Sormen lana :: Iosune de Goñi 2022/07/19

irlak eta oasiak    

irlak eta oasiak

haizea berueteri

ez dago ezer

hutsune amildegi bat

nire sabelean hondoratzen den

isiltasun zuria

beldurra

ez dago ezer

baina begiak ixten ditudanean

beste gorputz bat

irlak eta oasiak

haztatu ditzaket

koralezko basoekin

amets egin

eta itzuli

etxea deitzen diogun

isiltasun zuri horretara itzuli

ez dago ezer

hutsune amildegi bat

baina begiak ixten ditudanean

ametistazko itsaso batean

igeri egiten ikusten zaitut

uraren azpian abesten

azalberritzen

zure barrena zure mareak

ulertzen saiatzen

ez dago ezer

baina irla existitu egiten dela

esan nahi dizut

beste bizitza batean

han egon ginela

hutsunea amildegiaren

beste aldean

sabelean hondoratzen direla

isiltasun zuri guztiak

koralezko basoak

beldurrak

kresalezkoa zarela

irlak eta oasiak marraztu ditudala

zure oroitzapen guztien

itsasertzean

Iosune de Goñi