IRAKURTZEKO AITZAKIAZ HARAGO, HOBETO ENTZUTEKO ALDARRIKAPENA
Erlojuak ordua jo du, eta parte-hartzaile batzuk eserita itxaroten ari dira dagoeneko. Zenbaitzuk gaurko saioko liburua aldamenean duten pertsonarekin komentatzen hasten diren bitartean, beste batzuk, berriz, oraindik eseritzeke edo atetik herabeki azaltzen dira. Gela epeltzen doa emeki, taldeko gogoa bezala. Talde oro desberdinak dira euren artean, eta, ondorioz, talde bakoitzean dinamika ezberdinak sortzen dira, hura osatzen duten pertsonen arabera. Nahiz eta, batzuetan, urtaroaren araberakoa ere izan, neguak eta bere mututasunak edo udaberriak eta bere gorentasunak tertuliaren erritmoa aldatu ahal dute eta. Irakurketa klub anitzak daude: eleberri historikoak lantzen dituztenak, poesia liburuak, literatura feminista, komikiak, umeen taldeak...irakurle bezainbeste klub daude gaurkoan.
Edonola ere, irakurle zein liburu-erosleen artean gero eta interes handiagoa pizten duen irakurketa kluben kontu hori badirudi gaur egungo ohitura dela. Berriz, kontuan izan behar dugu solas egiteko, entzuteko eta eztabaidatzeko elkartu beharra aspaldidanik datorkigula gizon-emakumeoi. Ez da erraza irakurketa kluben jatorri zehatza definitzea, izan ere, iturrien arabera, Errenazimentuko akademietatik XIX. mendeko Espainiako ateneoetara eraman zaitzakete, gainera, milaka datu oso interesgarri emanez. Ezin ahaztu, noski, AEBak, herrialde honen presentzia beti beharrezkoa baitirudi garrantzizko edozein gertaera historikotan (ironiaz irakurri, mesedez). Hala ere, bildu ditudan datu guztien artean, bertan kokatzen da, hain zuzen, interesgarrienetakoa iruditu zaidan bat. Anne Hutchinsonek, emakume teologo eta aholkulari espiritualak, Ingalaterratik Massachusettsera emigratu zuen bere familiarekin, eta 1634an Biblia aztertzeko tertulia bat bultzatu zuen emakume erromes talde batekin. Ez dakit historiako lehen irakurle kluba deitu ote dakioken horri, baina, gauzak diren bezala, une hartan emakume honen proposamenak ez zuen oso harrera ona jaso bere komunitatearen aldetik. Izan ere, epaitu eta heresiagatik kondenatu zuten. Bitxiena da 1643an bera eta bere seme-alabak amerikar natibo batzuek hil zituztela, eta, nola ez, garaiko gizarte puritanoaren ustetan Jainkoaren justiziaren ebidentzia bezala ikusia izan zen.
Sineskeriak alde batera utzita, agian arrazoia zuten Hutchinson andrearen bizilagunek, eta zerbait arriskutsua sor dezake liburu baten inguruan bildutako emakume talde batek? Asko dira dagoeneko liburuaren sakratuaz eta haren botereaz hitz egin duten idazleak. Ahalmen horrek pentsamendu kritikoa garatzen lagun zaitzake, batik bat, beti ere, horrelako ariketara irekita baldin bazaude. Izan ere, irakurtzeko modu asko daude, eta bat bera ere ez da beste bat baino hobea. Dena den, argi dago bakardadean irakurtzea plazer bat dela berez. Zergatik hasi, orduan, liburu horren erdia ere ulertu ez duzun horri buruzko iritziak partekatzen? Zergatik jasan gustatzen ez zaizkizun besteen iritziak? Edo, zergatik taldearen iritzi orokortuarekin bat ez egitera ausartu behar? Egia esan, ez dago jasaterik, ez ausardia ariketarik, taldean irakurtzea askoz harago doan zerbait delako. Baina normala da, esperimentatu gabe zaila baita horrek har dezakeen dimentsioa ulertzea. Utzidazu azaltzen.
Pertsona talde bat liburu baten inguruan egokiturik, idazkia aztertzeko asmoz, inoiz gidari gisa kontrolpetik at gelditzen diren zirrikitu harrigarrietara eraman naute parte-hartzaileek, eta aspaldiko gizon-emakumeen lehen gauek suaren inguruan izan behar zuten horretatik pixka bat sortzen da: ahozkotasunaren xarma, mintzatzea eta entzutea. Eta hori bera azpimarratu nahi izango nuke. Baliteke irakurketa taldeak gero eta gehiago modan egotea, ziurrenez gero eta beharrezkoagoak direlako. Lehenengo helburua literatura ikastea bada ere, bai surrealismoan bai landa-literaturaren egungo joeran sakonduz; haratago, entzuna izateko beharra dago.
Zarata nagusi den gizarte honetan, non irudien infestazioa ikaragarria den, edukiz hustuak askotan, funtsezkoa da entzutea. Eta, hortaz, funtsezkoak ere irakurle klubak. Espazio bat eskura izatea, non jendea hain ondo eta babestuta senti daitekeen, beldurrik gabe hitz egiteko eta, gehien bat, entzuna dela sumatzeko. Hori, bene-benetan, luxu bat da. Eta ez dut nik bakarrik esaten, Byung-Chul Han filosofoak aurreikusi egin du etorkizunean entzule izeneko lanbideak existitu behar izango duela. Baina egoera horretara heldu baino lehen, badugu hitza. Edo hobe esanda, liburua aitzakiatzat harturik, besteari arreta eskaintzeko aukera badugu. Agian, hori izan daiteke konponbidea: entzutea erresistentzia-ekintza bihurtzea, irakurketa taldeak lagun izanda. Beraz, defenda ditzagun horrelako guneak, liburutegietan eskaintzen direnak zein liburudendetakoak ere bai. Apostua egin dezagun, gizarte bezala esan nahi dut, elkarretaratzeko eta harremantzeko eremu berezi horien alde.
Gehienok bezala, uneren batean, nik ere zalantzan jarri dut nire lanak zentzurik ote duen. Eta egia esan, honetaz guztiaz hausnartu ondoren, berrindartu egin naiz. Saioa bukatu eta liburuak ixten direnean, zenbaitetan entzun ahal izan dut, ahotsen azpitik, buf txiki bat, askatasunak puztu duen bularra, edo klik, metafora ulertu izanak asetutako burmuina. Izpiritua elikatzea esaten omen zaio horri. Ba al dago bihotz-altxagarri hoberik?
Beste ezer ez dut esateko. Eskerrak liburuei. Eskerrak pertsonei. Biba irakurle klubak!