Artikulua :: Iratxe Ormatza Imatz 2026/04/22

IRAKURLEEN BEHARRA

Estresa gure bizimoduaren jabe egin zen aspaldi, behar baino sarriago gure egunerokoari aurre egiteko ezina eragiteraino. Hedabideetan, astea joan eta astea etorri buru-osasunari zein gaitzei buruzko albiste edo artikuluren bat ageri da. Ez da ezohikoa. Inguruan ikusten dugu, maite edo ezagutzen dugun norbaitek jasan du. Guk sufritu dugu, medikuarenean antsiolitikoak eta depresioaren kontrako pilulak zein erraz eskura daitezkeen ikasi dugu.

Gutako beste batzuk eguneroko zurrunbiloan gabiltza: lana eta besteen zaintza, bata eginez bestea egingo ez bagenu bezala, nekea bikoiztuz. Ez dugu behar antsiolitikorik edo antidepresiborik, ez daukagu buruko gaitzik, baina egunekoari ekitea arteak hartu ezinik ibiltzea da, nekatuta jaikitzen gara eta egun osoa dandarrez ematen dugu ia, abailduta askotan, amorrutik goibeldurara eta buelta, berriro oheratu arte. Eta han, ezin lo egin, kirioak dantzan, arnasa-ariketak zigortzat hartuta.

Gutako bestetzuk aurrera ihes betean gabiltza: sare sozialak, garagardoa eta ardoa, arratsaldeoa, gehiegizko kirola, serieak, bestelako drogak. Aurrera begira etengabe, atzerako ispilura begiratu barik, indartsu ibilitako garaiez berba egiteko ez bada. Hala ere, zerbezen biharamunean, kirol egin osteko kontrakturetan, serieko pertsonaiaren gainbeheran, zaurgarri garela oroitzen dugu halabeharrez. Beste sartu-irten bat sare sozialetara, hurrengo garagardoa, seriearen amaiera edo fisioterapeuta da gure itxaropena.

Irakasleen artean ere ez dira gutxi estresak eragindako bajak LHn nahiz DBHn. Ume edo nerabe bat etxean erraza ez bada, hogeitik gora ikasgelan ez da izango errazagoa. Ikasgelen osaera ikastetxe askotan ez da orain dela hogei urtekoa, aniztasuna handia dago gurasoen kultura, hizkuntza, bizimodu, erlijio eta egoera ekonomikoan. Baliabideak, ordea, ez dira behar bezala egokitu horretara. Horri gehitu behar zaio aspaldi irakasleek aipatzen duten gehiegizko burokrazia. Gauzak hobetzeko, Eusko Jaurlaritzak Irale programa kentzeko asmoa dauka. Horrela daude gure seme-alabei irakatsi behar dietenak.

Pertsonala politikoa da. Sistema kapitalista ere buruko gaitzen sorburuan dago, baina kapitalismoak bere mantra entzunarazten digu behin eta berriz: sendotasun, indar eta borondate falta dago burua guztiz osasuntsu ez duen pertsonaren baitan. Falazia bat, baina oso zabalduta. Patriarkatuak emakumeengan eragiten duen ezinegonaz, gaixotasunez eta zapalkuntzaz ere zabal egin genezake berba.

Gazteak osasuntsu, indartsu eta pozik ikusi nahi ditugu, baina gehiegi buru-gaitzen lainopean dabiltza. Gazteek daukaten presioa eta gero beltza, miseriazko soldatak, etxebizitza partekatuak, gurasoenetik bizi behar izatea, besteak beste. Zaharrak ez ditugu ahazten: bakardadea, gaixotasunak, bidearen amaiera. Horrela, sinple-sinple laburbiltzen ditugu haien ondoezak eta minak.

Haien artean argi-izpiak ere badaude. Zaharren indarra ikusezina zaigu sarriegi, haien sexualitatea bezainbeste. Gazte askok molde berriak ekarri dituzte gizarte-mugimenduetan, eta bizitzeko, euren gorputza eta sexualitatea agertzeko eta lan egiteko orduan. Dena ez da iluna.

Gatozen euskarazko literatura, irakurketa eta idazketara.

Arazo larria dugu aspaldion, euskarazko liburu, eta literatura, gutxi irakurtzen dugu. Irakasleek ere asko ez dute irakurtzen, ezta literaturakoek ere. Hala adierazi dute duela gutxi irratian, EHUk egindako ikerketa baten harira. Gazteen artean ere bakanak ei dira irakurleak. Zaila da irakasleen eta gurasoen artean irakurleak urriak badira gazteen artean gehiago izatea. Eskerrak irakurle-talde askotan nagusiek multzo majoa osatzen duten, andreek batez ere.

Literatura irakurri nahi badugu baldintza batzuk behar ditugu, betetzen ditugunean oharkabean pasatzen direnak. Baga, gutxieneko deskantsua lehen paragrafoan ez lokartzeko. Biga, astia eta lekua irakurtzeko, leku eroso bat, eta astia irakurraldia ezerk ez eteteko. Higa, barrua bare sentitzea idazlanean murgiltzeko, edo lasaitasun nahikoa izatea mundua eta arazoak baztertzeko. Sare sozialen, garagardoen, kirol-saioen edota serieen bata bestearen osteko ihesbidean, barruko zarata beste zarata batekin estaliko dugu. Irakurtzea ez da izango aukera bat, zaratatsuegi gaude. Irakurri euskarazko liburu bat esateak ez dauka ez bururik ez buztanik.

Zelanbait lotuta daude gure buruko gaitzak, eguneroko ezinegon gehiegizkoa eta irakurtzeari tarterik eskaini ezin izatea. Nekeak ez digu uzten irakurtzen, zaratak ere ez. Baina gogoratu behar dugu, literatura ihesbidea izateaz gain, ukendua ere izan daitekeela. Nahiz eta mundu osoko joera izan gero eta literatura gutxiago irakurtzen dela, guk gure herri txiki honi zor diogu geure burua. Beraz, nahiz eta horren jakitun izan, edota horregatik ere, eragiteko gure ahalmena bizkortu behar dugu. Irakurketan ere pizkunde bat behar dugu. Planifika dezagun behingoz irakurketa-plan nazional bat. Irakurketaren plazera erdigunean jarrita, irakurtzeak beste ikuspuntu, bizimodu, mundu batzuk gure baitan pizteko duen gaitasuna ikusgarri egin, aitortu dezagun literaturak duen gaitasun eraldatzailea gure baitan zein gizartean. Irakurtzea ere geure burua zaintzea da. Ekarri ditzagun idazleak ere plangintzako erdigunera. Sor dezagun literaturaz hitz egiteko leku fisiko gehiago, baita hedabideetan ere. Euskal literaturak euskaraz ikasteko, janzteko balio du. Sustraietan dago hori; literaturaren basoak, berriz, plazera, aurkikundea eta ezezagunerako bidaia izan beharko luke. Irakurketa-plana euskaldun guztiei begira eratu behar da, eta adituez gain, editoreek, irakurleek, kritikariek, idazleek, liburuzainek hartu beharko lukete parte, besteak beste.

Feminismoak gizartea aldatu du, itxaropena eman digu. Balia ditzagun irakaspenak, eta exiji dezagun irakurketa-plan nazional bat herritarrei begira.

*Literatura idatzitako lekuan sorkuntza artistikoa jar daiteke. Sorkuntza artistikoak behar gaitu eta guk ere sorkuntza artistikoa behar dugu.

Iratxe Ormatza Imatz