan, “idazle bat baldin bada gutxienez bi liburu idatzi dituena”, orduan ni banaiz idazle. Baina sentitu, ez naiz sentitzen. Orokortzerik ez dagoenez, ni kazetaria, hobeto esanda, kronista bat, kontsideratzen naiz. Horretarako daukat gaitasuna. Gauza konkretuetatik abiatu eta gauza konkretu horiei forma literarioa, txukuna, irakurtzen erakargarria egiteko gauza naiz. Fikzionatzeko gaitasun urria daukat, aldiz poema egitekoa badut, ezer argitaratu ez dudan arren. Orain ari naiz poema-sorta bat sortzen. Nire poesia erraietatik ateratzen da, ez naiz poeta-langile bat. Bor-borra izan ohi da. Haragi-pusketez osatuta dago.
Nik idatzitako liburuen artean, inportanteena Joxemiren Uzta da, zalantzarik gabe. Nire doktorego-tesian oinarritu eta Joxemi Zumalabaren omenez argitaratua, “euskal prentsa herri-proiektu bat” dela adierazten du. Funtsean Argia taldearen eta Egunkaria Sortzen plataformaren ideia nagusia finkatzen du, nik forma emanda, eta teorizatuz: euskal prentsa ez dela soilik euskaraz idatziko argitalpena, horrezaz gain, prentsaren alorretik bertatik, nazio bat laguntzen sortzeko asmo esplizitua (eta agian inplizitua) daukan prozesu herritar bat baizik. Beraz, badaude euskal prentsa kontsideratzen ez diren euskarazko argitalpenak, euskarari dagokionez sekulako ekarpen bikaina egiten duten arren. Seguru nago nire tesi horrek benetan gertatu den eta fruituak ematen ari den zerbait azaltzen duela.
Euskal Herriaren eta euskararen etorkizunaz
Euskal Herria ez dago inon. Euskal Herria gure proiektu bat da, lur bati atxikia eta hizkuntza batean errotuta, herritar libre batzuen guraria eta asmo praktikoa. Egin gabe dagoen nazio bat, hainbat belaunaldik sakrifizio handiz mamitzen ari den asmo eder bat, bertan bizi garenon eta nahi dugunon artean inoiz erabakiko dugun, eta, egin ondoren, errekonozituko diguten xede bat. Euskal Herria erabaki bat da, bai, baina erabaki huts bat ez: erroak dituen hizkuntza batean eta jendarte batean oinarritzen da; izan dadin saiatuko diren gizon-emakumeen xedea. Gogo-asmo hori aurrera eramateko jendea dagoen bitartean, euskaraz bizitzeko hautua egiten duen jendea dagoen bitartean optimista naiz. Hori praktikan mamitua ikusiko genuelako ahaleginak eta bost egin duen belaunaldi bateko kidea izan naiz; orain badakit ez dudala ikusiko, eta profeta ez naiz. Edozein moduz, konpromiso pertsonal handia exijituko du, beti bezala.
Bizitza, eta espazioa eta denbora
Nik jakin badakit beti nire senak eskatu didan moduan jokatu dudala, eta, alde horretatik lasai nago. Asmatu dudanik, ez nago hain seguru. Bizitzak ez dauka bueltarik, eta nik, edozeinek bezala, nire gabeziak bizi (izan) ditut. Herri bateko kide izateaz jabetu nintzenetik, Erromako komentu bateko bizi-gela batean –Jose de Zabala Arana klaretarraren Euskal Gramatika eta George L. Steer kazetari britanikoaren El árbol de Gernika, ezkutuan irakurriz–, hori izan da nire jomuga, eta Lauaxetak zioen modura “dena eman behar jako maite den askatasunari”. Orain zalantzak dauzkat “dena” hori zer den. Uste dut bizitza esperientzia-kate bat dela, bakarrik ez gauden kontzientzia garbiarekin, nola edo hala maitatuz; hori bai, maitatuz.
Biografia laburra
-
1947ko abenduaren 22an jaio nintzen, Tolosan (Gipuzkoa).
-
1957. Hamar urte nituela Balmasedako klaretarren seminariora joan nintzenetik fraideekin ikasi nituen batxilergoa, filosofia eta teologia, eta 24 nituela egin nintzen apaiz 1982an.
-
1991 urtean ezkondu egin nintzen, eta alaba ijitoa adoptatu genuen.
-
1977-1982. Kazetaritza ikasketak egin nituen Madrilen, Bartzelonan eta Leioan. 1982an lizentziatu eta 1992an erdietsi nuen Informazio Zientzietako Doktoretza. Diplomatura bat ere erdietsi nuen Zinemaren Historia eta Estetika arloan (Valladolid, 1978).
-
1983-1986. Egin egunkarian lan egin nuen hiru urtez, eta gero Leioako Kazetaritza Fakultatean sartu nintzen irakasle; bi fasetan: 1987-1992 eta 2015-2018.
-
1992-2007. Irakasle Despedituetako bat izan nintzen 15 urtez.
-
1990-1998: Egin egunkariko administrazio-kontseilukoa izendatu nindutelarik, kartzela ezagutu nuen 18/98 sumarioan kondenatuta, eta 8 urte egin nituen preso, Dueñasen (Espainia, 2007-2015).
-
2025. Orain 77 urte ditut eta jubilatuta bizi naiz, alargun, Santutxu auzoan (Bilbo), bizirauteko itzulpen-lanak eginez.