JENIOAREN MITOA
Sormenak gauza bi behar ditu: sortzeko ahalmena eta humusa. Sortzeko ahalmenari bakarrik begiratzen zaio sarri, are eta gehiago gizona bada, eta gizon zuria eta diruduna bada, ez zaio beste ezeri begiratzen, gainerakoa soberakina da, hondarra, ez du garrantzirik. Gizon sortzaileak berez sortzen du, barruko jenioa hain da handia. Gizon horrek ezingo luke besterik egin sortu baino. Hor sartu genituzke Greziatik hona egon diren sormen aparteko gizon guztiak. Oso eurozentrikoa da hori, baina mundu osoan ere horrela da, gizonek bakarrik izan dute neurriz kanpoko sormena, antza. Izan, izan dira emakumeak, gutxi, gehienak isilaraziak bizi ziren artean eta hil ondoren ahaztuak. Den den, emakumeei buruz gabiltzanean, emakumeak izan duen sormenaz gain, aurrera egiteko adorea eta gizarteari gogor egiteko kemena aipatu ohi dira. Emakumeak nabarmendu badira, kemena eta adorea conditio sine qua non izan dira.
Ahalmena ezinbestekoa da. Ahalmenaz ari garela Einstein etortzen zaigu gogora denoi. Einstein gizona zen, zuria, oso aberatsa izan ez bazen ere familiak dirua izan zuen berak ikas zezan. Judua zela ere aipatzen da, baina naziak atzetik izan zituelako izaten da, eta ez horrenbeste juduek burgesia sendoa osatzen zutelako; hau da, dirudunak, eta sarri akademian bide luzea egindakoak. Hori begi bistakoa izan zen nazismotik ihesi AEBetara joandako unibertsitate-irakasleen kopuru handiarekin, eragin handia izan zuten Frankfurteko pentsalariek, besteak beste. Einstein aipatu dut sormena ez delako arteetan bakarrik loratzen, zientzian-eta ere beharrezkoa da.
Sortzeko ahalemnez gain, ingurumena ere garrantzitsua da. Gizon zuri aberatsa bazara, aukera gehiago izango duzu sormena lantzeko. Andre zuri aberatsa bazara, irmotasuna beharko duzu aurrera egiteko. Familia, ingurua, garrantzitsua izaten da. Hau da, emakume horrek izan beharko du senideren bat, gutxienez bat, bidea egiten lagunduko diona edo bidea egiten utziko diona. Izan ere, sortzaile gehiegi daude gorputz eta gogo txikitutakoetan, emakumeak badira batez ere.
Euskal Herrian zein kanpoan egindako ikerketek gero eta maizago erakusten dute datuekin gizonezkoek bidea errazagoa daukatela. Autoestimua ere handiagoa daukate, haiek esandakoek txikitatik daukate oihartzun eta onarpen zabalagoa. Patriarkatuak erraz jartzen diete. Feminismoak aspalditik aldarrikatu duena berresten dute ikerketek (feminismoa ere ikertzaileen artean gero eta hedatuago dagoelako). Emakume sortzaileentzat, humusak askoz ere garrantzi handiagoa dauka. Ahalmenaz gain, beharrezkoa da inguruan gurasoa(k), neba-arrebak, senidea(k), laguna(k), irakaslea(k) izatea sormenak espazio bat eta denbora bat okupatu ditzan eta hori artistaren bizitzan urtez urte luza dadin. Horregatik idatzi zuen Bizenta Mogelek berak ere: osaba idazlea zuen, osabak zein senarrak lekua eta astia izan zitzan lagundu zioten, eta dirua zeukan lanean eta zaintzan indar guztiak xahutu behar ez izateko. Gizarteak oro har eta familiak tokian bertan lanarekin eta zaintzarekin itotzen badu, nekez sortuko du, ez zaigu haren oihartzuna helduko. Virginia Woolfek ere argi utzi zuen emakume idazle batek zer behar zuen.
Hala eta guztiz ere, emakumeak sinistu beharko du, humusaz gain, baduela zer eskaini. Andreak bere buruan sinistu behar du, ahala daukala, adieraziko duen hori ona dela, zabaltzea merezi duela. Aurretik ere egongo ziren musikariak eta musika egin nahi zutenak, baina zein andre gutxi ikusi dugun oholtzan, gizonen aldean.
Sortzaileak, gainera, sortzeko bere burua eta gogoa aberastu behar du, liburuak edan, musika ikusi, artelanak jan, begiek ukitu behar dute. Eta horretan, berriz ere, astia, lekua, eta, zelan ez, dirua behar du. Zeren ez dezagun ahaztu, sortzaileak oinarrizko bizi-funtzioez gain, bere barrua elikatu behar du, eta hori ez da doakoa.
Gehiegi puztu da artista bohemioaren irudia, jenioaren irudia bezainbat. Bohemioek ere saldu beharko zuten, bizitzeko, edota inguruko norbait izango zuten bientzako ogibidea ateratzen zuena, bikotekide iraunkorra zein aldian aldikoa (sarri gogoaren zaintzaileak ere bazirenak), senideak, inoizko mezenasa. Norbaitek emango zizkion jatekoa eta aterpea, gizonezko artista bohemio horri. Gutxiegitan entzun dugu bohemio hori andre bat izan dela. Inoiz entzun dugu?
Beraz, deseraiki dezagun jenioaren figura. Sormena eta ergelkeria mundu osoan dago zabalduta, andre, gizon zein ez binarioen artean ere bai, txiroen zein aberatsen artean, kultura eta gizarte guztietan, kontinente guztietan, nahiz eta gutxira arte sormena arraza kaukasiarreko arrei zegokiela zabalduta egon.
Azkenik, gogoan izan eta praktikara eraman dezagun. Artista batek sormena behar duela, eta sormen hori txikitatik ureztatu behar dela, humusa beharrezkoa dela: hemen, euskarazko sormen-lanak, sorkuntza horretarako hedapena, sortzaileen arteko harremanak, giro bat; sortzaileak isiltasuna behar badu ere, ez da anakoreta bat. Eta horretaz gain, artistak dirua, lekua eta astia behar dituela sormen-lanak helaraz ditzan.