Artikulua :: Juanra Madariaga 2025/04/30

Isiltasunaz

Isiltasuna ez da bakarrik zaratarik eza. Esaldi horrekin abiatzen du Alain Corbin Sorbonako irakasle eta idazleak Acantilado argitaletxean plazaraturiko Historia del Silencio lan interesgarria.

Aditu honek bere gustuko idazle, artista eta filosofoen lanaren bidez horiek maneiatzen zuten isiltasunaren gaineko erradiografia zehatza egiten du. Lanaren hitzaurrean makina bat zantzu luzatzen ditu idazleak, eta dio, garai batean, mendebaldarrek isiltasunaren sakontasuna estimatzen zutela (gaur ez?), kontenplazioaren, norberaren entzumenaren, gogoetaren, otoitzaren, fantasiaren, sorkuntzaren baldintzatzat hartzen zutela, bai eta hitza sortzen den barneko lekutzat ere.

Alain Corbinek isiltasunari buruzko aipuen bilketa egin du Errenazimendutik gaurko egunetaraino. Beste pentsalari edo literaturgile batzuek (Jean Michel Delacomptée, Max Picard, Georges Rodenbach, Michel Laroche, Marc Fumaroli, Houellebecq,... ) sortu dituzten pentsamenduen bilduma da lana. Horiek isiltasunarekin izan duten harreman literarioa edo poetikoa, artistikoa, edota euren barne-bizitzan nola zedarritu duten azaltzen saiatu da.

Lehenengo kapituluetan lekuen intimitatean edo naturarekin lotutako isiltasunean murgiltzen da. Gauetako isiltasunaz, batzuetan latza, basamortuetakoaz edota mendietan eta basoetan ediren dezakegunaz ere mintzatzen da. Geroago, erlijioa ere agertzen da, isiltasuna oinarria izan baita bilaketa espiritual unibertsaletan: “…indiarrek, budistek, taoistek, pitagorikoek eta, jakina, kristauek, katolikoek eta, agian, ortodoxoek, isiltasunaren beharra eta onurak sentitu dituzte”. Isiltasuna ikasteko baliabideak ere ematen ditu Alain Corbinek, eta agian soziologiara lerratuz, giza-harremanetan duen garrantzia azpimarratzen du. Isiltzearen artea, akaso.

Argi dago esperientzia sakonenetako batzuetan, eta gure espazio pribatu eta sakratuenaren funtsezko zeregina den isiltasun hori ahaztua dugula, eta ez dagoela soinu falta horrentzako lekurik. Mila zalaparta ditugu gure inguruan, gure gizartean, eta ematen du isiltasuna baztertu egin dugula gure existentzietatik, hain barneraturik ditugun tresna teknologikoen intentsitatearen mehatxuarengatik. Konexioa eta hipermediatizazioa eten gabea da, eta horrek guztiak, akaso, isiltasunarekiko beldurra sorrarazi du.

Gure literaturan adibide asko ditugu. Alderrai ibilita, hauxek ekarriko ditut: Felipe Juaristik duela urte pare bat edo, Harrizko gaitz hau poema bilduma kaleratu zuen, non isiltasuna eta gelditasuna poema askotan agertzen diren. Jose Angel Irigarayk ere beti erakutsi du isiltasunarekiko interesa, eta horren adibidea da Isiltasunaz hunatago izenburuko idazlana.

Iñaki Irazuk esaten zuen Zakur zaunkak bere lanaren inguruan mintzatuz: “Estetikan bi hitz daude faxismoa izendatzeko: gaua erabili zuen Celso Ferreirok. Gaua, harria... Beste hitz bat, faxismoa irudikatzeko, isiltasuna da. Hor bada nobela bat, ikonikoa, Luis Martin Santosena: Tiempo de silencio (Isiltasun garaia). Faxismo aroa, alegia. Behin, lagunartean hizketan frankismo garaiaz, eta batek esan zuen: “...eta isiltasunaren garaia hasi zen...”.

Eta Joseba Sarrionandiak dio: “Lehenago igual zarata apur bat behar zen lantzean behin isiltasuna eten ahal izateko. Gaur egun isiltasun apurrak behar dira noizean behinka ez gortzeko. Zarata hain etengabea betikotu ez dadin”. 

Jon Gerdiagak ere isiltasunaren aldarria egiten du poesian barneratzeko orduan: “Nik ere, esateko baino, uste dut entzuteko eta adi egoteko aldarte bat behar dudala hitz poetikoaren bila abiatzeko. Isilune bat sortu, hutsune bat, arrazoiaren diskurtso etengabea eten. Norberaren diskurtsoa eteten denean, lekua uzten dugu hitz poetikoa agertzeko”. 

Anjel Lertxundik, Berbelitzen Hiztegia lanean dio: “Hizkuntza bakoitzak bere isiltasun propioa daukala irakurri diot Canettiri Gizakiaren probintzia liburuan, eta horrek eramaten nau pentsatzera hiztegiek jaso gabe utzi ote duten isiltzen genuena edo duguna”.

Kapritxozko isiltasunak ere badira, giza komunikazioaren esparruan, hitz ez egitea ere izan liteke. Eta hala ere, soinurik ez egoteak ez du beti esan nahi komunikaziorik ez dagoenik. Ez dakit komunikatu naizen, halarik ere, isilduko naiz.

Juanra Madariaga