Artikulua :: Juanra Madariaga 2025/02/18

Itsasoa

Txinpartez beteriko egunak idazketari atarramendu ona atzeratzeko xedez, kontu asko nahasi, hibridatu eta txirikordatu egin baitzaizkit bat-batean.

Duela aste batzuk, Holokaustoaren Oroimenaren Nazioarteko eguna ospatu zen, izan ere 80 urte bete dira Sobietar Batasuneko tropek Auschwitz askatu zutela. Milioi bat preso judutar erail zituzten naziek toki beltz hartan, inolako eskrupulurik gabe.
Naziek Europa osoan burutu zuten sarraski eta jazarpen hartatik asko ere, zorionez, bizirik atera ziren, giza-elkartasuna itzela hedatu zelako herrialdez herrialde, pertsonaz pertsona.

Hain zuzen ere, ekimen horri esker, joan den urtean lehen argitalpenaren 20. urteurrena bete zuen lan eder bat burura etorri zitzaidan: Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da. Liburuaren paisaia gerratearen giropean osatu zuen idazleak. Julen Gabiria idazle gazteentzako Igartza Sariaren lehen deialdiaren irabazlea izan zen, eta horri esker kaleratu zuen lan arrakastatsu hori.  

Kontua da bere 20. urtebetetze horrengatik, berriz irakurtzera animatu nintzen, “20 años no es nada” dioen tango zahar horrek gezurra baino ez baitu esaten, eta istorioa erdi ahaztuta bainuen.
Eta bai, Roman Alberdi pertsonaia gomutatu nuen, bai eta Gino Bartali karrerista handia eta Toskanako Ponte a Ema herria ere, non biak batuko diren. Baina Bartaliren figura itsatsi zitzaidan burmuinean.
Gino Bartali txirrindulariak 1936an irabazi zuen bere lehen Italiako Giroa eta bi urte geroago, Frantziako Tourra. Hartu zuen ospeagatik, Benito Mussolinik heroi nazionaltzat hartu nahi izan zuen, eta bere aurrean gonbidatu zuen Bartali, faxisten propagandarako bere irudia erabili nahi zutelako. Baina txirrindulariak ezezkoa eman zion eskaintzari, erregimenak modu txarrean hartu zuen ukazio hori, eta betirako markaturik lotu zen karrerista.
Bartalik egunero entrenatzeaz gain, beste asmo pribatuago bat bazuen, eta horretan jardun zuen buru-belarri: naziengandik ihesi zihoazen juduei ihes egiten laguntzea. Entrenamendu haietan argazkiak eta dokumentu faltsutuak eramaten zituen harat-honat, bizikletaren koadroan edo eskulekuan ezkutatuta, nazien izugarrikeriatik ihes egin nahi zutenei emateko. Jende askori lagundu zion bere ekimen ixil horrekin, eta inoiz ez zen harrotu keinu altruista hartaz: "Ongia egin egiten da, ez da esaten. Domina batzuk ariman zintzilik daramatzagu, eta ez lepoan” esaten zuen. Diotenez, naziek eta faxista italiarrek jazarritako 800 judu baino gehiagoren bizia salbatu zuen. Eta gaur egun, bere istorioa Italiako eskoletan erabiltzen omen da haurrei nazismoa eta pertsonen gizatasuna azaltzeko. Ederra, ezta?

Berriz, beste txinparta batek eztanda egin du nire burmuinean eta hauxe esan dit: han goitik itsasoa ikusten bazen, agian Bermeoko itsasoa izango zen. Izan ere, duela gutxi amaitu dut Francesco Pasqualeren bosgarren arima izeneko lana, Unai Elorriagak maisutasunez idatziriko bere azken pieza. Eta horra hor kasualitatea: Roman (Romanetto) Euskal Herritik Italiara joan zen, eta Saprin (Italia) jaiotako Francesco pertsonaiak kontrako bidea egin zuen, Bermeoko itsasoaren aurrean amaitzeko.

Ez dut esango antzeko liburuak direnik, baina giroagatik, edota irakurketa batetik besterako saltoa oso handia izan ez denez, badirudi ez naizela Italiatik atera, estiloz estilo.

Lehen liburuan txirrindularitza edota kirola da bere epika, bigarrenean, hein batean, musikagintza eta autore handiak, Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi, eta bidaia luze bat, Romanek ere Italiaraino burutzen duenaren antzekoa. 
Baina bi istorioak migratu batzuen bizitzan dautza, klandestinitateari men eginez. Elorriagaren lanean plano errealak, ipuin ederrak, eta ametsetako irudiak elkarren eskutik oraturik agertzen dira, errealismo magikoaren puntu bat emanez. Testuetan agertzen diren errepikapenak ere nabarmenak dira, eta beste tempo bat ematen diote narrazio ederrari.

Askotan aipatu dira Unai Elorriagak eta Julen Gabiriak idazle gisan dituzten parekotasunak, eta hala iruditu zait niri oraingo honetan ere, Italiatik Euskal Herrira eta Euskal Herririk Italiara egin dudan Giro literario honetan.

Eta ikusten den hori? Zer da? Itsasoa izango da, edota txori baten arima, agian bosgarrena. Ez dakit. Hala pentsatu dut eta hala beharko du, edo hala behar zuen, antza, eta hala izango da.

Juanra Madariaga