Isiltasuna
Ba al dago isiltasuna baino esanguratsuagorik? Etengabe mintzo zaigu isiltasuna, mezu ezin argiagoak igorriz.
Behin batean, isiltasunak bere herrialdean barna eraman ninduen. Ez zidan deusik erran, hitzik ez, isil-isila egon zen, hitz- hil hitz- hila, eni begira.
Zer dio isiltzen denak isiltzen denean? pentsatu nuen Laboaren doinua gogoan behin eta berriz itzulika zebilkidala. Zer dio isiltzen denak isiltzen denean?
Baina hitzik ez erantzuteko. Isilunea baizik.
Lehendabiziko ate baten aitzinera iritsi nintzen. Txirrina jo nuen, eta argi urdin bat piztu ondoren hotsik sortu gabe ideki zitzaidan atea. Gibelean, debekuen herria zabaldu zitzaidan: kaleko seinale guztiak urdin ilunak ziren: Ospitalea, isiltasuna. Baloi jokorik ez. Musikarik ez. Tutarik ez.
Jendea karriketan buru-makur zebilen, inguruan gertatzen zenari begiratzeko beldurrez ertzainak erne baitzebiltzan gora eta behera, edozein hots harrapatzeko prest. «Xxxxxx!» zioten norbait gurutzatzerakoan, dezibel kontagailua martxan zutela. Xxxxxx!
Haurrak berak ahoa estalirik ibiltzen ziren gurasoen eskutik. Ibilgailuak ere harrabots gabekoak ziren, airean flotatzen zuten, lurrazalean igurtzirik eragin gabe.
Elkorrak ziren herri hartan lasaien bizi, hotsak ateratzea barkatzen baitzitzaien, bolumena neurtzea ezinezkoa baitute.
Eta txoriak? Galdetu nion ahapetik isiltasunari. Non daude txoriak?
Bigarren aterantz eraman ninduen. «Berreziketa kanpamendua» zioen ateko iragarkiak. Hara igorria zen legea betetzen ez zuen oro. Buila zigorra beldurgarria izaten zen, ongi mailakatua: egun batetik hasi eta aste betera arte iraun zezakeen kondena. Gela itxi batetan sartu eta ikaragarrizko harrabots pila igortzen zitzaien belarrietara desobeditu zuten gaixoei. Bat baino gehiago erotuta atera omen da bertatik, bere buruaz beste egin duenik ere ba omen da, burugogorrei Florence Foster Jenkins zigorra ezartzen baitzaie.
Atea danbadaka zerratu nahi izan nuen, baina alferrik. Arrastaduna zenez geroz, sekulako denbora eman behar izaten zuen ixteko.
Alde, alde egin nahi izan nuen handik lehenbailehen. Ez ote zen isiltasuna hautazkoa izaten ahal, isileko mundu hartan?
Pentsatu orduko, hantxe nuen ate berria. Burdinazko ate latza. Han, alderantzizkoa zen afera, guardiek isilik egon nahi zuena mintzarazi nahi zuten. Erran zak! Mintza hadi! Mintzaraziko haut, bai!
Alferrik.
Zangotik zintzilik, ni beti isilik.Ta hantxe gelditu dira fitsik jakin barik.
Isiltasun garestia huraxe, norberaren bizia baino gehiago balio duena.
Ta amak eskaini zion krabelin gorria.
Isiltasunaren oihu bortitza. Isiltasuna orroka ari da noiznahi eta nonahi.
Atea zabalik egonagatik, debekuaren herrikoek ez zuten hor gertatzen ari zena salatu, isilik gelditu ziren, buru-makur, azantza-zigorraren beldur. Isiltasun koldarraren itolarria. Hiru ziminoen garaipena. Hori al da zuhurtzia?
Litania berri bat iritsi zitzaidan belarrietara: otoitz doinu arraroa. Otoitza kantatua zen, eta kantuaren ondotik, deusik ez, fraideak isiltasunera itzultzen ziren. Isiltasun botoa, hitzarmen izpirituala, isilpeko tratu misteriotsua, beste munduarekiko giltzari ote isiltasuna? Norberak bere buruari ezin hobeki ezar lekioke zigorrik egokiena.
Beste ate bat oraingoan: erdi irekia zen, eta erditik gora berinez egina. Gardentasun pittin hura eskertu nuen.
«Ñabarduran datza egia» zioen kartelak. Sartzeko gonbita atsegina, mundu grisa izanagatik, ez zirudien tristea zenik.
Idazkiz osaturiko bidea segitu nuen. «Isiltasuna entzun ezazu» zioen batek. Eta bai, entzuten egon nintzen gustura, atsedenaldi baten modura, pausatxo bat hartzen delarik bezalaxe.
«Isilunerik gabe, soinurik ez» zioen beste batek. Eta biolin bat hasi zen isiltasuna urratzen, eta isiltzen zenean, denbora zintzilik gertatzen zen, zerbaiten beha, doinu hunkigarria berriz abiatzen zen arte. Isilunea soinuaren lagun, beraz, txanpon bereko bi aurpegiak bezala, aurkari ez, osagai baizik.
Ale, azken ate hau izan dadila atseginena. Hala dirudi: huntz berdez estalitako atea da, banbu ederrez inguraturikoa, jasminez apaindua.
Isiltasun baketsua dario lekuari: natura kantari ari da, errekan uharriek erritmoa ematen diote jarioari, haizea hostoetan jostetan dabil, kilkerrak eta erleak tarteka ari dira sinfonian. Eta harri baten gainean jarririk bi mutiko daude, elgarren ondoan, isil-isilik, oihanerantz begira, isiltasuna lokarri dutela amets beraren bidaide, intimitaterik ederrenean biltzen dituen isilune magikoaren baitan murgildurik.
Ez ditzagun traba, oin punttetan urrun gaitezen, isil-isila.