Artikulua :: Urtzi Urkizu 2026/02/24

Irantzu Varelari eta Munilla gotzainari gustatu zaien filma

Datorren larunbatean Espainiako Zinema Akademiak Goya sariak emango ditu Bartzelonan, eta litekeena da Alauda Ruiz de Azua zinemagilearen (Barakaldo, Bizkaia, 1978) Los domingos filmak sari horietako bat baino gehiago irabaztea. Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra eta Irizar Saria jaso zituen pelikulak, baita beste hainbat aitortza ere irailetik hona. Baina sari guztiez harago, Los domingos-ek solaserako eta hausnarketarako ematen du. Zinema aretoetan jarraituko du bolada batean. Eta etxeko goxotasunean gelditu nahi duenak, Movistar Plus plataforman izango du ikusgai ostiraletik aurrera.

Abiapuntua edo premisa sinplea zirudien. Moja sartu nahi du 17 urteko Bizkaiko neska batek. Eta erabaki horrek bere inguruan zer eragiten duen kontatuko du Ruiz de Azuak. Gehiago ere kontatzen du filmak, familiaz eta giza harremanez. Fedeaz, ala fede. Sinesteaz eta bizitzaz.

Kontua da Ruiz de Azuak sekulako gidoia idatzi zuela pelikularako. Pertsonaien arteko elkarrizketak ere sinesgarri zein benetakoak egiten zaizkiola ikus-entzuleari. Jartzen duela ikus-entzulea kontakizunaren aurrean, eta bera bihurtzen duela auziaren parte aktibo. Barakaldoko zinemagileak abilezia handia erakusten du gidoiaren idazketan zein pelikularen osaketa osoan: batetik, pantailan ageri dena interes bizikoa bihurtzeko; bestetik, posiziorik hartu gabe, pertsonaia desberdinak ulertzen saiatzeko; eta horrekin guztiarekin batera, ikus-entzulea ukituta utzi, eta zinema aretotik irten ostean, ikusitakoaren inguruan aldamenekoarekin hizketan jartzeko.

Deigarria da Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain ohiak pelikula goraipatu eta “miraritzat” jotzea (Orihuelan da orain gotzain eliz gizon kontserbadorea). Eta, bestetik, Eliza Katolikoa arbuiatzen duten hainbat ikuslek beldurrezko film bikaintzat jotzea, mojek gazte bat nola manipulatu eta bereganatzen duten benetan beldurgarritzat jotzen baitute. Irantzu Varela idazle feministari ere “sekulakoa” iruditu zitzaion filma, eta laudoriozko hitzak idatzi zituen Pikara aldizkarian.

Pelikula gaztelaniaz da. Esaldi bakarra entzuten da euskaraz. Baina Varelak idatzi zuen Ruiz de Azuak egiten duen zinema “muy vasco” dela. Etxeak, sukaldeak eta otorduak aipatzen ditu hori arrazoitzeko, eta ez zaio arrazoirik falta.

Bada, beste alde batetik, Los domingos filmari leporatu dionik Eliza Katolikoaren alde lerrokatu izana. Ez du horrek zentzu handirik: serieko hiltzaileen film bat zuzendu duen egilea hiltzailetzat jotzea bezala litzateke edo nazien inguruan idazten duen idazle bat nazitzat hartzea bezala. Ruiz de Azuak berak Forque saria jaso zuenean adierazi zuen pelikulak arakatzen duela nola “doktrinamendu erlijiosoak zure pertzepzioa edo sentimenduak distortsionatu ditzakeen”. 

Bertute asko ditu, funtsean, pelikulak. Zeren Ruiz de Azuak lortzen du idazketan eta pantailaratzean ikuslea interpelatzea, hausnartzen jartzea eta barrua sakonki mugitzea. Eta sentimendu hori ez joatea instant labur batean, baizik eta egun batzuk pasatu eta gero, Los domingos-en barneratutako horrek buruan bueltaka jarraitzea. Halako sentimendu batzuk, gainera, ez dira beti erraz hitzekin adierazten. Baina hor, bada zerbait.

Eta beti hain erraz esplikatu ezin daitekeen hori lortzen da tarteka literaturarekin. Zinemaren lengoaia beste bat da, bai, noski, ezin da ukatu. Baina Los domingos-ek lortzen duen miraria lortzen dute noizean behin liburu onek. Euskarazko literaturan ere badira adibide esanguratsuak, non irakurlea kolpatuta gelditzen den, non irakurritakoak arrastoa uzten dion, eta ingurukoekin hizketarako bazka polita ere ematen dion.

Literatura onean ere Ruiz de Azuak zineman egindako ariketaren pareko gertatu ohi da. Egileak ez du posiziorik hartzen, baina ematen dio aukera hartzaileari benetakotasun handia duen egoera baten parte izaten. Bere kabuz pentsatzen eta erabakitzen, pertsonaiei beha. Hori lortzen du egileak, kasu honetan zinemagile batek, ikuslea errespetuarekin tratatuz. Espiritu kritikoa sustatuz. Eta hori gerta daiteke gidoi eta literatura onak idazteko fedea denean.

Nire errezuengatik, barkamenak, otoi.

Amen.

Urtzi Urkizu