Irudien mugimenduen zerrendatzea
Klaxonekin Morse kodean komunikatzeko gaitasunik bagenu, gure artean solastatzeko arazoak aldatuko lirateke?
Karrika ertz honetan iritsi berri den autoak Kiss FM-ko ingelesezko kantu dantzagarri horietako baten melodiari esker nire baitakoak, nolabait, mugiarazten ditu
Ondoan jarri berri den adineko gizonak erosketa-orga ongi kokatu ondotik kafe ebaki bat hartzen dabil. Haren emazteak—hala dirudi behintzat— etxean falta diren elikagaiak zerrendatzeari ez dion uzten.
Itzalak lekualdatu eta eguzki-izpiek zuzenean ematen diguten une horretan, karrikaren bertze aldean adineko gizon bat oinez ibiltzeko lagungarri zaion lau gurpileko taka-takarekin, emeki, aitzinera egiten du. Pausoz pauso doa, denboraren zama bizkar makurtuaren gainean daraman bitartean.
"¿Cómo están ustedes?" galdegiten digu terraza honetan eserita gauden pertsona guztiei, telebistako aurkezle baten tonu eta energia rekin. “Que tengan un feliz día” batekin jarraitzen du. Denbora neurtzen ariko balitz bezala, “este sitio es nuevo, antes de ayer no estaba aquí" erraten agurtzen zaigu.
Landu dituzten muskuluak erakustea gustuko duten bi gizon igarotzen dira. Tirantedun kamisetak daramazkite.
Zer adierazi nahi ote dute haien tatuajeen forma, tamaina eta kokapen horrek? Zein mezu ezkutu gordetzen dute azaleko tinta-marra horietan? Gorputza, amaierarik ez duen testuan bilakatzen da.
Mahai batean eserita dagoen neska gazteak ordenagailu pantailari begira darama ni hemen eseri naizenetik. Hatzek teklatuan sortarazten duten soinua da idazketaren hotsetako bat: click, click, click. Zein ote da, bertzalde, eskuz idazten dugunean sortzen den soinua? Teknologiak ere aldatu al ditu idazterako ohiturak?
Nahiz eta hiri hau itsasora begira eraikia izan den, bainatzeko hondartza desberdinen ordez merkataritza-portu bat dago alderik alde. Itsasoak inguratua egotea bada, nolabait, isolamendua sentitzeko arrazoia. Hemen, eta zenbait egunetan baino ez, ortzi-mugaz gain, ondoko irlaren islaren bat ikusteko aukera dago.
Zer gertatzen da eskuz idazten dugunean? Aspaldian ez dut eskuz paperean marra ez zirriborrorik egin. Aitzinera egin ahala, desitxuratzen doaz letra hauek, erran nahi dudana bertan desegiten ariko balitz bezala. Azken finean, guztia desegiten da, nik neuk ere ulertzeko arazoak ditudan letra xehe hau bezala.
Eskuak ere atzentzeko eskubidea du. Nonbait irmo gelditzekoa. Lasai uztekoa.
Nora garamatza idazten dugunak? Idazkera mugimendua da? Zirkularra ala lerro zuzena? Zirriborro hutsala? Bueltaka gabiltza une oro?
Nondik abiarazten dugu lehen lerroa? Pentsamendua? Lurrun hori? Lehen printza? Isla?
Biderik gabe iristeko aukerarik al dago? Eta helmugarik gabe, ba ote dago pausoz pauso aitzinera egiterik?
Behar bada idaztea bidaiaririk gabeko hegaldi bat izan daiteke.
936. zenbakiko autobus linea iragan berri da.
Begiratzen duzun tokira begiratzen duzula auto batekin egiten duzu topo 2034 kilometro karratudun irla honetan.
Eta zer egingo dute auto kopuru neurrigabe honetarako lur-azalera nahikorik ez badago?
Madrilen ez bezala, hemen zebra bideetan autoek abiadura guttitu eta gelditzen dira.
Hiriko Udal Liburutegi Zentraletik maileguan hartutako liburuak mahaian jartzen ditut, zerbait erakutsi nahiko banu bezala. Horien artean, Notas de suicidio, Marc Caellas (La uÑa RoTa argitaletxea).
Bertzeen keinuei adi gaude? Zerbait garaiz ekiditeko gauza ginateke?
Irakurtzen dugunak egiten gaitu, ala garen horren arabera irakurtzen dugu?
Distrakzioa da nire inspirazio-iturri nagusia. Distrakzioa da nire lurralde libre bakarra, nire babeslekua. Arreta galtzeak, paradoxikoki, espero eta ezagutzen ez dugun hori dakargu. Fokua galtzearekin bat perspektiba irabazten dugu?
Begiratzen dugunak egiten gaitu, ala begirada nora bideratzen dugun horrek baldintzatzen gaitu?
Eta ikusten ez dugun hori benetan ikusezina da, ala inoiz erreparatu ez diogun zerbait baino ez? Zerbait galtzen dugu hautaketa optiko-estetiko hauen ondorioz?
Lausoa dena halabeharrez lausoa da, edo guk geuk lanbrotutako zerbait?
Letra txikiagotuz gero pentsamendua ere txikiagotu egiten da?
Berriz saiatu. Akatsak egin ditzakezu. Otoi, erantzunak egiaztatu.