Artikulua :: Itxaro Borda 2025/04/01

IPAR BELTZEKO IKARAK

“Operazio mahai batean etzan gorputz bat da Stockholm” erranaldiak irekitzen duen nobela ez da nola nahikoa. Horrela hasten den Sasoi hila izenekoak elikatu nau astebetez, bost egun eta bost gauez, eta orrialdez orrialde bete ditu ene aiduru-ordu aspergarriak oro, denbora galtze hutsak direnak Leila Guerrieroren eta Axularren arabera. Baina irakurri bitartean -eta batzuetan idatzi...- astiari probetxu hartzen ahal zaio. Horregatik menturaz aireportuetako edo hoteletako harrera espazio zurrunetan ikusten dira liburuak, zure denbora banpirizatzeko eta zurrupatzeko prest! Halatan, egundainokoan, harrapatzen naute Stockholm, Kopenhage, Oslo, Helsinki edo Reykjaviken garatzen diren eleberri hormatuek. Hotzak hilotzak kontserbatzen omen dituelako agian?

Etxeko nire liburutegi murritzean, sail oso bat daukat islandiar izkiriatzaile haurrideen lanekin, sakelako liburuak denak, beraz balore sentimentalaz aparte, gain-balio monetariorik ez dutenak: Arnaldur Indridason hor daukat, Björk distiratsua Sugarcubes saldoan ari zeneko garaian bere letren egilea zen Sjon, Audur Olaffsdottir, Yrsa Sigurdardottir edota Gerdur Kristny, besteak beste. Hiria ezagutzeko parada ukan nuen duela aspaldi eta idazle hauek Islandiara bultzatzen naute, tenpestaren kemena eta karroina sakon nabaritzen dut hezurretan, itsaso gris astunen marruma, uharte biluzien eta mendietan desagertu izakien auhenak ere aditzen ditudala. Halaber Eskandinaviako autoreen obrak, ez dut hemen zerrendarik egingo. Nobela horiek gainera, Stockholm adibidez bilakatua den mediku forentseen paradisura hegaldatzeko gogoa pizten didate! Ez gara konturatzen, baina literaturak sortzen duen bidaiatzeko gutizia ikaragarria da.

Baiona, Paris, Manchester, Liverpool eta Edinburgh artean Malenkonia zuria izeneko hirukiko ale bat da Sasoi hila tituluarekikoa. Lau eskutan “kometitua” izan da, krimena askotan egina den bezala funtsean. Erik Axl Sund luma izenaren gibelean, Jerker Eriksson eta Hakan Axlander Sundquist gordetzen dira. Suediar jendartearen egoera ilunenak jorratzeko baliatzen dute literatura eta aitor nezake maisuki lortzen dutela hemen : Stockholmetik abiatuz, zirkulu polarraren auzuneetara eramaten gaituzte, Sami populuko jendeen erdira, ikerketa bertan bukatzen delarik happy end-ik gabe! Estatu ezberdinen artean hedatzen da Samien kultura, elur-orein nomaden jabeena hain zuzen. Lan honen merezimenduetatik bat da, egileek, elez ele, gidatzen gaituztela Suedia iparraldeko populu horren bihotzera, autoktonismoak gure mundu tekniko salbai honen minak sendatuko bailituen! Ezinezko ametsa, ezta?

Iragan larunbat arratsaldean, haizeak eta euriak astintzen zuten Edinburgh. Ez zen berorik. Liverpooleko Gorkaren ondotik, Dylan adiskideak, Susa argitaletxean duela bulta bat publikatu nuen Amaia Ezpeldoiekiko Bakean ützi arte (1994) nobela haluzinatuak Zuberoako paisaiak berriz oroitarazten zizkiola salatzen zidan... eta ni harro, edozein hizkuntzetako nobela beltzek nigan berdin eragiten zutela ihardesten niola. Princes karrikako Waterstones liburu dendaren aitzinetik pasatzean, Edinburghen betirako errotuko ninduen idazle baten izena luzatu zidan: Ian Rankin. 1960 urtean sortu best-seller egile honek, John Rebus detektibearekiko eleberriak plazaratzen ditu, Eskoziako hiri-buruan kokatuak denak. Gazteleraz eta frantsesez ere aurkitzen ahal ditugu bistan dena. Beatles-en abesti ezagunaz gogoratuz, paperback edizio bat eskuratu nuen, merke-merkea, ingelesez, azalean Let it bleed zekarrena, Rolling Stones taldearen kanta baten oihartzunez. Helburu bikoitza daukat orain: batetik, Edinburgheko karrika hertsi eta ilunetan ibiltzen segitzea, eta bestetik aste betez nahikoa ongi murduskatu dudan nire ingeles maila ez galtzea...

Ian Rankinen perpausetan dago hiria, negu minean, hilotzak, Eskoziako kartzelarik handieneko suizidioak eta erailketak trumilka. John Rebusek bere bizitza arriskuan emanez burutuko duen inkestak elite politikoen arteko korrupzio eta konspirazio sare bat argira ekarriko du: nehor ez baita legez kanpo ... are gutxiago Eskozian: of course!

Itxaro Borda