Irtenbide onartezina
Gizakiaren historian emakumea eta eromena estuki lotutako bi hitz izan dira. Gure gorputzak eta garunak zeharkatzen ditutzen hamaika aferekin gertatzen den moduan, heteropatriarkatua arduratu da soka hori lotzeaz. Baita maltzurki egin ere. Izan ere, aurrera egiteko saiakera gehiago egin, lepo inguruan are eta gehiago estutzen den soka horietako bat dela erran daiteke, hain zuzen askatzeko saiakera gehien egin dituzten emakume horiek akatu dituena, oihu gehien egin duten horiei zintzilikatuz eroaren, histerikoaren, galduaren etiketa.
Horren adibide da Augustine Gleizesi gertatutakoa. 1875ean, 14 urteko neskatil frantziarra Parisko La Salpêtrière ospitalera bidali zuten, histeria diagnostikatuta. Augusinek abusuak jasan zituen hamar urterekin, tratu txarrak jasan zituen ikasten ari zen barnetegian, eta amaren maitaleak, C. jaunak, bortxatu egin zuen, Salpêtrière delakoan sartu baino urtebete lehenago. Une hartan, Augustineren antzeko diagnostikoak zituzten 4.300 emakume zeuden ospitalean, tartean dementzia, histeria eta epilepsia diagnostikoarekin, bertzeak bertze.
Siri Hustvedten “What I loved” (“Maitatu nuen guztia”) lan mardul bezain interesgarrian agertzen zaigu pasarte hauxe. Bertan, emakume batek Augustineren kasua aztertzen du, baita histeria diagnostikatzen zitzaien emakumeen sintomak murriztearen zergatiak ere. Honela dio emakumeak, lagun batekin hizketan:
—Azalpen bakarra da histeria kultura-fenomenoa izatea: irtenbide onargarria.
—Nondik irteteko?
—C. jaunaren etxetik, urrunago joan gabe.
Fikzioan, errealitatearen ispilu eta leiho den heinean, eromenaren eta emakumearen arteko lotura modu kontrajarrian irudikatu da. Literatura obra klasikoetara jotzen badugu, gizonezkoek idatzitako lanetan irudikatzen den emakumea, maiz, “emozioei lotutako” pertsonaia bezala marraztu izan da, arrazoimenetik urruntzen den pentsakera egotzi zaio eta, ondorioz, biologikoki erotzeko arrisku gehiago dituen izaki bezala agertu zaigu. Eromenaren afera, bestalde, sistemaren arauetatik at zeuden emakume horiek kontrolatzeko tresna bezala ere irudikatu izan da.
Hustvedtek proposatzen duen bezala, garuneko arazo bat dagoenean haren sustraietara jo behar da arazo horren zergatia edo jatorriari ulertzeko. Zer dago desoreka horren oinarrian? Nola eta zergatik sortu da? Emakumeon kasuan, aunitzetan, gehiegitan, matxismoa izan da –eta izaten jarraitzen du– zergati hori.
Literaturaren historian, matxismoa-eromena binomio banaezina ezin hobe islatu duen idazle bikainenetako bat Charlotte Perkins Gilman izan da. “Hormako paper horia” kontakizun laburrean, amatasunak eta bikote bizitzak zeharkatuta, isolatutako etxe bateko gela baten bakardadean iltzatzen du protagonista haren senarrak. Gela horretako paretetako papera pertsonaiak bizi duen zapalkuntzaren isla bilakatuko da, muturreraino eramango du haren egoera, bere barrenean handitzen eta iluntzen ari den animalia erreprimitu horrek garunaren mugak ere arrakalatuko dituen arte. Sylvia Plathen “Beirazko kanpaian”, gizarteak beretaz espero duenaren presioak eramaten du protagonista akaso irteerarik izango ez duen kobazulo beltzera.
Bai Plathen baita Gilmanen kasuan ere, protagonistak ez dira “biologikoki horretarako joera duten izakiak direlako” erotzen. Euren “desoreka” inguratzen dituen errealitatearen, zapalkuntzaren eta errepresioaren kontrako oihu bortitza izango da, zeharkatzen dituen sistema horrekiko erantzun psikologikoa alegia.
Eromena irudikatzeko modu horrek, nolabait, badauka askatzailea ere suertatu daitekeen zeozer. Akaso, subjektua bestearen kontrolpetik ihes egitera eramaten duen sentsazioa, prozesu mental hori igarotzen duena animalia arriskutsu batean bilakatzen duen zerbait. Buru-gabetzat eman duten hori, nolabait, burujabe bilakatzen duena. Baina, batez ere, bi ondorio nabarmenduko nituzke. Alde batetik, sistema hetero-patriarkalak emakume bezala gure buruak, gorputzak eta arimak gaixotzen dituela. Eta bertzetik, Augustine Gleizes neskato frantziarra ospitalera eraman zuen “irtenbide onargarri bakarra”, azken batean, onartezina dela.